Iragarkia
246. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Iruñean etxegabeak erroldatzeko instrukzioa eta dagokion I. eranskina onestea
Iruñeko Udaleko Udal Gerentziak ebazpen hau eman zuen 2024ko azaroaren 12an:
UGS 24-AZA-12 (1/UG).
Ikusita Iruñean etxegabeak erroldatzeko instrukzio- eta ebazpen-proposamenak, administrazio-espedientean jasota daudenak, honako hau EBATZI DUT:
1.–Onestea Iruñean etxegabeak erroldatzeko instrukzioa eta dagokion I. eranskina.
2.–Udal-erroldako langileei eta Gizarte Ekintzako Alorreko langileei jakinaraztea instrukzio horren eta eranskinaren onespena, dagozkien ondorioak izan ditzaten.
3.–Agindua ematea Iruñean etxegabeak erroldatzeko instrukzioa eta dagokion I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Iruñeko Udalaren webgunean argitara daitezen.
Iruñean, 2024ko azaroaren 22an.–Udaleko gerentea, Iñigo Anaut Peña.
IRUÑEAN ETXEGABEAK ERROLDATZEKO INSTRUKZIOA
I.–Instrukzioaren zioa.
Etxegabeek zailtasunak dituzte oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko, ez baitute helbide finkorik. Errolda Espainiako Konstituzioan aitortutako eskubidea da, eta pertsona bat udalerrian zenbat denbora bizi izan den egiaztatzeko balio du. Hainbat izapide ofizialetarako eska dezakete, hala nola gizarte-laguntzak lortzeko, osasun-txartel indibiduala eskatzeko, adingabeak eskolara joateko eta Udalaren gizarte-zerbitzuak eskuratzeko.
1985/ Legeak, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituenak, 15. artikuluan ezartzen du Espainian bizi den pertsona orok ohiko bizilekua duen udalerriko erroldan inskribatu behar duela bere burua. Bestalde, Lege horren 17. artikuluak dio Udalari dagokiola udalerriko errolda eratzea, mantentzea, berrikustea eta zaintzea, Estatuko legediak ezarritakoarekin bat. Beraz, Iruñeko Udalaren eskumena da erroldatzeko arauak erregulatzea, etxegabeen erroldatzea barnean hartuta. Horrenbestez bermatuko da Legea betetzen dela, eta babestuko da pertsonak benetan bizi diren udalerrian erroldatzeko duten eskubidea.
Iruñeko Udalean jasotzen ari dira udal-erroldan inskribatzeko eskatzen duten etxegabeen eskabideak, eta horretarako eskatzen dute gizarte-zerbitzuetan hitzordua eman diezaietela, udal-eraikinen batean erroldatzeko, benetako bizilekua hura ez bada ere.
Erroldak, ordea, adierazi behar du udalerrian bizi dela, eta pertsonek erroldatuta egoteko duten eskubidea aintzat hartu behar da; baina, orobat, Iruñeko Udalak egiaztatu behar du udalerrian benetan bizi dela, eta horregatik instrukzio bat onetsi behar da, erroldatzea burutzeko esku hartu behar duten Iruñeko Udaleko langile guztiek jakin dezaten zer izapide egin behar diren udal-eraikin batean erroldatzea lortzeko eta erroldatuta jarraitzeko, interesdunei jakinarazte aldera. Hortaz, instrukzio honen bidez bateratzen dira udalerrian etxerik ez dutelako udal-eraikin batean erroldatzea eskatzen duten pertsonen eskubide eta betebeharrak eta Iruñeko Udalarenak.
II.–Erroldatzea erregulatzen duen araudia.
Dokumentu honen arau-esparrua honako arau hauetan kokatuta dago:
7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituenak, honako hau arautzen du 15. artikuluan:
"Espainian bizi den pertsona orok ohiko bizilekua duen udalerriko erroldan inskribatu behar du bere burua. Udalerri bat baino gehiagotan bizi dena urtean denborarik gehien egiten duen horretan bakarrik inskribatu beharko da.
Udalerriko erroldan inskribatutako pertsonen multzoak osatzen du udalerriko biztanleria.
Udalerriko erroldan inskribatutakoak dira udalerriko auzotarrak.
Erroldan inskribatzeko unean bertan lortzen da auzotar izaera".
7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituenak, honako hau arautzen du 18. artikuluan:
"Atzerritarrak udal-erroldan inskribatuta egotea ez da Espainian legezko bizilekua izatearen froga, eta ez die emango indarrean dagoen legediak ematen ez dien inolako eskubiderik, bereziki Espainian dauden atzerritarren eskubideen eta askatasunen arloan".
Hala eta guztiz ere, erroldatzea xehetasun gehiagoz erregulatzen duen araua da uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretua, Toki Entitateen, Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Araudia onartzen duena, honako artikulu hauen bidez:
53. artikulua.
1. Udal-errolda udalerri bateko bizilagunak agertzen diren administrazio-erregistroa da. Erroldako datuek egiaztatzen dute udalerria bizileku eta ohiko helbide izatea. Datu horien ziurtagiriak agiri publiko eta sinesgarriak izango dira administrazio-ondorio guztietarako.
54. artikulua.
1. Espainian bizi den pertsona oro derrigortuta dago ohiko bizilekua duen udalerriko erregistroan inskribatzera. Udalerri bat baino gehiagotan bizi dena urtean denborarik gehien egiten duen horretan bakarrik inskribatu beharko da.
2. Emantzipatu gabeko adingabeek haien zaintza duten gurasoen edo, halakorik ezean, legezko ordezkarien helbide bera izango dute, beste helbide edo udalerri batean bizitzeko baimen idatzia izan ezean.
3. Udalerrian bizi diren eta bertan helbiderik ez duten pertsonen udal-erroldan inskripzioa egin ahal izanen da soilik pertsona hori bizi den eremu geografikoan eskumena duten gizarte-zerbitzuei jakinarazi ondoren.
54.bis artikulua.
1. Udal-erroldan egindako inskripzioak ondorioak izango ditu gertakariak irauten duen bitartean bakarrik, 54. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2. Nolanahi ere, Europar Batasuneko estatu kide batekoak ez diren atzerritarrak, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioko estatu kideetakoak ez direnak edo nazioarteko hitzarmen baten bidez lehen aipatutako estatuetako herritarrentzat aurreikusten den araubide juridikoa hedatzen den beste estatu batzuetakoak ez direnak inskribatzean, luzaroko bizileku-baimenik ez badute, bi urtean behin berritu beharko dute inskripzioa.
3. Aurreko atalean adierazitako epea amaitzea aldian-aldian berritu behar diren inskripzioak iraungitzea erabakitzeko arrazoia izango da, baldin eta interesdunak berritu ez badu. Kasu horretan, iraungipena deklaratu ahal izango da interesdunari aldez aurretik entzunaldia eman gabe.
62. artikulua.
1. Udalek beren erroldak eguneratuta mantentzeko beharrezko ekintzak eta eragiketak egingo dituzte, bertan jasotako datuak errealitatearekin bat etor daitezen.
68. artikulua.
Herritar guztiek beren egoera pertsonalean gertatzen diren aldaketak jakinarazi beharko dizkiote Udalari, udal-erroldan nahitaez agertu behar diren datuak aldatzea dakarten heinean.
Aldaketak adingabeei eragiten dienean, betebehar hori gurasoei edo tutoreei dagokie. Desgaitasunen bat duten pertsonek beren gaitasun juridikoa gauzatzeko ordezkaritza-funtzioak barne hartzen dituzten laguntza-neurriak behar badituzte, laguntza-neurri horiek egikaritzen dituztenei dagokie betebeharra.
70. artikulua.
Pertsona batek bizilekua aldatzen duenean, xede-udalerriko erroldan inskribatzea eskatu beharko du, eta hark, dagozkion egiaztapenak egin eta inskribatu ondoren, 65. artikuluan xedatutakoari jarraituz, inskripzioa bidaliko dio Estatistikako Institutu Nazionalari, jatorrizko udalerriari jakinarazteko, erroldan baja eman diezaion lekualdatutako herritarrari, beste izapiderik gabe. Pertsona hori ez bazegoen lehenago erroldatuta edo ez badakite zer udalerritan zegoen, hala adieraziko dute.
71. artikulua.
1. Udalek datu guztietan bikoiztuta dauden inskripzioak kenduko dituzte erroldatik, haietako bakarra gordeta.
Datu batzuetan bikoizketak gertatzen direnean, inskripzio bat bikoiztuta dagoen susmoa izanez gero, Udalak dagozkion urratsak egingo ditu hori egiaztatzeko, eta, interesdunari entzunaldia eman ondoren, herritar horrek okertzat seinalatutako inskripzioak baliogabetuko ditu, edo, hori ezean, inskripzio zaharrenak.
2. Bikoizketa sortzen bada Estatistikako Institutu Nazionalak hainbat udalerritako errolda-datuak alderatzetik, organismo horrek dagokien udalei jakinaraziko die, eta azken inskripzioa dagoen Udalaren zeregina izango da aurreko atalean adierazitako jarduketak egitea.
72. artikulua.
Udalek ofizioz baja emango diete, bidegabeko inskripzioagatik, erregelamendu honen 54. artikuluan ezarritako betekizunak urratuz erroldatuta daudenei, egoera hori dagokion espedientean egiaztatu ondoren, interesdunari entzunda. Pertsona horrek bizi ohi den udalerria edo herrialdea jakinarazi beharko du, eta idatziz eskatu beharko du alta ematea udal-erroldan edo dagokion bulego edo atal kontsularreko matrikulen erregistroan. Eskabide hori baja ofizioz ematea erabakitzen duen Udalak izapidetuko du.
Interesdunak ez badu berariaz adierazten baja ematearekin ados dagoela, Erroldatze Kontseiluaren aldeko txostenarekin bakarrik egin ahal izango da.
73. artikulua.
Udalek ofizioz deklaratuko dute erroldan inskribatzea udalerrian bizi ohi diren eta bertan inskribatuta ez dauden herritarrak.
Alta mota hau dekretatzeko, interesdunari entzunaldia emateko espedientea bideratu beharko da. Interesdunak berariaz onartzen badu ofiziozko alta, haren idatzizko adierazpenak ordura arte inskribatuta zegoen erroldan automatikoki baja ematea ekarriko du. Bestela, ofizioz alta emateko ezinbestekoa izango da Erroldatze Kontseiluaren aldeko txostena.
73.bis artikulua.
1. Udalerrian helbidea aldatu eta Udalari jakinarazi ez dioten herritarren helbide-aldaketa ofizioz egingo dute Udalek erroldan. Helbide aldaketa hori agintzeko, beharrezkoa izango da espedientea bideratzea, interesdunari entzunaldia emanda.
2. Nahiz eta interesdunak helbide-aldaketa berariaz ez onartu, aldaketa hori egin ahal izango da Erroldatze Kontseiluaren txostenik gabe.
3. Ofizioz baja emateko espediente bat izapidetzen ari den bitartean Udalak jakiten badu interesduna udalerri bereko beste helbide batean bizi dela, espediente hori bideratuko du ofiziozko helbide-aldaketa espediente batera.
77. artikulua.
1. Udal-erroldaren eta errealitatearen arteko koherentzia lortzeko, udalek sistematikoki egin beharko dituzte laginketa- eta kontrol-eragiketak, eta horiek areagotu behar dira biztanleen mugikortasun handiagoa paira dezaketen sektoreetan.
Erroldaren egiazko egoera egiaztatzeko eta datuak eguneratzeko landa-eragiketak egin beharko dituzte aldian-aldian, urbanizazio berriak, eraikuntza berriak, eraisketak eta abar egiteko udal-lizentziak eman diren eremuetan arreta berezia jarrita, eta horien emaitzen berri eman beharko diote Estatistikako Institutu Nazionalari.
Halaber, 2020ko otsailaren 17ko Ebazpenak, Estatistikako Institutu Nazionalaren Lehendakaritzarenak eta Autonomia Erkidegoetako eta Tokiko Lankidetzako Zuzendaritza Nagusiarenak, udalei udal-erroldaren kudeaketari buruzko jarraibide teknikoak ematen dizkienak, honako hau xedatzen du:
3.3. Infraetxeetan erroldatzea eta helbiderik gabeko pertsonak erroldatzea. Lehen azaldu bezala, erroldak adierazi behar du zer helbidetan bizi den benetan herritar bakoitza; eta, erroldan inskribatzea etxebizitzaren titulartasunari buruzko eztabaida juridiko-pribatuetatik kanpo dagoen bezala, helbideari eragiten dioten egoera fisiko, higieniko-sanitario eta beste batzuk ere ez dira aintzat hartzekoak. Horren ondorioz, infraetxeak (txabolak, karabanak, haitzuloak eta abar, bai eta sabairik gabeko egoerak ere) helbide onargarri gisa ager daitezke eta agertu behar dute erroldan.
Muturreko egoerek kezka plantea dezakete udal-erroldan jasota geratzea bidezkoa den ala ez erabakitzean. Erabaki hori hartzeko irizpidea izan behar du inskripzioan adierazitako helbidera jakinarazpen bat helaraztea posible den ala ez. Jakinarazpen hori hartzaileari iritsiko zaiola pentsatzea zentzuzkoa bada, helbide horretan erroldatu behar da.
Irizpide horren aplikazioak dakar, alde batetik, herritarrak benetan bizi diren edozein helbide bizitokitzat onartu behar izatea, eta, bestetik, udalerrian bizi ohi den eta dagozkion Gizarte Zerbitzuek ezagutzen duten etxerik gabeko pertsona baten kasuan «irudimenezko helbide» bat erabiltzeko aukera eta betebeharra.
Horrelako erroldatzeak egiteko honako baldintza hauek bete behar dira:
–Gizarte Zerbitzuak administrazio publiko baten egitura organikoaren barruan egotea, edo haren koordinaziopean eta gainbegiradapean.
–Zerbitzu horien arduradunek txostena egitea, erroldatu nahi den herritarraren ohiko bizilekua hori dela adierazita.
–Gizarte Zerbitzuek adieraztea erroldako inskripzioan jarri behar den helbidea, eta administrazio publikoren batetik datorren komunikatu bat jasotzean helbide horretan jakinarazteko ahalegina egiteko konpromisoa hartzea.
Baldintza horiek beteta, erroldan jarriko den helbidea Gizarte Zerbitzuek adierazten dutena izango da: Zerbitzuaren beraren helbidea, udal-aterpetxea, herritar horrek gaua igarotzen duen puntu geografiko jakina, etab.
III.–Udal-erroldako inskripzioen kudeaketa.
1. artikulua. Iruñeko Udalaren eraikin batean erroldatzeko eskatzen duen/duten pertsonak/pertsonek aurkeztu beharreko instantzia eta dokumentuak.
Iruñeko Udalari eskatzen zaionean pertsona bat eta harekin bizi diren ahaide adingabeak -halakorik balego- Udalaren ondasuna den eraikin batean erroldatzeko, eskatzaileak eta harekin bizi diren ahaide adingabeek ez daukatelako udalerrian erroldatzeko tokirik, benetan Iruñean bizi arren, agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera: eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentua (Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo bizileku-txartela) eta, adingabeak baldin badaude, haiek ere erroldatzea eskatu duen pertsonaren seme-alabak direla egiaztatzen duten agiria (familia-liburua edo legezko dokumentu baliokideren bat, eskatzailearekiko ahaidetasuna egiaztatzen duena).
2. artikulua. Eskabidea jasotzean Udalak egin beharreko jarduketak.
2.1. Eskabidea jaso ondoren, eta adierazitako dokumentuak aurkeztu badira eskabidearekin batera, gizarte-zerbitzuetan eskumena duen alorrera bidaliko da, eskatzaileari hitzordua eman diezaioten, haren egoera baloratzeko eta, hala badagokio, eskatzailea edo eskatzaileak Iruñeko Udalaren auzo-unitate batean edo udal-eraikin batean inskribatzea proposa dezaten.
2.2. Eskabidea jaso ondoren, harekin batera ez badira aurkeztu instrukzio honen 1. artikuluan adierazitako dokumentuak, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura.
Erkidearenak, 68.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean falta zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eramateko, eta adieraziko zaio hala egin ezean eskabidean atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 39/2015 Legeren 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.
3. artikulua. Iruñeko Udalaren ondasuna den eraikin batean erroldatzea eskatzen duen pertsonaren betebeharrak.
3.1. Eskatzaileak eskabidea sinatu behar du, instrukzio honen I. eranskinean jasota dauden konpromisoak bere gain hartzen dituela adierazita.
Udal-eraikin batean inskribatzea eskatu duen pertsona inskripzioaren balorazio-izapidea egiteko eman dioten hitzordura joaten denean, erroldatzeko toki bat esleitzeko txostena egiteko baldintza izango da instrukzio honekin batera I. eranskin gisa atxikita dagoen eskabidea sinatzea.
Eskabidearen bitartez, inskripzioa baimentzen duen udal-ebazpenean adierazitako egunean eta orduan aldizka agertzeko konpromisoa hartuko du, eta familiako adingabeak -halakorik balego- Gizarte Ekintzako bulegora joan beharko dute (Zapatería kalea 40, beheko solairua), Iruñean bizitzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.
Halaber, helbide bezala adierazitako auzo-unitatera edo udal-eraikinera bidalitako balizko gutunak jasotzera hamabost egunean behin gutxienez edo jakinarazten zaionean joateko konpromisoa hartuko du bere gain.
Erroldatzeak baimendutako auzo-unitateek edo beste udal-eraikinek ez dute betebeharrik interesdunari jakinarazpenak iristen zaizkiola bermatzeko. Hala ere, jakinarazpenak benetan iristea errazte aldera, erroldatutako pertsonak bere gain hartuko du behar izanez gero nola aurkitu adierazteko konpromisoa.
Udalean jasotzen diren jakinarazpenak haien konfidentzialtasuna bermatuz gordeko dira. Orobat, jasotako eta entregatutako jakinarazpenen erregistro bat sortuko da Iruñeko Udalaren ondasuna den eraikin batean erroldatutako pertsona bakoitzeko.
3.2. Iruñeko Udalaren ondasuna den eraikin batean erroldatzea eskatu duen pertsona errolda-bulegoan agertzea.
Erroldatzeko helbide gisa Iruñeko Udalaren zer auzo-unitate edo udal-eraikin erabili ahal izanen duen adierazten duen udal-txostena lortu ondoren, hitzordua eskatu beharko du (948420100 telefonoa edo www.pamplona.es/eu) Kondestable udal-eraikinera joateko erroldatzera (Kale Nagusia 2), izapide hori egiteko legez behar diren dokumentuekin.
Erroldatze-izapidea egiten ez den bitartean pertsona hori ez dago erroldatuta.
3.3. Iruñean ez dela bizi jakinarazteko betebeharra.
Udal-eraikin batean erroldatutako pertsona bat jada Iruñean bizi ez bada, pertsona horrek jakinarazi beharko du zer udalerritan edo herrialdetan bizi ohi den, eta idatziz eskatu beharko du alta ematea hango udal-erroldan edo dagokion bulego edo atal kontsularreko matrikulen erregistroan.
4. artikulua. Iruñeko Udalaren ondasuna den eraikin batean erroldatzea eskatu duen pertsonaren betebeharrak, isiltasun positiboz eskuratu duenean erroldatzeko eskubidea.
Pertsona batek administrazio-isiltasun positiboz eskuratu badu erroldatzeko eskubidea, Iruñeko Udalak udal-ebazpen bat emango du administrazio-isiltasun positiboa egiaztatuz, erabakiko du pertsona horrek udal-eraikin batean inskribatzeko eskubidea duela, jakinaraziko dio hitzordua eskatu behar duela, eta hitzordua eskatzeko datuak emango dizkio, erroldatzea burutu dadin instrukzio honen 3. artikuluan araututakoaren arabera. Horrez gainera, jakinaraziko zaio 1690/1986 Errege Dekretuak 72. artikuluan xedatutakoari jarraituz Iruñeko Udalak ofizioz baja emango diela, bidegabeko inskripzioagatik, erregelamendu horren 54. artikuluan ezarritako baldintzak bete gabe erroldatuta daudenei, instrukzio honen hurrengo artikuluan arautzen den espedientearen bidez egoera hori egiaztatu ondoren.
5. artikulua. Udal-erroldan udalerrian benetan bizi direnak jasotzeko udal-jarduketak.
1690/1986 Errege Dekretuak 72. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Iruñeko Udalak ofizioz baja emango die, bidegabeko inskripzioagatik, Errege Dekretu horren 54. artikuluan ezarritako baldintzak bete gabe erroldatuta daudenei.
Dagokion espedientearen bidez egoera hori egiaztatu ondoren, entzunaldia emango zaio interesdunari eta familiako adingabeei, halakorik balego. Pertsona horrek ez badu berariaz adierazten baja ematearekin ados dagoela, Erroldatze Kontseiluaren aldeko txostena beharko da baja eman ahal izateko.
Udalerrian ez bizitzearen zantzutzat hartuko da instrukzio honen I. eranskina sinatzean pertsona bakoitzak hartzen dituen konpromisoetan adierazitako agertzeko betebeharrak ez betetzea.
IRUÑEAN ETXEGABEAK ERROLDATZEKO INSTRUKZIOAREN I. ERANSKINA
1. Identifikazio datuak:
Izen-abizenak: .........................................................................................................................................
Jaioteguna: ....................................... NAN/Pasaportea/AIZ: .................................................................
Helbidea: (kalea, plaza) ...................................................................................................................................................................................................... Zk: .............. Solairua: .............. PK: ................................
2. Lokalizatzeko datuak.
Harremanetarako pertsona baten izen-abizenak (halakorik balego)
.................................................................................................................................................................
Helbidea: (kalea, plaza) ...................................................................................................................................................................................................... Zk: .............. Solairua: .............. PK: ................................
1. telefonoa: ......................................................... 2. telefonoa: .........................................................
Helbide elektronikoa: ........................................................................................................................
Beste bat: ................................................................................................................................................
3. Kompromisoak.
....................................................................................................... auzo-unitateak egindako aldeko txostenaren ondoren, adierazi didate goian aipatutako Gizarte Zerbitzuetako zentroan edo ............................................................................... udal-eraikinean erroldatzeko ni eta nire seme-alaba adingabe hauek: ........................................................................................................................................................
............................................................................................................. Nik eta nire familia-unitateak auzo-unitateak proposatutako udal-eraikinean erroldatuta jarraitze aldera, konpromisoa hartzen dut hamabost egunetik behin agertzeko Gizarte Ekintzako bulegoan (Zapatería kalea 40, beheko solairua), Iruñean bizitzen jarraitzen dudala egiaztatzeko, eta adierazten dut badakidala lehenengo aldiz agertzeko eguna hau dela: ......................................................................................................................................................
Nire seme-alaba adingabeak izapide horretarako agertzeari dagokionez, jakinarazi didate Iruñeko Udalak eskolatzeari buruzko informazioa bildu dezakeela haien ikastetxeari eskatuta, interes publikoa duen misioa betetzeko edo arduradunari emandako botere publikoak erabiliz (1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Entitateen, Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Araudia onartzen duena), eta tratamendu horren aurka egitea eska dezakedala hurrengo laukia markatuz.
–ESKATZEN DUT datu pertsonalen tratamenduaren aurka egitea, datu pertsonalen tratamendua interes publikoko misio batean oinarritzen dela kontuan izanda, eta administrazio publikoren bateko langile batek emandako agiria aurkeztu beharko dut, nire seme-alabek Iruñean bizitzen jarraitzen dutela egiaztatzen duena, edo ikastetxearen txostena, eskolatuta daudela eta eskoletara joaten direla egiaztatzen duena.
Halaber, konpromisoa hartzen dut gutxienez hamabost egunean behin edo jakinarazpena jasotzen dudanean joango naizela helbide bezala adierazitako auzo-unitatera edo udal-eraikinera bidalitako balizko gutunak jasotzera.
Jakinarazi didate ez badut betetzen Gizarte Ekintzako bulegoan (Zapatería kalea 40, beheko solairua) agertzeko konpromisoa, Iruñean bizitzen jarraitzen dudala egiaztatzeko, espediente bat hasiko dela Biztanleen Udal Erroldan niri eta nire familia-unitateari baja emateko proposamena bideratzeko.
Orobat, konpromisoa hartzen dut erroldatu ahal izateko helbide propio bat dudanean neuk eskatuko dudala nire familia-unitateak erroldan duen helbidea aldatzeko.
Halaber, ni eta nire seme-alaba adingabeak, halakorik balego, noizbait ez banaiz/bagara jada Iruñean bizi, konpromisoa hartzen dut zer udalerritan edo herrialdetan biziko naizen jakinarazteko, eta idatziz eskatuko dut alta ematea hango udal-erroldan edo dagokion bulego edo atal kontsularreko matrikulen erregistroan.
Iruñean, 20................(e)ko ............................................aren ..................(e)(a)n
DATUEN BABESA: Iruñeko Udala da etxerik gabeko pertsonak erroldatzeko izapideetan erabiliko diren datu pertsonalen arduraduna, Iruñeko Udaleko Gerentziak 2024ko azaroaren 12an emandako ebazpenaren arabera, Datuak indarreko legeak betez jakinaraziko dira. Eskubidea duzu datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko -zuzenak ez badira- eta horiek ezabatzeko Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia 2, 31001 Iruña) edo egoitza elektronikora joaz. Datuen tratamendu-zerrenda eta informazio osagarria www.pamplona.es/eu webgunean kontsultatzen ahal dituzu.
Iragarkiaren kodea: L2417083
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
