Iragarkia
249. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
178C/2024 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Vicarli Truck SLU enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusirik Vicarli Truck SLU enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31101252012017); erregistro honetan 2024ko urtarrilaren 22an sartu zen, 2024ko urtarrilaren 10ean enpresaren ordezkariak eta sindikatuen ordezkariak sinatu ondoren.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Vicarli Truck SLU enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31101252012017).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko urriaren 30ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia. Iñaki Mendióroz Casallo.
UHARTEKO VICARLI TRUCK SLU ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
2024-2026
BILDU DIRA:
Honako hauek sinatu dute hitzarmen hau:
–Vicarli Truck SLUren enpresa alderdiak, zuzendaritza nagusiak eta Giza Baliabideetako zuzendaritzak.
–Langileen alderdiak, enpresa batzordea osatzen duten guztiek (CCOOko 2 ordezkari, ELAko 2 ordezkari eta UGTko 1 ordezkari), ukituriko langileen ordezkari gisa.
ADIERAZTEN DUTE:
Bi alderdiek elkarri onartzen diote lege gaitasun nahikoa dutela Vicarli Truck SLUko hitzarmen kolektibo hau izenpetzeko. Ontzat eman dute fede onez negoziatzea, zenbait arlotan konpromiso batzuk hartzeko bi alderdiek adosturik. Konpromiso horiek nahitaez bete beharko dira, eta hitzarmen honetan bildu dira. Jarraian ematen da hitzarmenaren testua.
ATARIKOA
Alderdi sinatzaileek, hitzarmen hau idaztean, hizkera neutroa erabili dute genero-ikuspegitik (ildo horretatik, langile hitzak ez du generorik).
1. artikulua. Izaera eta eraginkortasuna.
Bi alderdiek aitortzen diote elkarri hitzarmen kolektibo hau sinatzeko behar adina legitimazio eta gaitasun, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak (aurrerantzean, "Langileen Estatutua"), III. tituluan xedatutakoaren arabera, eta, beraz, eraginkortasun orokorra dauka.
2. artikulua. Pertsona-eremua.
Hitzarmen honek Vicarli Truck SLU enpresan Nafarroako lantokiei atxikita dauden langile guztiak hartzen ditu, bai eta haren indarraldian sartu eta alta hartzen dutenak ere, zein den ere enpresan betetzen duten lanpostua eta Nafarroako zein lantokiri dagoen atxikita, goi mailako zuzendaritza eta aholkularitzako kargudunak izan ezik, horiek indarra duten legeei lotuko baitzaizkie.
3. artikulua. Lurralde-eremua.
Hitzarmen kolektibo hau Vicarli Truck SLU enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, baldin eta Nafarroako lantokiei atxikirik ematen badituzte zerbitzuak.
4. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen hau Vicarli Truck SLU enpresan Nafarroako lantokiei atxikita dauden langileei soilik aplikatuko zaie, eta, beraz, ez da aplikatuko Vicarli Truck SLU enpresarekin merkataritza harremanak dituzten beste enpresetan; salgaien errepide-garraioaren sektorean jarduten du enpresak.
Vicarli Truck SLU enpresak Nafarroatik kanpo dituen beste lantoki batzuetan jarduten duten langileen kasuan, dagokien esparru geografikoko garraioaren sektoreko hitzarmen kolektiboa aplikatuko zaie.
5. artikulua. Denbora eremua.
Hitzarmen kolektibo honek Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra, eta 2026ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean.
Kasuan kasu, dagozkion kopuruak hitzarmena sinatzen denetik ordaintzen ahalko dira, Aldizkari Ofizialean argitaratzeari itxaron gabe.
Hitzarmena 3 urterako izanen da. Berariaz erabaki da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmena salatu eta haren iraupena bukatu ondoan indarrean mantenduko dela, alderdiek hura ordezteko beste hitzarmen bat sinatzen duten arte.
Edozein alderdik egiten ahalko du hitzarmenaren salaketa indarraldia bukatu aurreko hilabetean.
Salaketa, eginez gero, enpresako zuzendaritzari edo langileen legezko ordezkaritzari fede emanez jakinaraziz eginen da.
6. artikulua. Osotasunari lotzea.
Agintaritza eskudunak, bere dituen eginkizunak erabiliz, hitzarmeneko itunetakoren bat onartzen ez badu, gainerako klausulek bere horretan segituko dute indarrean, eta alderdi sinatzaileak behartuak egonen dira indargabetutako klausula edo artikulua berriz negoziatzen hastera hilabeteko epean.
7. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.
Urteko konputuan hitzarmen honetan itundutakoa orokorrean gainditzen duten egoera pertsonalak errespetatuko dira, hark indarra hartzen duenean.
Hitzarmen hau sinatzeko unean kobratzen ziren kontzeptu horiek guztiak errespetatu eginen dira, zenbatekoa izozturik, eta ez dira izanen konpentsagarriak, ez eta irensgarriak ere, Langileen Estatutuaren 41. artikuluak ezarririko lan baldintzen aldaketa substantzialaren bidez ere ez dira aldatzen ahalko, salbu eta berariaz adosten bada horiek konpentsatzea eta irenstea (hala banakako akordioetan nola hitzarmen kolektibo honetan berariaz arautuz –adibidez, 22.2, 24.1 eta 21. artikuluak–).
Baldin eta araua aldatzen bada, eta enpresako hitzarmenak sektorekoarenaren aldean aplikatzeko lehentasunaren inguruko esparru juridikoa aldatzen badu, hitzarmen honen edukia indarrik gabe geldituko da (eta, hala badagokio, legez arauturiko epeen barruan), eta sinatzaileek hiru hilabete izanen dituzte hau ordezteko testua idazteko.
8. artikulua. Lanaren antolaketa.
Enpresak zenbait ahalmen ditu, eta horien arabera jardunen du. Hona hemen:
1. Hitzarmen honetan ezartzen diren errendimendu normalak zehaztea eta betetzen ote diren erabakitzea.
2. Eskatzen ahal den gutxieneko errendimenduari dagokion elementu kopurua edo lana zehaztea.
3. Lanerako arau batzuk finkatzea, zerbitzua era egokian eta seguruan emateko. Enpresak idatziz ezarri eta argitara emanen ditu, interesdunei horien berri eman ondoan.
4. Ibilgailuak, tresnak, makinak eta abar ahalik eta hobekien erabili eta zaindu eta ahalik eta garbien izan daitezela eskatzea.
5. Enpresako langileen mugigarritasuna eta birbanaketa erabakitzea, antolaketa eta ekoizpen beharren arabera, lanbide kategoria errespetatuz eta egokitzeko behar den denbora emanez.
6. Ordainsarietan pizgarri sistema bat finkatzea. Langileak ados ez badaude, ezadostasun hori sindikatuen ordezkarien bidez adieraziko dute, eta, lan-agintaritzak ebazpena eman arte, lanaren antolaketa mantentzea izanen da ohiko bidea. Artikulu honetan ezarririk ez dagoen guztian, Salgaien Errepide-Garraioko Enpresetarako II. Akordio Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
9. artikulua. Laneko jarduera eta errendimendua.
Enpresaren ahalmena da laneko jardueraren eta errendimenduaren arauak baldintza berrietara egokitzea, lan metodoak, ibilgailuak, makinak, lanabesak eta abar aldatu izanaren ondorioz. Kasu horietarako ohiko prozedurarekin bat jokatu beharko du enpresak.
10. artikulua. Produktibitate oinarriak.
Jarduera normala batez besteko langile batek egiten duena da, lanean trebatua izanik eta bere erantzukizunaren jakitun, baina ordainsarietan pizgarririk ez duela. Erritmo horri erraztasunez eusten ahal zaio, egunero, gorputza eta burua sobera nekatu gabe, eta haren ezaugarria ahalegin iraunkor eta zentzuzkoa egitea da.
Produktibitatearen Batzorde Nazionalaren ehun puntuetan adierazten dena hartuko da jarduera normalaren oinarritzat.
Banaketa ibilgailuak gidatzen dituztenek, lanaldian 100 kilometro baino gutxiago egiten badituzte, ezinbesteko baldintza dute, jarduera normala lortzeko, ibilgailuko kaxan zama atontzen parte hartzea.
11. artikulua. Errendimendua eta pizgarriak.
Jarduera normalari dagokion errendimendua da eskatzen ahal den gutxienekoa, eta enpresak hori ezartzen eta eskatzen ahalko du noiznahi; hala egiten ez badu ere, ez da interpretatuko eskubide hori alde batera utzi duela.
Eskatzen den gutxieneko errendimendua hitzarmen honetako soldatarekin ordainduko da. Pizgarriak ezartzeko, eskatzen ahal den gutxieneko errendimendutik abiatu beharra dago, hitzarmeneko soldatari baitagokio.
Errendimenduak taldearenak (atala, katea, taldea, etab.) edo norberarenak izan daitezke, enpresak zer ezartzen duen.
Enpresak lana baloratzeko edo primak edo pizgarriak finkatzeko sistema bat ezartzen ahalko du, 10. artikuluan adierazitako gutxieneko errendimendu normalari dagokionetik aparte.
Pizgarri sistema ezarri ondoren, enpresak berraztertzen ahalko du, baldin eta eskatzen ahal den gutxieneko errendimendu gisa adierazten dena baino %40 handiagoa bada lan edo jarduera kopuru hoberena.
Pizgarriak langileei banan-banan ezartzen zaizkien kasuetan, enpresak, arrazoiak emanda, haiek murriztu, gutxitu edo kentzen ahalko ditu, baldin eta langileak, gaitasun, arreta edo interesik ez izateagatik edo bestelako zergatiko subjektibo batengatik, behar den errendimendua ematen ez badu do ekoizpenaren kantitateari edo kalitateari kalte egiten badio, deusetan galarazi gabe kasu horretan hartzen ahal diren beste neurri batzuk.
Pizgarririk ezarriz gero, atalka eta/edo banaka kentzen ahalko dira, sistema horren bidez lortu nahi ziren helburuak ezin erdietsi direnean, edo enpresaren jarduera gutxitzeagatik, edo eginkizun berrien saiakuntzak egiteagatik edo instalazioak konpontzen edo berritzen egoteagatik. Kasu horietan, langileek eskatzen ahal den gutxieneko errendimenduari dagozkion ordainsariak eta 22. artikuluko plus pertsonala hartuko dituzte.
12. artikulua. Langileak.
Salgaien Errepide-Garraioko Enpresetarako II. Akordio Orokorraren III. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio, arau orokorrei eta lanbide sailkapenari dagokienez.
13. artikulua. Aurreabisu epea borondatezko kargu uzteetan eta probaldia.
Enpresa utzi nahi duten langileek gutxienez ere zazpi egun lehenago jakinarazi beharko dute.
Aurreabisu epea bete ezik, jakinarazpena egiteko atzeratutako egunetan sortzen den zenbatekoa galduko da likidazioan.
Probaldiaren gehieneko denbora Salgaien Errepide-Garraioko Enpresetarako II. Akordio Orokorraren IV. kapituluan ezarritakoa izanen da.
14. artikulua. Lanaldia.
Lanaldia 40 ordukoa izanen da astean. Hala ere, langile bakoitzak ez ditu 1.744 ordu baino gehiago eginen benetan urtean, hitzarmenaren indarraldian, eta ordu horiek egutegian banatzen ahalko dira, enpresaren eta langileen beharren arabera. Eskatu ahalako garraiorako, zerbitzuaren ezaugarriak tarteko, lanaldiak astelehenetik igandera erregulatzen ahal dira zerbitzuaren beharren arabera; oro har, lanaldia astelehenetik larunbaterakoa izanen da, ordea.
Lantoki edo jarduera arlo bakoitzerako lan egutegia prestatuko da, eta sindikatuen ordezkariei proposatuko zaie, urte bakoitzeko urtarrilaren lehen hamabostaldian. Hala ere, ekoizpen beharrak edo beste arrazoi batzuk direla eta, egutegia aldatzen ahalko da, betiere langileekin adosturik.
15. artikulua. Ogitartekorako atsedenaldia.
Lanaldiaren banaketaren ondorioz 6 orduko lan saioak egiten diren lantokietan, eguneko lanaldiaren barrenean eginen da jateko atsedenaldia, eta horren iraupena sindikatuen ordezkariekin itunduko da; desberdina izan daiteke lantoki bakoitzean, zerbitzu beharren arabera, baina gutxienez 15 minutukoa izanen da egunean.
Etenaldi horiek inola ere ez dira hartuko benetako lan denboratzat, eta berdin jokatuko da beste etenaldi mota batzuekin ere (kafea, erretzeko etenaldia, etab.).
16. artikulua. Itxaronaldiak.
Matxurengatik edo abiapuntukoa eta helburukoa ez den beste herri batean itxaroteagatik emaniko denbora konputatzeko, 1561/1995 Errege Lege Dekretuan eta 561/2006 EE Erregelamenduan gorabehera horiei buruz ezartzen diren aginduak eta indarra duten legezko xedapenak edo horien ordezkoak hartuko dira kontuan.
17. artikulua. Ezintasun iraunkor osoa.
Ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoaren deklarazioari dagokionez, indarra duten legezko xedapenei jarraituko zaie. Hala ere, egoera horretan dauden langileek, urtebeteko epearen barruan, deklarazioa ematen denetik hasita, eskubidea izanen dute enpresan bete gabe gelditzen diren lanpostuetan kokatuak izateko, lanpostu horiek beren gaitasun fisikoetarako eta prestakuntzarako egokiak badira, bai eta beste ekoizle batzuen gainetik ere.
18. artikulua. Baldintza ekonomikoak.
2024-2026rako hitzarmen honetan itunduriko baldintzak eranskineko soldata tauletan (1. eranskina) ageri dira, eta hauek aplikatzetik datoz:
–2024an ordainsariak oinarrizko soldataren %5 igoko dira 2023ko soldaten tauletatik.
–2025ean ordainsariak oinarrizko soldataren %4 igoko dira 2024ko soldaten tauletatik.
–2026an ordainsariak oinarrizko soldataren %2 igoko dira 2025eko soldaten tauletatik.
Soldata-igoeren bermeak: 2024-2026 aldian Nafarroako Salgaien Errepide-garraioaren Hitzarmen Kolektiboan oinarrizko soldataren soldata taulak hobetzen badira, bermatuko da aldi horretan ezein langilek ez duela jasoko hitzarmen probintzialean ezarritakoa baino zenbateko txikiagorik.
19. artikulua. Soldata egitura.
Hitzarmen honen indarraldiaren barruan, enpresak Akordio Orokorraren VI. kapituluan aipatzen den ordainsari sistemara egokituko ditu bere ordainsariak, langileen diru-sarrerak testu itundu horretan ezarritako kontzeptuekin bat etor daitezen.
Gizarte Segurantzako kotizazioen ondorioetarako, uneean-unean indarra duten legezko xedapenek agindu bezala jokatuko da.
20. artikulua. Aparteko haborokinak.
Udako eta eguberrietako aparteko eskersari bakoitzean kontzeptu hauen hileko bat ordainduko da: oinarrizko soldata, ad personam plusa, plus pertsonala eta orga jasotzailearen gidarien plusa.
Udako aparteko ordainsaria uztaileko 1. hamabostaldian ordainduko da, eta eguberrietakoa, abenduaren 20an beranduenez.
Udako eta eguberrietako eskersari bakoitza seihileko bakoitzean konputatuko da: lehenbizikoa urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte, eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte.
Langile bat enpresan sartzen bada edo bertatik alde egiten badu seihileko horietako bat hasita dagoela, eskubidea izanen du seihilekoan lanean egiazki emaniko denborari dagokion zati proportzionala kobratzeko.
Enpresa eta langileak ados jartzen badira, uztaileko eta abenduko pagak hilabetez hilabete hainbanatzen ahalko dira, betiere hori ituntzen bada.
21. artikulua. Mantenu eta egonaldi gastuak.
Mantenu eta egonaldi gastua kalkulatzea zaila denez, erabaki da konpentsazio sistema hau erabiltzea: eginiko kilometro bakoitzeko ordainketa formula hau aplikatuko da, 2021eko irailaren 1etik:
–Nazioarteko bidaietarako (Portugal kanpo):
- 0,10 euro, 2024, 2025 eta 2026an eginiko kilometro bakoitzeko.
–Espainian eta Portugalen eginiko bidaietarako:
- 0,095 euro, 2024, 2025 eta 2026an eginiko kilometro bakoitzeko.
–Norbaitek gutxieneko kilometro bermatuak baditu, kilometroko prezioa 0,085 eurokoa izanen da 2024, 2025 eta 2026an eginiko kilometro bakoitzeko.
Kopuru horien bidez ordaintzen dira gidariak bai Espainian bai Espainiatik kanpo dabilenean izaten dituen mantenu eta egonaldi gastu guztiak. Zerbitzu arrazoiengatik, eskatu ahalako zerbitzuetan egindako ibilbideetan, mantenu eta egonaldi gastuak banan-banan itunduko dira, kontuan harturik zerbitzuaren ezaugarriak eta zein inguruabarretan egiten diren, erreferentzia hauek hartuz:
HERRIALDEA | BAZKARIA | AFARIA | OSTATUA | GUZTIRA |
Espainia | 11,33 | 10,34 | 12,32 | 33,99 |
Alemania | 15,86 | 15,86 | 21,13 | 52,85 |
Belgika | 15,84 | 15,84 | 21,09 | 52,77 |
Frantzia | 13,68 | 13,68 | 18,28 | 45,64 |
Herbehereak | 15,41 | 15,41 | 20,50 | 51,32 |
Erresuma Batua | 17,15 | 17,15 | 22,89 | 57,19 |
Italia | 16,47 | 16,47 | 22,02 | 54,96 |
Portugal | 10,52 | 10,52 | 14,01 | 35,05 |
Gainerako herrialdeak | 13,68 | 13,68 | 18,28 | 45,64 |
Oharrak: Gaua etxetik kanpo ematen duten langileei soilik ordainduko zaie gosaria. Bazkariari dagokion dieta ordainduko da egin beharreko zerbitzua dela-eta etxetik kanpo bazkaldu beharra dagoenean, eta, betiere,12:00ak baino lehen ateratzen bada eta 14:00etatik aurrera ailegatzen bada. Gaueko otorduari (afariari) dagokion dieta ordainduko da egin beharreko zerbitzua dela-eta ohiko bizilekutik kanpo afaldu beharra dagoenean, eta, betiere, ekoizlea 21:00ak baino lehen ateratzen bada eta 22:00etatik aurrera itzultzen bada.
Baldin eta asteko etenik gabeko 45 orduko atsedenaldia egin behar bada, eta nahitaez hotel batean eman behar bada gaua atsedena egiten den herrialdeak legez hala eskatzen duelako, gau horren kostua enpresak ordainduko du, eta ez da egonen artikulu honetan ezarritako zenbatekoen barruan. Horretarako ezinbestekoa izanen da enpresak zehaztea beti gaua non pasatuko den.
Aurreko paragrafoan azaldurikoa ez da aplikagarria izanen atsedena enpresaren egoitzan egiten bada, edo langilearen bizitokiko herrian.
22. artikulua. Plusak:
22.1. artikulua. Plus pertsonala. Plus pertsonalean finkatu ziren antzinatasuneko saria kalkulatu eta ordaintzeko lehengo sistema kentzearen ondoriozko kopuruak. Kontzeptu hori behin ere ezin izanen da konpentsatu edo irentsi.
23. artikulua. Mozkinetan parte hartzea.
Parte-hartze hori oinarrizko soldatako, ad personam pluseko eta plus pertsonaleko 30 egunetan ezarri da. Hitzarmena sinatu den egunean aparteko ordainsarian sarturiko beste kontzeptu batzuk aintzatetsita dituztenei errespetatu eginen zaizkie. Mozkinen ordainsari hori hilabeteka hainbanaturik pagatuko da.
24. artikulua. Plus bereziak.
24.1. artikulua. Langileak ibilbidea egiteko behar izan duen lanaldiaren luzapenaren balio posiblea sarturik dauten plusak.
Kilometraje plus edo prima horietan, eta hitzarmen kolektibo honen 24.1 artikuluan jasotako plusetan, Langileen Estatutuaren 34. artikuluan eta Estatuko Akordioaren 27. artikuluan aurreikusitako gehieneko lanaldira arteko lanaldi luzaketa posibleak sarturik daude, baita gehienezko lanaldi hori gaindituta egindako aparteko orduak ere, eta horiek konpentsatzen dituzte
a) Gidatze prima: gidariak ibilbidea egiteko behar izan dituen lanaldi luzatzeak konpentsatzearren, kilometroei dagokien pizgarria edo prima ezarri da gidarientzat, hain zuzen ere 0,005 euro egindako kilometro bakoitzeko.
b) Zamalanen plusa: zerbitzuaren beharren ondorioz beharrezkoa bada gidariak salgaien zamalanetan laguntzea, ezinbestekoa izanen da enpresako trafiko saileko langileek lan horiek aldez aurretik baimentzea. Kasu horretan, plus bat ezartzen da ibilgailua kargatu eta deskargatzeagatik, eta 6 euro ordainduko dira salgaiek hartzen duten kartola bakoitzeko (ibilgailu bakoitzeko lau), 24 euro bitarte (erdiatoi osoa).
c) Igandean gidatzeagatiko plusa: gidariak zerbitzua igandean ematen badu, 80 euro jasotzeko eskubidea izanen du lanaldi osoa betetzen badu, trafiko sailak aldez aurretik baimenduta.
d) Larunbatean gidatzeagatiko plusa: gidariak larunbatean 4 ordutik gora gidatzen badu, 30 euro jasoko ditu, trafiko sailak aldez aurretik baimenduta.
e) Asteburuko gidatze plusa: gidariak asteburuan gidatzen badu (larunbata eta igandea) eta, aldi berean, behartua bada ohiko bizilekutik edo lantokitik kanpo lo egitera, 150 euro jasotzeko eskubidea izanen du, trafiko sailak aldez aurretik baimenduta. Kopuru hori jasoz gero, larunbateko gidatze plusa eta igandeko gidatze plusa ez dira jasoko, asteburuko plusak bi kontzeptu horiek konpentsatzen dituelako.
f) Banaketa plusa: Bilketa edo/eta banaketa plusa ezarri da, 6 eurokoa, bidaia edo zerbitzuan egiten den bilketa (karga) eta banaketa (deskarga) bakoitzeko; plus honen kalkulutik kanpo daude bidaia hasieran eta bukaeran egiten direnak. Orobat, plus honetatik kanpo daude enpresak Nafarroan dituen biltegietan egiten diren bilketak edo banaketak. Bidaia baten karga egiten bada deskarga baten destino berean, ez da plusa jasoko.
g) Atzerriko edo erkidegoetako jaiegunetan ez gidatzeagatiko plusa: Espainian edo Espainiatik kanpo zerbitzu bat egitean gidaria atseden egitera behartua bada, eman zaion ibilbideko herrialde batean nazioko edo tokiko jaieguna delako, 60 euro jasotzeko eskubidea izanen du konpentsazio gisa, trafiko sailak aldez aurretik baimenduta.
h) Jaiegunetan gidatzeagatiko plusa: Gidariak enpresaren lan egutegian jaiegun den egun batean zerbitzua egiten badu, 60 euroko plusa jasoko du hitzarmenaren indarraldian, basetik edo ohiko bizilekutik kanpo aritzen denean, gidatzen emandako denbora kontuan hartu gabe. Orobat, jaiegun batean lan egiten duen gidariak eskubidea izanen du hurrengo astean dagokion atsedena izateko, konpentsazio gisa, hori aukeratzen badu. Gidariak erabakitzen badu ez duela jaieguna aurreko paragrafoko baldintzetan konpentsatzea nahi, langileak 120 euro jasoko ditu, guztizko konpentsazio gisa, lan egindako jaiegunarengatik.
i) Erresuma Batuko plusa: Baldin eta gidariak Ingalaterrara joan behar badu, Erresuma Batua Europar Batasunetik irten izanagatik ("Brexit") kudeaketak eskatzen duen denbora dela eta, eskubidea izanen du bidaia bakoitzeko 60 euro ordain dakizkion (45 euro aduanako kudeaketa eta denboragatik eta 15 euro legez kontrako immigrazioaren aurkako dokumentazioa eta prozedurak betetzeari emandako denboragatik).
Baldin eta Erresuma Batua berriz ere Europar Batasunean sartzen bada, edo aduanak eta legez kontrako immigrazioaren aurkako prozedurak desagertzen badira, plusa ez da ordainduko, lehen azaldutako izapideengatik itxaron beharreko denbora desagertu eginen baita.
24.2 artikulua. Langileak ibilbidea egiteko behar izan duen lanaldiaren luzapenaren balio posiblea barruan hartzen EZ duten plusak. Lanaldia handitzea barruan hartzen EZ duten plusak dira.
Hitzarmen kolektibo honen 24.2 artikuluan jasotako plusen barruan ez da inola ere sartuko lanaldia luzatzerik, ezta aparteko ordurik ere, hitzarmen kolektibo honen 24.1 artikuluko plusetan ez bezala.
a) Gaueko lanaren plusa: 22:00ak eta 06:00ak bitartean lan egiten duten langileek gehigarri bat jasoko dute gauez lan egiteagatik, eguneko oinarrizko soldataren %25 adinakoa, baldin eta tarte horretan gutxienez ere lau orduz lan egin badute. Hobari horiek jasoko dituzte lan txandak direla-eta beren lanaldia ordu tarte horietan betetzen duten langileek. Lana gauez eginagatik ere, espresuki ordu horietan lan egiteko kontratatuak izan diren langileek ez dute gehigarri hori kobratuko, ez eta, horretarako kontratatu ez diren arren, nahita hala eskatu dutenek ere.
b) Salgai arriskutsuen garraioagatiko plusa: Hilean 100 euroko plusa ezartzen da, hitzarmen honen indarraldian, ADRk arriskutsutzat jotzen dituen gaiak dedikazio esklusiboz eta lanaldi osoz garraiatzen dituzten gidarientzat, haiek garraiatzeko legeak gidaria behartzen baitu baimen administratibo berezi bat izatera. Hauxe da dedikazio esklusiboa eta lanaldi osoa: hilabeteko lanegunen erdietan baino gehiagotan eta/edo egunero bost lanordu baino gehiagoz aritzea gai horiek garraiatzeko behar diren zerbitzuetan. Lanaldi osoz (lehenago esan bezala ulertuta) hamabi lanegun baino gutxiagotan aritzen diren gidariek 8 euro hartuko dituzte 2024an, 2025 eta 2026an lan horretan diharduten egun bakoitzeko. Hilabete naturalen arabera konputatuko da.
25. artikulua. Aparteko orduak.
1983ko martxoaren 1ean emaniko Aginduaren (1983-03-07ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) lehen artikuluan aipatzen direnak joko dira egiturazko aparteko ordutzat. Hona hemen zeri dioen hitzez hitz: –Urtarrilaren 19ko 92/1983 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, egiturazko aparteko ordutzat joko dira ustekabeko eskarietan, ekoizpen handiko aldietan, ustekabeko lanera ez joateetan, txanda aldaketetan edo kasuan kasuko jarduera motaren ondoriozkoak diren egiturazko beste egoera batzuetan beharrezkoak direnak, legez ezarritako kontratazio motaren bat erabiliz ordeztu ezin direnean.–
Zuzendaritzak aldian behin jakinaraziko die enpresa batzordeari, langileen delegatuei eta sindikatuen delegatuei zenbat aparteko ordu egin diren, zergatikoak azalduz, eta, hala bada, atalez atal banatuak.
1561/1995 Errege Dekretuaren eta indarra duten legezko xedapenen arabera, benetako lanaldiaren gainetiko jarduera denbora honelakoa izan daiteke:
a) Lanaldiaren luzapena, errege dekretuaren 8. eta 10. artikuluetan zehaztu bezala.
b) Aparteko orduak.
a) puntuaren ondorioz luzaturiko lanaldia ordu arruntaren zenbateko berarekin pagatuko da.
b) apartatuan aurreikusitako baldintzetako lanetik eratorritako orduen soberakinak, langileak borondatez egiten baditu, ordu arrunten zenbateko berarekin pagatuko dira; gainerako aparteko orduen kasuan, 12,61 euro ordainduko dira orduko 2024an, 13,11 2025ean, eta 13,38 2026an.
Ordaintzen ez den aparteko ordu bakoitza ordu eta erdiko atsedenaldiarekin konpentsatuko da, langileak eskaturik. Horretarako, lanaldiaren gainetik eginiko orduak metatu eta lanaldi osoak osatzen ahalko dira. Langileak nahi duenean hartuko ditu atseden egun horiek, eta halaxe emanen zaizkio, salbu eta enpresak ezin badu nabarmenki. Kasu horretan, bigarrenez eskatzean emanen zaio atsedenaldia. Ordu horiek hartzeko jakinarazpena eta baimena gutxienez ere 72 ordu lehenago egin beharko dira.
26. artikulua. Laneko arropa.
Enpresak, lan motak eskatzen duenean, lanerako beharrezkoa den arropa emanen die langileei, esate baterako: prakak, elastikoak, jantzi polarra eta berokia. Halaber, langile guztiei emanen zaizkie eskularruak, segurtasun oinetakoak, kaskoak eta lanean norbera babesteko beste edozein ekipamendu.
27. artikulua. Laneko istripuak eta eritasunak.
Laneko istripuagatik edo eritasunagatik aldi baterako baja hartua duten langileek soldataren ehuneko 100 arte kobratuko dute, lehenbiziko egunetik hasita, egoerak diraueino. Kasu horretan oinarrizko soldatak, ad personam plusak, plus pertsonalak eta oinarrizko soldata bakarrik osatuko dute lansaria.
28. artikulua. Oporrak.
22 egun balioduneko oporrak izanen dira. Batera hartzen ez badira, 23 egun baliodun izanen dira: 12 egun enpresak ezartzen duenean eta 11 egun langileak aukeratzen duenean.
Betiere, enpresaren zerbitzuaren jarraitutasuna bermatuko da.
Langileak bi hilabete lehenagotik jakinen du noiz hartuko dituen oporrak.
29. artikulua. Lizentziak eta baimenak.
Indarreko xedapenetan ezarritako lizentzia eta baimen guztiei egun bat gehituko zaie, kasu hauetan izan ezik:
1. Langileek ezkontzeagatik duten lizentziak 16 egun iraunen du.
2. Ezkontidea hilez gero 7 egun emanen dira. Langilea ibilbidean bada, heriotzaren eguna ez da kontatuko. Guraso, seme edo alaba bat hiltzen bada, 4 egun probintzian gertatzen bada, eta 6 egun kanpoan gertatuz gero.
3. Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.
4. Guraso, seme, alaba, anaia edo arreba bat edo horien pareko ezkontza bidezko ahaide bat ezkonduz gero, 2 egun probintzian gertatzen bada, eta 3 egun kanpoan bada (ezkontza egunak baimenaren erdikoa izan behar du).
5. Izatezko bikoteei aplika dakiekeen lizentzia ordaindu bat ezartzen da. Lizentzia horrek elkarri laguntza edo sostengua ematea izanen du xede. Beraz, ezin zabalduko da ezkontzaren ondoriozko beste eskubide batzuetara, hau da, ezkontza bidezko ahaideengana.
6. Norberaren aukerako egunak. Ordaindutako hiru lizentzia-egun izanen dira; haietako bi langileak nahi duenean hartzekoak, eta beste bat enpresak erabakiko du noiz hartu behar duen. Enpresak eman beharko ditu langileak eskatutako bi egun horiek, ezintasun materialik ez badago. Lehen eskaera onartzea ezinezkoa bada, bigarrena onartuko da nahitaez. Urte naturala amaitutakoan enpresak ez badu horretarako idazki bidez norberaren aukerako eguna zein den ezarri, egun hori hartu gabeko atsedenaldi gisa ordaindu beharko du, nominan kontzeptu finkoei dagokien zenbatekoarekin, hurrengo urteko urtarrileko nominan, edo bestela, hurrengo urteko norberaren aukerako egunei metatu zaie. Enpresaren eta langileen arteko akordio bidez, egun pertsonal horiek edo horiek hartzeko orduak lantokiko lan egutegiaren barruan arautzen ahalko dira. Kapitulu honetan ematen diren lizentziak une bakoitzean indarra duten legezko xedapenetan ezartzen den moduan hobetuko dira.
30. artikulua. Gidabaimena kentzea.
Gidari bati gidabaimena kenduz gero, honela jokatuko da:
1. Lau hilabetera bitarteko zehapenetarako, enpresak benetako soldata eta enplegua bermatuko ditu. Lau hilabetetik gorako zehapenetarako, gidariari eszedentzia emanen zaio, zehapen epea bukatutakoan berehala itzultzeko eskubidearekin. Gehienez ere hiru zehapenetarako emanen zaio eszedentzia lau urtean. Kanpo geldituko dira zehapenak gidariaren arduragabekeria nabarmenaren, zuhurtziagabekeria ausartegiaren, mozkortzearen edo drogatzearen ondoriozkoak direnean.
2. Lanetik kanpo eginiko arau-hauste batengatik gidabaimena kentzen zaion gidariari enpresak zehapenak diraueino eszedentzia emanen dio, lanpostua gordeta.
3. Gidabaimena kenduz gero: a) Enpresarekin negoziatuko da gidabaimena kentzea eta langilearen oporraldia aldi berean izatea. b) Gidabaimena kentzea eta enpresak jarduera gutxien duen aldiak aldi berean izateko aukera kudeatuko da.
4. Enpresek aseguru-etxe batekin poliza bat sinatuko dute hala eskatzen duten gidarientzat. Poliza horren bidez, eszedentzian dagoen gidariari, aurreko 1. puntuan adierazitakoa gertatzen bada –gidabaimena kentzea gehienez ere urtebeterako–, 661,11 euro emanen dizkiote egoera horretan egon beharreko hilabete bakoitzeko, edo proportzioan dagokiona. Primaren zenbatekoa erdi bana ordainduko dute enpresak eta langileak, eta enpresek baimena izanen dute diru hori nominatik kentzeko.
31. artikulua. Osasuna zaintzea.
Hitzarmen kolektibo honek ukitzen dituen enpresek eta langileek nahitaez bete beharko dituzte laneko arriskuak prebenitzeko eta osasuna zaintzeko une bakoitzean indarra duten arauak.
Kontuan harturik kolektibo batzuek hirugarren pertsonen aurrean duten erantzukizuna, gidariek osasuna zaintzeko probak egin beharko dituzte, eta izaten ahal diren salbuespenak baloratuko dira.
32. artikulua. Atzerriko laguntzak.
Laguntza, atzerrian istripurik izanez gero.
Langilea atzerrian artatu edo ospitaleratu behar badute eta herrialde horren eta Espainiaren artean ez badago elkarrekikotasun hitzarmenik Gizarte Segurantzaren arloan, enpresak ordainduko ditu osasun arretaren ondoriozko gastu guztiak; langileak ez du inongo zenbatekorik ordaindu beharko. Enpresak aurrerakin gisa pagaturiko dirua berreskuratuko du, bai Gizarte Segurantzatik, bai konpainiatik, bai bidezko den beste edozein entitatetatik, eta horretarako langileek konpromisoa hartzen dute beren izenean kasuan kasuko erreklamazioa egiteko, pagaturiko dirua enpresari itzul dakion.
Ahaideen joan-etorriak, istripua atzerrian gertatuz gero.
Laneko istripuagatik gidaria atzerrian ospitaleratu behar baldin bada, enpresak baimena emanen dio haren ahaide bati hara joan dadin egonaldian laguntzeko, gehienez ere hamabost egunez eta enpresaren kontura.
Enpresaren kargura izanen dira atzerrira joan den ahaideak egonaldi horretan egiten dituen gastuak; hitzarmen honetan ezarritako dietarekin bat ezarriko da zenbatekoa. Heriotza. Langileren bat bere ohiko bizilekutik kanpo hilez gero enpresaren aginduz kanpoan dagoen bitartean, enpresak ordainduko ditu gorpuzkinak hobiratzeko hautaturiko tokira eramateko gastuak, betiere Espainia penintsularrean bada.
33. artikulua. Konpentsazioa, kontratua azkentzeagatik.
Lan-kontratua azkenduz gero, zergatikoa edozein dela ere, enpresan gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duten langileek konpentsazio hau hartzeko eskubidea izanen dute, kontratua azkentzen den unean adin hauek beteak badituzte:
–60 urte: 10 hilabeteko oinarrizko soldata.
–61 urte: 8 hilabeteko oinarrizko soldata.
–62 urte: 6 hilabeteko oinarrizko soldata.
–63 urte: 4 hilabeteko oinarrizko soldata.
34. artikulua. Eskubide sindikalak.
Honako hauek ezarri dira:
Langileen delegatuek askatasuna izanen dute biltzarretarako dei egiteko.
Langileen legezko ordezkariek ekintza-askatasuna izanen dute, indarra duten xedapenetan ezarririko mugen barruan.
Enpresa batzordearendako toki egoki bat izanen da. Enpresa batzordeak edo langileen delegatuek enpresaren hedabideak erabiltzen ahalko dituzte, enpresaburuari jakinarazi ondoren, gehiegikeriarik gabe.
Langile guztiei 12 ordu emanen zaizkie urtero biltzarretan parte hartzeko, lanorduetan, gehienez ere 2 ordu hilabetean, enpresaburuari ordua jakinarazi ondoren eta harekin ados jarrita. Propaganda sindikal, kultural edo politiko oro askatasunez zabaltzen ahalko da lantokiko sarreran eta irteeran, baina izenpetua egon beharko du.
Enpresak sei langile baino gutxiago baditu, langileen ordezkari bat onartuko da. Horri hamabi ordu emanen zaizkio urtean erakunde ofizialetan enpresako lan harremanen ondoriozko lanetan aritzeko. Enpresa guztietan iragarki taula bat paratuko da.
Langileen Estatutuak ezarritak ukatu gabe, honako hau erabaki da: langileen legezko ordezkariei plantillaren berregituraketak, itxierak (osoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi baterakoak) eta lanaldi murrizketak jakinarazi beharko zaizkie, enpresak horiek gauzatu baino lehen.
Langileek, enpresako langileen delegatuak ez badira ere, sektoreko hitzarmenaren negoziazioan parte hartzen ahalko dute, baldin eta negoziazio horretan beren sindikatua ordezkatzen badute. Horretarako, Langileen Estatutuak delegatuari emaniko orduak baliatzen ahalko dituzte, baldin eta enpresaren delegatuak negoziazio horretan parte hartzen ez badu. Delegatuak ere negoziazio horretan parte hartuz gero, emaniko orduak batera zenbatuko dira eta 30 langiletik beheitiko enpresetan ezin erabiliko dira aldi berean.
Hitzarmen kolektiboak delegatuei eta enpresa batzordeko kideei beren eginkizunetan aritzeko finkatzen dizkien ordu pagatuak urteko ordu poltsa batean metatzen ahalko dira, sindikatu bereko delegatuen ordu sindikalekin. Delegatuetako edozeinek erabiltzen ahalko ditu poltsako orduak.
Halaber, behar bezala eraturiko atal sindikalaren delegatuari ere ematen ahalko zaizkio ordu sindikalak. Kasu horretan Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 10.3 artikuluan xedaturikoa aplikatuko da. Hala ere, horrek ez du inola ere esan nahi hitzarmen kolektiboan ezartzen diren ordu sindikalak baino gehiago izanen dituenik.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren atal sindikal eratuek idatziz jakinaraziko dizkiote enpresari atal sindikalaren delegatu izendatu den langilearen izen-abizenak, horrek ordu poltsa erabili ahal dezan.
35. artikulua. Lan osasuneko neurriak eta arriskuen prebentziokoak.
Betiere aplikatuko da indarreko legerian arlo horretan xedatzen dena.
36. artikulua. Lan istripuen asegurua.
Enpresak lan istripuen gaineko aseguru kolektiboaren poliza bat kontratatuko du langileentzat. Hauek izanen dira baldintzak:
–Istripuaren ondoriozko ezintasun iraunkor osoa: lan-kontratua hutsaldu gabe, 24.003 euroko kapital aseguratua 2024., 2025. eta 2026. urteetarako. Kontratua azkenduz gero, kopuru horrek 40.006,19 euro eginen du urte horietan.
–Edozein lan ordaindutarako ezintasun iraunkor absolutua eta baliaezintasun handia, istripu baten ondoriozkoa: 56.008 euroko kapital aseguratua 2024., 2025. eta 2026. urteetarako.
–Istripuaren ondoriozko heriotza: 40.006,19 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko, 2024-2026 urteetarako.
Polizek eragina eta ondorioak izanen dituzte jarduneko langileek izaten dituzten lan istripuetan, eta hitzarmen hau argitaratzen den egunetik aurrera.
Izandako istripuak bide ematen badio prozesu judizial bati eta horren arabera enpresa behartua bada langileari edo bere eskubidedunei kalte-ordain bat ordaintzera, horrela hitzarturiko aseguruaren ondoriozko dirua epaian finkatutako kopuruaren konturakoa izanen da. Polizek lehen aipatu diren kapitalak mantenduko dituzte, hurrengo hitzarmenetan haiek aldatu arte behintzat.
37. artikulua. Eszedentziak.
Langile finkoek urtebetetik bi urtera bitarteko borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute, kategoriari eta lanpostuari eutsiz. Horrek guztiak ez du kentzen langileek borondatezko eszedentzia eskatzeko aukera, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan araututako baldintzekin; hau da, arestian azaldutako hobekuntza egoteak ez du mugatzen Langileen Estatutuaren 46. artikuluan araututako gainerako eskubideak baliatzea.
Lanera itzultzeko, langileak eszedentzia bukatu baino hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio enpresari.
Artikulu honek gaur egungo kontratazio aukerek iraun bitartean balioko du.
38. artikulua. Aldi baterako laneko enpresekiko harremanak.
Enpresak konpromisoa hartzen du ABLEei eskatzeko langileak lagatzeko kontratuetan langileei berma diezaietela hitzarmen honetan ezarritako soldata, lanbide kategoriaren arabera.
39. artikulua. Kultur sustapena.
Enpresak erraztasunak emanen ditu edozein ikasketa edo lanbide heziketa egiteko, horretan ari direla frogatzen duten langileentzat. Horretarako, ordutegi bereziak egokituko zaizkie, baldin eta ordutegi horiek zerbitzuaren funtzionamendu normalean eraginik ez badute.
40. artikulua. Langile atxilotua.
Enpresarekin zerikusirik ez duten zergatikoengatik edozein langile atxilotuz gero, enpresak konpromisoa hartzen du langilea ez zehatzeko, Langileen Estatutuaren 48. artikuluaren lehen puntuan xedatutakoarekin bat.
41. artikulua. Hitzarmenaren batzorde paritarioa.
Hitzarmen kolektibo honen interpretazioari buruz sortzen ahal diren arazoak ebazteko, batzorde paritario bat sortzea adostu dute bi alderdiek. Alderdietako edozeinek egiten ahalko du bilerarako deia, eta hurrengo hamabost eguneko epean bildu beharko da batzordea.
Batzorde paritarioak sei kide izanen ditu, hiru enpresaren aldetik eta beste hiru langileen aldetik. Beharrezkoak diren bilerak egin ondoren, batzordeak erabaki bat hartuko du 7 eguneko epean, bilera egunetik hasita. Epe hori edo deialditik edo eskaeratik hasitako hogeita bi egunekoa amaiturik, eskaera ukatutzat eta tramitea bukatutzat joko da, eta zilegi izanen da auzia arbitrajearen esku uztea Nafarroako Lan Auzitegian, hitzarmen honen 46. artikuluan ezarritako salbuespenarekin.
42. artikulua. Diziplina araubidea.
Salgaien Errepide-garraioko Enpresetarako Estatuko Esparru Akordioan xedaturikoari jarraituko zaio.
43. artikulua. Salgaien Errepide-garraioko Enpresetarako Akordio Orokorra.
Hitzarmen kolektibo honetan arautzen ez diren gai eta baldintza guztietan Salgaien Errepide-garraioko Enpresetarako II. Akordio Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
44. artikulua. Lanaldi partzialeko erretiroa eta errelebo kontratua.
Enpresan, lanaldi partzialeko erretiroak eta errelebo kontratuak Salgaien Errepide-garraioko Nafarroako hitzarmen kolektiboan xedaturikoari jarraituko diote.
45. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzeari uko egitea.
Hitzarmen kolektibo honetan arautzen diren baldintzak ez aplikatzeari dagokionez, indarra duen Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Dena dela, kontsultaldia adostasunik gabe bukatu eta gatazkak konpontzeko prozedurek desadostasuna ebazten ez dutenean, beharrezkoa izanen da bi alderdien arteko akordioa (enpresaren ordezkaritza eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa), hitzarmena ez aplikatzearen gaineko desadostasuna Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalaren edo autonomia erkidegoan sortzen ahal den hirualdeko organoaren menpe jartzeko.
Konpromiso hau 2026ko abenduaren 31ra arte soilik mantenduko da, data horretan bukatuko baita enpresako zuzendaritzaren beharkizuna, hitzarmenaren edukiak aurreraeraginez indarrean jarraitu arren.
46. artikulua. Salaketen ordainketa.
Enpresak behar diren baliabideak jarriko ditu atzerrian izaten diren salaketak laster pagatzeko, horren ondoriozko atxikipenek ahalik eta gutxien iraun dezaten, edonor izanda ere salaketa sorrarazi duen arau-haustearen erantzulea.
Enpresak bere gain hartuko ditu ibilgailuaren, haren zamaren, dokumentazioaren eta antzekoen egoerarekin lotuta dauden salaketak, eta Akordio Nazionalaren 19.1 eta 55.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da kasu guztietan.
47. artikulua. Gizonen eta emakumeen arteko tratu berdintasuna.
Enpresetako lan harremanek berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak izanen dituzte gidari; besteak beste, ez da genero diskriminaziorik onartuko.
Enpresak eginahalik handiena eginen du genero berdintasuna lortzeko. Horretarako, neurriak hartuko dira gizonen eta emakumeen artean inolako lan diskriminaziorik ez izateko.
250 langile baino gehiagoko enpresetan, betiere enpresa bakoitzean zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkarien arteko adostasuna badago, aurreko paragrafoan aipaturiko berdintasun neurriak berdintasun plan baten bitartez hartzeko ahalegina eginen da. Legez ezarritako moduan eta baldintzetan garatu beharko da plan hori.
Berdintasunerako hartzen diren neurriak ondoko hauei egokituko zaizkie:
Enpresak berdintasun plan bat prestatu eta aplikatuko du, aldez aurretik langileen legezko ordezkariekin negoziatu edo, egokia bada, kontsulta egin ondoren, baldin eta lan-agintaritzak zehapen prozedura batean erabaki badu zehapen erantsien ordez plan hori prestatu eta aplikatzea, aipatutako erabakian ezartzen den moduan.
250 langile baino gutxiagoko enpresetan ere berdintasun planak prestatu edo ezartzen ahalko dira, langileen legezko ordezkariekin kontsulta egin ondoren.
Enpresetako berdintasun planak neurri multzo antolatuak dira, egoeraren diagnostikoa egin ondoren hartuak, eta helburu dutenak enpresan emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdintasuna izatea eta sexuan oinarritutako diskriminazioa desagerraraztea.
Artikulu honetako bigarren paragrafoan aipatutako adostasuna lortuz gero, berdintasun planek ondoko hauek ezarriko dituzte: berdintasun arloan lortu beharreko helburu zehatzak, horiek lortzeko estrategiak eta praktikak, eta finkatutako helburuei jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema eraginkorrak.
Ezarritako helburuak lortzeko, berdintasun planek arlo hauek uki ditzakete, besteak beste: enplegua lortzea, lanbide sailkapena, sustapena eta prestakuntza, ordainsariak, laneko denbora antolatzea lanaren, norberaren eta familiaren arloak bateragarri egiten laguntzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, eta sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzea.
Agindu honetako aurreikuspenekin bat ezartzen diren berdintasun planak enpresa osorako izanen dira. Hala ere, lantoki batzuei egokitutako ekintza bereziak ere ezartzen ahalko dira.
Bermatzen da langileen legezko ordezkariek, edo, horrelakorik ez bada, langileek berek eskura izanen dutela berdintasun planei eta horien helburuak lortzeari buruzko informazioa.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, hitzarmen kolektiboetako batzorde paritarioak berdintasun planen gaineko akordioen bilakaeraren jarraipena egiten ahalko du, hitzarmen kolektiboetan eskumen hori ematen bazaio batzorde horri.
I. ERANSKINA.–VICARLI TRUCK SLU ENPRESAREN SOLDATA-TAULA
2026-2025-2024
KATEGORIA | 2023 | 2023 | 2024 | 2024 | 2025 | 2026 | 2026 | 2026 |
1. TALDEA GOI MAILAKO LANGILEAK ETA TEKNIKARIAK: | ||||||||
A azpitaldea | ||||||||
Zerbitzuko burua | 1.789,77 | 26.846,55 | 1.879,26 | 28.188,88 | 1.954,43 | 29.316,43 | 1.993,52 | 29.902,76 |
2. taldea Administrariak | ||||||||
Ataleko burua | 1.419,45 | 21.291,75 | 1.490,42 | 22.356,34 | 1.550,04 | 23.250,59 | 1.581,04 | 23.715,60 |
Bulegoko burua | 1.365,23 | 20.478,45 | 1.433,49 | 21.502,37 | 1.490,83 | 22.362,47 | 1.520,65 | 22.809,72 |
1. mailako ofiziala | 1.296,85 | 19.452,75 | 1.361,69 | 20.425,39 | 1.416,16 | 21.242,40 | 1.444,48 | 21.667,25 |
2. mailako ofiziala | 1.258,90 | 18.883,50 | 1.321,85 | 19.827,68 | 1.374,72 | 20.620,78 | 1.402,21 | 21.033,20 |
Administrari lag. | 1.223,76 | 18.356,40 | 1.284,95 | 19.274,22 | 1.336,35 | 20.045,19 | 1.363,07 | 20.446,09 |
3. TALDEA BATETIK BESTERA MUGITZEN DIREN LANGILEAK | ||||||||
A azpitaldea - 2. sekzioa | ||||||||
Garraio agentzietako langileak | ||||||||
Arduradun nagusia | 1.365,27 | 20.479,05 | 1.433,53 | 21.503,00 | 1.490,87 | 22.363,12 | 1.520,69 | 22.810,39 |
Biltegiko arduraduna | 1.296,85 | 19.452,75 | 1.361,69 | 20.425,39 | 1.416,16 | 21.242,40 | 1.444,48 | 21.667,25 |
Orga jasotzaileko gidaria | 1.250,12 | 18.751,80 | 1.312,63 | 19.689,39 | 1.365,13 | 20.476,97 | 1.392,43 | 20.886,50 |
Langilezaina | 1.243,60 | 18.654,00 | 1.305,78 | 19.586,70 | 1.358,01 | 20.370,17 | 1.385,17 | 20.777,57 |
Morroi espezializatua | 1.235,66 | 18.534,90 | 1.297,44 | 19.461,65 | 1.349,34 | 20.240,11 | 1.376,33 | 20.644,91 |
Zamalanetako morroia | 1.220,19 | 18.302,85 | 1.281,20 | 19.217,99 | 1.332,45 | 19.986,71 | 1.359,10 | 20.386,45 |
B azpitaldea | ||||||||
Salgaien garraioa | ||||||||
1. mailako trafikoburua | 1.365,27 | 20.479,05 | 1.433,53 | 21.503,00 | 1.490,87 | 22.363,12 | 1.520,69 | 22.810,39 |
2. mailako trafikoburua | 1.296,85 | 19.452,75 | 1.361,69 | 20.425,39 | 1.416,16 | 21.242,40 | 1.444,48 | 21.667,25 |
3. mailako trafikoburua | 1.268,54 | 19.028,10 | 1.331,97 | 19.979,51 | 1.385,25 | 20.778,69 | 1.412,95 | 21.194,26 |
Gidari mekanikaria | 1.285,08 | 19.276,20 | 1.349,33 | 20.240,01 | 1.403,31 | 21.049,61 | 1.431,37 | 21.470,60 |
Gidaria | 1.269,67 | 19.045,05 | 1.333,15 | 19.997,30 | 1.386,48 | 20.797,19 | 1.414,21 | 21.213,14 |
Furgonetako gidaria | 1.250,13 | 18.751,95 | 1.312,64 | 19.689,55 | 1.365,14 | 20.477,13 | 1.392,44 | 20.886,67 |
Laguntzailea | 1.239,79 | 18.596,85 | 1.301,78 | 19.526,69 | 1.353,85 | 20.307,76 | 1.380,93 | 20.713,92 |
Orga jasotzaileko gidaria | 1.250,12 | 18.751,80 | 1.312,63 | 19.689,39 | 1.365,13 | 20.476,97 | 1.392,43 | 20.886,50 |
4. TALDEA TAILERREKO LANGILEAK | ||||||||
Tailerreko burua | 1.440,99 | 21.614,85 | 1.513,04 | 22.695,59 | 1.573,56 | 23.603,42 | 1.605,03 | 24.075,48 |
Arduraduna | 1.306,98 | 19.604,70 | 1.372,33 | 20.584,94 | 1.427,22 | 21.408,33 | 1.455,77 | 21.836,50 |
1. mailako ofiziala | 1.273,09 | 19.096,35 | 1.336,74 | 20.051,17 | 1.390,21 | 20.853,21 | 1.418,02 | 21.270,28 |
2. mailako ofiziala | 1.263,53 | 18.952,95 | 1.326,71 | 19.900,60 | 1.379,77 | 20.696,62 | 1.407,37 | 21.110,55 |
3. mailako ofiziala | 1.245,93 | 18.688,95 | 1.308,23 | 19.623,40 | 1.360,56 | 20.408,33 | 1.387,77 | 20.816,50 |
Tailerreko morroia | 1.235,66 | 18.534,90 | 1.297,44 | 19.461,65 | 1.349,34 | 20.240,11 | 1.376,33 | 20.644,91 |
5. TALDEA MENPEKO LANGILEAK | ||||||||
Telefonista | 1.223,76 | 18.356,40 | 1.284,95 | 19.274,22 | 1.336,35 | 20.045,19 | 1.363,07 | 20.446,09 |
Eguneko zaintzailea | 1.219,10 | 18.286,50 | 1.280,06 | 19.200,83 | 1.331,26 | 19.968,86 | 1.357,88 | 20.368,24 |
Gaueko zaintzailea | 1.226,41 | 18.396,15 | 1.287,73 | 19.315,96 | 1.339,24 | 20.088,60 | 1.366,02 | 20.490,37 |
Garbitzaileak (gutxienez 4 ordu) | 700,91 | 10.513,65 | 735,96 | 11.039,33 | 765,39 | 11.480,91 | 780,70 | 11.710,52 |
Mandataria | 1.220,19 | 18.302,85 | 1.281,20 | 19.217,99 | 1.332,45 | 19.986,71 | 1.359,10 | 20.386,45 |
VICARLI ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOKO SOLDATA-TAULA
2020, 2021, 2022 eta 2023
KATEGORIA | 2016 | 2017 | 2018 | 2018 | 2019 | 2019 | |||
Gidari mekanikaria | 1.077,43 | 16.161,48 | 12.929,18 | 1.083,90 | 16.258,45 | 13.006,76 | 1.090,40 | 16.356,00 | 13.084,80 |
KATEGORIA | 2020 | 2020 URTEAN | 2021 | 2021 GUZTIRA | 2022 | 2022 | 2023 | 2023 | 2024 | 2024 | 2025 OINARRIZKO | 2025 | |
Gidari mekanikaria | 1.096,94 | 16.454,14 | 13.163,31 | 1.158,37 | 17.375,57 | 1.158,37 | 17.375,57 | 1.158,37 | 17.375,57 | 1.221,50 | 18.322,54 | 1.291,38 | 19.370,77 |
1170,98 | |||||||||||||
12,61 | |||||||||||||
17376 | |||||||||||||
HITZARMENA | VICARLI | |||
Ordu arruntaren prezioa | Aparteko orduaren prezioa | Ordu arruntaren prezioa | Aparteko orduaren prezioa | |
2.007 | 15,24 | |||
2.008 | 15,88 | |||
2.021 | 13,27 | |||
2.022 | ||||
2.023 | ||||
Iragarkiaren kodea: F2416033
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
