251. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

436E/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Ollokiko udal mugartean dagoen espezialitate farmazeutikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Laboratorios Cinfa SA da.

Egun abian den instalazio horrek lehendik du ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 4.3 taldean.

2024ko irailaren 17an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan, sar daitezela zerbitzu orokorretan sortzen diren beste hondakin batzuk. Halaber, titularrak eskatu zuen R01 motako azken kanpo-kudeaketa sartzeko 070514 EHZ kodea duen hondakin baimenduan (espezialitate farmazeutikoak).

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

07 05 14

Hondakin solidoak, 07 05 13 kodean zehaztutakoez bestelakoak

Onartu egiten da R01 azken kanpo-kudeaketa sartzea, aurretik baimendutako kudeaketa-eragiketekin batera

16 03 05 *

Substantzia arriskutsuak dauzkaten hondakin organikoak: IRAUNGITAKO PRODUKTUAK

Onartzen da instalazioan sortutako hondakinen zerrendan sartzea

16 10 01 *

Substantzia arriskutsuak dauzkaten hondakin likido urtsuak: GARBIKETA URAK (INDUSTRIATIK DATOZENAK)

Onartzen da instalazioan sortutako hondakinen zerrendan sartzea

16 10 02

Hondakin likido urtsuak, 16 10 01 kodean zehaztuta daudenez bestelakoak: EURI-UREN MANTENTZE-LANAK

Onartzen da instalazioan sortutako hondakinen zerrendan sartzea

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia, ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Ollokiko udal mugartean dagoen espezialitate farmazeutikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Laboratorios Cinfa SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Laboratorios Cinfa SAra eta Esteribarko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2416230