249. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

RE175/2024 EBAZPENA, urriaren 31koa, Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren eskuordetzaz, zeinaren bidez nekazaritzako ustiategien titularrak edo/eta bazkideak katalogatzen baitira ogibide nagusiz nekazari gisa, nekazari profesional gisa eta nekazaritzako profesional gisa, eta nekazaritzako ustiategiak lehentasunezko gisa.

Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuak 4. artikuluan ezartzen du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa zerbitzu administratibo bat dela, non laguntza publikoen hartzaileak zehazteko erabiltzen den nekazaritzako ustiategien informazioa biltzen baita, eta haren helburua dela nekazaritzako ustiategiak katalogatzea, hau da, finkatzea zein diren lehentasunezkoak eta zein ez.

Ogibide nagusia nekazaritza dutenen definizioa ere uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan dago jasota. Bestetik, nekazari profesionalaren definizioa Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 2. artikuluan zehaztuta dago, eta nekazaritzako profesionalaren definizioa, berriz, Landa-ingurunearen Garapen Jasangarriari buruzko abenduaren 13ko 45/2007 Legearen 16. artikuluan.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren bidez Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa arautu da eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak ezarri dira. Foru agindu horren 7. artikuluak ezartzen du urtero kalifikatuko direla ustiategien titularrak edo nekazari batasunen ustiategietako bazkideak, dela ogibide nagusia nekazaritza duen nekazari gisa, dela, nekazari profesional gisa, dela nekazaritzako profesional gisa, eta, orobat, lehentasunezkoak diren ustiategiak zehaztuko direla, horretarako oinarritzat harturik Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan urriaren 1ean dauden datuak. Urtero, azaroaren 1a baino lehen, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebatziko ditu katalogazioak, eta onesten direnetik hurrengo urtekoak onetsi arte izanen dira baliozkoak, betiere ez badira aldatzen onetsitako katalogazioa ekarri zuten baldintzak.

Bidezko da, hortaz, ustiategien titular eta bazkideen kalifikazioa onestea, hots, ogibide nagusia nekazaritza dutenak, nekazari profesionalak edo nekazaritzako profesionalak, eta, orobat, lehentasunezko ustiategiak katalogatzea, eta informazio horren balioa onestea, hori guztia Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan 2024ko urriaren 1ean dauden datuetatik abiatuta, datu horiek lortu eta eguneratu baitira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 111/2014 Foru Aginduaren 1. eta 3. artikuluen arabera. Foru agindu horren bidez Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa arautu da eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak ezarri dira.

Honako datu hauek erabili dira: lurzatien aitorpena, 2024ko laguntzen eskaera bakarrean egindakoa, 2024an Nekazaritza Ustiategien Erregistro Autonomikoan inskribatutako lurzatiak, 2024ko urriaren 1ean Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan nekazaritza-jarduera duten ustiategietan inskribatutako abelburuak, 2023ko ekitaldiko PFEZ aitorpena, 2024ko erreferentziako errenta (APA/1398/2023 Agindua) eta 2024ko hirugarren hiruhilekoari dagokion Gizarte Segurantzako afiliazioa.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 13ko 330E/2023 Ebazpenaren bidez, Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dira araudiak Landa Garapeneko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion nekazaritza arloko eskumen administratibo batzuk.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 74/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan dauden datuak kontuan hartuz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien titular, bazkide eta nekazaritzako ustiategi guztien kalifikazioa onestea, hots, nortzuk diren ogibide nagusia nekazaritza dutenak, nortzuk nekazari profesionalak eta nortzuk nekazaritzako profesionalak, bai eta zein diren lehentasunezko ustiategiak ere, hori guztia ebazpen honen 1. eranskinaren arabera.

2. Ebazpen hau sinatzen denetik 2025ekoa onetsi arte izanen dute balioa katalogazio horiek, martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduarekin bat, betiere aldatzen ez badira onetsitako katalogazioa eragin zuten baldintzak (nekazaritzako diru-sarrerak, marjina garbiak, Gizarte Segurantza, sozietatearen estatutuak).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Interesdunek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren web-orriaren bidez kontsultatzen ahalko dute beren katalogazioa, Nekazaritza eta Abeltzaintza arloan, ziurtagiri digitala edo Cl@ve-a erabiliz, edo departamentuaren eskualdeko eta eremuko bulegoetan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke haren kontra, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñea, 2024ko urriaren 31n.–Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendaria, Arantza Fuentetaja González.

Iragarkiaren kodea: F2416034