25. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, gizarte-langileen sei lanpostu (B maila/taldea) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, gizarte eskubideetako alorrean

Tuterako Udalak, Alkatetzaren abenduaren 29ko 3151/2023 Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau onetsi zuen.

Deialdia, gizarte-langileen sei lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Tuterako Udalaren 2020. eta 2021. urteetarako lan publikoaren eskaintzaren esparruan.

Deialdi honen oinarriak eskura daitezke egoitza elektronikoko iragarki-taulan, "Publicaciones oficiales" atalean, "Tablón de oferta pública de empleo" aukeran.

Tuteran, 2024ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

Oposizio-lehiaketa hau eginen da honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia); estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera erregelamendua; gainerako aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea gizarte-langileen 6 lanpostu (plantillan kode hauek dituzte: 0514B10501-0514B10504-0514B10701-2014B10507-2014B10508-2114B10509). Lanpostu horiek Tuterako Udalaren gizarte eskubideetako alorrean dute destinoa, eta honako txanda hauetan banatuta daude, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluari jarraikiz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

a) 3 lanpostu, txanda irekian: 0514B10501, 0514B10504 eta 0514B10701 kodeak dituzten lanpostuak.

b) 3 lanpostu, Nafarroako administrazio publikoetako langileentzako igoera txandan: 2014B10507, 2014B10508 eta 2114B10509 kodeak dituzten lanpostuak.

1.2. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie.

1.3. Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, ezagutzei buruzko probetako puntuazioa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.

1.4. Era berean eta 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, gizarte-langileen lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen prozeduran probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

1.5. Izendapenaren ondorioz hautatzen direnak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta kidetuko dira.

1.6. Lanpostuak B mailako ordainsariak izanen ditu, arau hauetan maila horretarako oro har ezarritakoari jarraikiz: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onesten duena; eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioa. Horrez gain, ordainsari osagarriak jasotzen ahal dira, baldin halakorik ezartzen bada aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta plantilla organikoan.

1.7. Lan eta enplegu baldintzei dagokienez, oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, eta udal honi dagokionez, men eginen zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioari.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.8. Deialdia eta oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat, deialdiaren hautaprobetako epaimahaikideentzat eta parte-hartzaileentzat.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Laneko diplomadun edo gradudun titulua edo baliokide aitortutako beste titulu bat edukitzea, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (foru lege horren bidez aldatu zen haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema), gizarte-langileen lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

E) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

F) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen prozedura osoan mantendu ere, izendatuak izan arte.

Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es). Horretarako, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean sartu beharko da, deialdi bakoitzaren aipamenean, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin; eredu hori egonen da deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.

3.3. Izangaiek eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, eta, horretaz gain, deialdiko baremoan ezarritakoaren arabera alegatu nahi dituzten merezimenduen frogagirien kopia konpultsatuak. Izangaiek behar bezala ordenaturik alegatuko eta frogatuko dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (II. eranskina). Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik.

3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Laura Casanova Sainz-Ajá, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Gloria Díaz Sádaba, Tuterako Udaleko gizarte-langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Eva González Arcas, Tuterako Udaleko gizarte-langilea.

Epaimahaikidea: Amaya Ayensa Ausejo, Tuterako Udaleko gizarte-langilea.

Ordezko epaimahaikidea: Elena Sedano Escudero, Tuterako Udaleko gizarte-langilea.

Epaimahaikidea: Antonia Gracia Enériz, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: José Miguel Catalán Ayuso, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Idazkaria: Irache Lanz Peón, Tuterako Udaleko erdi-mailako teknikaria.

Ordezko idazkaria: M.ª Angeles García Briñol, Tuterako Udaleko berdintasuneko teknikaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

6.1. Oposizioa 2024ko ekainean hasiko da, gutxi gorabehera, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean xedatuko da oposizioaldia non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkien bidez emanen du aditzera gainerako probak noiz eginen diren. Iragarkiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 atalean aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman ezarritako gehieneko puntuazioa baino, baremoko atal bakoitzaren arabera.

7.3. Aurreko ataletan alegatu eta frogatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 25 puntu gehienez.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 15 puntu gehienez.

7.4. Epaimahaiak merezimenduak baloratutakoan, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du balorazioa (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, izangai bakoitzak lortu duen puntuazioa zehaztuta.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehenbiziko ariketa: teorikoa. Test motako 60 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek 90 minutu izanen dituzte gehienez.

–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdi honen III. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko bi kasu ebatzi beharko dira. Ariketa egiteko, izangaiek 180 minutu izanen dituzte gehienez.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko psikologia zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 110 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 60 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

8.4. Lehen, bigarren eta hirugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak bigarren ariketarako erabakitzen badu jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.

8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du (ariketa egin den tokian eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan –sede.tudela.es–, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean) gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, azalduko ditu oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.6. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

8.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8.8. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko. Orobat, epaimahaiak zehaztuko du zer material behar den probak egiteko, eta behar den denboraz iragarriko du Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

8.9. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa lortzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak.

9.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

9.1. Azkeneko ariketa kalifikatutakoan, epaimahaiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazio-ordenaren arabera, eta alkate udalburuari igorriko dio izendapen proposamena, probak gainditu eta deialdiaren xedeko lanpostuetan sartzen diren izangaien alde. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak.

Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, lehenengo eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenkera horretan. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean:

1.–Nortasun Agiri Nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.

2.–Eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena.

3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

4.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.

5.–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira funtzionario izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko haien eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, 9.1 atalean aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Behin hautapen prozesua bukaturik eta izendatzeko proposatu diren izangaiek aurkezten dituztenean aurreko 9.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak, alkate udalburuak Tuterako Udaleko funtzionario izendatuko ditu, gizarte-langileen lanpostuak bete ditzaten.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badute (ezinbesteko kasuetan salbu), galduko dituzte Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Horrela gertatuz gero, 9.3 eta 9.4 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.

11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.3 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozedura gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

11.2. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da hauetan xedatutakoari jarraikiz: Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bertan onartu baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak; edo irizpideak aldatuz gero, horiek ordezkatzen dituztenak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A atala: Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Administrazio publikoetan, xede den lanpostuaren antzeko eginkizuneko lanpostuetan, B mailan, emandako zerbitzuak, baldin lanposturako nahitaezkoa bazen Gizarte Laneko diplomadun titulua izatea: 2 puntu urteko.

–Administrazio publikoetan, aurrekoak ez diren B mailako beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak, edo C mailakoetan: 1 puntu urteko.

–Administrazio publikoetan, D edo E mailako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,5 puntu urteko.

Oharrak A atalerako:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

3. A atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntu izanen da.

B atala: Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

1. Prestakuntza akademikoa eta etengabea.

–Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den beste batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.

–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu). Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 10 puntu izanen da.

Oharrak B.1 azpiatalerako (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

4. Atal honetan baloratutako prestakuntza ekintza bakoitzaren puntuazioa 2 puntukoa izanen da gehienez.

5. Puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

6. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

2. Txostenak edo komunikazioak aurkeztea biltzar edo jardunaldietan, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea, eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez puntu bat, kalifikazio-epaimahaiak baloraturik haien iraupenaren arabera.

Oharrak B) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusirik badute baino ez dira baloratuko.

2. B atalaren puntuazioa ez da 15 puntutik gorakoa izanen.

III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

Zati orokorra.

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Europar Batasuneko Justizia Auzitegia.

3.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Toki erakundeen antolaketa eta administrazioa. Administrazioarteko harremanak. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: Toki erakundeen beharrezko antolaketa: Udalerria.

6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua.

7.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

8.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

9.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki ogasunen baliabide motak eta haien ezaugarri nagusiak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

10.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

11.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

12.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: Berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Berariazko zatia.

13.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

14.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema: Oinarrizko osasun laguntzaren oinarrizko programak: Hitzaurrea. I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua: Oinarrizko gizarte-zerbitzuen programak.

15.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena Nafarroan (ondoren egindako eguneratzeak barne).

16.–Nafarroako gizarte-zerbitzuen oinarrizko laguntzari buruzko esparru-dokumentua.

17.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa (2019-2023).

18.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa, eta 3/2018 Foru Legea, apirilaren 19koa, 14/2015 Foru Legea aldatzekoa.

19.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena. 26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako Eskubideak Garatzeari buruzkoa.

20.–2019-2025 Desgaitasun Plana.

21.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Planaren (2021-2026) diagnostikoa. Nafarroako Kultura arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026).

22.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa: legearen xedapen orokorrak. Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistema.

23.–Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko neurriak, Kode Zibilaren Lehen Liburuaren XI. titulua aldatzen duen 8/2021 Legearen 1. artikuluaren 23. apartatuan arautuak.

24.–888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena.

25.–94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea ezartzen duena, eta haren ondorengo eguneratzeak.

26.–210/2009 Foru Agindua, ekainaren 1ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

27.–357/1991 Errege Dekretua, martxoaren 15ekoa, zeinaren bidez garatzen baita, kotizazio gabeko pentsioen arloan, abenduaren 20ko 26/1990 Legea, zeinaren bidez ezartzen baitira Gizarte Segurantzan kotizaziokoak ez diren prestazioak. 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duena. Kotizazio gabeko prestazioak: kotizazio gabeko pentsioak eta kotizaziokoak ez diren prestazioen xedapen komunak.

28.–Eskubide sozialen arloko prestazio ekonomikoak mendekotasuna dutenak etxean gelditu daitezen: mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak; laguntza pertsonalaren prestazioa eta zaintza profesionaletarako prestazio ekonomikoa.

29.–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa, eta Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk aldatzekoa.

30.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena. Legearen aplikazio-eremua. Neurriak.

31.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

32.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 1. eta 2. aleak.

33.–Gizain Fundazioko Gizarte Zerbitzuen Zentroak: Gizarte Zerbitzuen Zorrotik ematen dituzten prestazio bermatuak.

34.–Tuterako Udaleko Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duen ordenantza (2019ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 7koa).

35.–Oinarri arautzaileak, larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiendako Tuterako Udalaren banakako dirulaguntza sozialak emateko (2020ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 26koa).

36.–Oinarri arautzaileak, ikastetxeetan jateko prestazio ekonomikoetarako dirulaguntzak emateko (2017ko 232. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 1ekoa).

37.–Ordenantza, Oinarrizko Elikadura Zerbitzuko prestazioa nola eman arautzen duena (2018ko 168. eta 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialak, abuztuaren 30ekoa eta urriaren 5ekoa, hurrenez hurren).

38.–Lagun-egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan. Hausnarketa berriak. (Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak argitaratua. 2016).

39.–Pertsonarengan zentratutako arreta eredu integrala.

40.–Gizarte Lanaren kode deontologikoa. Nafarroako Gizarte Laneko Elkargo Ofiziala.

41.–Datuen babesa gizarte-zerbitzuetan. Profesionalentzako gidaliburua (Gizarte Laneko Kontseilu Orokorra).

42.–Elkarrizketa Gizarte Lanean (Teresa Rossel).

Oharra: Gai guztiak baloratuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2400450