Iragarkia
246. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ELIZAGORRIA
Deialdia, taxi lizentzia bat adjudikatzeko
Aztertu dira deialdi baten oinarriak, xede duena lehiaketa bidez ematea taxi lizentzia bat, hiri-zerbitzua emateko Elizagorria udalerrian.
Alkatetza honek, baliatuz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluak ematen dizkion eskumenak, bai eta arau horrekin bat heldu diren gainerako xedapenek ematen dizkioten eskudantziak ere (7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena),
EBATZI DU:
Lehenengoa.–Deialdia eta haren oinarriak onestea.
Bigarrena.–Deialdi hau eta bere oinarriak eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta egoitza elektronikoan.
Elizagorrian, 2024ko urriaren 23an.–Alkatea, Máximo López Caro.
Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da hutsik dagoen taxi lizentzia bat lehiaketa bidez adjudikatzea Elizagorria udalerrian taxiaren hiri-zerbitzua emateko, epe mugagabean. Baina, baliozkoa izateko, egin beharko da oinarri hauetan ezarritako aldizkako egiaztapena. Zerbitzua Elizagorriko udal-mugartean eginen da oso-osorik. Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen 18. artikuluaren aginduz, hiriarteko zerbitzuak egiteko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.
2.–Araubide juridikoa.
Honako araudi honetan jasotzen da deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:
–Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea.
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea.
–Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua.
–Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretua.
Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.
3.–Taxi lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak.
1. Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:
a) Pertsona fisikoa izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.
c) Frogatzea ibilgailua edukitzea, jabetzan, errentan hartua edo antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bidez. Ibilgailuak baldintza hauek bete beharko ditu:
–Ibilgailuek turismo-ibilgailu gisa sailkatuta egon behar dute ezaugarri teknikoen fitxan, eta bildu behar dituzte indarrean dagoen araudian eskatutako ezaugarriak; bestetik, bete behar dituzte gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenei egokitutako ibilgailuetarako baldintzak eta zehaztapenak.
–Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen.
–Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte. Salbuespenez, mugikortasun urriko pertsonak eramateko egokituriko ibilgailuek ate bat izaten ahalko dute atzeko eta/edo alboko aldean, erabiltzaileak gurpil-aulkiekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legediari jarraikiz, beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, behar den edukiera izan dezaten gurpil-aulkian dagoen bezero bat hartzeko taxian.
–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.
–Oro har, bederatzi plazako gehieneko edukiera duten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak, gidariarena barne, mugikortasun urriko pertsonentzat gaituta egon beharko dute, eta zerbitzua eman behar den eremuaren ezaugarriak izan beharko dituzte, bereziki ezaugarri geografiko bereziak, biztanle-ezaugarriak duten eremuak eta abar direnean.
d) Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloko betebeharrak betetzea, eta Elizagorriko Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea. Deialdira aurkezte hutsarekin Udalari baimena ematen zaio egin beharreko egiaztapen oro egin dezan.
e) Erantzukizun zibila estalita izatea zerbitzuan eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.
f) Ez edukitzea beste taxi lizentzia bat.
g) Aurrekari penalik ez izatea.
4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
Interesdunen eskabideak lizitazioa arautzen duten oinarrietara eta agirietara egokitu beharko dira, eta horiek aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baldintzarik gabe onartzen duela klausula edo baldintza guztien edukia, inolako salbuespenik edo erreserbarik gabe.
Lizitatzaile bakoitzak proposamen bakarra aurkezten ahalko du.
Eskabideak aurkeztuko dira Elizagorriko Udalaren erregistro orokorrean (Kale Nagusia 82), 15 egun naturaleko epean, oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak bat etorriko dira eranskineko ereduarekin.
Eskabideak postaz ere bidaltzen ahalko dira, eta, halakoetan, interesdunak gordekin bat helarazi beharko du posta elektronikoz (Ayuntamientolazagurria@lazagurria.es) aurreko paragrafoan ezarritako epea bukatu aurretik, frogatzeko bidalketa zer egunetan egin den posta bulegoan. Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.
Dena dela, proposamenak aurkezteko epea akitu eta 4 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.
5.–Agiriak.
Eskaerak bi gutun-azaletan aurkeztuko dira, idazkun honekin: "Elizagorrian taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa" eta izen-deiturak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, bai eta gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:
–1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.
–2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.
1.–"Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak honako hau izanen du barnean:
- Eskaera aurkezten duenaren indarreko nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
- Indarrean dagoen gidabaimenaren fotokopia.
- Parte hartzeko eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskinaren arabera.
2.–"Dokumentazio teknikoa" izeneko 2. gutun-azalean, II. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, proposamen ekonomikoa izan ezik, oinarri hauen 6. klausulan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntuatu dadin.
6.–Adjudikazio irizpideak.
Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak, eta gehienez 30 puntu lor daitezke:
1. Ibilgailuaren edukierari 5 puntu emanen zaizkio gehienez, honako baremo honen arabera:
- 9 lagunendako tokia, gidaria barne: 5 puntu.
- 8 lagunendako tokia, gidaria barne: 4 puntu.
- 7 lagunendako tokia, gidaria barne: 3 puntu.
2. Zerbitzu eskaintza: Alderdi honetan 10 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan egiteko konpromisoa: gauez, jaiegunetan eta asteburuetan.
- Zerbitzua gauez egitea: 2 puntu.
- Zerbitzua jaiegunetan egitea: 2 puntu.
- Zerbitzua asteburuetan egitea: 2 puntu.
- Elizagorrian egunean 8 ordu emateagatik: 4 puntu.
3. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera:
Gehienez ere 4 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea, konpromisoa eskaintzen bada halakoak erabiltzen dituzten ibilgailuez baliatzeko. Baremo honi jarraikiko zaio:
- Zero isurtzeen bereizgarria: 4 puntu.
- ECO bereizgarria: 3 puntu.
- C bereizgarri berdea: 2 puntu.
- B bereizgarria: puntu bat.
Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa: https://www.pegatinas-dgt.com/.
Espainiako Gobernuko Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuaren (IDAE) datu basean oinarrituriko sailkapena: https://coches.idae.es.
Puntuazio osoa eginda berdinketarik bada, uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betetzeko, eginen da emakumea taxiaren sektorean sartzeko eskaintzaren alde, alegia, eskatzaile emakumezkoaren alde. Hala ere, berdinketa gertatzen bada oraindik, zozketa bidez ebatziko da.
4. Elizagorrian erroldatuta egoteagatik 6 puntu emanen dira gehienez.
5. Ibilgailuak helbidea Elizagorrian badu, gehienez ere 5 puntu emanen dira.
7.–Balorazio batzordea.
Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:
–Batzordeburua: Máximo Lopez Caro, Elizagorriko Udaleko alkatea.
–1. batzordekidea: Jon Palacios Baztán, Elizagorriko Udaleko zinegotzia.
–2. batzordekidea: Jesús Sagredo Baños, Elizagorriko Udaleko zinegotzia.
–Batzordekide-idazkaria: Irene Úriz López, Elizagorriko Udaleko idazkaria.
8.–Gutun-azalak irekitzea eta baloratzea.
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, batzordeak, barne ekitaldian, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra kalifikatuko du, kanpoko jenderik aurrean ez dela.
Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da eskatzaile onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Izangaiek erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsak zuzendu, onartutako eskatzaileen behin-behineko zerrendan adieraziko den epean.
Eskatzaileen behin-behineko zerrendan adierazitako egunean, Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da eta horrela adieraziko da.
Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da dokumentazio teknikoa dakarten gutun-azalak zer egun, ordu eta tokitan irekiko diren.
Lizentzia eskuratzeko eskatzaileak ezagututa, barne ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikatzeko bildutako irizpideei jarraituz.
Batzordeak, behin betiko zerrendan zehazten den egunean, orduan eta tokian eginen den ekitaldi publikoan, 2. gutun-azalaren edukiaren azterketan lortutako puntuazioaren berri emanen du, adjudikatzeko irizpideekin bat.
Gehienez ere 5 eguneko epean, puntuazioen zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta puntuaziorik handiena lortu duen pertsona izanen da behin-behineko adjudikazioduna.
9.–Lizentzia adjudikatzea.
1. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta 6 hilabeteko epean, gehienez, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:
–Lizentzia atxikiko zaion ibilgailua edukitzearen gainekoa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du eta Taxiei buruzko Foru Legean ezarritako ezaugarriak beteko ditu.
–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena.
–Ekonomia-jardueren gaineko zergako alta, uneko ekitaldikoa, eta, hala badagokio, azken ordainagiria.
–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak egunean dituela diotenak. Ziurtagiri horiek proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino 6 hilabete lehenagokoak edo berriagoak izanen dira.
–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago, gehienez ere, emana. Hartan frogatuko da langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatu, afiliatu edo haiei alta eman izana, behar diren kotizazio dokumentuak aurkeztu izana eta indarrean dauden xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana.
–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non haren erantzukizunpean adieraziko baita betebehar guztiak egunean daudela segurtasun arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.
2. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta 6 hilabeteko epean lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez badu, eta bereziki, ibilgailuarena, aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena, lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da. Horrela, lehentasun ordenaren arabera lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehendabiziko hautagaiak hartuko du haren tokia.
3. Dokumentazio hori aurkeztu eta Balorazio Batzordeak onetsita, adjudikazio proposamena eginen da eta, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, behin betiko eta epe mugagaberako adjudikatuko da taxi lizentzia; halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da nor izan den Elizagorrian hiri-taxi zerbitzua egiteko behin betiko adjudikazioduna.
10.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.
Lizentziaren titularraren eskubideak eta betebeharrak agiri honetatik (kontratu izaera izanen du) eta udalak emandako lizentziatik sortzen direnak dira, bai eta aplikatu beharreko legediaren ondoriozkoak ere.
Taxi lizentzia baten adjudikaziodunak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi lizentziaren titular izateko.
Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, lizentzia indarrean egon bitartean.
Lizentzia eskualdatzen ahalko da Elizagorriko alkatearen aldez aurreko baimenarekin, betiere eskuratzaileak oinarri hauetan eskatutako baldintza guztiak betetzen baditu eta Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Udal-lizentziak eman eta bi hilabeteko epean, titularrak berehala eman beharko du zerbitzua, lizentzia horri atxikitako ibilgailuarekin.
Taxi-lizentzien eta -baimenen titularrek zerbitzua zuzenean edo kontratatutako langileen bidez ematen ahalko dute, betiere Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluan jasotako zehaztapenak errespetatzen badituzte, eta gehienez gidari bat kontratatzen ahalko dute haraneko orduetarako, asteburuetarako, jaiegunetarako edo jai-bezperetarako, gertakari berezietarako, zaindariaren jaietarako edo antzekoetarako. Lizentziaren titularrak taxi-zerbitzua ematen emandako denbora ez da gaindituko kontratatutako langileen bidez, salbu titularraren baliaezintasun edo lanerako ezintasun iragankorreko kasuetan; kasu horretan, aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Lizentziaren titularrak errespetatu beharko du datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudia.
11.–Eteteko arrazoiak.
Lizentzia eteteko arrazoi izanen dira, eta lizentzia kentzea ekarriko dute:
–Oinarri hauetako baldintzak ez betetzea.
–Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean xedatutakoak.
12.–Ibilgailuen antzinatasuna eta haiek berritzea.
Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.
Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahalko du lizentziari atxikitako ibilgailua, eta nahitaez ibilgailua 10 urtetara iritsi baino lehen.
13.–Hiriarteko zerbitzuak.
Auto-taxien zerbitzuaren barruan, berariaz hirikoa izan arren, hiriarteko zerbitzuak ematen ahalko dira; horretarako, ibilgailuek dagozkien baimenak eskuratu beharko dituzte, Taxiei buruzko Foru Legearen 16., 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
14.–Ikuskapen organoak.
Hiriko taxi zerbitzuak zaintzea eta ikuskatzea udalari dagokio.
Beren eginkizunetan ari diren ikuskatzaileak agintari publikotzat hartuko dira.
Ikuskapen zerbitzuen akta eta txostenetan edo garraioa zaintzeko legezko gaitasuna duten agenteen salaketetan egiazkotzat jasotzen diren gertaerek froga-balioa izanen dute, administratuek beren burua defendatzeko aurkez ditzaketen frogak alde batera utzi gabe.
Lizentzien titularrek nahitaez izan behar dituzte eskura dokumentu batzuk, eta, beren eginkizunetan dihardutela, behartuta daude horiek ikuskatzaileei erakustera, dokumentuok aztertuak izan daitezen.
15.–Erabiltzaileen erreklamazioak.
Ibilgailu bakoitzak erreklamazio-liburu bakarra izanen du.
16.–Informazio eta adostasun klausulak.
Datu pertsonalak Babesteari buruz indarrean dagoen araudia bete beharrez, jakinarazten da ezen ematen zaizkigun datuak "Lizitazioak" deritzon fitxategian sartuko ditugula. Helburua da dagozkion adjudikazio publikoak eta zerbitzuak kudeatzea eta datuok behar bezala tratatzea. Halaber, jakinarazten dugu hirugarren batzuei lagatzen ahalko zaizkiela, lizitazioen oinarrietan ezarritakoa legearekin bat etorriz betetze aldera. Datuok dokumentazio publikoaren izaera izanen dute horiek kontsultatzeko legitimitatea dutenendako. Datuok eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, eta eramateko, aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzen ahalko dira Elizagorriko Udalaren erregistro orokorrean.
17.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.
Lizentziak adjudikatzen dituen organo eskudunak erabakiko ditu lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat aurkaratzen ahal dira, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.
I. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Izen-deiturak: ..................................................................................................................................... NAN/IFZ: .............................; jakinarazpenetarako helbidea: ..........................................................., PK: .....................; herria: ..........................................; telefonoa: ....................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena).................................................................................., IFK: ...........................; helbide elektronikoa, jakinarazpenak egiteko bitarteko elektronikoen bidez: ........................................................................................................
AZALTZEN DUT:
Parte hartu nahi dudala Elizagorriko udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz Elizagorriko Udalak, Alkatetzaren 2024ko urriaren 23ko 42/2024 Ebazpenaren bidez, onetsitako baldintza-agiriarekin (................ zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain. Hortaz:
NIRE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DUT:
–Betetzen ditudala indarrean dagoen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak.
–Egunean ditudala segurtasun arloko, laneko osasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko betebehar guztiak, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.
–Ez dudala eritasun infektokutsakorrik, ez eta lanbidean normal aritzea eragozten edo zailtzen duen eragozpen fisikorik ere.
–Ez dudala aurrekari penalik.
–Ez dudala jaso zehapenik, ez prozedura penalez, ez administratiboz, gidabaimena kentzeko.
–Konpromisoa hartzen dudala ibilgailu bat edukitzeko, Elizagorriko Udalak onetsitako baldintza-agiriaren 3. oinarrian ezarritako ezaugarriak dituena.
–Onartzen dudala Elizagorriko Udalak onetsitako baldintza-agirian xedatutako guztia.
–Konpromisoa hartzen dudala frogatzeko adierazpen honetan aipatzen diren agiri guztiak baditudala eta horiek baliozkoak direla, hala eskatzen zaidan edozein unetan.
ETA ESKATZEN DUT:
Onartua izatea udal-mugarte honetan hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez adjudikatzeko deialdian, bat etorriz Elizagorriko alkateak, 2024ko urriaren 23ko 42/2024 Ebazpenaren bidez, onetsitako baldintza-agiriarekin (............................. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ..................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain.
Horretarako, eskabide honekin batera aurkezten ditut NANaren fotokopia eta indarreko gidabaimenaren fotokopia.
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
(SINADURA)
ELIZAGORRIKO UDALEKO ALKATEA.
II. ERANSKINA.–DOKUMENTAZIO TEKNIKOA
Izen-deiturak: .................................................................................................................................... NAN/IFZ: .............................; jakinarazpenetarako helbidea: .............................................................., PK: .........................., herria: ..............................................; telefonoa: ........................................, nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) ..............................................................................................., IFK: ...............................................................................................
Onartua izan naiz Elizagorriko udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz Elizagorriko Udalak, Alkatetzaren 2024ko urriaren 23ko 42/2024 Ebazpenaren bidez, onetsitako baldintza-agiriarekin (................. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ..................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain.
AURKEZTEN DUT honako dokumentazio hau, deialdiko oinarrien 6. klausulan ezarritako adjudikazio-irizpideak baloratu eta puntuatzeko, Elizagorrian hiri-taxi zerbitzua emateko lizentzia lehiaketa bidez adjudikatzeko deialdian:
1. Ibilgailuaren edukiera, jarraian ageri den baremoaren arabera (x jarri dagokion aukeran):
9 LAGUNENDAKO TOKIA, GIDARIA BARNE: | 5 PUNTU |
8 LAGUNENDAKO TOKIA, GIDARIA BARNE: | 4 PUNTU |
7 LAGUNENDAKO TOKIA, GIDARIA BARNE: | 3 PUNTU |
2. Zerbitzua egiteko konpromisoa (x jarri dagokion aukeran):
ZERBITZUA GAUEZ EGITEA: | 2 PUNTU |
ZERBITZUA ASTEBURUETAN EGITEA: | 2 PUNTU |
ZERBITZUA JAIEGUNETAN EGITEA: | 2 PUNTU |
ELIZAGORRIAN EGUNEAN 8 ORDU EGITEA: | 4 PUNTU |
3. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera (x jarri dagokion aukeran):
ZERO ISURTZEEN BEREIZGARRIA: | 4 PUNTU |
ECO BEREIZGARRIA: | 3 PUNTU |
C BEREIZGARRI BERDEA: | 2 PUNTU |
B BEREIZGARRIA: | 1 PUNTU |
Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa: https://www.pegatinas-dgt.com/.
4. Elizagorrian erroldatuta egotea (x jarri dagokion aukeran):
BAI, ELIZAGORRIAN ERROLDATUTA NAGO |
EZ, EZ NAGO ELIZAGORRIAN ERROLDATUTA |
5. Ibilgailua Elizagorrian helbideratuta egotea (x jarri dagokion aukeran):
BAI, IBILGAILUA ELIZAGORRIAN DAGO HELBIDERATUTA |
EZ, IBILGAILUA EZ DAGO ELIZAGORRIAN HELBIDERATUTA |
Eta horrela jasota geldi dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, honako hau egin eta sinatzen dut.
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
(SINADURA)
Iragarkiaren kodea: L2415444
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
