1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
464E/2024 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Castejongo udal mugartean dagoen trenbideetarako ibilgailuak eta materiala muntatzeko eta pintatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Trenes de Navarra SA da.
Egun abian den instalazio horrek lehendik du ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 16.11 taldean.
2024ko urtarrilaren 16an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan, hondakin mota berriak sartzeko. Ondoren, 2024ko irailaren 19an, eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak egindako errekerimenduari erantzunez, sartu beharreko hondakinen zerrenda berri bat aurkeztu zuen titularrak.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:
EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
08 01 13 | Disolbatzaile organikoak edo beste substantzia arriskutsu batzuk dauzkaten pintura- eta berniz-lohiak | Ez da bidezkoa. Hondakin horiek jada sartuak daude zentroak sortzen dituen hondakinen zerrendan. |
08 01 11 | Disolbatzaile organikoak edo beste substantzia arriskutsu batzuk dauzkaten pintura- eta berniz-hondakinak |
15 02 02 | Xurgatzaileak, iragazketa-materialak [beste kategoria batean zehazturik ez dauden olio-iragazkiak barne], substantzia arriskutsuz kutsaturiko garbiketarako zapiak eta babes jantziak |
15 01 10 | Substantzia arriskutsuen hondarrak dituzten ontziak, edo haiekin kutsatuak daudenak |
16 05 04 | Gai arriskutsuak dauzkaten presio-ontzietako gasak [haloiak barne] |
20 01 21 | Hodi fluoreszenteak eta merkurioa duten bestelako hondakinak | Onartzen da kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea. |
08 03 17 | Inprimatzeko tonerren hondakinak, substantzia arriskutsuak dituztenak |
12 01 12 | Argizari eta koipe erabiliak |
13 02 05 | Motor-olio mineral kloratu gabeak, transmisio mekanikokoak eta lubrifikatzaileak |
16 01 14 | Substantzia arriskutsuak dauzkaten izotz-kontrakoak |
20 01 38 | Zura: enbalajeen hondakinak | Ez da onartu sartzea. Hondakin honi 150103 EHZ kodea (zurezko ontziak) esleitu zaio. |
20 01 40 | Metalak: egituren nabean egindako lanen hondakinak | Ez da onartu sartzea. Hondakin honi 120101 EHZ kodea (burdinazko metalen karraka-hautsa eta txirbilak) eta 120103 EHZ kodea (burdinazkoak ez diren metalen karraka-hautsa eta txirbilak) esleitu zaizkio. |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia, ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Partez onartzea Castejongo udal mugartean dagoen trenbideetarako ibilgailuak eta materiala muntatzeko eta pintatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Trenes de Navarra SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Trenes de Navarra SAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2416296