Iragarkia
246. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1389/2024 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita dirulaguntzak emateko zentro soziosanitario pribatuei, farmazia zerbitzua eta/edo Nafarroako Foru Komunitateko ospitale edo zentro soziosanitario bateko farmazia zerbitzuari lotutako medikamentuen biltegia dutenei, 2025. urtetik 2028.era arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 794705.
Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 35. artikuluak eta Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen dute 100etik gora plaza dituzten zentro soziosanitarioetan beharrezkoa dela farmazia zerbitzuak eta/edo medikamentuen biltegiak edukitzea. Ildo beretik, otsailaren 23ko 12/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko zentro soziosanitarioetan farmazia zerbitzuen eta medikamentuen biltegien arreta farmazeutikoa arautzen duenak, ezartzen du mendekotasun-egoeran dauden pertsonen ehun plaza edo gehiago dituzten zentro soziosanitarioek farmazia zerbitzu propio bat ezarri behar dutela, eta establezimendu hori hautazkoa dela ehun plaza baino gutxiago dituzten zentro soziosanitarioetarako.
Nafarroako Gobernuak 2024ko urriaren 23an hartutako 3261 Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari 9.700.000 euroko urte anitzeko gastu konpromisoa (2025-2028) hartzeko, zentro soziosanitario pribatuetako farmazia zerbitzuen arreta farmazeutikorako dirulaguntzen deialdira bideratuko dena, dirulaguntza horiek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz banatze aldera.
Dirulaguntza honek 794705 zenbakia du Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.
Ikusirik Farmazia eta Prestazioen zuzendariordeak deialdiaren gainean egindako proposamena eta txosten juridikoa (biak espedientean jaso dira), non azaltzen baita deialdia onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta, orobat, deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna izanik, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2 artikuluari dagokionez, eskuordetutako eskumenak erabilita,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea laguntzak emateko zentro soziosanitario pribatuei, farmazia zerbitzua eta/edo Nafarroako Foru Komunitateko ospitale edo zentro soziosanitario baten farmazia zerbitzuari lotuta medikamentuen biltegia dutenei, 2025. urtetik 2028.era bitarteko arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuetarako.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 9.700.000 euroko gastua baimentzea 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetarako; jarraian adierazten den moduan esleitu eta banatuko da aurrekontuetan:
URTEA | ZENBATEKOA | PARTIDA |
2025 | 2.425.000 euro | 540005-52831-4809-313100 "Farmazia Prestazioak", edo antzeko helburuetarako 2025eko Gastu Aurrekontuan gaitzen dena |
2026 | 2.425.000 euro | 540005-52831-4809-313100 "Farmazia Prestazioak", edo antzeko helburuetarako 2026ko Gastu Aurrekontuan gaitzen dena |
2027 | 2.425.000 euro | 540005-52831-4809-313100 "Farmazia Prestazioak", edo antzeko helburuetarako 2027ko Gastu Aurrekontuan gaitzen dena |
2028 | 2.425.000 euro | 540005-52831-4809-313100 "Farmazia Prestazioak", edo antzeko helburuetarako 2028ko Gastu Aurrekontuan gaitzen dena |
Dirulaguntzak emanen dira baldin eta kasuan kasuko urtean kreditu egokia eta nahikoa badago.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara, Kontabilitate eta Aurrekontu Atalera, Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzara eta Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzura.
6. Foru agindu honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
Iruñean, 2024ko azaroaren 15ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da arautzea nola eman dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubidean farmazia zerbitzu propioa edo kudeaketa mankomunatua duten titulartasun pribatuko egoitza/zentro soziosanitarioei, edo ospitaleko farmazia zerbitzuarekin edo zentro soziosanitarioarekin lotutako medikamentuen biltegia dutenei, baldin eta Osasun Departamentuak baimendutakoak badira bat etorriz Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko zentro soziosanitarioetan farmazia zerbitzuen eta medikamentuen biltegien arreta farmazeutikoa arautzen duen otsailaren 23ko 12/2023 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.
2. Helburua.
Dirulaguntzen helburua da titulartasun pribatuko zentro soziosanitarioetan ematen den arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzea; izan ere, zentro horietako egoiliarrei arreta farmazeutikoa ematea interes publikoko kontu bat da, ezbairik gabe.
3. Entitate onuradunak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzen ahalko dituzte baldintza hauek betetzen dituzten titulartasun pribatuko zentro soziosanitarioek:
a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin berariazko lankidetza hitzarmen bat sinatua izatea egoiliarrei arreta farmazeutikoa emateko, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
b) 80 plaza edo gehiago izatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kargura prestazio farmazeutikorako eskubidea duten pertsonek beteta.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain. Betebehar hori frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.
d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen dituen debekuetatik kanpo egotea. Betebehar hori frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.
4. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honetarako 9.700.000 euro bideratuko dira 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetan, 540005-52831-4809-313100 "Farmazia Prestazioak" partidaren kargura, edo helburu bererako kasuan kasuko Gastu Aurrekontuan gaitzen den antzeko partidaren kargura. Zenbatekoa 2.425.000 eurokoa izanen da urte bakoitzeko, eta honela banatuko da:
–2.310.000 euro, langileen gastuetarako.
–60.000 euro, lokalen gastu orokorretarako.
–55.000 euro, garraio gastuetarako.
5. Gastu diruz lagungarriak.
Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetan arreta farmazeutikoaren ondorioz sortzen diren funtzionamendu gastu hauek:
a) Farmazia zerbitzuaren pertsonal-gastuak: langileen ordainsaria eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota.
Farmazia zerbitzuko plantillarako dirulaguntzak kalkulatzeko erabiliko diren parametroak honako hauek izanen dira biltegi edo farmazia zerbitzu bakoitzeko, mankomunatua izan ala ez:
–80 plaza okupatutik 250era bitarte daudenean, lanaldi osoan ari diren farmazialari bati eta farmaziako teknikari/laguntzaile bati dagokien pertsonal-gastu justifikatuaren adinakoa izanen da dirulaguntza.
–251 plaza okupatutik 350era bitarte daudenean, lanaldi osoan ari diren farmazialari bati eta bi farmaziako teknikari/laguntzaileri dagokien pertsonal-gastu justifikatuaren adinakoa izanen da dirulaguntza.
–351 plaza okupatutik gora daudenean, lanaldi osoan ari diren bi farmazialari eta bost farmaziako teknikari/laguntzaileri dagokien pertsonal-gastu justifikatuaren adinakoa izanen da dirulaguntza.
–Zentro soziosanitario batek baino gehiagok farmazia zerbitzu edo biltegi bera badute, lanaldi osoan ari den beste farmazialari bati edo farmaziako teknikari/laguntzaile bati dagokion pertsonal-gastuaren adinakoa izanen da dirulaguntza.
Kontzeptu horregatik emandako dirulaguntzaren zenbatekoak ez du inola ere gaindituko Nafarroako Gobernuak honako lanbide-kategoria hauen baliokideak diren lanpostuetarako ezarritako oinarrizko ordainsariei dagokien zenbatekoa: ospitaleko farmaziako farmazialari espezialista (ez da barnean sartzen produktibitate finkoko osagarria), farmazialari ez-espezialista eta farmaziako teknikaria/laguntzailea.
Pertsonal-gastua justifikatzeko, lanbide-kategoria bakoitzari dagokion gastua banakatuko da, non ez den zerbitzua ematen kontratatutako enpresa baten bidez; kasu horretan, 9. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.
b) Zentro soziosanitarioan farmazia zerbitzua emateko lokalen gastu orokorrak.
Diruz lagunduko den gastua zehazteko, hileko zenbateko bat kalkulatuko da, lokalaren metro karratuen araberakoa, eta horretarako kontuan hartuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak udalen osasun kontsultategien funtzionamendu gastuak finantzatzeko esleitzen duen diru-zenbatekoa (metro karratua/urtea kontuan harturik finkatzen dena), hain zuzen, II-A motako moduluari dagokiona. Horren ondorioetarako, laguntza horiek emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azkeneko ebazpenaren modulua hartuko da kontuan, hots, dirulaguntza hauen deialdia argitaratu aurretik finkatzen den azkenekoa.
c) Garraio gastuak.
Diruz lagunduko dira loturik edo mankomunitate batean elkarturik jarduten duten zentroen artean egiten diren medikamentu edo osasun produktuen garraio gastuak, baita medikamentuak eta/edo osasun produktuak entregatzeagatik banaketa zentroek kobratzen dituzten kargu logistikoen ondoriozkoak ere.
Organo kudeatzaileak zentroek emandako garraio-gastuen aurreikuspena ebaluatuko du, eta kontzeptu horrengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa adieraziko du.
6. Aurkezteko tokia eta epea.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Dirulaguntzaren eskaerak eta behar diren agiriak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, eskaera sinatzen dutenek ziurtagiri digitala edo NANa-PINa eduki beharko dute.
Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 egun balioduneko epea emanen zaie, idatzia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioa edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.
Dirulaguntza hauek indarrean dauden bitartean, laguntza eskaera gehiago onartzen ahalko dira, baldin eta kasuan kasuko urtean kreditu nahikoa badago eskuragarri eta deialdi honen ostean sortutako farmazia zerbitzu eta/edo medikamentuen biltegi berriak finantzatzeko badira.
7. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
a) Laguntzarako eskabidea, enpresaren legezko ordezkariak sinatua, II. eranskineko ereduaren arabera.
b) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, III. eranskinaren arabera.
c) Zentroaren edo enpresaren izenean eskaera egin behar duen pertsonaren aldeko notario-ahalordearen kopia bat, Merkataritza Erregistroan inskribatua, behar izanez gero, edo, bestela, ordezkaritza hori egiaztatzeko beste agiri bat, ahaldunaren NANaren kopiarekin batera (edo NANa erregelamenduz ordezten duen beste agiri batena).
d) Dirulaguntzaren xedeko zerbitzu edo biltegiaren identifikazioa, eta zerbitzu edo biltegi horren menpe dauden zentro soziosanitarioen zenbakia eta kokapena, bakoitzak duen plaza kopurua xehaturik.
e) Eskaera aurkezten den egunean zenbat plaza okupatuta dauden azaltzen duen erantzukizunpeko adierazpena, adierazita egoiliar horietatik zenbatek duten eskubidea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzutik farmazia prestazioa jasotzeko.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, farmazia zerbitzua eta/edo medikamentuen biltegia hartzen duen lokalak zenbat metro karratu dituen adierazten duena.
g) 2025-2028 urte bitartean aurreikusten diren garraio gastuen zerrenda zehaztua eta arrazoitua.
8. Dirulaguntza ematea.
Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.
Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzak, eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen dituztela.
Laguntzak emateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak jaso eta biharamunetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
9. Dirulaguntzaren ordainketa.
A.–Laguntza hilabetez hilabete ordainduko da, hilabete bakoitza bukatutakoan, gastuak honako agiri hauek aurkeztuz frogatu ondoren:
a) Pertsonal-gastuak.
Horiek frogatzeko, honako agiriak aurkeztu beharko dira hilero:
–Zerrenda bat, diruz lagungarriak diren kontzeptuak eta horien zenbatekoak agertzen dituena.
–Nominen kopia.
–Farmazia zerbitzuko langileen izen-zerrenda eta Gizarte Segurantzako kotizazioen likidazio-zerrenda.
Arreta farmazeutikoa zentro soziosanitarioak kontratatutako enpresa batek ematen badu, zerbitzu hori ematearen ondoriozko gastuak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Enpresa horrekin sinatutako kontratuaren kopia, egoitza horretan arreta farmazeutikoa ematen duten langileen datuak jasoko dituena, titulazioa barne. Agiri hau dirulaguntza eman ondoren aurkeztu beharko da. Agiri horrekin batera, laguntzaren lehen ordainketaren eskabidea aurkeztuko da.
–Kontratatutako enpresak egindako faktura, non diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak agertuko diren, eta zentro kontratugileak egindako ordainketaren frogagiria.
b) Garraio gastuak.
Gastua justifikatzeko, hilero faktura bat aurkeztu beharko da, diruz lagun daitezkeen kontzeptuak eta faktura horren ordainagiria jasotzen dituena.
B.–Dirulaguntza banku transferentzia bidez ordainduko da, entitate onuradunaren kontuan. Gastu hautagarriak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko dira, aldi hauen arabera:
–2025erako, 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era
–2026rako, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era
–2027rako, 2026ko abenduaren 1etik 2027ko azaroaren 30era.
–2028rako, 2027ko abenduaren 1etik 2028ko azaroaren 30era.
Salbuespenezko kasuetan izan ezik, hilabete bateko funtzionamendu-gastuak hurrengo hilabetean aurkeztuko dira, azaroko gastuak izan ezik, horiek abenduaren lehen hamabostaldian aurkeztu beharko baitira, eta, era berean, abenduko gastuak hurrengo urteko urtarrilean aurkeztuko dira beranduenez.
10. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateraezinak dira xede bera duen beste edozein dirulaguntzarekin, dirulaguntzaren izaera eta/edo hura ematen duen entitatea edozein delarik ere.
11. Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
b) Osasun arloko administrazioek honako arlo hauen gainean sustatzen dituzten programetan kolaboratzea: farmazia eta osasun arretaren kalitate bermea, osasunaren sustapena eta babesa, eritasunen prebentzioa eta osasun hezkuntza.
c) Arreta farmazeutikoaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak arlo horretan ezartzen dituen prozedurak eta jarraibideak betetzea; zehazki, agindu medikoak LAMIA-SS programan sartzeko betebeharra (gurutze gorria).
d) Publizitate egokia ematea dirulaguntza honen xede diren gastuen finantzaketaren gainean; horretarako, laguntza ematen den bitartean, web-orrian ikusteko moduan jarri beharko da honako esaldi hau: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du egoiliarren arreta farmazeutikoaren gastuak finantzatzeko".
e) Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin bat egokitzea komunikazioen eta diruz lagundutako jardunarekin zerikusia duten gainerako idatzien testuak. (17/2019 Foru Legea, 18 artikulua).
f) Dirulaguntza indarrean dagoen bitartean mantentzea 3. oinarrian aurreikusitako betekizunak, laguntza jasotzeko eskubidea ematen dutenak.
g) Gardentasun betebeharrak:
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Betebehar hori betetzeko, III. eranskina bete beharko dute.
Dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek dokumentazioa aurkeztu behar badute, aurkeztutako adierazpenarekin bat (III. eranskina), agiriak modu telematikoan aurkeztuko dituzte, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.
12. Emandako dirulaguntzen publizitate araubidea.
Laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.
13. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.
14. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.
15. Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta haiek aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
II. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
Izen-deiturak: .................................................................................... NANa/IFZa: ..................................
Helbidea: .................................................................................................................................................
Herria: ............................................................................................................... P. kd.: .....................
Telefonoa: …………………Helbide elektronikoa: ………..............................….…………………..……….
Bere izenean edo hau ordezkatuz (bidezko ez dena ezabatu):
(laguntza eskatzen duen entitatea) ..........................................…………………..…………………………
IFZa: ........................................................
Helbidea: .................................................................................................................................................
Herria: ............................................................................................................... P. kd.: .....................
Telefonoa: …………………Helbide elektronikoa: ………..............................….…………………..……….
ESKATZEN DU:
Arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzeko dirulaguntza, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaileen arabera. Dagokion deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da.
Eta oinarri horietan ezarritakoarekin bat, ADIERAZTEN DUT:
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrei dagokienez, ADIERAZTEN DUT ez dudala artikulu horretan onuradun izateko ezarri diren debekuetako bakarrik ere.
–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritako betebeharrei dagokienez, ADIERAZTEN DUT ez nagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, ezta zehapen edo kondena-epai bat bete zain ere, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo onartzeagatik.
Dirulaguntzaren xede diren gastuei dagokienez, ADIERAZTEN DUT ez dudala halako dirulaguntzarik eskatu edo jaso inongo administrazio publiko, entitate publiko zein pribatu edo partikularren partetik.
Sinadura eta data
III. ERANSKINA.–GARDENTASUNARI, INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEARI ETA GOBERNU ONARI BURUZKO 5/2018 FORU LEGEAREN BETEBEHARREN GAINEKO ADIERAZPENA
Izen-deiturak: .................................................................................. NANa/IFZa: ............................... Entitate eskatzaile honen legezko ordezkaria: ...................................................................................... pertsona juridikoa baita (IFZa:............................................; helbidea:................................................), eta ................................................................................................................................................ deialdiaren babesean emandako dirulaguntzaren onuradun gisa, adierazpen hau egiten du:
Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu. Halaber, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak 12.4 artikuluan ezartzen duenez, gardentasun betebeharra dute dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitateek, baldin eta bi inguruabar hauetako bat gertatzen bada:
1.–Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
2.–Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa entitatearen urteko diru-sarreren %20 baino handiagoa izatea, gutxienez 5.000 euro egiten badu.
Aipatu arauan adierazitakoarekin bat,
ADIERAZTEN DUT:
Ez dudala gardentasun betebeharrik (ez delako gertatzen arestian aipatutako inguruabarretako ezein).
Gardentasun betebeharrak ditudala, eta aurkeztu dudala informazio hori, ............................... deialdian eman zaidan .......................................... euroko dirulaguntzari loturik. Hortaz, ez da beharrezkoa berriz aurkeztea, orduan emandako datuak ez baitira aldatu.
Gardentasun betebeharrak ditudala, eta, hortaz, onuradun izanez gero, aplikagarri den araudian (III bis eranskina) ezarritako informazioaren berri emanen dudala, deialdiaren 11. oinarriarekin bat.
.........................(a)n, .........(e)ko ..................................aren ..................(e)(a)n.
Sinadura eta zigilua.
III BIS. ERANSKINA
Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Horretarako, bi inguruabar horietako bat betetzen duten entitate eta pertsona juridiko onuradunek arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua:
1.–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
2.–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.
3.–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
4.–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da, ez guztizko batura.
Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.
Iragarkiaren kodea: F2416884
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
