1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
14/2024 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira honako deialdi honetarako: deialdia, eskolaldi modalitatea hautatzeko Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatuetan eta pribatu itunduetan, 2025-2026 ikasturterako.
Hezkuntzako kontseilariak azaroaren 9an emandako 106/2023 Foru Aginduaren bidez, eskolaldi motak arautu ziren Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetarako.
Eskolaldia eskatzeko prozedura ezarrita dago Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren V. kapituluan, baina hura ez da aplikagarria Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatu eta pribatu itunduen kasuan.
Hala ere, aurretik azaldutakoa gorabehera, Hezkuntza Departamentuak jakin behar du zein eskolaldi izanen duten 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetan, herritarrei zerbitzu onena ematen lagunduko duen informazio guztia behar bezala kudeatu ahal izateko.
Ikusirik Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen deialdi bat egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetan eskolaldi modalitatea hautatzeko 2025-2026 ikasturterako.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Honako deialdi honetarako jarraibideak onestea: deialdia, eskolaldi modalitatea hautatzeko Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetan, 2025-2026 ikasturterako. Hona hemen:
I.–Xedea eta aplikazio-eremua.
Ebazpen honen xedea da jarraibideak onestea honako deialdi hau egiteko: deialdia, eskolaldi modalitatea hautatzeko Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetan, 2025-2026 ikasturterako.
II.–Eskolaldi motak.
1. Bat etorriz Hezkuntzako kontseilariaren 106/2023 Foru Aginduaren 2. artikuluan xedatutakoarekin, eskolaldia honako modalitate hauetako batean gauzatuko da:
a) Eskolaldi zatitua.
b) Eskolaldi jarraitua.
c) Eskolaldi malgua.
2. Eskolaldia zehazteko eta antolatzeko, aintzat hartuko dira, batez ere, ikasleen eta haien familien zein legezko ordezkarien interesak, beharrak eta ezaugarriak.
Halaber, curriculum saioak astean zehar banatzeko, arrazoi pedagogikoak hartuko dira kontuan.
3. Eskolaldi zatituaren, eskolaldi jarraituaren eta eskolaldi malguaren ezaugarriak ezarrita daude, hurrenez hurren, Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren II., III. eta IV. kapituluetan.
III.–Hezkuntza Departamentuari jakinarazteko epea.
2025-2026 ikasturtean egun indarrean duten eskolaldiaz beste bat ezarri nahi duten ikastetxe pribatu eta pribatu itunduek horren berri eman beharko diote Hezkuntza Departamentuari. Horretarako, mezu elektroniko bat bidali beharko dute jornadasescolares.sie/hiz@navarra.es helbidera, kopian jarrita ordenacion.academica@navarra.es helbidea. Mezua bidaltzeko muga-eguna 2025eko otsailaren 21a da. Epe horretan jakinarazpenik jaso ezean, ulertuko da egun indarrean duten eskolaldia egonen dela indarrean 2025-2026 ikasturtean ere.
IV.–2025-2026 ikasturtean ezarritako eskolaldiaren indarraldia.
2025-2026 ikasturtean ezartzen den eskolaldi modalitatearen indarraldia mugagabea izanen da, harik eta beste modalitate bat jakinarazi arte (Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen dituen egunetan eginen da hori).
V.–Jarraipena, ebaluazioa eta gainbegiratzea.
Eskolaldien jarraipenari, ebaluazioari eta gainbegiratzeari dagokienez, Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren VI. kapituluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Bigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.
Iruñean, 2024ko azaroaren 19an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusi Gil Sevillano González.
Iragarkiaren kodea: F2416883