246. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41/2024 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko tarifen aldaketa onesten duena 2025. urterako.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.1 artikuluak ezartzen duenez, Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremu bakoitzeko udalei edo toki erakunde eskudunari dagokie hiriko taxi zerbitzuei aplikatu beharreko tarifak onestea. Onespen horrek indarra duen legeriaren arabera baimendutako prezioen araubidea izanen du. Onespenaren aurretik, betiere, entzunaldia eman beharko zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta tokian-tokian erroturik dauden kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei.

Foru lege horren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen du zer udalerrik osatzen duten Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua, eta, orobat, ezartzen du Iruñerriko Mankomunitatea izanen dela horren gaineko toki erakunde eskuduna.

Aurrekoarekin bat etorriz, Iruñerriko Mankomunitateak 2024ko urriaren 10eko Batzar Orokorraren erabakia aurkeztu zuen 2024ko urriaren 24an, taxi zerbitzuaren 2025. urteko tarifak eta osagarriak onesten dituena Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremurako.

Halaber, Taxiari buruzko Foru Legearen 40.1 artikuluak xedatzen duena betez, eta 2024ko urriaren 10ean egin zen Iruñerriko Mankomunitatearen Batzarrak tarifak onesteko Erabakia hartu baino lehen, entzunaldia eman zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan erroturik daudenei.

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuaren 47. artikuluak ezartzen du Kontsumo Zerbitzuak beteko dituela foru dekretu horrek gai hauei dagokienez zehazten dituen eginkizunak: "p) Izapidetzea baimendutako prezioak".

Horrenbestez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremurako honako tarifa hauek onestea 2025. urterako:

a) 1. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren A eremuan, lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: 1,17 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 26,40 euro.

b) 2. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren A eremuan asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: 1,36 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 29,35 euro.

c) 3. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren B eremuan, lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin bat datorren balio aplikagarria, zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin bat datorren balio aplikagarria, zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

d) 4. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren B eremuan asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin bat datorren balio aplikagarria, zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin bat datorren balio aplikagarria, zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

e) Abiasaria. Honela aplikatuko da:

–Abiasaria, lanegunetan, egunez, 07:00etatik 22:00ak arte: 2,65 euro.

–Abiasaria, lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) eta asteburuetan eta jaiegunetan (08:00etatik 24:00ak arte): 3,85 euro.

–Abiasaria, asteburuetan eta jaiegunetan 00:00etatik 08:00ak arte. Baita uztailaren 6tik 14ra bitarte ere, biak barne, eta abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an (egun osoan), eta abenduaren 24ko eta 31ko eta urtarrilaren 5eko 18:00etatik aurrera: 5,30 euro.

f) Osagarriak:

–Aireportua: abiapuntua edo helmuga Noaingo aireportuan duten zerbitzuak: 2,95 euro.

–Tren geltokia: abiapuntua edo helmuga Iruñeko tren geltokian duten zerbitzuak: 1,90 euro.

–Autobus geltokia: Iruñeko autobus geltoki barruan hasten edo amaitzen diren zerbitzuak, edo kanpoko taxi geltokian hasten edo amaitzen direnak (barruko geltokirako sarrera itxita dagoenean): 1,55 euro.

–Telefono bidezko hitzordua T1: telefono bidez edo antzeko beste sistema teknologiko baten bidez hitzartutako zerbitzuak, lanegunetan egunez (07:00etatik 22:00ak arte) hasten direnak: 1,85 euro.

–Telefono bidezko hitzordua T2: telefono bidez edo antzeko beste sistema teknologiko baten bidez hitzartutako zerbitzuak, asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) hasten direnak: 2,40 euro.

2. Tarifa eta osagarri horietan sartuta dago balio erantsiaren gaineko zerga.

3. 2025eko egutegiko jaiegunak zein diren ezartzeko, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 493/2024 Ebazpena hartu da aintzat, bertan ezarri baita Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025eko jaiegunen egutegi ofiziala (2024ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 16koa). Honako hauek dira:

  • Urtarrilaren 1a.
  • Urtarrilaren 6a.
  • Apirilaren 17a.
  • Apirilaren 18a.
  • Apirilaren 21a.
  • Maiatzaren 1a.
  • Uztailaren 25a.
  • Abuztuaren 15a.
  • Azaroaren 1a.
  • Abenduaren 3a.
  • Abenduaren 6a.
  • Abenduaren 8a.
  • Abenduaren 25a.

Egun horietaz gain, jaieguntzat hartzen dira Iruñeko Udalak finkatzen duen tokiko jaieguna, uztailaren 6tik 14ra doan sanferminetako aldia (bi egunak barne), eta abenduaren 24a eta 31 eta urtarrilaren 5a, 18:00etatik aurrera.

4. Espetxeko eta aireportuko eskatu ahalako taxi zerbitzurako, bidaia eta pertsona bakoitzeko ezarritako prezioa 0,85 euro da. Doakoa da 5 urtetik beherakoentzat (behar bezala lagunduta joan behar dute) eta desgaitasuna duen norbaiti (eskualdeko hiri-garraioaren E motako txartela eraman behar du) laguntzen dion pertsonarentzat.

5. Tarifa horiek ibilgailuaren barrenean erakutsi beharko dira, erabiltzaileak aise ikusteko moduko toki batean, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoa betetzeko.

6. Tarifa hauek 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra.

7. Ebazpen hau Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroan dauden taxilarien elkarte profesionalei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

9. Ebazpen hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 6an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.

Iragarkiaren kodea: F2416308