246. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Azagrako Eguneko Arretako Landa Zentro eta Erretiratuen Klubaren estatutuen behin betiko onespena

Azagrako Udaleko Osoko Bilkurak, 2024ko irailaren 2an egindako saioan, Azagrako Eguneko Arretako Landa Zentro eta Erretiratuen Klubeko Patronatua izeneko toki erakunde autonomo bat sortzea eta haren estatutuei hasierako onespena ematea erabaki zuen.

Erabakia 2024ko irailaren 23ko 193. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta, alegaziorik aurkeztu ez denez, estatutuak behin betiko onetsitzat eman dira eta estatutuen testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Azagran, 2024ko azaroaren 7an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.

AZAGRAKO EGUNEKO ZENTRO ETA ERRETIRATUEN KLUBAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA.–HELBURUA, IZAERA ETA XEDEAK

1. artikulua. Patronatuaren izaera.

1. Patronatua erakunde autonomoa da, administrazio izaerakoa, Azagrako Udalaren mendekoa, berezko nortasun juridikoa duena estatutu hauetan zehazten diren egitekoak garatzeko, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85. artikuluari jarraikiz, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak eman zion idazketa berrian, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. eta 196. artikuluei ere.

2. Ulertzen da Udalak zerbitzu publikoa egiteko duen eskumenak eta erakunde autonomoaren eraketak ez dietela kalterik egiten Udalak, Azagrako Eguneko Zentro eta Erretiratuen Klubaren funtzionamenduan parte har dezaten, beste administrazio, pertsona edo entitateekin, izan publikoak edo pribatuak, sinatzen dituen lankidetza hitzarmenei.

3. Bere autonomiagatik ere, Udalaren babespean arituko da, horrek baititu zuzendaritzako, eta fiskalizazioko eginkizunak, baita jardueren eraginkortasuna kontrolatzekoa ere.

2. artikulua. Patronatuaren xedeak eta helburuak.

Patronatuaren xedea Azagrako Eguneko Zentro eta Erretiratuen Klubaren kudeaketa integrala da, bai eta adinekoen autonomia eta mendekotasun egoeretarako zainketak sustatzeko etorkizunean zehazten diren jarduera guztiak ere, zehazki:

Eguneko zentro gisa: adinekoei mantentze eta errehabilitazio zaintza ematea, eta, kasua bada, mantenuaren zerbitzua eskaintzea eta biltzeko eta laguntzeko gunea izatea hirugarren adineko pertsonentzat, beren ingurune familiarrean eta sozialean jarrai dezaten.

Erretiratuen klub gisa: sormenarekin, kulturarekin edo alderdi sozialekin lotutako jardueren eskaintza zabala ematea.

Autonomia sustatzea eta mendekotasuna atzeratzea helburu duten edozein motatako jarduerak egitea, udalerriko adineko guztientzat.

3. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

Bere jarduera atxikitako helburuetara egokitzeko, Patronatuak, estatutu hauetan arautzen denari jarraikiz, halakoak egiten ahalko ditu:

a) Edonolako ondasunak erosi eta eduki, eta horiek besterendu eta kargatu.

b) Bere ondarea administratu, baita bestelako pertsona fisiko edo juridikoek lagatako ondasunak ere.

c) Tasak edo prezio publikoak hartu.

d) Jaraunspenak, legatuak eta dohaintzak onartu, eta dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskuratu edozein erakunde publiko nahiz pribatutatik, are pertsona fisikoengandik ere.

e) Edonolako kontratuak, hitzarmenak eta lankidetza itunak sinatu.

f) Zerbitzua emateko behar diren langileak kontratatu, indarreko araudiaren eta Azagrako Udalaren erabakien arabera.

g) Aurrekontua eta urteko kontuak prestatu eta onetsi, Udalak, osoko bilkuran, behin betiko onetsiko dituenak.

h) Ekintza judizial eta administratiboak erabili.

i) Erregelamendu ahalmena, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez, Udalak ezartzen duen oinarrizko erregulazioan ezarri bezala.

j) Esleiturik dituen zuzenbide publikoko diru sarrerak biltzeko ahalmena.

4. artikulua. Helbidea.

Patronatuaren egoitza Azagrako Udalean egonen da: Plus Ultra kalea 6, 31560, Azagra (Nafarroa).

5. artikulua. Iraupena.

Patronatua denbora mugagaberako eratu da, eta desegiten eta iraungirik gelditzen ahalko da estatutu hauetan aurreikusten den moduan.

II. TITULUA.–GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

6. artikulua. Gobernu organoak.

1. Patronatuak honako gobernu organo hauek ditu:

a) Patronatuko burua.

b) Patronatuko buruordea.

c) Zuzendaritza Batzordea.

d) Zuzendaria.

2. Zuzendaritza Batzordearen menpe eta kontrolpean, komenigarri ikusten diren adina lan batzorde eratzen ahalko dira. Haien lana izanen da gaiak aztertzea eta Batzordeari txostenak eta erabakiak hartzeko proposamenak igortzea. Lan batzorde horietan parte hartzen ahalko dute bai Zuzendaritza Batzordeko kideek, bai horretarako egokiak juzgatzen diren pertsonek.

3. Azagrako eguneko zentro eta erretiratuen klubak, gizarte zerbitzuen arloan indarra duen araudiarekin bat, Jarraipen Batzorde bat eta Parte Hartze Kontseilu bat izanen ditu.

I. KAPITULUA.–LEHENDAKARIA

7. artikulua. Patronatuko lehendakaria Azagrako Udaleko alkate udalburua izanen da, edo hark eskuordetzen duen zinegotzia; honako eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Zentroaren Patronatuaren eta haren gobernu organoen ordezkari izatea ekitaldi eta kontratu guztietan, edozein agintari edo erakunderen aurrean, deusetan ukatu gabe ahalak eman edo eskuordetzak egiteko aukera.

b) Presazko kasuetan, Batzordeari esleitutako eskumenak baliatzea, eta hari kontu ematea berrespen ondorioetarako.

c) Batzordearen bilkuren deia egitea, horietan buru izatea eta eztabaidak zuzentzea, eta berdinketa izanez gero, erabakitzea bere kalitatezko botoarekin.

d) Patronatuaren gobernua eta administrazioa zuzentzea.

e) Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenaren mugen barrenean, kontu ematea, kreditu eragiketak hitzartzea, betiere, aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten duten zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten % 10 baino handiagoa, berari dagozkion diruzaintzako kreditu eragiketak izan ezik, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada ekitaldian agertzen diren diru sarrera arrunten % 15 baino handiagoa, betiere Azagrako Udalak osoko bilkuran baimena eman ondotik.

f) Lan publikoaren eskaintza Udalaren osoko bilkuran onetsitako aurrekontuaren eta plantillaren arabera onestea eta langileak hautatzeko proben oinarriak onestea.

g) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta Patronatua defendatzea bere eskumeneko gaietan; eta presakoa denean, Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan horri eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.

h) Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten % 10 baino gehiago ez bada; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean.

i) Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, kontratazioa bere eskumena bada, eta aurrekontuan aurreikusirik badaude.

j) Ondasunak eta eskubideak erostea, baita haien besterentzea ere, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten % 10 baino gehiago ez bada, eta besterentzea, aipatutako portzentajean.

k) Patronatuaren erabakiak argitaratzeko eta betetzeko agintzea eta betearaztea.

l) Patronatuaren aurrekontua prestatzea.

m) Patronatuaren zerbitzuko langileen burutza.

n) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.

II. KAPITULUA.–LEHENDAKARIORDEA

8. artikulua. Lehendakariordea Azagrako Udaleko zinegotzia izanen da, Osoko Bilkurak bere kideen artetik izendatzen duena.

Hauek izanen dira eguneko zentro eta erretiratuen klubaren Patronatuko lehendakariordearen eginkizunak:

a) Patronatuko lehendakaria ordeztea, izendapen hurrenkeraren arabera, hura falta denean edo kanpoan, eri edo ezinean dagoenean.

b) Lehendakariak esleitzen dizkion eginkizunak eta eskumenak.

III. KAPITULUA.–ZUZENDARITZA BATZORDEA

9. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen osaera eta izendapena.

1. Zuzendaritza Batzordea Patronatuaren gobernu organo gorena da. Batzorde honek haren gobernua eta kudeaketa gorena izanen ditu bere gain, eta kide hauek osatuko dute:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Udalaren ordezkariak.

d) Azagrako eguneko zentroko zuzendaria, hizpidea duela baina botorik ez.

e) Erretiratuen klubeko zuzendaria, hizpidea duela baina botorik ez.

2. Udalaren ordezkariak Osoko Bilkurak izendatuko ditu eta haien agintaldia udal legegintzaldikoa izanen da. Hiru hilabeteko epean berrituko dira hauteskundeak egiten direnetik aurrera. Lau eta sei kide bitarte izanen dira, gehienez ere, Azagrako Udaleko talde politikoen kopuruaren arabera.

3. Udal idazkaria izanen da Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.

10. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.

Batzordeak, Patronatuaren gobernu organo gorena den aldetik, haren helburuak betetzen direla zainduko du eta, horretarako, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzea.

b) Udal zergak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamena egitea eta horiek arautzen dituzten ordenantza fiskalak onestea, deusetan ukatu gabe Osoko Bilkurari igortzea hark behin betiko onesteko.

c) Lanpostuen zerrenda onestea.

d) Hasiera batean proposatzea kreditu bereziak egiteko espedientea, deusetan galarazi gabe Osoko Bilkurari igortzea, bidezkoa denean.

e) Kreditu transferentziak onestea funtzio taldeen artean.

f) Beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen eskuordetza onartzea.

g) Ekintza judizial eta administratiboak erabili eta Patronatua defendatzea, Zuzendaritza Kontseiluaren eskumeneko gaietan.

h) Patronatuaren egintzen gaineko kaltegarritasunari buruzko deklarazioa.

i) Kreditu eragiketak egitea, Azagrako Udalak baimendu ondotik.

j) Bere xedeak betetzeko, gastu eta diru sarreren urteroko aurrekontua eta langileen plantilla organikoa onestea eta Udalari igortzea, horrek onets ditzan.

k) Urtean egindako gastuak ikuskatzea, behar diren txosten, kontu eta balantzeak idazteko. Hura Kontu Hartzailetzaren gainbegiradapean eginen da eta Udalari igorriko zaio, behin betikoz onets dezan.

l) Erakunde publikoetan kudeatzea bilatzen den xederako laguntzak.

m) Mota guztietako ondasunak salerostea, kredituak hartzea eta doan emateak, legatuak eta jaraunspenak onartzea.

n) Gastuak baimendu eta xedatzea, ekitaldi bakoitzeko aurrekontua betearazteko oinarrietan erabakitzen denaren arabera.

o) Patronatuak jaso beharreko tasa eta prezio publikoak prestatzea, baita urteko diru sarrerak banatzeko arauak ere, eta Udalari igorriko zaizkio, behin betikoz onets dezan.

p) Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko orotan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko.

q) Erregelamendu ahalmena, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez.

r) Azken batean, Patronatuaren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak eta barne araubideko erregelamenduan aurreikusten direnak betetzea, baita Patronatuko lehendakariaren eskumenekoak ez direnak ere.

IV. KAPITULUA.–ZUZENDARIA

11. artikulua. Izendapena.

Zuzendaria, Eguneko Zentroaren Patronatuko kide bakarreko organo betearazlea, Patronatuko Batzordeak izendatu eta kargutik kenduko du, Zentrora esleitutako langileen artean.

Hona hemen zuzendariaren eginkizunak:

a) Batzordearen erabakiak eta lehendakariaren aginduak eta dekretuak aplikatu eta betearaztea.

b) Zerbitzuak zuzendu eta ikuskatzea eta langileen eguneroko zuzendaritza bere gain hartzea.

c) Uneko baliabideen lan harremanak koordinatu eta administratzea.

d) Zuzendaritza Batzordeak onetsitako aurrekontuetatik eratorritako baliabide ekonomikoak administratzea.

e) Egiten diren ikuskapenetan laguntzea.

f) Zerbitzuen erabiltzaileen eta horien senideen erreklamazioak jaso eta izapidetzea.

g) Gertatzen diren gatazka jardueretan bitartekari izatea. Kexa, iradokizun eta erreklamazioak izapidetu eta koordinatzea.

h) Batzordearen bilkuretara joatea, hizpidea duela baina botorik ez.

i) Baliabideetan sortzen diren jardueretako urteko plangintza proposatzea.

j) Beste erakunde ofizial batzuekin komunikazio kanala sortzea, hala nola Nafarroako Gobernua, oinarrizko gizarte zerbitzuak, osasun zentroak, etab.

k) Garraio zerbitzua koordinatzea.

l) Zuzendaritza Batzordeak eman edo Patronatuko lehendakariak eskuordetzen dizkion guztiak.

V. KAPITULUA.–FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

12. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Zuzendaritza Batzordeak aurrez finkatutako egunetan eginen ditu bilkura arruntak eta, gutxienez, hiru hilabetetik behin.

2. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak bilkura bereziak egiten ahalko ditu, lehendakariak horrela erabakitzen duenean berez nahiz batzordekideen heren batek hala eskatuta.

3. Bilkuretarako deia eginen da astebete lehenagotik bederen, non ez duen gaiaren presak besterik eskatzen, orduan 48 ordu lehenagotik egin bailiteke. Halakoetan, gai zerrendaren lehen puntuan bileraren presa onetsi beharko da gehiengoz.

4. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, batzordekideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago eginen da, hala behar bada, eta horretarako aski izanen da batzordekideen herenak agertzea.

5. Bilkurak ez dira ez hasten ahal ez egiten ahal, bertan ez badira lehendakaria eta idazkaria, edo legez haien ordezko direnak. Lehendakaria ez badago, lehendakariordeak hartuko du haren lekua.

6. Gai zerrendan sartu gabeko kontuak presako deklaratu direnean baizik ez dira erabiliko. Deklarazio horrek bertan direnen gehiengoa beharko du.

7. Toki araubidearen legeriak Udalaren osoko bilkuretarako eskatzen duenetan nahitaezkoak izanen dira Udaleko Idazkaritzaren eta Kontu Hartzailetzaren txostenak.

8. Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengoaz hartzen badira. Batzordeko lehendakariak kalitatezko botoa izanen du berdinketarik izanez gero.

9. Zuzendaritza Batzordearen bozketak arruntak, izendunak edo isilpekoak izan daitezke, edozein kidek eskatuta.

10. Batzordekideek ez dute parte hartzen ahalko eztabaida edo erabakietan, interes zuzena baldin badute gaietan edo, hala berean, beren ahaideei eragiten badiete, hirugarren gradukoak barne. Halakoetan, interesdunak lekutu beharko du, gaia eztabaidatu eta bozkatzen den bitartean.

11. Lehendakariak gai zerrendako puntu zehatzen batera deitzen dituenak etortzen ahalko dira Batzordearen bilkuretara, hizpidea dutela baina botorik gabe, Patronatuaren zerbitzuko langileak izan ala ez.

12. Azagrako Udalaren Osoko Bilkurak zer arau dituen, horiexek zuzenduko dute bilkuren funtzionamendua.

13. artikulua. Bilkuren akta.

1. Akten liburua eramanen da eta hartan Zuzendaritza Batzordearen erabakiak jasoko dira. Honako hauek paratuko dira: bilkuren tokia, eguna eta ordua, lehendakariaren eta bertan diren batzordekideen izen-deiturak, eztabaidagai izan diren kontuak, emandako iritzien laburpena eta hartu diren erabakiak.

2. Zuzendaritza Batzordeko lehendakariaren eta idazkariaren sinadurek baimenduko dituzte aktak.

14. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko idazkariaren eginkizunak.

a) Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

b) Lehendakariak bilkura bakoitzeko deialdiko gaien zerrendan sartuko dituen gaiak prestatzea.

c) Bilkuretarako deialdia egitea, lehendakariak hala aginduta, eta Zuzendaritza Kontseiluko kideentzako jakinarazpenak egitea.

d) Bilkuretako aktak idatzi eta zaintzea.

e) Onetsitako egintza eta erabakien ziurtagiriak egitea.

f) Patronatuko organoei laguntza juridiko-administratiboa ematea.

g) Idazkari postuaren gainerako berezko eginkizunak, toki araubidearen legeriaren arabera dagozkionak.

15. artikulua. Kontu hartzailearen eginkizunak.

Erakundearen kontu hartzailea Azagrako Udaleko kontu hartzailea izanen da, edo haren legezko ordezkoa. Ekonomia eta finantza kudeaketaren eta aurrekontuaren kontrol eta fiskalizazioaz arduratuko da, eta Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretan parte hartuko du, hizpidearekin baina botorik gabe.

III. TITULUA.–ONDASUNAK, BALIABIDE EKONOMIKOAK, AURREKONTUAK ETA KONTUAK

16. artikulua. Patronatuaren ondarea.

1. Honako hauek osatuko dute Patronatuaren ondarea:

a) Udalak atxikitzen dizkion ondasunak, jatorrizko kalifikazio juridikoa gordeko badute ere. Azagrako eguneko zentroaren eraikina eta altzariak organo autonomoaren sorrerari atxikiko zaizkio.

b) Patronatuak beste edozein titulu bidezko erabiliz erosten dituenak.

2. Horretarako, Patronatuak ondare hori osatzen duten ondasunen zerrenda eginen du bere inbentarioan.

17. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Hona hemen Patronatuaren baliabideak:

a) Udalak urtero bere aurrekontuetan atxikitzen dion diru ekarpena.

b) Bere ondarean produktu, aprobetxamendu, fruitu eta errendimenduak.

c) Edozein entitate publiko nahiz pribaturen dirulaguntza eta laguntzak, eta partikularrenak.

d) Zentro eta klubeko erabiltzaileengandik datozen diru sarrerak (tasak, prezio publikoak), beste erakunde batzuekin izenpetutako hitzarmenak, etab.

e) Beren ardurapean duten erakundeetako kide edo lankideen kuotak.

f) Bere jarduera berariazkoek edo zerbitzuak emateak ekartzen ahal dizkioten diru sarrerak.

I. KAPITULUA.–AURREKONTU ARAUBIDEA

18. artikulua. Aurrekontu, ekonomia eta finantza, kontabilitate, kontu hartzailetza, finantzen kontrol eta eraginkortasun kontrolerako araubidea Toki Ogasunei buruzko legeriaren araberakoa izanen da, arau hauek kontuan hartuta:

a) Organo autonomoaren aurrekontua lehendakariak osatuko du, kontu hartzaileak jakinaraziko du eta Zuzendaritza Kontseiluak proposatuko dio hasieran, urteroko irailaren 15a baino lehen, Azagrako Udalari. Azagrako Udalak aurrekontu orokorrean txertatuko du.

b) Aurrekontuaren aldaketak aurrekontu orokorra egikaritzeko oinarrietan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.

c) Aurrekontuan baimendutako kredituen zenbateko barruan, lehendakaria edo Zuzendaritza Kontseilua arduratuko da gastuak baimendu eta xedatzeaz, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

d) Legezko moduan hartutako gastu konpromisoetatik eratorritako obligazioak aitortu eta likidatzea, eta baita ordainketak agintzea ere, udal aurrekontua egikaritzeko oinarrietan xedatzen den organoari dagokio.

e) Patronatuaren diruzaintza eta diru bilketa eginkizunak, kontu hartzailetza eta kontabilitate publikoko araubidearen mende egonen direnak, zuzendariari eskuordetuko zaizkio, eta hark izenpetuko ditu gordailu kontuetako funtsen xedapenak, ordainketa agintzailearekin eta kontu hartzailearekin batera.

f) Organo autonomoaren egoera orriak eta kontuak lehendakariak jakinaraziko ditu eta Zuzendaritza Kontseiluak proposatuko dizkio Azagrako Udalari, dagokion ekitaldia bukatu eta hurrengo maiatzaren 15a baino lehen.

g) Azagrako Udaleko Kontu Hartzailetzari dagokio Patronatuaren kontabilitatea ikuskatzea, Udaleko Osoko Bilkurak ezartzen dituen prozedurei jarraituta.

19. artikulua. Merkataritza kontratazioa.

1. Kontratu publikoei buruzko foru legeetan ezartzen dena izanen da Patronatuaren kontratazio araubidea.

2. Kontratatzeko eskumena organo hauei dagokie:

a) Lehendakariari:

–Urteko kontratazioak, haien zenbatekoak gainditzen ez badu aurrekontuko diru sarrera arrunten % 10.

–Urte anitzetarako kontratazioak, baldin eta gastua aplikatzen den ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada, eta urte guztietako zenbatekoak, baturik, arestian aipatu portzentajea gainditzen ez badu.

b) Zuzendaritza Batzordeari, gainerako kasu guztietan, betiere baliabide arrunten % 30eko muga duela. Zenbateko hori gainditzen badu Azagrako Udalak baimendu beharko du beti.

20. artikulua. Finantza-eragiketak.

Udalak aitzinetik baimena emanda, organoak klase orotako finantza eragiketak egiten ahalko ditu; bereziki, kreditu edo mailegu eragiketa aktibo nahiz pasiboak hitzartzen ahalko ditu, toki ogasunen gaineko araudian ezarriari jarraikiz eta urteko aurrekontuetan aurreikusitako mugekin bat.

II. KAPITULUA.–ONDARE ERANTZUKIZUNA

21. artikulua. Ondare erantzukizuna.

a) Patronatuaren eta beren zerbitzuak bertan ematen dituztenen agintari eta langileen ondare erantzukizunaren araubideak Udalari eskatzen zaizkion baldintza eta kasu berak izanen ditu, arloko xedapen orokorrei jarraikiz.

b) Zuzendari/kudeatzaileari dagokio organoaren eskumeneko zerbitzuen ohiko edo ezohiko funtzionamenduagatik aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

IV. TITULUA.–LANGILEAK

22. artikulua. Patronatuko langileak.

1. Patronatuak bere xedeak betetzeko behar adina langile izanen ditu, eta haien kopuru, kategoria eta eginkizunak Batzordeak onesten duen plantillan zehaztuko dira. Plantilla hori, dagokion lan eskaintzarekin batean, urtero prestatuko da aurrekontuekin batean, eta Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.

2. Patronatuko langileak lan kontratudunak izanen dira eta sektoreko langileei aplikatzekoa zaien hitzarmen kolektiboa aplikatuko zaie, eta, kasua bada, langileen lan baldintzak hobetzen dituen itun edo hitzarmen pribatu bat aplikatzen ahalko zaie. Langileen ordainsarien baldintzak zehaztu eta aldatzeko, bete beharko dira osoko bilkuran hartarako onesten diren arauak, betiere bat etorriz aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboarekin, eta, kasua bada, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriari buruzko araudiarekin.

23. artikulua. Langileen burutza.

Zuzendaritza Patronatuko lehendakariaren langileen burutzaren menpe geldituko da.

V. TITULUA.–AZAGRAKO UDALAREN KONTU HARTZAILETZA, FISKALIZAZIO ETA KONTROL AHALMENAK

24. artikulua. Udalaren kontu hartzailetza.

Azagrako Udalak, Patronatuari dagokionez, ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aurrekontua behin betiko onestea.

b) Urteko kontuak behin betiko onestea.

c) Plantilla organikoa eta lan publikoko eskaintza behin betiko onestea.

d) Erabiltzaileek ordaindu beharreko tasak eta prezio publikoak onestea.

e) Ondasun higiezinak erosi, besterendu edo kargatzeko aldez aurretiko baimena ematea.

f) Aldez aurreko baimena ematea, kredituak eta maileguak hartzeko.

g) Pertsona fisiko edo juridikoekiko hitzarmenak onestea, kasuan kasuko Udalbatzaren agintaldia baino denbora luzeagoan izan behar badute indarra.

25. artikulua. Tutoretza eginkizuna.

Organo autonomoaren zuzendaritza eta tutoretza eginkizuna Udalari dagokio, eta bere organo eskudunen bitartez gauzatuko du, estatutu hauetan eta estatuko zein erkidegoko araudietan zein gainerako xedapen aplikagarrietan xedatutakoaren arabera.

26. artikulua. Egintzak baliatzea.

a) Organo autonomoak zuzenbideak esleitzen dizkion egintzak baliatzeko erabateko gaitasuna izanen du, estatutu hauen arabera.

b) Nolanahi ere, Udalari jakinarazi beharko dizkio berehala, laguntzailekide moduan ager dadin, beharrezkoa bada, edo egintzak aurrera jarrai dezan beharrezkotzat jotzen dituen elementuak eskura jar ditzan. Atzera egin edo amore emateko, egintzak baliatzeko baldintza berak bete beharko ditu.

VI. TITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA PATRONATUA DESEGITEA

27. artikulua. Estatutuen aldaketa.

Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eginen du estatutu hauen aldaketa. Horiek prestatzeko zer bide erabili zen, horrexeri segituko zaio.

28. artikulua. Patronatuaren desegitea.

1. Azagrako Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta erabaki dezake Patronatua desegitea, betiere Udalbatza osatzen dutenen legezko kopuruaren gehiengo osoa alde badago.

2. Patronatua deseginda, hari atxikitako ondasunek beren lotespena galduko dute, eta Azagrako Udalak eskuragarritasun osoa izanen du haien gain. Orobat, Patronatuarenak baizik ez diren ondasunak Azagrako Udalaren jabetza bilakatuko dira.

VII. TITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKOA

29. artikulua. Patronatuaren araubide juridikoa.

1. Patronatuko Zuzendaritza Batzordearen eta lehendakariaren egintzek bukaera emanen diote administrazio bideari.

2. Patronatuko organoen ebazpenen kontra paratzen ahalko dira Nafarroako toki entitateen egintzen kontra une bakoitzean bidezko diren errekurtsoak.

30. artikulua. Arautegi aplikagarria.

Estatutu hauetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako lege xedapenei jarraikiko zaie.

Iragarkiaren kodea: L2416248