25. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

7/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita 345 eredua: "Aitorpen informatiboa. Planak, pentsio funtsak eta sistema alternatiboak. Gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezpen sistematikoko banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Partaide, ekarpen eta kontribuzioen urteko aitorpena".

Zenbait zerga aldatzeari eta beste tributu neurri batzuk aldatzeari buruzko abenduaren 30eko 36/2022 Foru Legeak 55. artikulua aldatu zuen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginean (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori). Hala, gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpen eta kontribuzioengatik zerga-oinarrian aplikatu beharreko murriztapen mugak aldatu ziren (artikulu horretan ezarritakoak), eta gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpen eta kontribuzioen mugak egokitu ziren, Enpleguko pentsio funtsak bultzatzeko araubideari buruzko ekainaren 30eko 12/2022 Legeak ezarritako finantza mugen arabera (lege horren bidez aldatu zen azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Pentsio Plan eta Funtsak arautzeko Legearen testu bategina).

Alde batetik, bide bat ematen da murriztapen muga handitzeko, kontuan izanda langileak tresna kolektiboari enpresa-ekarpenaren arabera egiten dizkion ekarpenen eskala bat; eta, beste alde batetik, bide bat ematen da murriztapen muga 4.250 euro handitzeko, ekarpen hauetan: norberaren konturako langileek edo autonomoek egindako pentsio plan sektorialetarako ekarpenetan, baldin eta beren jardueragatik atxikitzen bazaizkie plan horiei; norberaren konturako langileen edo autonomoen enpleguko pentsio plan sinplifikatuetarako ekarpenetan (azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren 67.1 c) artikuluan daude aurreikusita pentsio plan horiek); eta enpresaburu indibidualak edo profesionalak enpleguko pentsio planetarako edo gizarte aurreikuspeneko mutualitateetarako egiten dituen ekarpen propioetan, baldin eta plan horien sustatzailea eta, gainera, partaidea ere bada, edo, bestela, haien mutualista bada; eta enpresen gizarte aurreikuspeneko planetarako edo mendekotasun aseguru kolektiboetarako egiten dituen ekarpenetan, baldin eta, aldi berean, horien hartzailea eta aseguratua bada. Nolanahi ere, 8.500 euroko murriztapena egiten ahalko da urtean, gehienez, aurreikusitako igoerak aplikatzeagatik.

Orobat, banakako pentsioen produktu paneuroparrei (PEPP) buruzko informazioa emateko betebeharra jasotzen du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren hemezortzigarren xedapen gehigarriak; betebehar hori garatuta dago Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.9 artikuluan (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

Horregatik guztiagatik, urriaren 25eko 111/2022 Foru Agindua aldatu behar da, 345 eredua onesten duena ("Aitorpen informatiboa. Planak, pentsio funtsak eta sistema alternatiboak. Gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezpen sistematikoko banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Partaide, ekarpen eta kontribuzioen urteko aitorpena"), eredu horren egungo erregistro-diseinuen idazketa egokitzeko eta zehazteko.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aurreikusitako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Horrenbestez, eta bat etorriz maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.23 artikuluan emandako gaikuntza orokorrarekin,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urriaren 25eko 111/2022 Foru Agindua, 345 eredua onesten duena: "Aitorpen informatiboa. Planak, pentsio funtsak, sistema alternatiboak eta gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezpen sistematikoko banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Partaide, ekarpen eta kontribuzioen urteko aitorpena".

Aldaketa hauek egiten dira 111/2022 Foru Aginduaren eranskinean:

Bat.–2. motako erregistroaren 82 idazgunea, aitortuen erregistroa, erregistro-diseinuak, "C" eta "J" gakoak aldatzea eta "M" gakoa gehitzea:

PENTSIO PLANEN SUSTATZAILEAK:

"C. Sustatzailearen kontribuzio kengarriak. Gako hau erabiliko da enplegu sistemako pentsio planen sustatzaileen kontribuzioak adierazteko, baldin eta haien zerga pertsonaletan kengarriak badira eta partaideei fiskalki egozten bazaizkie (langilearen erabaki batetik ondorio izan ala ez).

Gainera, gako hau erabiliko da norberaren konturako langileen edo langile autonomoen enpleguko pentsio plan sektorial eta sinplifikatuetarako ekarpenak adierazteko –pentsio plan horiek aurreikusita daude Pentsio Planak eta Funtsak Arautzeko Legearen testu bateginaren 67. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta c) letretan–, bai eta enpresaburu indibidualak edo profesionalak pentsio planetara egindako ekarpen propioak ere, baldin eta plan horien sustatzailea eta partaidea bada eta zerga pertsonaletan kengarriak badira.

Horretarako, kasu bakoitzerako aurreikusitako azpigakoak erabiliko dira".

ENPRESEN GIZARTE AURREIKUSPENEKO PLANAK:

"J. Enpresen gizarte aurreikuspeneko planetarako ordaindutako primak.

Erregistroetan banakaturik adieraziko dira %65eko edo hortik gorako desgaitasun fisiko edo zentzumenekoa dutenentzat, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasun psikikoa dutenentzat edo epaile batek aitorturiko ezgaitasuna duten pertsonentzat eratutako enpresen gizarte aurreikuspeneko planetan ordaindutako primak. Gogoan izan kasu horietan onuradunaren IFZ nahitaez adierazi behar dela. Primaren ordaintzailea desgaitasuna duen pertsona bera edo hirugarren gradura bitarteko (hori barne) zeharkako edo zuzeneko ahaide bat izaten ahal da, bai eta ezkontidea edo tutoretza nahiz abegi araubidean bere kargura dutenak ere. Desgaitasuna duen pertsonak onuradun bakarra eta ezeztaezina izendatua izan behar du. Primaren ordaintzailea desgaitasuna duen pertsona bera ez bada, primaren ordainketa hori erregistro bereizian adieraziko da, eta "J" gakoa eta onuradunaren IFZ adieraziko dira".

"BANAKAKO PENTSIOEN PRODUKTU PANEUROPARREN (PEPP) SUSTATZAILEAK:

M. Aurreztaileek banakako pentsioen produktu paneuroparrei (PEPP) egindako ekarpenak.

Gako honekin erlazionatuko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1238 (EB) Erregelamenduan araututako banakako pentsioen produktu paneuroparren kontuetan eta azpikontuetan aurreztaileek egindako ekarpenak (erregelamendu hori banakako pentsioen produktu paneuroparrari (PEPP) buruzkoa da)".

Bi.–2. motako erregistroaren 83-84 idazguneak, aitortuen erregistroa, erregistro-diseinuak, "A" gakoa ("03" azpigakoa gehitzea), "C" gakoa ("02" azpigakoaren aldaketa) eta "I" gakoa ("02" azpigakoaren aldaketa):

"03. Azpigako hau erabiliko da, baldin eta norberaren konturako langileen edo autonomoen enpleguko pentsio plan sinplifikatuetarako ekarpenak egiten badira (pentsio plan horiek aurreikusita daude Pentsio Planak eta Funtsak Arautzeko Legearen testu bateginaren 67. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta c) letretan)."

"02. Azpigako hau erabiliko da, baldin eta norberaren konturako langileen edo langile autonomoen enpleguko pentsio plan sinplifikatuetarako ekarpenak egiten badira –pentsio plan horiek aurreikusita daude Pentsio Planak eta Funtsak Arautzeko Legearen testu bateginaren 67. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta c) letretan–, bai eta enpresaburu indibidualak edo profesionalak enpleguko pentsio planetara egindako ekarpen propioak ere, baldin eta plan horien sustatzailea eta, gainera, partaidea ere bada eta zerga pertsonaletan kengarriak badira".

"02. Azpigako hau erabiliko da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 28ko 35/2006 Foru Legearen hamalaugarren xedapen iragankorrean aipatzen diren aurrezpen sistematikoko plan bihurtzen diren aseguru kontratuetan hartzaileek egindako ekarpenen kasuan. Gako hau adieraztean, aseguru entitateak esan nahi du betetzen dela 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 62.15.d) artikuluan aipatzen den baldintza, urtean ordaindutako primen gehieneko zenbatekoarena".

Hiru.–2. motako erregistroko 190-321 idazguneak, aitortuen erregistroa, erregistro-diseinuak, eremu hauek gehitzea eta, ondorioz, "ZURIUNEAK" idazguneak eguneratzea:

IDAZGUNEAK

IZAERA

EREMUEN DESKRIBAPENA

"190-270

Alfazenbakizkoa.

M GAKORAKO DATU GEHIGARRIAK

Datu gehigarri hauek M gakoko ekarpenetarako bakarrik beteko dira.

Eremu hau hirutan banatzen da:

190-229 PEPParen IZENA:

40 idazguneko eremu alfazenbakizkoa.

Aitortutako ekarpenak egin diren banakako pentsioen produktu paneuroparrari (PEPP) dagokiona jasoko da.

230-269 PEPParen INSKRIPZIO-ZENBAKIA:

40 idazguneko eremu alfazenbakizkoa.

Banakako pentsioen produktu paneuroparra erregistro publiko zentralean modu unibokoan identifikatzen duen erregistro-zenbakia adieraziko da (erregistro hori da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1238 (EB) Erregelamenduak, banakako pentsioen produktu paneuroparrari buruzkoak, 13. artikuluan aipatzen duena).

270 KONTUA/AZPIKONTUA:

Eremu hori balio hauetako bat adieraziz beteko da:

C: baldin eta jakinarazten diren ekarpenak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1238 (EB) Erregelamenduan araututako banakako pentsioen produktu paneuroparren (PEPP) kontu batera egiten badira (erregelamendu hori banakako pentsioen produktu paneuroparrari buruzkoa da).

S: baldin eta jakinarazten diren ekarpenak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1238 (EB) Erregelamenduan araututako banakako pentsioen produktu paneuroparren (PEPP) azpikontu batean egiten badira (erregelamendu hori banakako pentsioen produktu paneuroparrari buruzkoa da).

271

Alfabetikoa.

60.000 EURORA BITARTEKO LAN ETEKIN OSOAK

Eremu hori "X" bat idatziz beteko da, baldin eta langileak ekitaldian 60.000 eurotik gorako lan etekin osoak lortzen ez baditu ekarpena egiten duen enpresatik.

Eremu horrek azpigako hauetan baino ezin du edukia izan: A02, C01, C03, F02, G01, G02, J01, J02 eta J03.

272-320

Alfazenbakizkoa.

GIZARTE AURREIKUSPENEKO SISTEMAREN SUSTATZAILE EDO HARTZAILE DEN ENPLEGATZAILEAREN IDENTIFIKAZIO-DATUAK

Datu gehigarri horiek azpigako hauetarako baino ez dira beteko: A02, F02, G01, G02, J01, J02 eta J03.

Eremu hau bitan banatzen da:

272-280 ENPLEGATZAILEAREN IFZ:

9 idazguneko eremu alfazenbakizkoa.

Enplegatzailearen IFZ adieraziko da, baldin eta, aldi berean, ekarpen edo kontribuzioak egiten zaizkion gizarte aurreikuspeneko sistemaren sustatzailea edo hartzailea bada.

Eremu hau eskuinaldera lerrokaturik egonen da, eta kontrol karakterea izanen da azken idazgunea. Ezkerreko idazguneak zeroz beteko dira

281-320 ENPLEGATZAILEAREN IZEN-ABIZENAK EDO SOZIETATE-IZENA:

40 idazguneko eremu alfazenbakizkoa.

Enplegatzailearen izen-abizenak edo sozietate-izena adieraziko dira, baldin eta, aldi berean, ekarpen edo kontribuzioak egiten zaizkion gizarte aurreikuspeneko sistemaren sustatzailea edo hartzailea bada.

321

Alfabetikoa.

ITZULKETAK EDO DIRU-ATERATZEAK, MUGA FINANTZARIO ETA FISKALEN GAINEKO EKARPENEN SOBERAKINEN ONDORIOZ

Eremu hori betetzeko, "X" bat idatziko da ordezko aitorpen bat aurkezten denean eta deklaratutako erregistroan "ZENBATEKOA" eremuan (94-106 idazguneak) hasieran aitortutako zenbatekoa zuzentzen denean itzulketak edo diru-ateratzeak egiteagatik muga finantzario eta fiskalen gaineko gehiegizko ekarpenen soberakinen ondorioz, otsailaren 20ko 304/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Pentsio Plan eta Funtsen Erregelamenduaren 6.3 artikuluan ezarritako epea aplikatuz.

Beste edozein kasutan, zuriunez beteko da eremua.

322-500

-

ZURIUNEAK"

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie lehenbizikoz, 2023ko informazioari dagokionez.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 26an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2401478