Iragarkia
248. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
91E/2024 FORU AGINDUA, urriaren 29koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzak emateko deialdi bat, banakako ebaluazioaren araubidekoa, kirol entitate, kirol kudeaketako enpresa publiko, kirol kudeaketako enpresa pribatu eta Nafarroako toki erakundeentzat, GARDENA (Nafarroako Kirolaren Kudeaketa Aurreratua) kudeaketa aurreratuko prestakuntza programetan izena emateko gastuak finantzatzeko. Programak 2024ko urritik 2025eko ekainera garatuko dira. DDBN identifikazioa: 794019.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera, kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi-kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.
Kirol sektoreak kudeaketa zuzena eta modernoa behar du, ematen den zerbitzua kalitatezkoa eta jasangarria izan dadin, bai ekonomia aldetik bai beste arlo batzuetan. Horretarako, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, EUSKALIT Fundazioarekin eta Bikaintasunerako Nafarroako Fundazioarekin lankidetzan, kudeaketa aurreratuari buruzko prestakuntza bat diseinatu du, kirol entitateei bideratua, aurreko edizioetan jada abian jarri zena. Kirol entitate askotako zuzendaritza taldeetan aldaketa asko gertatu diren urte honetan, prestakuntza programa berri bat planteatzen da, formatu bikoitzekoa: alde batetik, aurreko urteetan eskainitakoaren antzera, kudeaketa aurreratuko GARDENA programa osoa; eta, bestetik, eguneratze-modalitate bat, programa egina duten erakundeentzat. Deialdi honen bidez Nafarroako kirol entitateei, kirol kudeaketako enpresa publiko zein pribatuei eta toki erakundeei kudeaketa aurreraturako ematen zaizkien laguntzek eragina dute eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatean, eta inplikazio garrantzitsuak dituzte eskaintza jasotzen duten kirolari guztien osasunean, bai eta entitate horien jasangarritasunean eta funtzionamenduan ere.
2024rako deialdi honek laguntza bide bat ezartzen du entitate horiek 2024ko urritik 2025eko ekainera bitarte eginen den Kudeaketa Aurreratuko prestakuntzan izena emateak eragindako gastuak zati batean ordaintzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea dirulaguntzak emateko deialdi bat, kirol entitate, kirol kudeaketako enpresa publiko, kirol kudeaketako enpresa pribatu eta Nafarroako toki erakundeentzat, GARDENA (Kirolaren Kudeaketa Aurreratua) kudeaketa aurreratuko prestakuntza programetan izena emateko, 2024-2025 ikasturtean.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen eranskinean jaso baitira.
3. 20.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honetarako; 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida hauei egotziko zaie:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50003-A5200-7819-336102: Nafarroako kirol entitateentzako dirulaguntza Nafarroako Kudeaketa Aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako | 2024 | 6.000,00 |
A50003-A5200-4409-336106: Kirol kudeaketako enpresa publikoentzako dirulaguntza Nafarroako Kudeaketa Aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako | 2024 | 4.000,00 |
A50003-A5200-7709-336100: Kirol kudeaketako enpresa pribatuentzako dirulaguntza Nafarroako Kudeaketa Aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako | 2024 | 5.000,00 |
A50003-A5200-4609-336100: Nafarroako toki erakunde eta mankomunitateentzako dirulaguntza Nafarroako Kudeaketa Aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako | 2024 | 5.000,00 |
4. Foru agindu hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko urriaren 29an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
1.1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako kirol entitateei, kirol kudeaketako entitate publikoei, kirol kudeaketako entitate pribatuei eta Nafarroako toki erakundeei, eranskin honetako baldintzak betetzen dituztenei, dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea, banakako ebaluazioaren araubidean, GARDENA (Nafarroako Kirolaren Kudeaketa Aurreratua) programetan izena emateagatik, betiere aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. GARDENA programak 2024ko urritik 2025eko ekainera bitarte garatuko dira.
1.2. Dirulaguntza horien bidez, aipatutako entitateei kudeaketa aurreratuko prestakuntzan laguntzea lortu nahi da. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen, zabaltzen eta kudeatzen laguntzen dutelako.
2. Onuradunak eta betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako kirolaren kudeaketa aurreraturako prestakuntza programetan (GARDENA) izena ematen duten erakunde hauek:
–Nafarroako kirol entitateak.
–Egoitza soziala Nafarroan duten kirol kudeaketako enpresa pribatuak.
–Kirol kudeaketako enpresa publikoak, Nafarroako administrazio publiko batekin lotura dutenak.
–Nafarroako toki erakundeak.
Programa hauetan izena emateko epea 2024ko irailaren 24tik urriaren 4ra bitartekoa izan da.
2.2. Ez dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasoko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateek.
2.3. Horrez gain, ez dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasoko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitateek, zigor edo zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira.
2.4. Era berean, egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak.
3. Kontzeptu diruz lagungarriak.
Deialdi honen ondorioetarako, entitate onuradunek GARDENA (Nafarroako Kirolaren Kudeaketa Aurreratua) programetan izena emateko gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak. Programa osoan izena emanez gero, dirulaguntza ehunekoa %75ekoa izanen da gehienez. Eguneratze-programan izena emanez gero, dirulaguntza %100ekoa izanen da gehienez.
4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
4.1. Deialdi honetarako onesten den gastua Nafarroako 2024rako Aurrekontu Orokorren partida ekonomiko hauen kargura ordainduko da:
A50003 A5200 7819 336102, "Nafarroako kirol entitateentzako dirulaguntza Nafarroako Kudeaketa Aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako", 6.000,00 euroko zuzkidurarekin.
A50003 A5200 4409 336106, "Enpresa publikoentzako dirulaguntza Nafarroako Kudeaketa Aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako", 4.000,00 euroko zuzkidurarekin.
A50003 A5200 7709 336100, "Enpresa pribatuentzako dirulaguntza Nafarroako Kudeaketa Aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako", 5.000,00 euroko zuzkidurarekin.
A50003 A5200 4609 336100, "Nafarroako toki erakunde eta mankomunitateentzako dirulaguntza Nafarroako Kudeaketa Aurreratuko (GARDENA) prestakuntzarako", 5.000,00 euroko zuzkidurarekin.
4.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa, azkenik, kreditu egoki eta nahikoa egotearen arabera zehaztuko da. Era berean, entitate mota bakoitzari (kirol entitatea, kirol kudeaketako enpresa pribatua, kirol kudeaketako enpresa publikoa eta toki erakundea) gehienez ere dagokion partidaren kreditua esleituko zaio.
5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.
5.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.
Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako:
https://www.deportenavarra.es/eu
Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da (2. eranskina), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez-aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen eskaera-ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun naturalera bitartekoa izanen da.
Izena eman ondoan baino ezin izanen da egin eskaera. Ez dago aurretiaz eskatzerik.
5.2. Entitate bakoitzaren eskaera bakarra onartuko da, nahiz eta batek entitate bat ordezkatu eta besteak entitate horren talde edo entitate filial bat ordezkatu.
5.3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskaera inprimakia.
Inprimakian, kasuan kasuko laukitxoak hautatu beharko dira eskaera beteta egoteko, baimen eta adierazpen hauekin:
–Baimena, eskatzaileak Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria kontsultatzeko.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzaileak ez duela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitate eskatzailea ez dela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
–Adierazpena, entitateak NKJFIri baimena ematen diola dioena, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatu ahal izan dezan.
–Adierazpena, dioena, hala badagokio, diruz lagunduko den jarduera finantzatu dela edo finantzatzea aurreikusten dela deialdiaren xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza edo baliabide batzuekin.
–Adierazpena, adierazten duena apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) ez dutela entitatea guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten. Era berean, ez da izaten ahalko enpresa mota horien publizitaterik, ez instalazioetan, ez janzkeretan eta jarduerak egiteko erabilitako materialean.
b) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada edo aldaketaren bat izan bada bakarrik).
c) Prestakuntza antolatzen duen entitateak egindako fakturak, izen-ematearenak.
d) Ordainketaren egiaztagiria.
e) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
6. Antolamendua eta instrukzioa.
6.1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolamendurako eta instrukziorako organo eskuduna Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetza izanen da, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutukoa.
Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.
Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
6.2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo osatzeko eskatzen ahalko die organo horrek entitate eskatzaileei.
6.3. Gaitutako helbide elektroniko bakarrera jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.
7. Laguntzak emateko ebazpena.
7.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena emanen du, gehienez bi hilabeteko epean eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onetsiko da, halaber, laguntzak ordaintzea, baldin eta 11. oinarrian ezartzen diren gardentasun-betebeharrak bete badira.
7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio telematikoki. Ebazpenak dirulaguntzaren onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda, ukoaren arrazoia barne, jasoko ditu. Orobat, ebazpena www.nafarroa.eus web-orrian egonen da ikusgai.
7.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.
8. Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztuta egonen da dirulaguntzaren ordainketa. Transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean gehienez, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, eta, betiere, 2024ko abenduaren 31 baino lehenago eta oinarri hauetako 11. atalean aipatutako gardentasun betebeharra konplitu ondoan.
9. Frogagiriak eta aurkezteko epea.
Ez da beharko oinarri hauen 5. puntuan zehaztutakoez bestelako agiririk; izan ere, horiek eskabidean sartzen dira; aurkezteko epea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egunera amaitzen da.
10. Onuradunek bete beharrekoak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzak adierazten diren xedeetarako erabili, helburuak betetzen dituztela agiri bidez frogatu, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.
b) Jaso duen edo jasotzeko duen beste edozein diru-sarrera, zuzena nahiz zeharkakoa, jakinaraztea eskabide ereduko inprimakia betez. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
c) Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.
d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, entitatearen webgunean eta instalazioetan, NKJFIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.
e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta erantzunkidetasunari lotutako balioak sustatzea.
f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, entitateek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, izena emateko orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.
g) Erraztasunak ematea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari diruz lagundutako jardueraren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko.
h) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki eta gorde beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak edozein agiri eska dezake bidezkotzat jotzen badu eskatzailearen datuak berresteko.
i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
11. Gardentasun betebeharrak.
Administrazio publiko bati loturik ez dauden entitate pribatuek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua.
Adierazpenaren eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).
12. Ez-betetzeak.
Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak.
Onuradunek frogagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da dirulaguntza osorik edo partez galtzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.
Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
13. Datu pertsonalak babestea.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Nafarroako Gobernuaren webgunean datu pertsonalak babesteko politikari buruzko informazioa dago https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa.
14. Errekurtsoak.
14.1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
14.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
15. Legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2415731
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
