248. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

442/2024 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Lanbide Heziketako Sisteman erdi eta goi mailako zikloetako D graduetako eskaintzak ematen dituzten ikastetxeek aukerako moduluak eskatzeko prozedura.

Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 40. artikuluak prestakuntza zikloen antolakuntza ezartzen du, erdi eta goi mailako aukerakoekin lotutako modulu espezifikoak barne. Halaber, 45. artikuluan aukerakotasunaren zati hori garatzen da. Horren arabera, erdi eta goi mailako zikloetarako, eskaintza egokitzeko gaitasunari eta haren konfigurazioari malgutasun handiagoa ematen dieten lanbide moduluek osatu behar dute aukerakotasun hori, dagokion lurraldearen errealitate produktiboaren aniztasuna artatzeko eta ikasketa nahiz laneko ibilbide bakoitzaren eraikuntzaren interes eta motibazio pertsonalei erantzuteko, prestakuntza zikloko elementu jakin batzuetan sakontzeko aukera emanez. Artikulu horri jarraikiz, gainera, hezkuntza administrazioek zeharkako konpetentzien garapena are eta gehiago sakontzen duten eta, oinarrizko curriculuma errespetatuz, aukerako modulu osagarriak sartzen ahal dituzten aukerako lanbide moduluak zehazten ahalko dituzte, prestakuntza zikloaren berezko konpetentzietan sakondu edo konpetentzia osagarriak hartze aldera.

Lanbide Heziketaren Sistemaren antolaketa garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren bidez martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan aurreratutako gaiak zehazten dira. Haren 96. artikuluaren arabera, erdi eta goi mailako zikloetako aukerakotasunaren zatian prestakuntzan zehar gutxienez aukerako modulu bat egonen da, urte osokoa, edo bi modulu, lauhilekoko iraupena dutenak. Eta 102. artikuluari jarraikiz, administrazio eskudunen erantzukizuna da zeharkako konpetentzien garapena sakontzen duten edo prestakuntza orokorreko osagarriak eskaintzen dituzten aukerako moduluetan eskaintza arautzea, hartara banakako prestakuntza ibilbidearen aurrerapena erraztu dadin eta Lanbide Heziketaren Sistemako ikastetxeak gai izan daitezen aukerako modulu propioen proposamenak egiteko hezkuntza administrazio eskudunak ezarritako esparruan.

Araudi horretan oinarrituta, Hezkuntza Departamenduaren erantzukizuna da Nafarroako Lanbide Heziketaren Sistemaren eskaintzako erdi eta goi mailako zikloetako egituraren parte izanen diren aukerako lanbide moduluak zehaztea. Era berean, aukerako lanbide moduluen eskaintza honetan Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeek proposatutako lanbide moduluak sar daitezen, Nafarroako Lanbide Heziketaren Sisteman erdi eta goi mailako zikloetako D graduetako eskaintzak ematen dituzten ikastetxeek aukerako moduluak eskatzeko prozedura ezarri behar da.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Sistemako erdi eta goi mailako zikloetako D graduko eskaintzak ematen dituzten ikastetxeek aukerako moduluak eskatzeko prozedura ezartzea, ebazpen honen eranskinetan zehaztutako jarraibideen arabera.

2. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integrazioko Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalera, Egiaztapen Profesionalen Atalera, Lanbide Heziketaren Proiektuen eta Nazioartekotzearen Atalera, Lanbide Heziketa Eraldatzeko Atalera eta Nafarroan baimenduta dauden ikastetxe publiko, pribatu itundu eta pribatu ez-itunduetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

Iruñean, 2024ko urriaren 21ean.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

1. ERANSKINA.–NAFARROAKO LANBIDE HEZIKETAREN SISTEMAKO ERDI ETA GOI MAILAKO ZIKLOETAKO D GRADUKO ESKAINTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXEEK AUKERAKO MODULUAK ESKATZEKO PROZEDURA

Erdi eta goi mailako zikloetako aukerakotasuna. Nafarroako aukerakotasunaren ezaugarri orokorrak.

1. Erdi eta goi mailako graduko lanbide heziketako tituluen egiturak eta curriculumak ezartzen dituzten eta Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako xedapenetara egokitzeko ikaskuntza horien antolamenduko oinarrizko alderdiak ezartzen dituzten foru dekretuak aldatzeko foru dekretuen proiektuek 100 orduko aukerakotasuna dute, urteko lanbide modulu baten edo lauhilekoko bi lanbide moduluren bidez gauzatzeko.

2. Ondore horietarako, guztira 100 orduko espazio bat adierazi da, 2. ikasmailan, astean 3 saiokoa, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko lanbide heziketako goi mailako teknikariaren tituluen egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuetako lanbide moduluak (izenak, iraupena eta denboraren banaketa) zerrendatzen dituzten eranskinetan.

3. Lauhileko 2 modulu eskatzen badira, bi modulu horietako irakasleak irakaskuntzako espezialitate berekoak edo beretakoak izan beharko dira.

4. Proposatutako aukerako lanbide moduluen ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak mailakatuta egon beharko dira dagokion konpetentzia profesionalaren mailarako: erdi mailako zikloen kasuan, konpetentzia profesionalaren 2. mailarako, eta goi mailako zikloen kasuan, konpetentzia profesionalaren 3. mailarako.

5. Oro har, baimendutako aukerako lanbide moduluak gutxienez 4 ikasturtez emanen dira.

Ikastetxeek aukerako moduluak eskatzeko prozedura.

6. Erdi eta goi mailako zikloak ematen dituzten ikastetxeek aukerako moduluak eskatzeko, lehendabizi honako prozedura hau bete beharko dute, prestakuntza zikloko irakasle taldeak hasita.

a) Irakasle taldearen aukerako lanbide modulua hasteko hasierako proposamena.

b) Hasierako proposamenaren analisia, lanbide arloaren departamentuaren aldetik.

c) Irakasle klaustroaren nahitaezko txostena.

d) Ikastetxearen aukerako lanbide modulua hasteko azken proposamena.

7. Aukerako lanbide modulua hasteko hasierako proposamena prestakuntza zikloko irakasle taldeak eginen du. Proposamen horretan gutxienez honako elementu hauek jaso beharko dira:

–Aukerako lanbide moduluaren izena.

–Ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak. Gutxienenez 4 ikaskuntza emaitza jaso beharko ditu. Ikaskuntza emaitza bakoitzak gutxienez 4 ebaluazio irizpide eduki beharko ditu:

–Orientabide didaktikoak.

–Eduki orientagarriak.

–Baliabide eta material didaktikoak, bai eta, hala badagokio, ikastetxearen instalazio espezifikoen erabilera ere.

–Irakaskuntzako espezialitatea, ikastetxe publikoen kasuan, edo irakasleei eskatzen zaien titulazioa, ikastetxe pribatuen kasuan.

–Proposatu den eskaintzari lotutako prestakuntza zikloa edo zikloak.

–Proposamenaren justifikazioa.

Proposamen hori prestakuntza zikloko irakasle taldeak elkarlanean egin beharko du, eta koordinatzaileak helarazi beharko dio kasuan kasuko lanbide arloko departamentuko buruari.

Hasierako proposamena egiteko, irakasle taldeek ebazpen honen 2. eranskinean aipatutako orientabideak dituzte.

8. Lanbide arloko departamentuko buruak hasierako proposamenaren analisia koordinatuko du, horretarako deitutako Departamentuaren bileran. Bilera horretan, aukerako lanbide moduluaren eskaria aztertuko da, irakasle taldeak proposatutakoaren arabera baliozkotzeko edo aurreko atalean aipatutako elementuen gainean aldaketak proposatzeko.

Familia arloko departamentuko buruak txosten bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, eskatutako aukerako lanbide moduluaren gainean egindako barne kontraste eta analisiaren emaitza jasoz.

9. Ikastetxeko zuzendariak, eskatutako aukerako lanbide moduluaren proposamenak 7. jarraibidean aipatutako elementuak jasotzen dituela egiaztatu ondoren, klaustroaren aparteko bilera deituko du. Era berean, neurri egokiak hartu beharko ditu proposatzen diren aukerako lanbide moduluei buruzko dokumentazioa klaustroko irakasleen esku egon dadin.

Klaustroaren aparteko bileran hasieran eskatutako aukerako lanbide moduluen proposamena(k) azalduko d(ir)a. Azalpen hori zikloko koordinatzaileak eta familia arloko departamentuaren buruak emanen dute. Azalpenaren ondotik, Nafarroako Lanbide Heziketaren Sistemaren gaineko eskumena duen zuzendaritza nagusiari aukerako lanbide modulua eskatzearen aurka edo alde bozkatuko da.

Klaustroko idazkariak bileraren akta eginen du eta, bertan, bozketaren emaitza adieraziko da. Akta hori klaustroak egindako txostentzat hartuko da, eta aginduzkoa izanen da baina ez loteslea. Bozketaren emaitza eskaria izapidetzearen aldekoa bada, ikastetxeko zuzendaritzak aukerako lanbide moduluaren eskariaren azken proposamena igorri beharko dio, bitarteko elektroniko bidez, aipatu zuzendaritza nagusiari. Azken proposamenak honako agiri hauek jaso beharko ditu:

–Irakasle taldearen aukerako lanbide modulua hasteko hasierako proposamena.

–Lanbide arloko departamentuaren txostena.

–Zuzendariaren txostena, proposamenak eranskin honetako 7. jarraibidean aipatzen diren elementuak dituela jasotzen duena.

–Klaustroaren aparteko bileraren akta.

–Ikastetxearen aukerako modulua eskatzeko azken proposamena.

Balorazio batzordeak.

10. Balorazio batzorde bat eratuko da Nafarroan erdi eta goi mailako zikloak ematen dituen ikastetxe bakoitzerako, kide hauek izanen dituena:

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendaria, edo hark hautatzen duen pertsona. Batzordeburu gisa arituko da.

–Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura atxikitako pertsona bat.

–Egiaztapen Profesionalen Atalera atxikitako pertsona bat, idazkaria izanen dena.

–Aukerako moduluen eskari proposamena aurkezten duen ikastetxeko ikuskatzailea.

11. Balorazio batzordeak osatzen dituzten pertsonak ofizioz izendatuko ditu Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak.

Aukerako lanbide modulua eskatzeko azken proposamena Hezkuntza Departamentuan egiaztatu eta baloratuko da.

12. 9. jarraibidean aipatutako dokumentazioa jaso ondoren, Nafarroako Lanbide Heziketaren Sistemaren gaineko eskumena duen zuzendari nagusiak dokumentazio horren kopia bat bidaliko dio aukerako lanbide moduluen proposamena aurkeztu duen ikastetxe bakoitzerako eratzen den balorazio batzordeko buruari.

13. Dokumentazioa jaso ondoren, balorazio batzordeko buruak bilerarako deia eginen dio batzordeari. Aurkeztutako proposamenak egiaztatu eta baloratzea izanen da bilera horren gai bakarra. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu aukerako lanbide moduluen proposamenei buruzko dokumentazioa balorazio batzordeko kideen eskura egon dadin.

14. Balorazio batzordearen bileran iritziak plazaratuko dira proposatutako aukerako lanbide moduluei buruz. Txostena egiteko, balorazio batzordeak alderdi hauek aztertu beharko ditu, gutxienez:

a) Ebazpen honen "Ikastetxeek aukerako moduluak eskatzeko prozedura" atalean ezarritako prozeduraren betearazpena.

b) Proposameneko elementuak.

c) Zikloko maila egokirako proposatutako konpetentzia profesionalaren maila.

15. Balorazio batzordeak akta idatziko du eta, bertan, aukerako lanbide moduluen proposamenetako bakoitza baloratzen duen txosten bat jasoko da. Akta hori ikastetxe bakoitzak proposatutako aukerako lanbide moduluen balorazio batzordeak egindako txostentzat hartuko da, eta aginduzkoa baina ez loteslea izanen da.

16. Balorazio batzordearen txostena aukerako modulua proposatzen den ikasturterako baimena ematearen kontrakoa bada, erabaki horren berri emanen zaio ikastetxeari. Era berean, hurrengo ikasturteetako proposamena birformulatzeko gomendioak jasoko ditu.

17. Balorazio batzordearen txostena Nafarroako Lanbide Heziketaren Sistemaren gaineko eskumena duen zuzendaritza nagusiari helaraziko zaio.

Aukerako lanbide moduluen baimena.

18. Eskatutako aukerako lanbide moduluaren baimena Nafarroako Lanbide Heziketaren Sistemaren gaineko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez eskatuko da.

19. Baimena ebazten duen espedientea izapidetzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren ardura izanen da.

20. Baimendutako aukerako moduluak Hezkuntza Departamentuak onartzen dituen aukerako moduluen katalogora sartuko dira.

Aukerako modulua eskatzeko prozeduraren eta haren baimena ebazteko izapidearen denborak.

21. Aukerako moduluak eskatzeko prozeduraren denborak malguak dira, bitarteko izapideei dagokienez. Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza taldearen irizpideen arabera ezarriko dira.

22. Honako hauek ez dira bitarteko izapidetzat jotzen, eta jarraian aipatutako data baino lehen egin beharko dira:

–Ikastetxeko zuzendaritzak aukerako lanbide modulua eskatzeko azken proposamena igortzea, bitarteko elektroniko bidez, Lanbide Heziketaren Sistemaren gaineko eskumena duen zuzendaritza nagusiari: hezkuntza eskaintzara sartzeko proposatzen den ikasturtearen aurreko urteko abenduaren 15a baino lehen (esaterako, 2025-2026 ikasturtean eskaini nahi den aukerako lanbide moduluaren eskariaren azken proposamena 2024ko abenduaren 15a baino lehen bidali beharko da).

–Balorazio batzordeen txostenak aipatu zuzendaritza nagusiari bidaltzea: prestakuntza eskaintzara sartzeko proposatzen den ikasturteko urtarrilaren 31 baino lehen (esaterako, 2025-2026 ikasturtean eskaintzeko eskatu den aukerako lanbide moduluaren gaineko balorazio txostenak 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen bidali beharko dira).

23. Denbora horiek ezarrita, baimendutako aukerako modulua Educa kudeaketa sistemako ikasketa planean sartzeko kudeaketa lan guztiak egiten ahal dira, eta, beraz, ikastetxeko irakasleen plantilla planifikatzeko zeregina Hezkuntza Departamentuak horretarako ezarritako datetan egiten ahalko da.

2. ERANSKINA.–IKASTETXEEK AUKERAKO LANBIDE MODULUEN PROPOSAMENA EGITEKO ORIENTEBIDEAK. IKASKUNTZAREN EMAITZAK ETA EBALUAZIO IRIZPIDEAK

Ikaskuntzaren emaitzak ontzea.

Proposatzen den aukerako lanbide moduluaren helburuak ikaskuntza emaitzetan adierazten dira.

Lanbide moduluen helburuek lanbide modulua bukatutakoan lortu behar diren emaitzak deskribatzen dituzte. Emaitza horietan argi geratu behar da ikasleak emaitzei lotutako arlo profesionalean zereginak eraginkortasunez eta efikaziaz egiteko gai ote diren.

Ikaskuntzaren emaitzak testuinguruan kokatutako konpetentziaren arabera adieraziko dira; hau da, kontuan hartuko dira ikaskuntzaren testuinguruan eskuratutako gaitasunak eta ezagutzak, lanbide moduluaren helburuak lortzeko bidea ematen dutenak.

Lanbide moduluen ikaskuntzaren emaitzak hiru osagai handik osatzen dituzte:

a) Lorpena: eginkizun, teknika, prozesu edo talde bati lotuta lortu beharreko ekintza adierazten du (aditza orainaldian, 3. pertsona singularra).

b) Helburua: lorpen horren atzean dagoen edukia adierazten du.

c) Ikaskuntza testuinguruko ekintzak: prestakuntzaren testuinguruan lorpena erdiestearekin lotutako kontzeptu esanguratsuak adierazten dituzte.

Adibide moduan, ikaskuntzaren emaitzen ereduak aipatzen dira jarraian, horien hiru zatiak eta azken formulazioa barne.

–1. adibidea:

LORPENA

HELBURUA

IKASKUNTZA TESTUINGURUKO EKINTZAK

Egiten ditu

Ezarritako sukaldaritzako produktuak

Teknika tradizional eta aurreratuak aukeratuz eta aplikatuz

Ikaskuntzaren emaitzaren azken formulazioa hauxe litzateke: egiten ditu ezarritako sukaldaritzako produktuak, teknika tradizional eta aurreratuak aukeratuz eta aplikatuz.

–2. adibidea:

LORPENA

HELBURUA

IKASKUNTZA TESTUINGURUKO EKINTZAK

Egiten ditu

Zenbakizko kontroleko programak

Programazio mota desberdinak aztertuz eta aplikatuz

Ikaskuntzaren emaitzaren azken formulazioa hauxe litzateke: egiten ditu zenbakizko kontroleko programak, programazio mota desberdinak aztertuz eta aplikatuz.

–3. adibidea:

LORPENA

HELBURUA

IKASKUNTZA TESTUINGURUKO EKINTZAK

Testuinguruan kokatzen du

hezkuntzaren esku-hartzea

Lege esparruarekin eta erakundearen helburuekin lotuz

Ikaskuntzaren emaitzaren azken formulazioa hauxe litzateke: testuinguruan kokatzen du hezkuntzaren esku-hartzea, lege esparruarekin eta erakundearen helburuekin lotuz.

–4. adibidea:

LORPENA

HELBURUA

IKASKUNTZA TESTUINGURUKO EKINTZAK

Ebaluatzen du

Aire giroturako hotz sorgailuen eraginkortasun energetikoa

Mota desberdinak eta horien etekinak zehaztuz

Ikaskuntzaren emaitzaren azken formulazioa hauxe litzateke: ebaluatzen du aire giroturako hotz sorgailuen eraginkortasun energetikoa, mota desberdinak eta horien etekinak zehaztuz.

–5. adibidea:

LORPENA

HELBURUA

IKASKUNTZA TESTUINGURUKO EKINTZAK

Antolatzen du

Laginketa plana

Sekuentzia etapa bakoitzaren prozedurak eta baliabideak justifikatuz

Ikaskuntzaren emaitzaren azken formulazioa hauxe litzateke: antolatzen du laginketa plana, sekuentzia etapa bakoitzaren prozedura eta baliabideak justifikatuz.

Ebaluazio irizpideak zehaztea.

Ebaluazio irizpideek aukera ematen digute baloratzeko ea ikaskuntzaren emaitzak lortu diren eta adierazteko lorpen horren maila onargarria izan den. Ikaskuntzaren emaitzei lotutako prozedura, kontzeptu eta jarrerak neurtzeko adierazleak barne hartu behar dituzte.

Ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko irizpideak bi osagai handik osatzen dituzte:

a) Egindako ekintza: ikaskuntzaren emaitzaren zehaztapena (aditza forma inpertsonalean, 3. pertsona singularra)

b) Jardueraren edukia edo/eta baldintzak: emaitza zein edukitan lortu den zehazten du.

Adibide moduan, jarraian ikaskuntzaren emaitza batzuk adierazten dira, zenbait ebaluazio irizpide adierazita, beren bi zatietan banatuta.

–1. adibidea:

1. ikaskuntza emaitza. Egiten ditu ezarritako sukaldaritzako produktuak, teknika tradizional eta aurreratuak aukeratuz eta aplikatuz.

Egindako ekintza

Jardueraren edukia eta baldintzak

Identifikatu dira

Sukaldaritzako teknika aurreratu desberdinak

Lotu da

Teknika bakoitza azken produktuaren ezaugarriekin

Baloratu da

Sukaldaritzako teknika aurreratu hauek hainbat produkzio esparrutan duten garrantzia

Egin dira

...

Sukaldaritzako produktuen elaboraziorako beharrezko eragiketak antolatzeko eta sekuentziatzeko lanak

...

–2. adibidea:

1. ikaskuntza emaitza. Egiten ditu zenbakizko kontroleko programak, programazio mota desberdinak aztertuz eta aplikatuz.

Egindako ekintza

Jardueraren edukia eta baldintzak

Identifikatu dira

Zenbakizko kontroleko programazioaren hizkuntzak

Deskribatu dira

Programak egiteko etapak

Aztertu dira

Sortutako jarraibideak, beste programazio hizkuntza batzuetako baliokideekin

Gauzatu da

Programa, konputerizatutako zenbakizko kontrolaren programazioaren esku-liburuko zehaztapenen arabera

Sartu dira

Erremintei buruzko datuak eta jatorri-lekualdaketak

Erakutsi dira

Jarrera arduratsua eta prozesua hobetzeko interesa

Orientabide didaktikoak egitea.

Orientabide didaktikoek lanbide modulua garatzeko metodologia iradokitzen dute.

Atal hauek dituzte:

–Ikuspegia.

–Edukien sekuentziazioa.

–Baliabideak erabiltzeko iradokizuna.

–Gela-tailerrean egin beharreko jarduera motak.

–Beste modulu batzuekiko harremana.

–Beste iradokizun batzuk.

Iragarkiaren kodea: F2415452