243. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAN ADRIÁN

Deialdia, obretako peoien lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean. Izendapena

Alkatetzaren azaroaren 28ko 439/2022 Ebazpenaren bidez, obretako peoiaren lanpostu hutsak (D maila, 25. eta 26. lanpostuak), lan-araubidekoak, betetzeko deialdia eta oinarriak onetsi ziren, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko).

Deialdi hori argitara eman zen 2022ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 12an, eta udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Alkatetzaren martxoaren 3ko 90/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 16an), deialdia aldatu zen, eta 35. lanpostua deialditik kanpo geratu zen, epai bidez aitortu zelako lanpostua betetzen duen langilea lan-kontratudun langile finkoa dela.

Alkatetzaren 2023ko uztailaren 8ko 301/2024 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen, eta segidan, kalifikazio-epaimahaiak beharrezko izapideak egin ondoren, argitaratu ziren merezimendu-lehiaketan lortutako kalifikazioak, puntuazio-ordenaren arabera.

Aipatutako izapideen ondoren, hamar egun balioduneko epea ireki zen lanpostuetan sartuko ziren izangaiek frogatu zitzaten deialdiaren 9. oinarrian ezarritako baldintzak eta lanpostuak aukeratu zitzaten, eskuratutako puntuazioaren ordenan. Izangaiek behar ziren agiriak aurkeztu zituzten, frogatzeko betetzen zituztela baldintza horiek, bai eta lanpostu hutsen aukeraketa ere.

Adierazitako izangaietako bat, Martín Sigüenza Marín, San Adriango plantilla organikoko 25. lanpostua behin-behinekoz betetzen ari dena, ezintasun iraunkor osoko egoeran deklaratu zuten ohiko lanbiderako, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren 2024ko ekainaren 3ko ebazpen baten bidez; aldi berean, egoera hori 2026ko martxoaren 22tik aitzin berrikusi ahalko dela zehazten baita, horrek eragotzi du Martín Sigüenza Marín egonkortze-prozesutik kanpo uztea bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa ez izateagatik. Hala ere, izangaiak ezin duenez bete deialdiaren 10.2 oinarrian eskatutako baldintza (hamar laneguneko epean aurkezteko, bertze dokumentuen artean, txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea), kalifikazio-epaimahaiak proposamen bat egin du eteteko Martín Sigüenza Marínen kontratazioa udal honetako lan-kontratudun finko gisa obretako peoiaren lanpostuan aritzeko, harik eta ohiko lanbidean aritzeko ezintasun iraunkor osoko egoera, hala badagokio, berrikusi arte. Kasu horretan, izendatua izanen da, deialdi honen oinarrietan ezarritako baldintzak bete ondoren.

Kalifikazio-epaimahaiak deialdian aipatzen zen dokumentazioa aztertu zuen, deialdiaren 10. oinarriari jarraikiz, eta 2024ko urriaren 30ean egin bilkuran erabaki zuen alkateari espediente bat bidaltzea eta honako kontratazio-proposamena egitea, lan-kontratudun finko gisa:

–Antonio Jiménez Jiménez, obretako peoiaren lanpostuan, D maila, 26. zenbakia duena plantilla organikoan.

Halaber, erabaki zen izangaiari eskatzea aipatu oinarrian ezartzen diren dokumentuak aurkezteko.

Interesdunak dokumentu horiek aurkeztuta, eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, langile lan-kontratudun finko izendatu behar da, eta lanpostua esleitu.

Horregatik guztiagatik, erabiliz ematen zaizkidan eskumenak, hots, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 h) artikuluak eta indarreko gainerako legeek ematen dizkidatenak erabiliz (aipatutako legeak arautzen ditu toki araubidearen oinarriak),

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Antonio Jiménez Jiménez kontratatzea San Adriango Udalaren zerbitzuko langile lan-kontratudun finko, obretako peoiaren lanpostuan jardun dezan lanaldi osoan (26. lanpostua, D maila).

Bigarrena.–Etetea Martín Sigüenza Marínen kontratazioa, San Adriango Udalaren zerbitzuko langile lan-kontratudun finko gisa, obretako peoiaren lanpostuan jardun dezan lanaldi osoan (25. lanpostua, D maila), harik eta ohiko lanbidean aritzeko ezintasun iraunkor osoko egoera, hala badagokio, berrikusi arte. Kasu horretan, izendatua izanen da, deialdi honen oinarrietan ezarritako baldintzak bete ondoren.

Hirugarrena.–Ohartaraztea Antonio Jiménez Jiménezi 2024ko azaroaren 29an jabetu behar duela lanpostuaz, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.4 artikuluari jarraikiz (foru lege horren bidez zenbait neurri hartu ziren Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan gauzatzeko).

Egun horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, salbu behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan, galduko ditu San Adriango Udaleko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak.

Laugarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea interesdunei, agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko, eta Udalbatzari horren berri ematea egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Eta hori guztia argitara ematen da, orok jakin dezan eta egoki diren ondorioetarako. Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, honen aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea Udal honetako alkateari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluei (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 337.1 artikuluari (foru lege horrek hizpide du Nafarroako toki administrazioa); edo zilegi da, orobat, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa).

San Adrianen, 2024ko azaroaren 12an.–Alkatea, Marta Ezquerra Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2416393