1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1118E/2024 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak (AEEHak) tratatzeko instalazio baten proiektuari buruz. Proiektuaren sustatzailea Ecoraees SLU da.
2024ko uztailaren 29an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedientearen ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan.
Jarduera gauzatuko den nabea Eguesko industrialdean dago, C kaleko 3-5 zenbakietan, eta hainbat nabe biltzen dituen eraikin baten zati da, zeina Eguesibarko hiri-katastroko 12. poligonoko 494. lurzatian kokatuta baitago.
Nabearen beheko solairuak 390 m² inguruko du, gehiena hondakinak tratatzeko erabiliko da (364 m² inguru), eta komunak eta aldagelak ere izanen ditu. Teilatupeak 81,5 m² du, eta bulegoak kokatuko dira han. Ez da elektrizitate, hornidura eta saneamendurako zuzkidura berririk behar, industrialdean baitago.
Eginen den jarduera aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen (AEEHak) tratamenduan datza: gailu horien osagaiak desmuntatu, bereizi eta sailkatuko dira, eta hondakinak behar bezala prestatu eta egokituko dira, ondoren beste balorizazio zentro batzuetan tratatzeko eta, hala badagokio, ezabatzeko. Eragiketa horiek, funtsean, eskuz eginen dira.
Beraz, nabeak barnean izanen ditu jasotzen diren AEEHak tratamenduaren aurretik biltegiratzeko zenbait eremu, hondakin motaren araberakoak; gailuak desmuntatu eta osagaiak hautatzeko eremu bat; eta, azkenik, beste eremu batzuk, sailkatutako hondakinak biltegiratzeko, kudeatzaile baimendu bati eman aurretik. Berariaz sartu dira nabean jasotzen diren hondakinen artean egon daitezkeen hondakin arriskutsuak edo isurketak biltzeko eta kudeatzeko neurriak.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Izapide honetan kontsulta egin zaio Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabaki behar du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duela edo ez duela eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetan.
–Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Jarduerak AEEHak hobeki kudeatzen laguntzen du, kudeaketa horri esker osagaien material batzuk berrerabiliko direlako eta, areago, ezabatu edo zabortegira eraman beharreko zatiak minimizatuko direlako.
Ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.
Gainera, jarduera industria-lurzoruko nabe baten barnean eginen denez, ez da behar zuzkidura berririk, eta, beraz, nekazaritzarako edo basogintzarako diren urbanizatu gabeko landa-lursailen gaineko okupaziorik ere ez. Horregatik, ez da aurreikusten jarduera ezartzeak eta abian jartzeak ingurune naturalean ukipen zuzenik izatea.
Kontsulten emaitza ikusita, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, adierazi du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, betiere, 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritakoa eta ingurumen baimen bateratuan jasotzen diren zehaztapenak betez gero. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Eguesibarren, Eguesko industrialdean, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak (AEEHak) tratatzeko instalazio bat ezartzeko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan. Proiektuaren sustatzailea Ecoraees SLU da.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Basozaintzari (7. barrutia, "Iruña") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2416282