Iragarkia
249. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA
Erronkaribarren izan daitezkeen etxebizitza-larrialdiko egoerei erantzuteko udalaz gaindiko etxebizitza bat nola erabili arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluaren arabera, Erronkaribarren izan daitezkeen etxebizitza-larrialdiko egoerei erantzuteko udalaz gaindiko etxebizitza bat nola erabili arautzen duen ordenantzaren testu osoa ateratzen da jendaurrera. Ordenantza hori behin betiko onetsi zen, 2024ko 207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 11koan, hasierako onespena argitaratu eta haren kontra ez erreklamaziorik ez alegaziorik ez baitzen jaso, jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea aldatu zuen apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 49. artikuluak agindutakoari.
Erronkarin, 2024ko azaroaren 20an.–Batzordeko burua, José Javier Echandi Sarriés.
ZIOEN AZALPENA
Azken urteotan, krisi ekonomikoaren ondorioz, baina baita etxebizitza-politika nahasgarri baten ondorioz ere, konpontzeko zailtasun handienak eragiten dituen eskaeretako bat honako hau izan da: beren ohiko etxebizitza edo bizilekua mantentzeari aurre egin ezin dioten eta etxebizitzarik ez duten edo etxebizitzarik gabe geratu diren pertsonek eta familiek bizitzeko leku duin bat premiaz behar izatea.
Etxebizitza duina izateko eskubidea betetzen dela bermatzea mandatu etiko eta normatiboa da toki-administrazioentzat. Erronkariko Ibaxaren Batzordeak arlo horretan abian jarriko dituen beste jarduketa batzuei eragozpenik eragin gabe, ordenantza honen bidez, Nafarroako Gobernuan ondareaz arduratzen den departamentuak lagatako etxebizitza bat gizarte-larrialdiko egoeretara bideratu nahi da, egoera horiek ohiko bideetatik ebazten ahal diren bitartean.
Erronkariko Ibaxaren Batzordeak ondarearen arloko departamentuak doan laga dion etxebizitza bat du, larrialdiko etxebizitza-baliabide bat behar duten pertsonen eta familien zerbitzura jartzen ahal duena eta jarri behar duena, beste udal programa eta zerbitzu batzuetatik egiten den lana osatzeko. Hala, Batzordeak ezinbestekotzat jotzen du bere eskura dauden etxebizitzak erabiltzeko proiektu bat artikulatzea eta abian jartzea, uste baitu hori oso urrats garrantzitsua dela etxebizitza-larrialdiko egoeran dauden pertsonek eta familiek etxebizitza duin bat izan dezaten, eta autonomia lortzeko abiapuntu gisa.
Ordenantza honek araudi espezifiko bat ezartzen du, Batzordearen esku dagoen etxebizitza bat aldi baterako erabiltzeko bete behar diren baldintzak jasotzen dituena, bai eta hura esleitzeko prozesuan aplikatuko den baremoa ere, besteak beste.
Azken batean, ordenantza honen azken xedea gizarte-larrialdiko egoeran dauden pertsonek eta familiek etxebizitza-baliabide duin bat izatea da, egoera horretan dauden bitartean eta etxebizitza bat modu autonomoan edo eskatutako beste baliabide batzuei esker eskuratu ahal izan arte.
I. TITULUA.–XEDEA ETA BEHARREZKO BALIABIDEAK
1. artikulua. Xede orokorra.
Ordenantza honen helburua da gizarte-larrialdiko egoeran dauden pertsona eta familia-unitateentzat Erronkariko Ibaxaren Batzordeak egoera horretarako eskura dituen etxebizitzen aldi baterako erabilera arautzea, baldin eta etxebizitza-irtenbide duin eta egokirik ez badute, ez errentari ez ondareari dagokienez. Egoera hori etxegabetzeen ondorio izan daiteke, duinak edota egokiak ez diren etxebizitzetan bizitzera behartuta egotearen ondorio, egoera sozioekonomiko prekarioa izateagatik jendea pilatuta bizitzearen ondorio, edo larrialdiko neurri hori justifikatzen duten beste arrazoi batzuen ondorio.
2. artikulua. Etxebizitzak.
Ordenantza honen xedeak betetzeko, Nafarroako Gobernuko Ondarearen Departamentuak Erronkariko Ibaxaren Batzordeari laga dion etxebizitza erabiliko da, bai eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuek Erronkariko Ibaxaren Batzordeari lagatzen ahal dioten beste edozein etxebizitza ere.
Erronkariko Ibaxaren Batzordeko buruak baliabide horien berri emanen dio Gizarte Ongizateko Batzordeari, aldaketak gertatzen diren guztietan.
Ordenantza honen esparruko etxebizitzek bizigarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta oinarrizko ekipamendua eduki esleipen-hartzaileak bertan bizitzen has daitezen.
Etxebizitzak esleitzeko unean dagoen eskuragarritasunaren arabera esleituko dira, eta familia-unitate bakoitzaren premiak aintzat hartuta eta haren errealitate sozialetik hurbilen dagoen espaziora egokitzen saiatuko dira, baita haren erregimena ere, hala dagokionean.
II. TITULUA.–ETXEBIZITZAREN ALDI BATERAKO LAGAPENAREN HARTZAILEAK
3. artikulua. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
3.1. Ordenantza honetan araututako etxebizitzak, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen esku daudenak, erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Eskaera bat aurkeztea Erronkariko Ibaxaren Batzordean. Eskatutako dokumentazio guztia erantsi behar da, egiaztatzeko ea eskatzaileek betetzen dituzten ordenantza honetan zehaztutako baldintzak.
Eskaera horiek Erronkariko Ibaxaren Batzordeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzutik bideratzen ahal dira eta, kasu horretan, pertsona edo familia eskatzailearen egoerari buruzko txostena eta banakako esku-hartze sozialaren plana eskatuko dira, eskatzailearen eta haren erreferentziazko profesionalaren artean adostuta. Plan horretan, beste etxebizitza-baliabide batzuk eskuratzeko aukera aurreikusiko da, ordenantza honetan aipatutako etxebizitza uzteko bidea errazteko, eta hala, Batzordea xede horretarako dituen etxebizitzak beste eskatzaileen artean txandakatzeko aukera izateko.
b) Dokumentu bat sinatzea, etxebizitza ongi erabiltzeko konpromisoa adieraziz eta Erronkariko Ibaxaren Batzordeko teknikariei etxebizitzara sartzeko baimena ematez, esandakoa behar bezala betetzen den balora dezaten. Dokumentu horretan adieraziko dira, halaber, baldintzak ez betetzeak dakartzan ondorioak.
3.2. Erronkariko Ibaxaren Batzordeak larrialdietarako dituen etxebizitzen aldi baterako lagapenaren onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte nahitaez:
a) Erronkaribarko edozein herritan erroldatuta egotea edo Erronkaribarren benetan bizi direla frogatzea, 9 hilabeteko antzinatasunarekin. Salbuespenez, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak bermatutako beste egoera batzuk aintzat hartzen ahal dira.
b) Ondoko taulan ezarritakoak baino handiagoak ez izatea familiaren diru sarrerak:
FAMILIA-UNITATEA EDO BIZIKIDETZA-UNITATEA | GEHIENEKO DIRU SARRERAK HILEAN, BATEZ BESTE, AZKEN SEI HILABETEETAN |
Kide 1ekoa | IPREM halako 2,2, gehienez ere |
2 kidekoa | IPREM halako 2,5, gehienez ere |
3 kidekoa | IPREM halako 2,75, gehienez ere |
4 kidekoa | IPREM halako 3, gehienez ere |
5 edo gehiago | IPREM halako 3,25, gehienez ere |
c) IPREM halako 1,5etik gorako balioa duen ondare higigarria ez izatea (horretarako, banku-kontuak hartuko dira aintzat, eta eskaera noiz egiten den, horren aurreko hiruhilekoan jasotzen den batez besteko saldoa konputatuko da).
d) Artikulu honetan xedatutakoa interpretatzeko ondorioetarako, familia-unitatearen hileroko diru-sarrera guztien eta ondarearen batura hartuko da horren baliabide ekonomikotzat, honako hauek barnean daudelarik:
–Lan-etekinen bidezko diru-sarrera garbiak. Norberaren konturako lan-etekinak kalkulatzeko, BEZaren aitorpen fiskalaren azken hiruhilekoari dagozkionak zatituko dira aitorpenaren hilabete kopuruarekin.
–Funts publiko nahiz pribatuen kargura finantzatutako gizarte-aurreikuspeneko araubideetan sartutako prestazio eta pentsio aitortuak.
–Ondare-elementuak ustiatzearen ondoriozko diru-sarrerak.
e) Hileko diru-sarrerak kalkulatzeko, azken seihilekoko laneko etekinen bidezko eta ondare-errendimenduaren bidezko diru-sarreren batura seirekin zatituko da. Ondorio horietarako, eskabidea egitean etxebizitzaren eskatzaileak eskuragarri duen benetako ondarea baloratuko da.
f) Honako hauek salbuetsiko dira familia-unitatearen baliabide ekonomikoetatik:
–Helburu zehatz baterako diren laguntza ekonomikoak, eta halakotzat joko dira larrialdiko laguntzak, bekak, eskolako jantokietarako prestazio ekonomikoak, familia eta lana bateratzeko udal prestazio ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuen pizgarri ekonomikoak eta familia-unitatearen behar jakin bat betetzeko eman den beste edozein.
–Adingabeak familian hartzeak ekarritako gastuak konpentsatzeko Nafarroako Gobernuak ematen dituen prestazio ekonomikoak.
–Seme-alaba adingabe bakoitzeko edo desgaitasun frogatua duen adinez nagusi bakoitzeko ematen diren familia-prestazioak.
–Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa, laguntzaile pertsonala izateko prestazio ekonomikoa eta familiaren ingurunean egiten den zaintzarako eta zaintzaile ez-profesionalei sostengua emateko prestazio ekonomikoa, horiek denak Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aurreikusitakoak.
–Familiaren jabetzak, non ez duen horren balioak iradokitzen behar adinako baliabide ekonomikoak dituztela.
3.3. Horrez gain, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen etxebizitzaren aldi baterako lagapenaren onuradunek egoera hauetakoren batean egon beharko dute:
a) Ordenantza honen 4.1 artikuluan ageri diren beharrizan-egoeretan.
b) Hirigintza-prozesuek eragindako salbuespenezko egoeretan, baldin eta lurzoru motaren arabera eska daitekeen planeamendu-tresnarik zehatzena behin betiko onartzearen eraginez eskatzaileen jabetzako etxebizitzak antolamenduz kanpokotzat jotzea badakarte, honako kasu hauetako batean:
–Birzatiketa-proiektuari hasierako onarpena eman izana.
–Aurreikusitako kudeaketa-sistema desjabetzea bada, ondasun eta eskubideen zerrenda onartu izana.
Eskatzaileek ordezko bizitokia lortzeko eskubidea dutela zehazten duten hirigintza-araudiko baldintzak bete behar dituzte. Gainera, 4.1.b) artikuluan sartutako kasuak izan beharko dira, eta etxebizitza horren titulartasunak ez du eraginik izanen ordenantza honen 3.4 artikuluan adierazitako debekuan.
Salbuespenezko kasu horietan, pertsonak edo familia-unitateak Erronkariko Ibaxaren Batzordearen eskura dagoen etxebizitza bat eskuratzen ahalko du, ordenantza honetan adierazitako baldintza berberetan eta hirigintzatik ordezko bizitoki bat ematen zaion bitartean. Aurreikusitako kudeaketa-tresna behin betiko onartzearekin batera, edo desjabetze-akta izenpetzen denean, aldi baterako lagapen hori bukatu eginen da, eta pertsona edo familia-unitate onuradunari ordezko bizitokia emateko eskubidea arautzen duen hirigintza-araudia aplikatuko zaio; une horretatik aurrera, araudi horrek zuzenduko ditu jarduketak, ondorio guztietarako.
Salbuespenezko egoera horien ondorioz eginiko etxebizitza-lagapenetik onuradunari egoztekoak diren beste gastu batzuk egotekotan, onuradunak ordainduko ditu, edo, bestela, Udalak ordainduko du bere kontura, eta jabetza duenari aitortutako kalte-ordainean ordainduko zaio gastu hori.
Jabetza duenak hirigintza-sistemarekin edo -jarduketarekin duen harremana bukatzen bada (birzatiketak edo desjabetzeak eragiten dion higiezinaren titulartasuna edo hura erabiltzeko eskubidea galtzea, edo birzatiketa behin betiko ez onestea), etxebizitzaren aldi baterako lagapena indargabetuko da, salbuespenezko egoera bertan behera geratu delako, hargatik eragotzi gabe etxebizitzaren beharra duen berrikustea, ordenantza honetatik eratorritako eta aplikatzen ahal diren beste egoera batzuen arabera.
3.4. Beste etxebizitza bat jabetzan dutenek ezin dute Batzordearen etxebizitza eskuratu, duten etxebizitza horrek beharrezko baldintzak betetzen baditu bertan bizitzeko.
Aurrekoaren salbuespena da etxebizitza erabili ezin izatea banantze edo dibortzio baten epai judizial baten ondorioz, edo legeak edo ohiturak etxebizitzaren jabetza-eskubidearen erabileran eta luperketan ezartzen duen beste edozein mugarengatik; edo etxebizitza 200 kilometrora edo gehiagora egotea, lekualdaketak deserrotze larria ekartzen badio pertsona horri edo familiari eta frogatzen badu benetan saiatu dela denboran zehar hura besterentzen katastroko baliotik gorakoak ez diren prezioetan arlo horretan espezializatutako higiezin enpresetan.
4. artikulua. Adjudikatzeko prozedura.
Ondotik zehazten diren faktoreak baloratuko dira. Horien maila desberdinen puntuazioa izanen da bakoitzari bukaerako taulan ematen zaiona, eskariari lehentasuna emateko ondorioetarako.
4.1. Beharrizan-egoerak.
a) Lehen maila. Epe laburrean eragina duen hondamendia, erabateko ezbeharra edo gertaera itzulezina, bertan bizitzea eragozten duena, hala nola ohiko etxebizitzaren utzarazpena, sutea, uholdea, berehalako aurri-egoera edo bestelakoak.
b) Bigarren maila. Infraetxea edo etxe desegokia ondoko arrazoietako batengatik:
–Oinarrizko instalazio sanitario, ur-hornidura, saneamendu, elektrizitate edo argiztapen eta aireztapen nahikoa ez izatea, ezinezkoa delako.
–Eraikinak gutxieneko baldintzak ez betetzea eraikuntzaren aldetik, hala frogatuta badago txosten tekniko egiaztatu batean eta ez badago konponbiderik.
–Jendearen pilaketa handia izatea, azalera erabilgarria 31 m²-tik beherakoa denean, edo, betiere, pertsona bakoitzeko 10 m² edo gutxiago dagoenean.
–Etxebizitza beste familia-unitate batzuekin partekatzea, adingabeak ukitzen dituen gatazkarik badago.
c) Hirugarren maila. Ondoko testuinguruetako bat sortzen duten errealitateak:
–Ohiko etxebizitza utzarazteko iragarritako prozesuak, edo etxebizitzaren premia sortzen duten muturreko larritasuneko beste egoera batzuk, ordenantza honetan eskuratzeko baldintzetan aurreikusita dagoen moduan.
–Erronkariko Ibaxaren Batzordeko gizarte-zerbitzuari lotutako esku-hartze sozialeko eta lagun egiteko proiektuetan parte hartzea, etxebizitza-baliabiderik behar bada proiektu horretan sartzeko edo hartan segitzeko. Kasu horretan ezinbestekoa izanen da Erronkariko Ibaxaren Batzordeko oinarrizko gizarte-zerbitzuko erreferentziako langile teknikoek prestaturiko gizarte-txosten bat aurkeztea.
4.2. Egoera ekonomikoa.
Diru-sarrera guztiak konputatuko dira, bizikidetza-unitateko kideen kopuruaren arabera, ondoko taulari jarraituz.
a) Lehen maila. 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %40ra arteko etekinak.
b) Bigarren maila. 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %40tik %60ra arteko etekinak.
c) Hirugarren maila. 3.2.b) artikuluan etxebizitza eskuratzeko baldintza gisa eskatzen direnen %60tik %80ra arteko etekinak.
4.3. Familia-unitatea.
Familia-unitatetzat joko da eskatzaileak osatzen duena gehi, kasua bada, berarekin bizi den pertsona, ezkontza edo pareko afektibitate-harremanean elkartuta, edozein dela ere haien sexu-orientazioa, gehi, kasua bada, eskatzailearekin bizi, eta harekin bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa duten pertsonak. Familia-unitateari atxikitako hirugarrenak ez dira kontuan hartuko, ez bada behar bezala frogatzen eta arrazoitzen.
a) Lehen maila. Familia-unitateak lau kide baino gehiago izatea.
b) Bigarren maila. Familia-unitateak hiru edo lau kide izatea.
c) Hirugarren maila. Familia-unitateak bi kide izatea.
4.4. Diru-sarreren eskasia:
Ondokoa hartuko da kontuan adierazten diren mailak zehazteko:
a) Lehen maila. Diru-sarrerarik gabe edo diru-sarrera prekarioak: familia-unitatean pertsona nagusiak (eta beste kideek) inongo diru-sarrerarik ez dutenean, edo dagokien Errenta Bermatuaren %100ekoak edo handik beherakoak direnean.
b) Bigarren maila. Diru-sarrera prekarioak: familia-unitatean pertsona nagusiak (eta/edo beste kideek) enplegua duenean aldi baterako kontratu batekin (jakin gabe berrituko dioten hiru hilabeteko epean) edo langabeziaren prestazioa iraungitze datarekin duenean, edo ekonomia informaleko diru-sarrerak dituenean, Errenta Bermatuaren %120ra artekoak.
c) Hirugarren maila. Diru-sarrera egonkorrak ordenantza honetan ezarritako mugara arte: familia-unitatean pertsona nagusiak (eta beste kideek) soldatapeko enplegu bat dutenean, finkoa edo mugagabea izan, edo sei hilabetetik gorako eta lanaldi osoko kontratu bat duenean, edo bestelako diru-sarrera finkoak dituenean, pentsioen edo Errenta Bermatuaren %120tik gorako diru-sarreren gisara.
4.5. Osasuna.
a) Lehen maila. Familia-unitatean %65eko desgaitasuna edo handik gorakoa duten pertsonak, edo III. graduko mendekotasuna (mendekotasun handia) edo II. gradukoa (mendekotasun larria) dutenak, mendekotasunari buruz indarrean dagoen legedian zehazten den moduan.
b) Bigarren maila. Familia-unitatean %33tik %65era bitarteko desgaitasun-kalifikazioa dutenak, edo I. graduko mendekotasuna (mendekotasun moderatua) dutenak.
c) Hirugarren maila. Familia-unitatean autonomia murrizten duten patologia kronikoak dituzten pertsonak, osasun-tratamendu etengabeak behar dituztenak.
4.6. Diskriminazio positiboko elementuak.
Eskatzaileak eta/edo bizikidetza-unitateko edozein pertsonak bete ditzakete ondoko baldintzak, zein behar bezala arrazoitu eta neurtuko baitira.
a) Familia gurasobakarra.
b) Adingabe bat edo gehiago.
c) Etxebizitzarekin loturarik izan gabe, sorturiko gertaera traumatiko puntualak, ondorio fisiko eta psikiko larriak dakartzatenak.
d) Gizarte-desabantailak, adina, sexua, jatorria, etnia eta abarrengatik.
e) Diru-sarreren %25 baino gehiago etxebizitzan gastatzea.
f) Familia-unitatean pertsona batek baino gehiagok izatea desgaitasun-kalifikazioa edo mendekotasun-balorazioa.
g) Errehabilitazio soziosanitarioaren edo soziopertsonalaren prozesu zehatzak, eboluzio zuzenekoak.
h) Erronkariko Ibaxaren Batzordeko oinarrizko gizarte-zerbitzuko profesionalekin izenpetutako jarduera-planei eta/edo gizarteratze-hitzarmenei buruzko akordioak.
i) Genero-indarkeriaren biktimak.
Kasu bakoitzaren barrenean egoera bat zenbat aldiz errepikatzen den, horrenbeste faktore konputatuko dira:
a) Lehen maila. Diskriminazio positiboko lau faktore edo gehiago.
b) Bigarren maila. Diskriminazio positiboko bi edo hiru faktore.
c) Hirugarren maila. Diskriminazio positiboko faktore bat.
FAKTOREAK NEURTZEKO TAULA
FAKTOREAK | LEHEN MAILA | BIGARREN MAILA | HIRUGARREN MAILA | |
1 | Gertaera | 5 | 3 | 3 |
2 | Egoera ekonomikoa | 5 | 3 | 1 |
3 | Familia-unitatea | 5 | 3 | 1 |
4 | Diru-sarreren egonkortasuna | 5 | 3 | 1 |
5 | Osasuna | 5 | 3 | 1 |
6 | Diskriminazio positiboko elementuak | 5 | 3 | 1 |
III. TITULUA.–ETXEBIZITZA ERABILTZEKO ARAUBIDEA
5. artikulua. Erronkariko Ibaxaren Batzordearen etxebizitza erabiltzeko baldintzak.
Erronkariko Ibaxaren Batzordeak, kasuen deribazioaren eta balorazioaren ondoren, etxebizitza erabiltzeko kontratu bat eginen du etxebizitzaren hartzaileekin.
Etxebizitzaz besteko erabilerarako errentamendua izanen da Erronkariko Ibaxaren Batzordearen eta maizterren arteko harreman juridikoa, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 3.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Harremana 2 urtekoa izanen da gehienez, eta 3 urtera luzatzen ahalko da.
6. artikulua. Maizterren betebeharrak Erronkariko Ibaxaren Batzordearen etxebizitzan.
Erabilera laga ondoan, maizterren ardura izanen da lagatako etxebizitzaren egoera onari eustea eta mantentze-lanak egitea. Printzipio hori urratzen bada, segituan utzi beharko dute etxebizitza. Horretarako, argazkien inbentario bat eginen da maizter bakoitza sartu eta ateratzen denean, Erronkariko Ibaxaren Batzordeak beharrezko doikuntzak egin ditzan lagapen berri bakoitzerako.
Halaber, etxebizitzetan sor litezkeen kalteen erantzuleak maizterrak izanen dira. Kontratuan jasoko da zer ondorio ekarriko duen kasu bakoitzak. Horri dagokionez, oinarrizko gizarte-zerbitzuak bisitak egiten ahalko ditu, etxebizitzak behar bezala mantentzen direla egiaztatzeko.
Etxebizitzaren erabiltzaileei dagokie horniduren kontsumoak pagatzea (ura eta energia...), baita familia-unitate bakoitzarekin hitzartzen ahal diren bestelako komunitate gastuak ere.
7. artikulua. Erronkariko Ibaxaren Batzordeko oinarrizko gizarte-zerbitzuaren larrialdiko etxebizitza-zerbitzuaren erabiltzaileen tasa.
Erronkariko Ibaxaren Batzordeko oinarrizko gizarte-zerbitzuaren larrialdiko etxebizitza-zerbitzuaren erabiltzaileak ordaindu beharreko tasa azken sei hilabeteetako hileko batez besteko diru-sarreren araberakoa izanen da:
FAMILIA-UNITATEA EDO BIZIKIDETZA-UNITATEA | GEHIENEKO BATEZ BESTEKO DIRU-SARRERAK AZKEN SEI HILABETEAN |
Kide 1ekoa | IPREM halako 2,2, gehienez ere |
2 kidekoa | IPREM halako 2,5, gehienez ere |
3 kidekoa | IPREM halako 2,75, gehienez ere |
4 kidekoa | IPREM halako 3, gehienez ere |
5 edo gehiago | IPREM halako 3,25, gehienez ere |
Erabiltzaileak aurreko taulan adierazitako mugen %75 eta %100 arteko diru-sarrerak baditu, tasaren %100 ordaindu beharko du: 150 euro hilean.
Erabiltzaileak aurreko taulan adierazitako mugen %50 eta %75 arteko diru-sarrerak baditu, tasaren %50 ordaindu beharko du: 75 euro hilean.
Erabiltzaileak aurreko taulan adierazitako mugen %50etik beherako diru-sarrerak baditu, 20 euroko gutxieneko tasa ordaindu beharko du hilean.
8. artikulua. Balorazio-batzorde teknikoa.
Aurkeztutako eskaerak baloratzeko batzorde bat osatuko da, eta honako hauek osatuko dute: oinarrizko gizarte-zerbitzuko teknikariek, hau da, gizarte-langileak eta hezitzaileak; bai eta Erronkariko Ibaxaren Batzordeko 3 ordezkarik ere, batzordeburuak eta Gizarte Ongizateko Batzordeko bi kidek.
Balorazio positiboa jasotzen duten eskaera guztiak, ordenantzan aurreikusitako baldintzak betez gero, etxebizitzaren eskatzaileen erregistro bakarraren parte izanen dira. Erregistro hori ordenantza honen babeserako ezarriko da. Erronkariko Ibaxaren Batzordeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzutik bideratutako eskaerek lehentasuna izanen dute Erronkariko Ibaxaren Batzordearen etxebizitza horietara sartzeko, balorazioa egin ondoren puntuazio-berdinketa dagoen kasuetan.
Etxebizitza eskuratzeko eskaeren ereduak prestatuko dira, ordenantza honetan ezarritako irizpideetan oinarrituta.
Era berean, Erronkariko Ibaxaren Batzordeak eta onuradunak izenpetu beharreko konpromiso-dokumentuaren eredua prestatuko da, etxebizitza ongi erabiltzeari eta teknikariei etxebizitzara sartzeko erraztasunak emateari buruzkoa.
Beharrezkotzat joz gero, balorazio-batzordeak itxaron-zerrenda kudeatuko du, eta erabilera honetarako dagoen etxebizitza nola eskuratu planifikatuko du.
9. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Honako hau da eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen etxebizitza eskuratzeko eskaerarekin batera:
9.1. Indarrean dagoen NANaren fotokopia edo Espainiako estatuan legez bizi dela frogatzen duen agiriarena edo pasaportearena.
9.2. Familia-liburuaren fotokopia, beharrezkoa bada.
9.3. Familia-unitateko kideen PFEZaren aitorpena, edo, hura aurkeztu beharrik ez badago, eskaera egin aurreko sei hilabetean izandako diru-sarreren edo etekinen zinpeko aitorpena, baita familia-unitateko kide guztien higiezinen ondarearena ere. Aitorpen horrekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:
a) Besteren konturako langileak: nominak edo enpresaren ziurtagiriak, azken 6 hilabeteei buruzkoak.
b) Erretirodunak edo pentsiodunak: kasuko urtean jaso beharreko pentsioaren edo prestazio ekonomikoaren ziurtagiria.
c) Beren konturako langileak: azken seihilekoko BEZaren hiruhilekoko aitorpena, eta seihileko horretako diru-sarreren zinpeko aitorpena. Aldez aurreko aitorpen fiskalik ez izanez gero, apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa beteko da.
d) Langabezian dauden pertsonak: enplegu-eskaerako txartela eta Estatuko Enplegu Zerbitzuaren ziurtagiria, zehazten duena zer prestazio ari den jasotzen eta zein jaso den azken sei hilabetean. Norbere kontura lan egin eta BEZik aitortzen ez duten pertsonei errenta bermatuaren artikulua aplikatuko zaie.
e) 16 urte baino gehiago dituen eta araututako ikasketetan ari ez den familia-unitateko kide bakoitzari dagokion lan-bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana.
f) Onuradunek jasotzen dituzten laguntzen, sorospenen edo prestazioen ondoriozko beste diru-sarrera batzuk ematen dituen ebazpenaren fotokopia.
g) Familia-unitateko kide bat edo bat baino gehiago beharturik ez badaude legez aitorpena aurkeztera, Nafarroako Foru Ogasunak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztuko da.
9.4. Hala dagokionean, hipoteka-betearazpeneko, desjabetzeko edo antzeko prozedura batean sartuta dagoela frogatzen duen agiria.
9.5. Hala dagokionean, genero-indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria.
9.6. Hala dagokionean, banantze edo dibortzio epaiaren fotokopia, horren itun erregulatzailearena, edo hura lortzeko tramite judizialak hasita daudela frogatzen duen agiriarena.
9.7. Erronkariko Ibaxaren Batzordeko gizarte-zerbitzuak prestatutako banakako esku-hartze sozialaren plana eta txosten soziala, eskaerak haren deribazioak direnean.
9.8. Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-eskatzaileen erregistroko izen-emate eguneratua.
9.9. Eskaerari funtsa ematen dioten gertaerak frogatzen dituen beste edozein agiri.
9.10. Aurrekari penalen ziurtagiria.
Eskaera kudeatzen duenak, halaber, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio osagarria eska dezake, egoera aztertzeko prozesuan.
10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
10.1. Etxebizitza familia-unitateko kideen bizileku arrunt eta etengabea izatea. Erabat debekaturik dago espedientean jasotzen ez diren pertsonek erabiltzea etxebizitza.
10.2. Etxebizitza ez da azpikontratatzen edo osorik zein hein batean hirugarren batzuei lagatzen ahalko, eta baldintza hori ez betetzeak lagapena deuseztatzea ekarriko du.
10.3. Bizikidetzaren arauak errespetatzea, baita bizilagunen elkartekoak ere.
10.4. Obrarik ez egitea Erronkariko Ibaxaren Batzordearen baimenik gabe.
10.5. Etxebizitza higiene- eta kontserbazio-egoera onean mantentzea eta barneko eta kanpoko elementuak eta elementu komunak zaintzea.
10.6. Erronkariko Ibaxaren Batzordeko langileek etxebizitza bisitatzea onartzea, bai egoera soziofamiliarraren jarraipena egiteko, hala behar denean, bai higiezinaren egoera egiaztatzeko.
10.7. Batzordeko erregistroan aurkeztutako eskabidearen bitartez, egoera soziofamiliarrean edo ekonomikoan izandako edozein aldaketaren berri ematea, eta Batzordeari jakinaraztea instalazioan matxurarik badago, horiek gertatzen direnean.
10.8. Higiezina gaizki erabiltzeagatik sortutako kalteengatik erantzutea.
10.9. Familiaren lagun egiteko programaren segimendua egitea, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko oinarrizko gizarte-zerbitzuaren deribazioen kasuetan.
10.10. Beharrezko urratsak egitea premia-egoeraren jatorria konpontzeko.
Batzordeak irizten duenean maizter den pertsonaren edo familiaren egoera hobeki egokitzen dela Erronkariko Ibaxaren Batzordeko beste etxebizitza-baliabide batera (alokairu sozialaren araubidea), maizterrak beharturik egonen dira ebazpen hori onartzera.
XEDAPEN GEHIGARRIA.–INDARRA HARTZEA
Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honen onespena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 eta 325.2 artikuluetan ezarritako prozedurari lotuko zaio. Herritarrek aldez aurretik parte hartzea izanen dute, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan.
Iragarkiaren kodea: L2416932
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
