2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORBAIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA
Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2025erako
Honen bidez, jendaurrean jartzen da Alkatetzak 2024ko azaroaren 25ean emandako 2024-0016 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren 2025erako lan-egutegia eta deklaratzen baitira epeak zenbatzeari dagokionez baliogabeak diren egunak:
"Abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari jarraikiz, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea aldatzen baitu, eta Nafarroako administrazio publikoetako enplegatuetatik Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen direnentzat urteko lanaldia ezartzen baitu.
Ikusi da 493/2024 Ebazpena, ekainaren 12koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025erako jaiegunen egutegi ofiziala.
Horrenbestez, kontuan hartuta espedienteko dokumentazioa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–2025erako lan-egutegia.
Onestea 2025erako lan-egutegia Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzuko langileentzat. Honako hauek izanen dira jaiegunak, eta egun horietan itxirik egonen dira bulegoak:
–Urtarrilaren 1a.
–Urtarrilaren 6a.
–Apirilaren 17a.
–Apirilaren 18
–Apirilaren 21a.
–Maiatzaren 1a.
–Maiatzaren 2a.
–Uztailaren 25a.
–Abuztuaren 15a.
–Irailaren 15a.
–Azaroaren 1a.
–Abenduaren 3a.
–Abenduaren 6a.
–Abenduaren 8a.
–Abenduaren 25a.
–Abenduaren 26a.
Bigarrena.–2025eko egun baliogabeak.
Baliogabeak izanen dira, 2025ean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta 2025eko maiatzaren 2a, irailaren 15a eta abenduaren 26a, horiek jaiegun baina baliodun izanen baitira.
Hirugarrena.–Jendea hartzeko ordutegia.
Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko Erregistro Orokorra (Katalaingo egoitzan) 11:00etatik 14:30era arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.
Laugarrena.–Urteko lanorduen banaketa.
Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko langileentzat, lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 ordukoa da, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen arabera, eta honela banatuko da:
Astelehenetik ostiralera, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da, oro har, eguneroko lanaldia.
Onetsitako lan-egutegiaren arabera Batasuneko langileek 27 opor egun izanen dituzte, bai eta norberaren aferetarako 3, betiere langile bakoitzaren lan-kontratuaren arabera dagokion proportzioan.
2025erako onetsitako lan-egutegian soberako 4 egun, 6 ordu eta 40 minutu gelditzen dira. Ordu horiek 2025eko maiatzaren 2an eta abenduaren 26an hartuko dira, eta gainerako 2 egun, 6 ordu eta 40 minutuak Batasuneko langileek nahierara hartuko dituzte.
Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko da, egiatan lan egindako ordu guztiak eta egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.
Bosgarrena.–Ordutegi malguaren ezarpena.
Ordutegi malgua ezartzea. Lan ordutegiaren zati finkoa 9:00etatik 14:30era bitartekoa izanen da, eta gainerako denbora nahi dutenean egin dezakete langileek, modu malguan, betiere 7:20tik 9:00etara eta 14:30etik 16:30era bitarte.
Eskola adineko seme-alaba adingabeak dituzten langileek eskatzen ahalko dute lanaldi malgua handitzea, 9:30 arte, eta irteera moldatu beharko dute ezarrita dagoen eguneko lanaldiaren iraupenera.
Seigarrena.–Atsedenaldia lanaldian.
Eguneko lanaldi jarraitua sei ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez hogeita hamar minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzuari, eta, orokorrean, 8:00etatik 11:00etara bitartean hartzen ahalko da.
Kontuan harturik ordutegi malgua ezarri dela, baldin egiten den etena luzeagoa bada ezarritakoa baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da, galarazi gabe langile guztiek duten betebeharra benetako ordu kopuru osoa egiteko, kasu bakoitzean ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagokiona.
Zazpigarrena.–Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea.
Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da, arrazoia jasota badago Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta ondotik egin zaizkion aldaketetan.
Alde batera utzita langileak arreta medikoa behar izatea, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, nahitaez erabili beharko dira norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak, edo ebazpen zatiaren 3. atalean ezarritako ordu-poltsakoak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta, halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako kasuei.
Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.
Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.
Udal-mugartetik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio.
Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi oso gisa kontatuko da.
Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora lan denboratzat hartuko da soilik kasu honetan: Administrazioak erabakitzen duenean nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea lanpostuaren eginkizunak ongi betetzeko. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko, zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik.
Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren eta udalerri bakoitzaren iragarki-taulan eta egoitzan elektronikoan ere.
Hamargarrena.–Ebazpen hau eta lan-egutegia Batasuneko langile guztiei jakinaraztea, baita Batasuna osatzen duten udalei ere, eta Batasunaren Batzarrari ebazpenaren berri ematea, egiten duen lehenbiziko bilkura arruntean.
Administrazio bidea agortzen duen ebazpen honen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
–Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpena eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Garinoainen, 2024ko azaroaren 25ean.–Batasuneko burua, Iker Etxeberria Otazu.
Iragarkiaren kodea: L2417140