Iragarkia
244. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
298E/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 8koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, prestakuntza beka bat emateko deialdia onesten duena, Zuzenbideko gradudunentzat, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko. DDBN identifikazioa: 796238.
Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak prestakuntza beka baterako deialdia egiteko proposatu du, Zuzenbideko gradudunentzat, Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko.
Beka deialdi hau egin eta beka emanez, Zuzenbideko graduko unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu nahi da, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Idazkaritza Tekniko Nagusian egiten den lanari buruz. Hautatutako pertsonak bere prestakuntzari dagozkion zereginak izanen ditu, arlo juridikoari buruzkoak, bereziki administrazio zuzenbidearen, etxebizitzaren, gazteriaren eta migrazio politiken arlokoak.
Bekaren deialdian eta hura ematean, oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
Horiek guztiak horrela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, Zuzenbideko graduko unibertsitateko tituludunentzat, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko. Deialdia arautuko duten oinarriak foru agindu honen I. eranskinean jasotzen dira.
2. Bekaren 11 hilabeterako, 13.870,89 euroko gastua baimentzea, honela banatua:
–2025eko gastuaren zenbatekoa, guztira 13.809,9 euro, 2025eko aurrekontuan gaituko den partida bati egotziko zaio, 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "ITNko praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 300000 30100 4809 921102 partidaren baliokideari.
–2026ko gastuaren zenbatekoa, guztira 60,99 euro, 2025eko abenduko Gizarte Segurantzako enpresa-kuotari dagokio, eta 2026ko aurrekontuan gaituko den partida bati egotziko zaio, 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "ITNko praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 300000 30100 4809 921102 partidaren baliokideari.
Hurrengo urteetarako, bekak, luzatzen baldin bada, segituko du hileko 1.200 euro gordineko kostua izaten, gehi Gizarte Segurantzaren kuotari dagozkion beste 60,99 euro hilean, eta dagokion gastua urte horietako Nafarroako aurrekontu orokorretan gaituko den partida bati egotziko zaio, "ITNko praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 300000 30100 4809 921102 partidaren baliokideari, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.
2025., 2026., 2027. edo 2028. urteetan Gizarte Segurantzako kuota aldatuz gero, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak eguneratuko dira.
3. Deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kontu-hartzailetza Delegatura igortzea eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 8an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
I. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA BEKA BATERAKO DEIALDIA, ZUZENBIDEKO GRADUDUNENTZAT, ETXEBIZITZAKO, GAZTERIAKO ETA MIGRAZIO POLITIKETAKO DEPARTAMENTUKO IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIAN ARITZEKO 2025. URTEAN. OINARRIAK
1. oinarria. Xedea.
Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat ematea, norgehiagokako araubidean, Zuzenbideko graduko unibertsitateko tituludunentzat, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko
Bekaren helburua da haren onuradunaren prestakuntza sustatzea, zuzeneko ezagutza praktikoa lor dezan Idazkaritza Tekniko Nagusian egiten den lanari buruz.
2. oinarria. Aurrekontu erabilgarria.
Bekarako, guztira, 13.870,89 euro bideratuko dira (Gizarte Segurantzako kotizazioak barne), honela banakatuta:
–2025eko gastuaren zenbatekoa, guztira 13.809,90 euro, 2025eko aurrekontuan gaituko den partida bati egotziko zaio, 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "ITNko praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 300000 30100 4809 921102 partidaren baliokideari.
–2026ko gastuaren zenbatekoa, guztira 60,99 euro, 2025eko abenduko Gizarte Segurantzako enpresa-kuotari dagokio, eta 2026ko aurrekontuan gaituko den partida bati egotziko zaio, 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "ITNko praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 300000 30100 4809 921102 partidaren baliokideari.
Hurrengo urteetarako, bekak, luzatzen baldin bada, segituko du hileko 1.200 euro gordineko kostua izaten, gehi Gizarte Segurantzaren kuotari dagozkion beste 60,99 euro hilean, eta dagokion gastua urte horietako Nafarroako aurrekontu orokorretan gaituko den partida bati egotziko zaio, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.
2025., 2026., 2027. edo 2028. urteetan Gizarte Segurantzako kuota aldatuz gero, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak eguneratuko dira.
3. oinarria. Iraupena.
Hasiera batean, bekak 11 hilabeteko iraupena izanen du. Hasiko da 2025eko otsailaren 1ean edo, data hori baino beranduagokoa bada beka emateko ebazpena, ebazpenean adierazten den egunean, eta 2025eko abenduaren 31n bukatuko da.
Beka urtez urte luzatzen ahalko da, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ebazpen bidez, gehienez ere hiru urtera arte, guztira, hasierako aldiaren eta luzapenen artean. Luzapena aurrekontuetan horretarako kreditu nahikoa egotearen mende izanen da.
4. oinarria. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Bekak 1.200 euro gordineko zuzkidura izanen du hilean, eta zenbateko horretatik dagokion Gizarte Segurantzako kuota deskontatuko da. Orobat, ordaintzen den diruari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
Ordaindu beharreko zenbatekoa hilero ordainduko da, hilabetea amaitutakoan.
Beken onuradunei ordaintzen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
5. oinarria. Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.
6. oinarria. Betebeharrak.
Prestakuntza beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estatu batekoa. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.
d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
e) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.
f) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
g) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
h) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
7. oinarria. Eskaerak aurkeztea.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Interesdunek Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren Erregistroan, Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetako edozeinetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein tokitan aurkezten ahalko dute eskaera.
Telematika bidez ere aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz:
Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
7.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskaera orria, II. eranskinean dagoen eredu normalizatuaren arabera. Tramitearen fitxatik ere hartzen ahalko da eredua.
b) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten fotokopia.
c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.
d) Zuzenbideko graduaren titulu ofizialaren fotokopia.
e) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, haren batez besteko nota adierazita eta espresuki aipatuta ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak eta zein deialditan gainditu zituen.
f) Nafarroan erroldatua egotearen ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.
g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera (III. eranskina).
h) Erantzukizunpeko adierazpen bat, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik, helburu bererako, bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko (III. eranskina).
i) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek gehienez hilabete lehenago egina izan beharko du. Ez dago agiri hori aurkeztu beharrik, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, IV. eranskineko ereduaren arabera.
j) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du, bakar-bakarrik, baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta, IV. eranskineko ereduaren arabera.
7.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek 7.2 oinarrian finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio gehienez hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
8. oinarria. Ebaluazio batzordea.
8.1. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Proposamen horretan, izangai onartu bakoitzak guztira lortu dituen puntuak adieraziko dira.
Honako hauek egonen dira ebaluazio batzordean:
Batzordeburua: Gurutze Úbeda Echarri andrea, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.
Idazkaria: Itziar Almarza Nantes andrea, Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
Batzordekidea: Amaia Larrambe Saldaña andrea, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
Batzordeko kideren bat kanpoan edo gaixorik badago, haren ordez, Idazkaritza Tekniko Nagusiko langile bat arituko da, deialdi honetan eskatzen denaren berdina edo goragokoa den titulazioa duena.
9. oinarria. Balorazio baremoa.
Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta gehienez 20 puntu lortzen ahalko dira:
a) Ikasketa espedientea. 10 puntu gehienez.
Espedientearen batez besteko nota baloratuko da (gradudunaren osoko kalifikazioa), honela:
–Nahikoa: 4 puntu.
–Oso ongi: 6 puntu.
–Bikain: 8 puntu.
–Ohorezko matrikula: 10 puntu.
b) Beka emateko baldintza denaz kanpo, beste unibertsitate titulu batzuk izatea, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 3,5 puntu gehienez.
–Doktoretza: 2 puntu.
–Masterra: 1 puntu.
–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.
c) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana. 3 puntu gehienez.
Hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.
–A2 maila: 0,20 puntu.
–B1 maila: 0,30 puntu.
–B2 maila: 0,5 puntu.
–C1 maila: 0,75 puntu.
–C2 maila: 1 puntu.
d) Elkarrizketa pertsonala. 3,5 puntu gehienez.
Puntuaziorik altuenak lortu dituzten 4 pertsonei dei eginen zaie elkarrizketa pertsonal bat egitera ebaluazio batzordearekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren oinarrizko antolaketari eta Administrazio Prozedura Erkidearen kontzeptu orokorrei buruz.
Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, talde-lanerako gaitasuna eta beste gaitasun sozial batzuk.
Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 24 ordu lehenago gutxienez. Nahitaezkoa da elkarrizketara joatea. Hautagai bat elkarrizketara joaten ez bada, haren eskaera prozesutik kanpo geldituko da, eta puntuazio altuena duen hurrengo hautagaiari deituko zaio.
Eskatzaileen artean berdinketarik izanez gero, baremoko a) atalean puntu gehien lortu duenaren alde joko da. Berdinketak irauten badu, b) atalean puntu gehien lortu duenaren alde joko da, eta, ondoren, behar izanez gero, c) eta d) ataletako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan. Azkenik, behar izatera, zozketaz ebatziko da.
10. oinarria. Beka ematea.
10.1. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Seigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
10.2. Baremazio prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak beka emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari, onartutako pertsona bakoitzari emandako guztizko puntuazioa adierazita. Nolanahi ere, proposamen hori loteslea izanen da.
10.3. Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariaren foru agindu baten bidez emanen da beka, ebaluazio batzordeak proposamena egin ondoren. Foru agindu horretan, gutxienez, beka nori ematen zaion agertuko da, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Bekaren esleipena interesdunei jakinaraziko zaie eta, informazio gisa, Nafarroako Gobernuaren webgunean (bekaren deialdiaren tramitearen fitxan) argitaratuko da, lortutako puntuazioaren araberako eskatzaileen lehentasun hurrenkerarekin batera.
Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.
11. oinarria. Tutoretza.
Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko idazkari tekniko nagusiak zuzendu eta gainbegiratuko ditu bekaren onuradunak egiten dituen jarduerak, eta tutore lanak eginen ditu.
Tutoreak bekadunaren zeregin zehatzak eta ordutegiak finkatuko ditu, eta betebehar orokorrak eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.
12. oinarria. Justifikatzeko epea eta modua.
Onuradunak txosten edo memoria bat aurkeztu beharko du egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetze mailari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena 2025eko abendua baino lehen aurkeztuko da, eta, bekaldia luzatuz gero, urte bakoitzeko abendua baino lehen.
13. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.
Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.
f) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.
g) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.
h) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.
j) Bekaren garapenari buruzko txostenak aurkeztea, 12. oinarrian azaldu den moduan.
14. oinarria. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.
Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du jarduera. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola, non ez dituen organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten.
Emandako bekari berariaz uko eginez gero, behin bekaz baliatzen hasia dela, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez eman beharko dio ukoaren berri Idazkaritza Tekniko Nagusiari.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.
15. oinarria. Prestakuntza jarduera egitea.
Bekaduna Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bulegoetan arituko da, astean gehienez 30 orduko dedikazioarekin.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadunari.
16. oinarria. Jabetza intelektuala.
Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
17. oinarria. Lan edo administrazio harremanik eza.
17.1. Bekaz baliatzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, ezta harreman administratiborik edo estatutupekorik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
17.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion zeregin edo jarduerak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko langileek, funtzionario nahiz kontratudunek, gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira zeregin horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
17.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, garatzeko Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.
18. oinarria. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
19. oinarria. Ez-betetzeak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:
a) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateragarria ez den beste beka edo dirulaguntza bat.
c) Bukaerako memoria aurkezten ez bada, azken hilekoan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da.
20. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
21. oinarria. Araubide juridikoa.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
II. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA BEKA BATERAKO DEIALDIA, ZUZENBIDEKO GRADUDUNENTZAT, ETXEBIZITZAKO, GAZTERIAKO ETA MIGRAZIO POLITIKETAKO DEPARTAMENTUKO
IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIAN ARITZEKO - 2025
DATU PERTSONALAK | |||
Lehen deitura: | |||
Bigarren deitura: | |||
Izena: | |||
NANa: | Jaioteguna: | ||
Helbidea: | |||
Herria: | P. kd.: | ||
Telefonoa: | Helbide elektronikoa: | ||
IKASKETA DATUAK | |||
Titulazioa: | |||
Hasierako urtea: | Bukaerako urtea: | ||
Espedientearen batez besteko nota: | |||
Unibertsitatea: | |||
BESTE TITULU AKADEMIKO BATZUK |
1. |
2. |
3. |
HIZKUNTZAK | |
Hizkuntza | Maila |
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura: ..........................................................................................................
Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa
Arduraduna: Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.
Xedea: Beka emateko, kudeatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko prozesuak egitea.
Legitimazioa: Botere publikoen erabilera.
Hartzaileak: Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.
Eskubideak: Jakinarazten dizugu datuen babesaren arloan dituzun eskubideak balia ditzakezula hurrengo izapidean.
III. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Nik, .......................................................................................................................................... jaunak/andreak, Zuzenbideko gradudunei zuzendua dagoen eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko den prestakuntza bekaren deialdiari dagokionez,
Erantzukizunez adierazten dut:
–Deialdiaren 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ditudala.
–Ez nagoela dirulaguntza publikoen onuradun izatea galarazten duten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz.
–Ez dudala kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura: ..........................................................................................................
IV. ERANSKINA.–ZERGEN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN DATUAK KONTSULTATZEA
ZERGEN DATUAK KONTSULTATZEA:
Nik, .......................................................................................................................................... jaunak/andreak (NANa/AIZa: ...............................), Zuzenbideko gradudunei zuzendua dagoen eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko den prestakuntza bekaren deialdiari dagokionez,
BAIMENA EMATEN DIOT Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari, deialdi honen esparruan, ZUZENEAN ESKA DIEZAION Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zerga betebeharrak egunean ditudala frogatzen duen ziurtagiria, datu horiek beharrezkoak baitira eskaera ebazteko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2.e art.).
EZ DIOT BAIMENIK EMATEN Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari, deialdi honen esparruan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzenean eskatzeko zerga betebeharrak eguneratuak ditudala frogatzen duen ziurtagiria, eta nik neuk, eskatzailea bainaiz, aurkezten dut eskaera ebazteko behar den agiria.
GIZARTE SEGURANTZAREN DATUAK KONTSULTATZEA:
Aditzera ematen da ezen Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak datu pertsonalak eskuratzen ahalko dituela edozein erakunde edo administrazio publikori eskatuta, zuzenean edo bide telematikoak erabiliz datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez, informazio pertsonal hori beka emateko beharrezkoa bada; zehazki, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak bete dituela frogatzen duten datuak. Interesdunak aurka egiten ahalko dio Gizarte Segurantzaren datu horiek kontsultatzeari, arrazoiak emanda, honela, eta hala bada berak aurkeztu beharko ditu datu horiek eskaera izapidetu ahal izateko.
Ni, ……………………………………………………………………… jauna/andrea, (NANa/AIZa: ................................................), Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ditudala (eskatzailea bainaiz) frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka nago, arrazoi hauek direla eta:
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Eskatzailearen sinadura: ..........................................................................................................
Iragarkiaren kodea: F2416404
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
