Iragarkia
249. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OROTZ-BETELU
Herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza
Orotz-Beteluko Udalak, 2024ko uztailaren 31n egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Orotz-Beteluko herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia jendaurrean jarri zen Udalaren iragarki-taulan, eta 2024ko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 29an.
Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Orotz-Betelun, 2024ko azaroaren 8an.–Alkatea, Josep Franquesa Sobrino.
OROTZ-BETELUKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunak arautzen dituen Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) xedatutakoaren babesean ezarri da Orotz-Beteluko herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Orotz-Beteluko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.
Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
2. artikulua.
Orotz-Beteluko Udalari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.
Orotz-Beteluko Udalak herri-ondasunei buruz hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
3. artikulua.
Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Orotz-Beteluko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako. Itzuli beharra gertatzen bada, kargatutako ondasuna Orotz-Beteluko Udalaren ondarera itzuliko da herri-ondasun gisa.
Prozedura honako arau hauetan ezarritakoa izanen da: uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua.
4. artikulua.
Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:
a) Herri-larreen aprobetxamendua.
b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
c) Ehizaren aprobetxamendua.
d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
5. artikulua. Orotz-Beteluko Udala ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.
6. artikulua. Oro har, Orotz-Beteluko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.
c) Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
7. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
8. artikulua. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Orotz-Beteluko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.
9. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Orotz-Beteluko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ez dira inola ere batera hesitzen ahalko.
10. artikulua. Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak egiteko, aldez aurretik baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute trukean interesa dutenek eta hark ukitutakoek, eta Udalak baimena eman beharko du.
11. artikulua. Zuhaitzen landaketari dagokionez, Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betiko, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari hiru hilabete lehenago.
Horri dagokionez, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.
II. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
12. artikulua.
Orotz-Beteluko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
13. artikulua.
Orotz-Beteluko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
14. artikulua.
Orotz-Beteluko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Orotz-Beteluko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
15. artikulua.
Orotz-Beteluko Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak ebatziko. Interpretazioen gaineko erabakiak berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
16. artikulua.
Orotz-Beteluko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Orotz-Beteluko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.
III. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
17. artikulua.
1. Oro har, ordenantza honetan aipatzen diren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Orotz-Beteluko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea hiru urteko antzinatasunez.
c) Udalerrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.
d) Orotz-Beteluko Udalarekiko zerga arloko eta zuzenbide publikoko diru-sarreren arloko betebeharrak beteak izatea. Betebehar hori ez dela betetzen ulertuko da baldin eskabidea aurkezten den unean onuradunak mugaeguna gainditu duten zor galdagarriak badauzka aipatutako entitateekin, betiere dagokion organo eskudunaren ziurtagiriaren arabera.
e) Azienda Udalean deklaratuta eta erregistratuta edukitzea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-erkidego independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
18. artikulua.
Herri-larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez baterako ustiapen-unitate bat osatzen duten finka partikularrekin batera, aprobetxamendu eremu hauek ezarri dira:
a) A EREMUA: Gorrasaetseko izkinatik ipar eremuko itxituraraino, Adasa, Zanaz, Laparza eta Ezkiate eremuak barne.
b) B EREMUA: Ibaiaren eskuinaldea, ibaian gora.
c) C EREMUA: Biskaxun.
19. artikulua.
Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua.
20. artikulua.
Herri-larreen adjudikazioa 1,5 ha/AzLU-koa izanen da 17. artikuluko baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen artean. Adjudikatutako kopurua erabilgarri dagoena baino handiagoa bada, haztapena honela eginen da: hektarea erabilgarriak zati eskatzaile bakoitzaren AzLU kopuruari adjudikatutako teorikoak.
21. artikulua.
Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Hori dela eta, Orotz-Beteluko Udalak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen familia unitateko bizilagun titularrek haien azienda kentzen dutenean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintzako Zentsuaren Erregistrotik.
22. artikulua.
Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri dagokion foru legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
23. artikulua.
Herritarren adjudikazio zuzeneko epea hamar urtekoa izanen da, baina AzLU kopurua urtero berrikusten ahalko da hektarea kopurua adjudikatzeko, betiere ordenantza honen 17., 21. eta 22. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badira.
24. artikulua.
Ordenantza honen 18. artikuluan aipatutako larratze-eremuek jasan dezaketen abere-karga zehazteko, Orotz-Beteluko Udalak, aldizka, azienda moten arteko baliokidetasunak ezarriko ditu.
25. artikulua.
Larratzeko sasoiak, azienda motak eta haien kopurua ezartzeko, Orotz-Beteluko Udalak irizpide hauek zehaztu ditu:
A EREMUA: Urtarrila, otsaila, maiatza, ekaina, uztaila, abuztua, iraila, urria, azaroa eta abendua: Edozein motatako azienda.
Martxoan eta apirilean debekatuta dago abereak sartzea, edozein motatakoak direla ere.
Martxoan eta apirilean A eremuan abereak sartzeko debekua betetzen ez bada, 60 euroko zehapena ezarriko da abelburu handi bakoitzeko, eta 6 eurokoa abelburu txiki bakoitzeko.
B EREMUA: Edozein motatako azienda, urte osoan.
C EREMUA: Urtarrila, otsaila, maiatza, ekaina, uztaila, abuztua, iraila, urria, azaroa eta abendua: Edozein motatako azienda.
Martxoan eta apirilean debekatuta dago abereak sartzea, edozein motatakoak direla ere. Martxoan eta apirilean C eremuan abereak sartzeko debekua betetzen ez bada, 60 euroko zehapena ezarriko da abelburu handi bakoitzeko, eta 6 eurokoa abelburu txiki bakoitzeko.
26. artikulua.
Klimatologiak horretara eramanda, edo bazkaren kalitateak eta bolumenak bide emanez gero, aurreko artikuluan zehaztutako eskualdeetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Orotz-Beteluko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.
27. artikulua.
Orotz-Beteluko Udalak urtero finkatuko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda eta larratzeko eremua zehaztuta. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, urteko KPIa kontuan hartuta.
28. artikulua.
Orotz-Beteluko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, aprobetxamenduen adjudikazioak eraginik gabe uzten ahalko ditu, herri-lur horietan zuhaitzak landatzea eta beste hobekuntza batzuk bultzatzen baditu. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
29. artikulua.
Larreetarako eskubidea eskuratu nahi duten herritarrek, 17. artikuluko baldintzak betetzen badituzte, martxoaren bukaera baino lehen eskatu beharko dute Udalean, eta 30. artikuluko dokumentazioa aurkeztu. Soberako hektareak enkante publiko bidez adjudikatzen ahalko dira, 31. artikuluaren arabera.
30. artikulua.
Eskabideekin batera, adierazpen hauek aurkeztuko dira, Orotz-Beteluko Udalak egiaztatzeko duen ahalmenari kalterik gabe:
a) Orotz-Beteluko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta urtean bederatzi hilabetez gutxienez bertan bizitzea.
b) Eskatzailea zer toki-erakunderi edo erakundeei dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.
Dokumentazioarekin batera, abelburu kopuruaren eta osasun babesaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendaren osasun babesari buruz indarrean dagoen foru legerian eta haren erregelamenduzko xedapenetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, baita baliatu nahi dituen eremuen zerrenda ordenatua ere.
31. artikulua.
Herritarrentzako banaketan soberan geratzen diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 10 urterako, indarra duen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.
II. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-LARREETAN
32. artikulua.
Orotz-Beteluko Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu ordenantza honetan aipatzen diren aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Proiektu sozialak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.
Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean eduki eta aurkezten diren alegazioak ebatzitakoan.
III. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
33. artikulua.
Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea (adjudikatutako larreak azpierrentan eman edo eskualdatzea, esate baterako).
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.
c) Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Aziendak ordenantza honetan debekatzen den garaian eta tokietan sartzea.
e) Aziendendako idoietan kalte egitea.
f) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.
g) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen erregelamendua.
h) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urraturik.
i) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
j) Ez ematea edo faltsutzea adjudikazioak egiteko erabili diren datuak.
k) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea, baimenik izan gabe.
l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.
34. artikulua.
Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
–a), b), c) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.
–g) arau-haustearengatik herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik 100 eurotik 10.000ra bitarteko isunak ezarriko dira.
35. artikulua.
Egintza gertatzen denetik sei hilabeteren buruan preskribatuko dute arau-hausteek.
IV. TITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
36. artikulua.
Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Orotz-Beteluko Udalak etxerako egur epaitzak emanen dizkie ordenantza honen 6. artikuluko a), b), c) eta d) apartatuetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei, eskaera Udalak zehaztutako epean eta moduan aurkeztu badute.
Halaber, ondokoak ere egur lote baten onuradunak izaten ahalko dira:
a) Bizilagun erroldatuak, etxebizitza baten titularrak edo errentariak direnak eta urtean 9 hilabetetan bertan bizi ez direnak: Egur epaitza bat lortzeko eskubidea izanen dute bi urtean behin.
b) Egur epaitzak etxerako badira ere, Udalak urtero epaitza bat ematen ahalko die udalerriko sozietateei, kontsumitzeko.
Egur epaitzak Udalak kontratatutako langileek bota eta pistara aterako dituzte, eta kostua onuradunei egotziko zaie.
37. artikulua.
Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, pertsonalak eta besterenezinak dira, eta ez dira saltzen edo lagatzen ahalko.
Aprobetxamendu epea urte naturaleko abenduaren 31n bukatzen da. Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuak errekonozimendu-akta egiten duenean aprobetxamendua gauzatu gabe baldin badago, ez da beste sortarik eskatzen ahalko egiteke dagoen aprobetxamendua gauzatu arte.
38. artikulua.
Zuhaitz eroriak: Ordenantza honetako 6. artikuluaren a), b) eta d) apartatuak, gutxienez, betetzen dituzten familia-unitateek eskatzen ahal dute horien aprobetxamendua, idatziz.
Kasu horretan, Udalak dagokion erabakia hartuko du, eta, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko baso zerbitzuek markatzeko eskatuko du, eta interesdunari adjudikatuko dio, dagokion tasazio-balioan.
V. TITULUA.–EHIZAREN APROBETXAMENDUA
39. artikulua.
Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.
VI. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
40. artikulua.
Herri-lurretan natura produktuak aprobetxatzeko, «Orotz-Beteluko Udalaren herri-lurretan natura produktuen aprobetxamendua arautzeko ordenantza»-n xedatutakoa beteko da (2020ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa).
41. artikulua.
Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa (egurtegiak, nekazaritzako Ustiategiak, behin-behineko instalazioak, eraikuntza osagarriak, eta abar), herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Orotz-Beteluko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen dira. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.
Toki erakundeak beretako gordeko du aurkeztutako edo aitortutako datuen egiazkotasuna ikertzeko aukera, eta alegatutako gorabeheren gaineko frogapenak edota ikuskapenak egiten ahalko ditu, baita ordenantza hau betetzen dela egiaztatzeko ondorioetarako egoki ikusten duen behar adina dokumentazio eskatu ere.
Bigarrena.
Ordenantza hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak eta, bereziki, 6. artikuluarekin lotutakoak, Orotz-Beteluko Udalak ebatziko ditu, banan-banan, dagokion udal batzordeak txostena egin ondotik.
Hirugarrena.
Udalbatzak hala iritzita, inguruabarrek hartaratzen badute, baldintza berezien agiriak prestatzen ahalko dira zenbait bazkaleku, eskorta, egur epaitza edota aprobetxamendu eremu arautzeko; horiek deialdiak egin aurretik onetsi beharko ditu Orotz-Beteluko Udalak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek xedatzen ez duen hartan, arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), eta Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboko zein Foru Zuzenbide Pribatuko gainerako arauak.
Iragarkiaren kodea: L2416309
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
