1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2778/2024 EBAZPENA, 2024ko azaroaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an hartutako "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakia aldatzen duena –erabaki hori 2014ko azaroaren 25ean hartu zuen Gobernu Kontseiluak–".
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakia aldatzen duena –erabaki hori 2014ko azaroaren 25ean hartu zuen Gobernu Kontseiluak–.
"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN ADMINISTRAZIO ERREGIMENAREN ARABERAKO KONTRATAZIOA ARAUTZEN DUEN ERABAKIA –ERABAKI HORI 2014KO AZAROAREN 25EAN HARTU ZUEN GOBERNU KONTSEILUAK–.
Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio erregimenaren araberako kontratazioa arautu zen.
Erabaki hori onartu zenetik denbora luzea igaro denez gero, zenbait aldaketa egin behar ditugu hartan, betiere aldaketa horiek Unibertsitateko Langileen Batzordean ordezkatuta dauden sindikatuekin negoziatu eta gero.
Unibertsitateko Langileen Batzordearen bileran, UGT eta LAB sindikatuekin egungo araudiaren zenbait alderdi aldatzea adostu da.
Bestalde, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak orain arte erabili izan den "administrazioko eta zerbitzuetako langile" izendapena aldatu du, haren ordez "teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langile" izendapena ezarriz. Hortaz, izendapen berri hori aipatutako arauan ere jaso beharra dago.
Beraz, erabaki bat onetsi behar da aldaketa horiek sartzeko.
Azaldutakoari jarraikiz, kudeatzaileak proposatuta, hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2024ko azaroaren 26an egindako bileran hartu duen
ERABAKIA
Lehenbizikoa.–Aldatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio erregimenaren araberako kontratazioa arautzen duen erabakia.
Aldatu da Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio erregimenaren araberako kontratazioa arautzen duen erabakia -erabaki hori 2014ko azaroaren 25ean hartu zuen Gobernu Kontseiluak-, honela:
1) "Administrazioko eta zerbitzuetako langile" adierazpenaren ordez, "teknikari eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langile" forma erabiliko da testuan ageri den guztietan, erabakiaren izenburuan barne.
2) 3. artikulua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:
"3. artikulua. Zerrendak osatzeko prozedurak eta lehentasun hurrenkera.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak aldi baterako kontratua edukitzeko hautagaien zerrendak egiten ahalko ditu, eta zerrenden arteko lehentasun hurrenkera hau izanen da:
a) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendak.
b) Sartzeko hautaketa-prozesuetan parte hartu eta proba gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten hautagaien zerrendak.
c) Aldi baterako kontrataziorako hautaketa-proben deialdi publikoen bidez sortutako hautagai zerrendak.
d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hautaketa-proben deialdien bidez sortutako hautagai zerrendak.
3) 5. artikulua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:
"5. artikulua. Hautaketa-prozesuetan parte hartu eta proba gainditu ez duten hautagaien zerrendak.
1.–Zerrenda horiek honako hauek osatuko dituzte:
a) NUPen sartzeko deialdi batera aurkeztu eta, gainditu ez arren, deialdiko probaren bat gainditu duten hautagaiak.
b) Deialdiaren oinarrietan lehenbiziko probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten hautagaiak.
2.–Hautagaien zerrendako lehentasunak, 8. artikuluak ezartzen dituen salbuespenez aparte, ondorengo irizpideen arabera ezarriko dira, eta hurrenkera honetan aplikatuko:
a) Nork gainditu dituen proba gehiago.
b) Proba bat baino gehiago direnean, proba guztiak batuta nork atera duen puntuaziorik altuena.
3.–Artikulu honen arabera osatutako zerrendak gehienez ere bost urteko epean egonen dira indarrean, indarra hartzen duten egunetik kontatzen hasita.
Zerrendak indarrean dauden bitartean beste zerrenda batzuk osatzen badira proba gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten hautagaiekin, lanpostu bera betetzeko, zerrenda berriagoetako hautagaiek lehentasuna edukiko dute zerrenda zaharragoetakoen aldean."
4) Aldatu egin da 6. artikuluaren 2. apartatua, eta honela idatzita geldituko da:
"2.–Aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendetan sartuko dira hautaprobetan eskatzen den gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten guztiak."
5) Aldatu egin da 7. artikuluaren 3. apartatua, eta honela idatzita geldituko da:
"3.–Aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendetan sartuko dira hautaprobetan eskatzen den gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten guztiak."
Bigarrena.–Xedapen iragankorra.
Erabaki hau indarrean sartu ondoren onesten diren eta lehenago onetsitako deialdien ondorio diren kontratazio zerrendetan, 5.1.b) eta 6.2 artikuluetan aipatzen diren hautagaiak sartuko dira.
Bestalde, dagoeneko bukatuak dauden hautaketa-prozesuen kasuan, haien bidez kontratazio zerrendak onetsi badira 2024an, artikulu horietako baldintzak betetzen dituzten hautagaiak sartuko dira onesten diren zerrendetan.
Bi kasu horietan, kasuan kasuko lanposturako kontratazio zerrendarik baldin badago indarrean, zerrenda horietan dauden pertsonek lehentasuna izanen dute xedapen iragankor hau aplikatzearen ondorioz sartzen diren pertsonen aldean.
Hirugarrena.–Indarra hartzea.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.
Laugarrena.–Deialdiaren berri ematea.
Erabaki hau Kudeatzailetzari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeari helaraziko zaie.
Bosgarrena.–Argitalpena.
Erabaki hau eta haren eranskina Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
Seigarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat".
Iruñean, 2024ko azaroaren 26an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
Iragarkiaren kodea: F2417267