251. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1119E/2024 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa ematen duena "274. lurzatiari eragiten dion Leitzako udal plan orokorreko determinazio egituratzaile baten aldaketa"ri buruz. Aldaketaren sustatzailea Santiago Sestorain Zabaleta da.

Leitzako udal planaren aldaketa puntuala proposatu da, 4. poligonoko 274. lurzatiarekin bat datorren finkaren kategoria aldatzeko, "baso lurzorua" izatetik "nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzorua" izatera pasa dadin.

Txostena eskatu zaio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta honek adierazi du bideragarria dela hirigintzako kategoria aldatzea, "baso lurzoru" (baso lur) kategoriatik "nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru" kategoriara. Halere, uste du ondoriozko finkak, larre edo belardi izaera izanen duenak, baso lurra izaten jarraitu behar duela, Nafarroako Oihan-ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen arabera, kategoriak hauetako batean:

–Larrea (PS), ondoan duen 4. poligonoko 128. lurzatiko 4. esparruak bezala (sustatzailea da haren titularra).

–Bazkalekua arbolekin (PA), ondoan duen 4. poligonoko 128. lurzatiko 1. esparruak bezala (sustatzailea da haren titularra).

–Bazkalekua zuhaixkekin (PR).

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela eta proposatu du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren txostena ematea, aldekoa, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, "274. lurzatiari eragiten dion Leitzako udal plan orokorreko determinazio egituratzaile baten aldaketa"ri buruz, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Santiago Sestorain Zabaleta da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Leitzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2416284