1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
284/2024 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Uxueko udal mugartean (Nafarroa) dagoen Uxueko gurutzea izeneko monumentuaren babes-eremua behin-behinekoz mugatu, eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena.
Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:
"Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak planteatu du Uxueko gurutzea izeneko monumentuaren babes-eremua mugatzea; Uxue herrian dagoen monumentu hori martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago (martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera.
Uxueko gurutzea gotikoa da, ziurrenik XV. mende amaierakoa edo XVI. mende hasierakoa. Landa lurzoruan dago, Murillo el Frutoko bidearen erdian, San Martin Unxetik Uxuera doan errepidetik abiatzen den bidebanatzearen ondoan. Hauek dira UTM koordenatuak: x: 622.356; y: 4707873.
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes-eremua finkatzea eta zehatz-mehatz mugatzea.
Honako hau da Uxueko gurutzearen babes-eremuaren mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena:
–Uxueko gurutzearen babes-ingurunea 60 metroko erradioa duen zirkulu batek definitzen du, erdigunea gurutzean bertan duela. Honako hauek dira ukitutako lurzatiak, denak Uxueko udalerrikoak: 6. poligonoko 506., 239. eta 240. lurzatiak, 2. poligonoko 200. eta 201. lurzatiak eta 7. poligonoko 1. lurzatia, baita mugen arteko bideei dagokien eremua ere. Erantsitako planoan jasotzen da ingurunearen mugaketa grafikoa.
Hau da ukituen zerrenda:
–Uxueko Udala.
–Olegaria Zapata Iturria.
–María Magdalena Zoroza Burgui.
–Nafarroako Gobernua, Zainketa Zerbitzua.
Eremua mugatu da, batetik, monumentua zaintzeko, eta bestetik, bere kokalekuko lurralde eremuaren ezaugarriak eta baldintzak gordetzeko eta ikusten den panoramika babesteko.
Eremu horretarako honako babes neurriak proposatzen dira:
1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.
2. Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da babes-eremuan ez dela eraikin berririk jarriko.
Beraz, proposatzen da Uxueko gurutzearen babes-eremua behin-behinekoz mugatzea eta haren tramitazioa hastea".
Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Uxueko udal mugartean (Nafarroa) dagoen Uxueko gurutzea izeneko monumentuaren babes-eremua behin-behinekoz mugatzea, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen zatiko hitzez hitzeko deskripzioarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.
2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.
3. Ebazpen hau interesdunei eta Uxueko Udalari jakinaraztea. Eta aditzera ematen zaie bertan behera utzi behar direla ukituriko eremuetarako udal partzelazio-lizentziak eta bertan eraiki edo eraistekoak, bai eta jadanik emanak daudenen ondorioak ere, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedatutakoarekin bat. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.
4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2024ko azaroaren 8an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.
Iragarkiaren kodea: F2416328