244. ALDIZKARIA - 2024ko abenduaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

351E/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 13koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erizainen 248 lanpostu, gehienez, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 15eko 110/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2021. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako, 2021. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako egonkortzeari jarraikiz. Lan eskaintza hori ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokio.

Abenduaren 22ko 115/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2021. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Abenduaren 27ko 304/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2023. urteko enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasa espezifikoari dagokio.

Abenduaren 27ko 306/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2023. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Osasuneko kontseilariak azaroaren 11n eman 350E/2024 Foru Aginduaren bidez, deialdi bat onetsi zen Osasun Departamentuko erakunde autonomoetan erizainen 296 lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko.

Deialdi honen xedeko lanpostuak lehendik deitutako lekualdatze-lehiaketan hutsik gelditzen direnak izanen dira.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea erizainen 248 lanpostu betetzea sarrera prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketa bidez, baita deialdiaren oinarriak ere.

Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, haren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erizainen 248 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, eta bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzea, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, foru agindu honen eranskin gisa ageri dena.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2024ko azaroaren 13an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA.–OSASUN DEPARTAMENTUKO ERAKUNDE AUTONOMOETAN ERIZAINEN 248 LANPOSTU OPOSIZIO-LEHIAKETAREN BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdiko lanpostuak.

Deialdi honen xedea da erizainen 248 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, zehazki, lekualdatze-lehiaketan hutsik geratzen direnak.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira haren destinoak eta plantilla-zenbakiak; hain zuzen, aipatutako lekualdatze deialdia ebatzi ondoren hutsik gelditzen direnak izanen dira.

1.2. Lanpostuen banaketa txandaka.

Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, deitutako lanpostuak honako ordena korrelatibo honen arabera banatuko dira:

–Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena eta abar, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena eta abar, txanda irekian.

Txanda irekitik hasiko da kontatzen lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera, igoera txandakoa izan baitzen aurreko deialdian sartutako azken lanpostua.

Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

–109 lanpostu, txanda irekian.

–108 lanpostu, igoera txandan.

–24 lanpostu, desgaitasuna duten pertsonentzako txandan.

–7 lanpostu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandan.

Igoera txandako lanposturen bat hutsik geldituz gero txanda horretako izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekira igaroko dira.

Era berean, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, bidezko den txandakoei gehituko zaie, oinarri honetan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Halaber, baldin eta igoera txandan, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandan edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandan probak gainditzen dituzten izangaiak gehiago badira lanpostu hutsen kopurua baino, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hori horrela, igoera txandako izangaiak, desgaitasuna duten pertsonentzako txandakoak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandakoak, kasuan-kasuan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, txanda irekian onartuko dira, betiere txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte eta kontrakoa adierazten ez badute berariaz.

1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek erizainen lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.

103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Gainerako arau osagarriak.

1.5. Publikotasuna.

Deialdi hau eta haren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:

–Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu/), erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "Erizaina".

1.6. Lanpostuaren sailkapena.

Deialdi honetako lanpostua B maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan estamentu eta espezialitateetako izendapenetarako indarrean den "Osasun diplomadunak" estamentuan eta "Erizaintza Orokorra" espezialitatean dago sailkaturik (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, eranskina).

1.7. Ordainsariak.

Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.8. Lanaldia.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Irakaskuntza.

Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.10. Lotura organikoa.

Erizain lanpostu bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen).

1.11. Hizkuntzak.

Nafarroako edozein administrazio publikotan euskara edo hizkuntza komunitarioren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek, geroago, beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2. Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekia.

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Erizaintzako gradudun/diplomadun titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangairen batek alegatzen badu eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dioten ikasketa baliokideak dituela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko du, edo, bestela, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroleko Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txanda.

Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea (funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratudun finkoa) eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterakoren batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta gutxienez bost urteko antzinatasuna aitorturik izatea administrazio publikoetan.

2.1.3. Erreserba-txanda desgaitasuna dutenentzat.

Txanda irekirako adierazitako betebeharrak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.4. Erreserba-txanda genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

2.1 atalean adierazitako baldintzak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima izan direla aitortua izan beharko dute.

2.2. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den lanpostuetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.

Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

2.3. Lanpostu batean aritzeko derrigorrezkoa bada erradioterapiako eta/edo medikuntza nuklearreko instalazio erradioaktiboetan lan egiteko lizentzia edukitzea, kasuaren arabera, izangaiak lanpostua aukeratzeko epea ireki baino lehen frogatu beharko du baduela dagokion lizentzia.

2.4. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segitu, harik eta izendatzen dituzten arte.

3. Eskaera, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Inskripzioa egiteko epea.

Inskripzio-eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Inskripzio-eskaera eta tasak.

Inskripzio-eskaeraren aurkezpena eta tasen ordainketa telematika bidez eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez, hots, https://empleosalud.navarra.es/eu/oposiciones helbidearen bidez, erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "Erizaina", eta gero, "Inskripzioa" sakatuz.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak. Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Hautaprobaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Salbuespen hori frogatzeko, izangaiek baimena ematen ahal diote Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren lan eskatzaile gisa.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.

3.3. Inskripzio-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Inskripzio telematikoa egiten denean, tasa ordaintzetik salbuesteko dokumentazioa eskaneaturik erantsi beharko da, bai eta jarraian adierazten dena ere, kasuen arabera.

3.3.1. Igoera txandan parte hartzen dutenak Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira:

–Ziurtagiri bat, zeinean agertuko baitira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortua duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

3.3.2. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan parte hartzen duten emakumeek agiri hauetakoren bat aurkezten ahalko dute egoera hori frogatzeko:

–Kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, adierazten duena badirela eskatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak.

–Gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena.

3.3.3. Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu salbuespenez eskatzen bada.

3.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.6. Erizainen aldi baterako kontratazioetarako osatuko diren zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da.

3.7. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskaera-orrian adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

4. Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitara dadila aginduko du.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktimentzat erreserbatutako txandan parte hartzen duten emakumeak identifikatzeko, gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu automatikoan esleituko zaiona parte hartzeko eskaera-orria aurkezten dutenean, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, akatsik egin badute, zuzendu. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian argitara dadila. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaio azterketa-eskubideengatik ordaindutako tasa itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela foru agindu honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozesua gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean inskripzio-eskaera bat ere aurkezten ez bada, organo eskudunak foru agindu bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Sonia Iso Gayarra andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Prozesu Kirurgikoen, Kritikoen eta Urgentziazkoen Zainketen zuzendariordea.

Ordezko epaimahaiburua: Elena Sota Pernaut andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Ospitalizazioaren eta Prozesu Anbulatorioen Zainketen zuzendariordea.

Epaimahaikidea: Jaione Aramburu Gonzalo andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: María Ángeles Martín Sánchez andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: María Teresa Fauste Angos andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Blanca Sánchez Burgaleta andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: Ana Herranz Dorremochea andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Marta Zornoza Villagarcía andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Idazkaria: Ana Valencia Moreno andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kontratazio Zerbitzuko burua.

Ordezko idazkaria: Gabriel Izpura Liberal jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Profesionalen zuzendaria.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoeretako batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2025eko ekainean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldiaren barruan ariketa hau egin beharko da: test motako hainbat galderaz osatutako galdetegi bat erantzutea idatziz, I. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Oker erantzunez gero, penalizazioa aplikatuko da. Galdera kopurua, penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.

6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:

Oposizioaldian 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 10 egun balioduneko epea irekiko du alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Merezimenduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, baremoan adierazitako atalei jarraikiz, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epean. Horretarako, https://empleosalud.navarra.es/eu/inicio web-orria erabili behar da, "Oposizioak" estekan, eta gero "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" ataletan sartuz, behar den kategoria aukeratuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Ez dira merezimendu hauek aurkeztu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratu dituztelako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko deialdien datu basean daudelako.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Osasun arloko diplomadunak" estamentuan eta "Erizaintza Orokorra" espezialitatean sailkaturik dagoela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateen izendapenen indarreko sailkapenean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Egindako zerbitzuen iraupena, noiztik noiz arte, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiek aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta hamar egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak.

7. Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz guztira puntuazio handiena lortzen duenari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren web-orrian, prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran. Gero, prozesua gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.

8. Zentroa hautatzea eta esleitzea.

8.1. Destinoko zentroaren hautaketa eta esleipena eginen da izendapen proposamena edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko baimena argitaratu baino lehen, deitutako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiek egindako eskaeren arabera, lortutako hurrenkera kontuan hartuta, eta lanpostu horietan sartzeko oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

8.2. Lehenik eta behin, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek hautatuko dute; ondoren, igoera txandan parte hartzen dutenek eta, azkenik, txanda irekian parte hartzen dutenek, horren barnean direla genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

8.3. Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, egokiena esleituko zaio, horren gainean egiten den txostena aztertu eta gero.

8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:

–Hautaketa egin baino lehen, hautatu dezaketen izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta lanpostu zenbakien zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

–Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak, deialdiaren web-orriaren bidez, hamar egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaera horietan, zer lanpostu hautatu nahi dituzten adierazi beharko dute, lehentasun ordenari jarraikiz.

8.5. Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatzeko eta esleitzeko egintza, eta horren emaitzaren berri emanen du deialdiaren web-orriaren bidez.

9. Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak behar den izendapen proposamena eginen du lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua lortzen duten izangaien alde. Proposamen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitaratuko da.

9.2. Proposatutako izangaiek 30 egun naturaleko epea izanen dute, proposamena argitaratzen denetik hasita, kasu bakoitzerako adierazten diren agiri hauek helarazteko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako eta Lanpostuak Betetzeko Atalari, erregistro orokor elektronikoaren bidez.

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta lanpostuari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1.b), e) eta g) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertu beharko baita funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haien administrazio egoera.

9.2.4. Desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartzen duten izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, balorazio eta orientazio talde eskudunek emaniko frogagiri bat aurkeztu beharko dute, zehazten duena desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela.

10. Izendapena eta karguaz jabetzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko baimena emanen du, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta izanen dituzte indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Bestalde, langile lan-kontratudun finkoek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte.

Nafarroako administrazio publikoetako edozein montepioren eskubide pasiboen araubidean afiliatuta daudenek aukeran izanen dute Administrazioari dagokion montepioan jarraitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak. Lanpostuaz jabetzeko epea hilabetekoa izanen da, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

10.4. Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen batek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario bihurtzeko edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatua izateko eskubide guztiak galduko ditu.

10.5. Deialdiko lanpostuak beteko direla ziurtatzeko, izangairen batek uko egiten badu, bete beharrekoak betetzen ez baditu, lanpostua garaiz eta behar bezala hautatzen ez badu, izendapen proposamenaren ondoren eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu edo, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrerako ondorioekin borondatezko eszedentzia-egoeran deklaratzen bada, administrazio organo eskudunak oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendan jarraian ageri direnekin beteko ditu lanpostu hutsak.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hautaketa. Beraz, funtzionario edo kontratatu berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Errekurtsoren bat jartzen bada deialdi honen aurka edo oposizio-lehiaketaren garapenaren edo ebazpenaren aurka, oposizio-lehiaketa ez da irmoa izanen harik eta errekurtsoak ebazten diren arte.

11. Zerrendak prestatzea aldi baterako kontratazioak egiteko, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

11.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko. (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.

11.2. Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran izangaiek adierazi beharko dute zer eremu eta zer kontratazio mota aukeratzen duten, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.

Orobat, deialdiaren azken emaitzak argitaratu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hamar egun balioduneko epea irekiko du, nahi duenak hasierako hautaketa alda dezan.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.3. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

11.4. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta eskaintzak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/es/contratacion.

11.4.1. Titulazioa.

Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, deialdian eskatzen den titulazioa izatea egiaztatu beharko da.

Izangaiaren titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea. Bestela, erantsi egin beharko da.

Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulazioa kontsultatzeko Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.

11.4.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Izangaiak ikusten badu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez ditu berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

11.4.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

11.4.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematikoki eginen da.

Izangaiek, hala nahi badute, modu telematikoan eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

11.5. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren betebeharra, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

11.6. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.7. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

12. Zerrendak prestatzea aldi baterako barne igoerarako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

12.1. Aldi baterako barne igoerarako zerrendak prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

12.2. Zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta kontratazioa egin arte mantendu: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, erizain lanpostuari dagokion maila-taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea, eta lanpostu horretan aritzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, beharrezkoa izanen da deialdiaren oinarrietan oposizioaldirako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gaindituta izatea.

Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honek eta deialdiko oinarri eta egintzek ez dute administrazio bidea amaitzen, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoarekin.

Deialdiaren aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan nahiz eskuordetzari buruzko foru aginduan xedatutakoarekin.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA.–Gai-zerrenda

Gai orokorrak.

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: atariko titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez: I. kapitulutik III. kapitulura.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua eta II. tituluko VIII. kapitulua. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

4. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.

5. gaia.–41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituena, eta 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzkoa.

6. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

7. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua.

8. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzkoa: atariko kapitulua eta I. kapitulutik VIII.era bitartekoak.

Berariazko gaiak.

1. gaia.–Osasun arloko dokumentazioa. Pazientearen historia klinikoa. Kodetzea. DGMO. Datuen gutxieneko multzo oinarrizkoa (1093/2010 Errege Dekretua, irailaren 3koa, Osasun Sistema Nazionaleko txosten klinikoetako datuen gutxieneko multzoa onesten duena: Erizaintzako zainketa txosteneko datu multzoa).

2. gaia.–Lan-osasuna: kontzeptua. Laneko baldintza fisikoak eta ingurumenekoak. Arrisku biologikoak, fisikoak, kimikoak eta ergonomikoak. Prebentzio neurriak.

3. gaia.–Osasun zerbitzuen finantzaketa, kudeaketa eta hornidura. Ekitatea. Eraginkortasuna, efizientzia eta efektibitatea. Kudeaketa klinikoa: kontzeptu orokorrak. Asistentzia prozesuen araberako kudeaketa.

4. gaia.–Osasuneko kostuak: kontzeptua. Kostu motak. Kostuen kalkulua: Case Mix. Osasun teknologien ebaluazio ekonomikoa: kontzeptu orokorrak.

5. gaia.–Osasun arretaren kalitatea. Asistentziaren kalitatearen osagai kontzeptualak. Asistentziaren kalitatearen osagaiak. Asistentziaren kalitatearen ebaluazioa. Kalitatearen nazioarteko ereduak.

6. gaia.–Pazientearen segurtasunaren estrategia. Segurtasunaren kultura. Jardunbide kliniko seguruak. Arriskuaren kudeaketa eta jakinarazpen eta ikaskuntza sistema.

7. gaia.–Bioetika: funtsezko printzipioak. Harreman klinikoaren ereduak. Baimen informatua. Intimitatea eta konfidentzialtasuna. Giza duintasuna eta zainketa aringarriak. Aurretiazko borondateak. Erizaintzako deontologia. Osasun asistentziaren etika batzordeak.

8. gaia.–3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, Eutanasia arautzen duena.

9. gaia.–Estatistika osasun zientziei aplikatua. Oinarrizko kontzeptuak: biztanleria, lagina, aldagaiak. Zentrorako joeraren neurriak, sakabanatzearenak, formarenak eta posizioenak. Probabilitatea eta probabilitate-banaketa. Inferentzia estatistikoa, hastapenak: korrelazioa, erregresioa eta taldeen konparazioa. Neurriaren baliozkotasuna eta fidagarritasuna.

10. gaia.–Osasun zientzietako ebidentzia zientifikoa: ebidentzian oinarritutako erizaintzaren funtsak. Datu-base bibliografikoak, dokumentu-iturriak eta bibliografiaren berrikuspena. Ebidentziaren azterketa kritikoa.

11. gaia.–Ikerketa kuantitatibo eta kualitatiborako metodologia. Diseinua, datuen bilketa eta analisia. Lan zientifiko baten egitura metodologikoa eta haren faseak.

12. gaia.–Zainketen normalizazioa. Praktika klinikorako gidak. Bide klinikoak. Jarduteko protokoloak. Zainketa estandarizatuen planak. Erizaintzako prozedurak.

13. gaia.–Erizaintzako ereduak eta teoriak: metaparadigma, teoria eta ereduen sailkapena eta teoria nagusiak.

14. gaia.–Erizaintzako prozesua: ezaugarriak eta faseak. Virginia Hendersonen beharren araberako balorazioa, eta Marjory Gordonen patroi funtzionalen araberakoa. Eskalak. Erizaintzako diagnostikoak eta NANDA taxonomia. Plangintzak: NOC eta NIC taxonomia. Gauzatzea eta ebaluazioa.

15. gaia.–Erizaintzako prozedurak.

16. gaia.–Osasun publikoa eta osasun komunitarioa. Osasun demografia. Informazio iturriak eta adierazle demografikoak. Prebentzioa eta osasunaren eta bizimodu osasungarrien sustapena.

17. gaia.–Osasuneko plangintza. Plangintza-mailak. Osasun-adierazleak.

18. gaia.–Nafarroako osasun programak.

19. gaia.–Paziente kronikoei eta pluripatologikoei arreta emateko Nafarroako estrategia.

20. gaia.–Transmititzen ahal diren eritasunak. Kate epidemiologikoa. Gaixotasun kutsakorrak kontrolatzeko eta prebenitzeko neurriak. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak.

21. gaia.–Transmititu ezin diren eritasunak. Epidemiologia. Arrisku faktoreak. Prebentzio estrategia. Gaixotasun baskularrak. Arnasbideetako gaixotasunak. Minbizia. Eritasun mentalak.

22. gaia.–Immunizazioa: kontzeptua eta sailkapena. Txertoak. Txerto motak. Nafarroako Foru Komunitatean haurren eta helduen txertoetarako indarrean dagoen egutegia. Indikazioak, kontraindikazioak eta ondorio kaltegarriak. Hotz-katea.

23. gaia.– Infekzio nosokomiala: kontzeptua eta kate epidemiologikoaren ezaugarriak. Infekzio nosokomial nagusiak: gernubideetako infekzioa, bakteriemiak, zauri kirurgikoa eta pneumoniak. Intzidentzia eta prebalentzia. Prebentzio eta kontrol neurriak.

24. gaia.–Neurri higieniko orokorrak eta aurreneurri unibertsalak. Garbiketa eta desinfekzioa. Antiseptikoak. Desinfektatzaileak. Desinfekzioa, esterilizazioa (material esterila kontserbatzeko, erabiltzeko eta esterilizatzeko metodoak). Osasun hondakinak kudeatzea.

25. gaia.–Erizaintza komunitarioa. Komunitateari laguntza ematea. Erizainen balorazioa eta esku-hartzeak komunitatean.

26. gaia.–Norbanakoaren, taldearen eta komunitatearen osasunerako hezkuntza: kontzeptua, metodologia eta teknika didaktikoak. Osasunerako hezkuntzari buruzko teknikak. Osasunerako hezkuntza-programak prestatzea. Paziente aktiboaren ahalduntzea. Pazientea erabakiak hartzerakoan.

27. gaia.–Familiari arreta egitea. "Familia" kontzeptua eta familia-egitura motak. Genograma. Familia-arreta berebiziko garrantzia duten gertaeren aurrean. Normaltasuna eta familiaren disfuntzionaltasuna.

28. gaia.–Arreta etxean ematea: kontzeptuak eta motak. Zainketak etxean. Zaintzailearentzako arreta.

29. gaia.–Erizaintzako arreta mendekotasuna duten pertsonentzat. Autonomia sustatzea.

30. gaia.–Prozesu kirurgikoa: estresaren aurreko erantzun neurobegetatiboa. Anestesia: motak, emateko modua eta gorabeherak. Ebakuntzaren aurreko egoeran, ebakuntzan eta ebakuntzaren ondoko egoeran dauden pazienteentzako EAP–NNN: berehalakoa, goiztiarra, berantiarra. Zerikusia duten prozedurak: pazientea prestatzea kirurgiarako, ebakuntzako langileak prestatzea (ebakuntzarako garbitzea, janztea eta eskularruak jartzea), esterilizatutako materialaren erabilera, ebakuntzako zaurien eta drainatzeen erabilera, etab.

31. gaia.–Arnas sistemaren problemak dituzten pazienteei arreta ematea: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: arnasketa prozesu akutuak eta kronikoak. EAP–NNN, arnasketa prozesu akutuak eta kronikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: oxigenoterapia, arnas fisioterapia, arnasbideetan gailuak sartu eta mantentzea (Guedel kanula, hodi orotrakeala, trakeotomia), arnasketa mekaniko ez-inbaditzailearen erabilera (modalitateak eta zainketak), inhalagailuen erabilera, etab.

32. gaia.–Barne-ingurunearen homeostasia: likidoen nahasmenduen fisiopatologia, elektrolitoak, azido-base oreka. Erantzun inflamatorio sistemikoa eta lokala. Erizaintzako arreta-prozesua aplikatzea NANDA, NOC, NIC taxonomiak erabiliz (EAP–NNN) homeostasian nahasmenduak edo erantzun inflamatorioa dituzten pazienteekin. Zerikusia duten prozedurak: fluidoterapia ematea eta fluidoterapiako zainketak, balantzeen kalkulua, zainetako kateterrak sartzea, arterietako eta zainetako odol laginak lortzea, benabarneko eta muskulubarneko botikak ematea, etab.

33. gaia.–Sistema kardiobaskularra: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: prozesu kardiologiko akutu eta kronikoak, gaixotasun baskular akutuak eta kronikoak. EAP–NNN, prozesu kardiologiko edo baskularrak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: zaineko kateter zentrala sartzea, hartarako zainketak eta hura mantentzea, presio benoso zentrala neurtzea, EKGa egitea, EKGaren nahasmendu nagusien interpretazioa, datu hemodinamikoen monitorizazioa.

34. gaia.–Sistema nefro-urinarioa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostikoa eta tratamendua, giltzurruneko gaixotasun akutu edo kronikoetan eta gernubideetako gaixotasunetan. EAP–NNN, giltzurruneko prozesuak edo gernubideetako prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: maskuriko zunda eta gernu-biltzaileak sartzea eta mantentzea, gernua kanporatzean ostomia dagoenerako zainketak, odola arazteko sistemak, laginen bilketa, etab.

35. gaia.–Nerbio-sistema zentrala eta periferikoa. Anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, nerbio-sistema zentraleko prozesuetan (baskularrak, toxikoak, infekziosoak, immunologikoak, degeneratiboak edo traumatologikoak), edo nerbio-sistema periferikoko prozesuetan. EAP–NNN, nerbio-sistema zentraleko edo periferikoko prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: drainatze bentrikularrak, ziztada lunbarrerako zainketak, laginak biltzea, monitorizazio neurologikoa, etab.

36. gaia.–Zentzumen organoak: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, zentzumen organoen problema akutu eta kronikoetan. EAP–NNN, zentzumen organoen nahasmendu prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: tapoiak ateratzea; botika otikoaren eta oftalmologikoaren instilazioa, etab.

37. gaia.–Sistema muskuloeskeletikoa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu muskuloeskeletiko akutu eta kronikoetan (traumatologikoak, infekziosoak, degeneratiboak, immunologikoak). EAP–NNN, nahasmendu muskuloeskeletikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: immobilizazio sistemen erabilera eta zainketa (ferulak, igeltsuak, bendajeak, kanpo-finkatzaileak), aldakako/belauneko protesia duen pazientea nola mugitu.

38. gaia.–Sistema hematologikoa. Anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa: anemiak eta koagulazioko nahasmenduak. EAP–NNN, funtzio eritrozitarioan edo koagulazio sisteman nahasmenduak dituzten pazienteentzat. Haiekin erlazionatutako prozedurak: hemoderibatuen transfusioa.

39. gaia.–Prozesu onko-hematologikoak. Fisiopatologia, diagnostikoa, tratamendua (kanpoko erradioterapia/brakiterapia), kimioterapia, progenitore hematopoietikoen transplantea. PAE–NNN, prozesu onkologiko edo hematologikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: kateter zentral iraunkorrak mantentzea, botikak ematea bide intratekalaren bitartez edo larruazalpeko bidearen bitartez, etab.

40. gaia.–Digestio sistema: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu akutuak eta kronikoak daudenean honako hauetan: digestio hodi altua, gibela eta behazun-bideak, eta pankrea. Orobat, heste mehar eta lodiko nahasmenduak daudenean. EAP–NNN, ahoratzea, digestioa edo absortzioa nahasten duten digestio prozesuak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: zunda gastrikoa edo sudur-hesteetako zunda sartzea eta mantentzea, nutrizio enterala edo parenterala, enemak, elikadurako edo digestio-kanporaketako ostomien zainketak, laginen bilketa, etab.

41. gaia.–Sistema endokrinoa: anatomo-fisiologia. Fisiopatologia, diagnostiko eta tratamendu mediko/kirurgikoa, prozesu endokrinologiko akutu edo kronikoetan. EAP–NNN, nahasmendu endokrinologikoak dituzten pazienteentzat. Zerikusia duten prozedurak: laginak biltzea, gluzemia kapilarra, intsulina ematea, etab.

42. gaia.–Nutrizioaren alderdi orokorrak: Mantenugai motak eta haien nutrizio-ezaugarriak.

43. gaia.–Egoera nutrizionalaren balorazioa. Dietetika: dietetarako gidak eta ebaluatzeko sistemak. Dieta terapeutikoak: dietoterapia, zenbait patologiatan. Elikadura enterala edo parenterala duten pertsonen zainketak eta balorazioa.

44. gaia.–Elikadura higienea. Elikagaien ondoriozko toxiinfekzioa.

45. gaia.–Farmakologiaren printzipio orokorrak: farmakozinetika. Botikak ematea eta norberak absorbitzea. Botikak banatzea. Botikak ezabatzea. Botiken eragin-mekanismoa. Botiken arteko eragina eta botiken toxikotasuna. Farmakozaintza sistemak eta ondorio kaltegarriak jakinarazteko sistemak.

46. gaia.–Botikak ematea: botika bat eman aurretik kontuan izan beharrekoak. Botikak emateko moduak: definizioa eta motak. Aukera egiteko puntuak, teknikak eta problema ohikoenak. Dosia kalkulatzea. Medikamentuak kontserbatzeko baldintzak. Medikamentuak zentzuz erabiltzea.

47. gaia.–Medikamentuen sailkapen orokorra: elikadura traktua eta metabolismoa, odola eta organo hematopoietikoak. Sistema kardiobaskularra. Dermatologikoak. Sistema genitourinarioa eta sexu-hormonak. Prestakin hormonal sistemikoak (salbu sexu-hormonak eta intsulinak). Antiinfekziosoak. Antineoplasikoak eta immunomodulatzaileak. Sistema muskuloeskeletikoa. Nerbio sistema Arnas sistema. Zentzumen organoak.

48. gaia.–Emakumezkoen ugaltze-aparatuaren anatomo-fisiologia. Arazo ginekologikoak dituzten emakumeentzako zainketak. Ziklo menstrualaren alterazioak. Ugalketa sistemaren prozesu infekzioso eta inflamatorioak. Patologia ginekologikoa. Erizaintzako arreta larrialdi ginekologikoari.

49. gaia.–Emakume haurdunarentzako erizaintzako zainketak: aldaketa fisiologikoak, elikadura eta higienea. Haurdunaldian maizen izaten diren arazoak. Emakumearentzako arreta erdiberriaroan eta erdiberriaroko arrisku egoerak. Zainketa plana haurdunaldirako, erditzerako eta erdiberriarorako. Arreta eta doluaren tratamendua fetua hiltzen denean umetokiaren barrenean edo erditu ondoren.

50. gaia.–Ama izateko prestaketa. Jaiotzan eta Edoskitzean ematen den Asistentzia Humanizatzeko Ekimena.

51. gaia.–Emakumearentzako zainketak klimaterioan: aldaketa fisiologikoak, ohitura osasungarriak sustatzea, arriskuen prebentzioa eta kontrola. Osasunerako hezkuntza, indibiduala eta taldekakoa.

52. gaia.–Familia plangintza. Hezkuntza eta aholkularitza afektibo-sexuala. Antisorgailuak. Sexu-transmisiozko gaixotasunen prebentzioa. Genero-indarkeria goiz detektatzea eta hari heltzea.

53. gaia.–Jaioberria: jaioberriaren balorazioa. Zainketak jaiotzatik beretik. Arrisku handia duten jaioberriak. Patologia nagusiak, eta honako hauek dituen jaioberriaren eta bularreko haurraren balorazioa eta erizaintzako zainketak: sortzetiko gaixotasunak, arnasbideetako gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak, metabolikoak, digestioko gaixotasunak, gaixotasun hematologikoak, gaixotasun infekziosoak, neurologikoak eta giltzurruneko gaixotasunak eta gernubideetakoak.

54. gaia.–Haurtzaroko zainketak: hazkuntza eta garapena jaiotzetik. Hazkuntza berrikusteko eta kontrolatzeko programa oinarrizko osasun laguntzan. Txertoak. Haurren istripuak. Haurra eta ospitalizazioa. Edoskitzaroa, elikadura eta nutrizioa. Ohitura osasungarriak. Haurren obesitatearen prebentzioa eta istripuen prebentzioa. Osasunerako heziketa-programak. Garapen psikomotorraren gorabeherak goiz detektatzea. Haurraren patologia nagusiak: gaixotasun infekto-kutsagarriak. Arrisku sozialeko egoeran dagoen haurra.

55. gaia.–Nerabezaroko zainketak: ezaugarri orokorrak, ohitura osasungarrien sustapena, ohitura toxikoen eta istripuen prebentzioa eta sexualitatea nerabezaroan.

56. gaia.–Adinekoen zainketak. Kontzeptuak: geriatria, gerontologia, hauskortasuna. Zahartze prozesuko aldaketa nagusiak: fisiologikoak, psikologikoak, sozialak eta patologikoak.

57. gaia.–Balorazio geriatriko integrala: klinikoa, funtzionala, mentala eta soziala. Sindrome geriatriko handiak: hauskortasuna eta erorikoak, immobilismoa, inkontinentzia, mendekotasuna, inaktibitatea, narriadura kognitiboa. Arrisku faktoreak eta prebentzioa. Autonomia pertsonalaren sustapena, autozainketarako orientazioa.

58. gaia.–Osasunez zahartzea. Egoera familiarraren eta sozialaren balorazioa. Laguntza zaintzaile nagusiari eta familiari.

59. gaia.–Hil hurren den pertsonarentzako eta haren familiarentzako arreta eta zainketak. Balorazio integrala. Zainketa aringarriak. Minaren arreta, haren ezaugarriak eta Osasunaren Mundu Erakundearen eskala analgesikoa. Dolua: ezaugarriak, faseak eta haren aurreko baliabideak. Heriotzaren ondoko arreta.

60. gaia.–Osasun mentala: osasun mentaleko eredu kontzeptualak. Erizaina osasun mentalean eta ingurune terapeutikoa. Alderdi etiko eta legalak. Balorazio integrala eta erizaintzako esku-hartzeak.

61. gaia.–Prozesu patologiko nagusiak: psikiatria haurtzaroan eta gaztaroan, nahasmendu psikotikoak (eskizofrenia), nahasmendu neurotikoak, (fobiak, antsietatea, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, egokitzeko edo konbertsio nahasmenduak), substantziak kontsumitzeak ekarritako nahasmendua, aldartearen nahasmenduak, elikadura jokabidearen nahasmenduak, nortasunaren nahasmenduak, bulkaden kontrolaren nahasmenduak, dementziak. EAP–NNN, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pazienteentzat. Osasun mentaleko modalitate terapeutikoak: psikoterapiak, psikofarmakologia, TEKa (terapia elektrokonbultsiboa).

62. gaia.–Psikologia eta jokabidearen oinarri neurologikoak. Informazioa hartzeko prozesua: sentsazioa eta pertzeptzioa, arreta. Informazioa hartzeko, biltegiratzeko eta sortzeko prozesua: ikaskuntza, memoria eta hizkuntza eta pentsamendua. Jokabidea modulatzeko prozesua: motibazioa, emozioa eta nortasuna.

63. gaia.–Komunikazioa: teknika eta trebetasunak. Erizaintzako lanbide harremana pazientearekin eta ahaideekin. Entzute aktiboa. Laguntza-harremana.

64. gaia.–Larrialdiak: Kontzeptua. Erizaintzako balorazioa eta zainketak egoera kritikoetan.

65. gaia.–Politraumatismoak dituztenen berezitasunak, erredura handiak, shockak, istripu zerebrobaskularrak, bularraldeko mina, MIA (miokardioko infartu akutua), intoxikazio akutuak. Lehentasuna eta triajea biktima asko eta hondamendiak dauden egoeretan.

66. gaia.–Oinarrizko bizi-euskarria eta bizi-euskarri aurreratua haurrarengan eta helduarengan. Berpizte ondoko zainketak.

Gai zerrendan eskatzen den araudia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko apartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin diren lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Erizain espezialistaren titulua lortzeko egonaldi osoa egin ez bada, egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 azpiatalean baloratuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin eta aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.4, 2.6 eta 2.7 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo abstraktetan jasotzen diren komunikazioak eta txostenak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Graduondoko prestakuntza:

–Ikertzeko nahikotasuna / Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

–Doktore gradua: 1 puntu.

–Unibertsitateko aditua: 1 puntu.

–Unibertsitateko master ofiziala: 1,5 puntu.

2.1. Prestakuntza espezializatua:

–Erizain espezialistaren titulua izateagatik, Erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuan ofizialki aitortutako espezialitate batekoa: 1 puntu.

–Helburuko kategorian lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa ez da baloratuko atal honetan.

2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,05 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; eta ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartekoak: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

–Nazionalak: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomia erkidegoetakoak: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartekoak: 0,75 puntu.

–Nazionalak: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoetakoak: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.6. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.7. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.8. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagirietan egiaztatutako aldia ikasturte akademiko osora iristen ez denean, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: Hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa:

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2416467