1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
470E/2024 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Tuterako udal mugartean dagoen errodamenduak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra SKF Española SA da.
Egun abian den instalazio horrek lehendik du ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.9 taldean.
2024ko irailaren 2an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 150106 EHZ kodea duena (ekoizpen prozesuan sortzen den ontzi nahasketa mistoa).
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Bestetik, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, 200101, 200138 eta 200139 EHZ kodeak dituztenak kendu eta horien ordez, hurrenez hurren, 150101, 150102 eta 150103 EHZ kodeak dituztenak sartuko dira, hobeki egokitzen zaizkiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiko hondakinen zerrendako kapituluari. Izan ere, 20. kapituluan etxeko hondakinak baino ez daude, horiek dagokion toki erakundearen bidez kudeatu behar dira (Erriberako Mankomunitatea, kasu honetan) eta, ondorioz, ez lirateke zerrenda honetan agertu beharko.
Sortzen diren hondakinen zerrendatik kenduko dira 200301 EHZ kodea duena, etxeko hondakinetarako baino ez delako, eta 200201 EHZ kodea duena, hondakin biodegradagarriak, laborategiko prozesutik datozenak, EHZ kode horrek parke eta lorategietarako hondakinekin (hilerrietako hondakinak barne) duelako zerikusia, eta ez prozesu horretan sortzen direnekin.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea Tuterako udal mugartean dagoen errodamenduak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra SKF Española SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau SKF Española SAra eta Tuterako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2416334