240. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

223E/2024 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, banakako ebaluazioaren araubideko dirulaguntza deialdi bat onesten duena, 1.740.000,00 euroko zenbatekoarekin, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeei zuzendua, 2024-2025 epealdian haur eskola publikoetan Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikaspostu berriak sortzeko obretarako. DDBN identifikazioa: 791267.

Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan tramitatzen da espediente hau.

COVID-19ak eragindako epidemiaren agerpenak aurrekaririk gabeko krisi sanitario, ekonomiko eta soziala ekarri du mundu osoan.

Pandemiak Europan eragindako kalte ekonomiko eta sozialak ahal den neurrian arintzeko, Europako Batzordeak, Parlamentuak eta Kontseiluak suspertze plan bat adostu dute, finantza-pizgarrien pakete batean oinarrituta, krisiari erantzuteko eta krisitik ateratzeko bidea errazteko. Suspertze planaren finantza-baliabide gehienak "Next Generation" suspertze funts berrian biltzen dira, zeinaren elementu nagusia baita "Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa".

Espainiak 2021-2023 urteetarako aurreikusitako inbertsio eta berrikuntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotzen dira, mekanismo horren esparruan finantza-laguntza jaso ahal izateko. Plan hori Kontseilu Europarrak berretsi du, 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakiaren bidez.

Era berean, Planak 10 politika eragile eta 30 osagai biltzen ditu, hainbat jarduketa ardatzetan antolatuta, eta haietan ministerioetako departamentu desberdinek esku hartzen dute, bakoitzaren eskumenen arabera.

21. osagaiaren barnean, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak, Ebaluazio eta Lurralde Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, lurralde arteko lankidetza programa bat onetsi du autonomia erkidegoekin batera, 1. inbertsio neurria hain zuzen ere, "Titulartasun publikoko ikaspostu berrien bidez Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolatzea bultzatzeko programa, urte bateko eta biko haurrentzat lehentasunez" izenekoa.

Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2021eko azaroaren 25eko Erabakiaren bidez, onetsi zen Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolatzea bultzatzeko programara bideratutako kredituen lurralde banaketaren proposamena, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 21. osagaiaren esparruan, 200.790.000,00 euroko zenbatekoarekin. Erabaki hori Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2021eko abenduaren 23ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen.

Era berean, 2021eko abenduaren 23ko Ebazpen horren bidez, autonomia erkidego bakoitzari dagokion zenbatekoa ezartzen da. Nafarroari 11.971.158,00 euro esleitu zaizkio 2021-2024 epealdian programa horren jarduketak gauza ditzan, Haur Hezkuntzako lehen zikloan titulartasun publikoko 1.173 ikaspostu berri sortzeko.

Horretarako, besteak beste, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak urriaren 26an eman 257E/2022 Ebazpenaren bidez, banakako ebaluazioaren araubideko dirulaguntza deialdi bat onetsi zen, 5.964.546,00 euroko zenbatekoarekin, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeei zuzendua, 2023-2024 epealdian haur eskola publikoetan Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikaspostu berriak sortzeko obretarako. Honako hau jasota dago dirulaguntza horren deialdiaren oinarrietan, hirugarren eta bederatzigarren puntuetan, hain zuzen: "Obrek amaituta egon behar dute 2024ko uztailaren 1erako (egun hori barne). Dagokion gastua 2024ko urriaren 18rako (egun hori barne) justifikatu beharko da." Izan ere, asmoa zen Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2021eko abenduaren 23ko ebazpena betetzea, zeinaren bidez argitara eman baitzen Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2021eko azaroaren 25eko Erabakia, zeinaren bidez onetsi baitzen Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolatzea bultzatzeko programara bideratutako kredituen lurralde banaketaren proposamena, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 21. osagaiaren esparruan, bertan honako hau adierazten baitzen: "Aurreikusten da 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko irailaren 15era bitarte izatea titulartasun publikoko ikaspostu berrien bidez –urte bateko eta biko haurrentzat lehentasunez– Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolatzea bultzatzeko programa gauzatzeko epea, 2023. urteko aurrekontuari dagokionez".

Hezkuntzako Estatu Idazkaritzaren 2023ko abenduaren 19ko Ebazpenaren bidez, argitara eman zen Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2023ko abenduaren 13ko Erabakia, zeinaren bidez onetsi baitzen titulartasun publikoko ikaspostu berrien bidez –urte bateko eta biko haurrentzat lehentasunez– Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolatzea bultzatzeko programara bideratutako kredituen lurralde banaketaren proposamena, 2023. urteko aurrekontu ekitaldian, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 21. osagaiaren esparruan (Hezkuntza sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urteko hezkuntza goiztiarra barne). Honako hau jasotzen da bederatzigarren puntuan:

"Onestea Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren 2021eko azaroaren 25eko Erabakiaren aldaketa (Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa), eranskineko zenbait ataletan egin dena (aplikatu beharreko araudiari, gauzatzeko epeei, jarduketei, justifikazioari eta programaren egiaztapenari buruzkoetan). Hona hemen idazketa berria:

8. atalean (Gauzatzeko epeak), honako hauek ezartzen dira, lehenengo, bigarren eta hirugarren paragrafoen ordez:

2023ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartekoa izanen da titulartasun publikoko ikaspostu berrien bidez –urte bateko eta biko haurrentzat lehentasunez– Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolatzea bultzatzeko programa gauzatzeko epea, 2023. urteko aurrekontuari dagokionez."

Haur Hezkuntzako lehen zikloko titulartasun publikoko ikaspostu berriak sortzen jarraitzeko asmoz, besteak beste dirulaguntza deialdi bat aurreikusten da, 1.740.000,00 eurokoa, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeei zuzendua, 2024-2025 epealdian Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikaspostu publiko berriak sor ditzaten, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago dirulaguntza emateko ebazpena ematen denean.

Gastua honela finantzatuko da:

–1.100.000,00 euro, 2024ko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: 410001 41800 7609 325153 (E-21/000472), "SEM Obrak udal jabetzako 0-3 ikastetxeetan".

–640.000,00 euro, 2025eko aurrekontuan gaituko den partida honen kargura: 410001 41800 7609 325153 (E-21/000472), "SEM Obrak udal jabetzako 0-3 ikastetxeetan".

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, eskatzen baita deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 17.1 artikuluan xedatzen duenez, dirulaguntzak tramitatzeko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2024ko urriaren 2an egin bilkuran, erabaki zuen urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko baimena ematea banakako ebaluazioaren araubideko dirulaguntza deialdi hau tramitatzeko, 1.740.000,00 euroko zenbatekoarekin, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeei zuzendua, 2024-2025 epealdian haur eskola publikoetan Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikaspostu berriak sortzeko obretarako.

Toki erakundeek errazago eskuratzen ahal izan ditzaten aurreikusitako laguntzak, beharrezkoa da dirulaguntza onesten duen eta hura emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituen ebazpena ematea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea, 1.740.000,00 euroko zenbatekoarekin, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeei zuzendua, 2024-2025 epealdian haur eskola publikoetan Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikaspostu berriak sortzeko obretarako. Ebazpen honen eranskinean daude oinarri arautzaileak.

2. Onestea 1.740.000,00 euroko gastua, honela finantzatuko dena:

–1.100.000,00 euro, 2024ko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: 410001 41800 7609 325153 (E-21/000472), "SEM Obrak udal jabetzako 0-3 ikastetxeetan".

–640.000,00 euro, 2025eko aurrekontuan gaituko den partida honen kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago: 410001 41800 7609 325153 (E-21/000472), "SEM Obrak udal jabetzako 0-3 ikastetxeetan".

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Haur Eskolen Zerbitzura eta Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko urriaren 30ean.–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO TOKI ERAKUNDEEI ZUZENDUTAKO 1.740.000,00 EUROKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA, 2024-2025 EPEALDIAN HAUR ESKOLA PUBLIKOETAN HAUR HEZKUNTZAKO LEHEN ZIKLOKO IKASPOSTU BERRIAK SORTZEKO OBRETARAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

1. Ebazpen honetan zehazten diren dirulaguntzak jarraian azaltzen diren obrak finantzatzeko erabiliko dira, baldin eta haur eskola publikoetan Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikaspostuen gehikuntza ekartzen badute edo ekarri badute, 2024ko urtarrilaren 1etik, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezarritako baldintzen arabera:

–Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe publiko berriak eraikitzeko obrak, haur eskola berriak sortzeko helburua dutenak;

–Unitateak edo ikaspostuak gehitzeko obrak lehendik zeuden haur eskoletan, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren arabera sortutakoetan.

2. Ebazpen honen babesean emandako dirulaguntzak, gehienez ere 1.740.000,00 eurokoak, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari dagozkio, eta 21. osagaiaren barnean sartzen dira: "Hezkuntza sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0-3 urteko hezkuntza goiztiarra barne". Haien helburu nagusia da Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea bultzatzea, titulartasun publikoko ikaspostuak sortuta, eta, helburu espezifiko gisa, haurrek ikaspostu bat izateko eskubidea zabaltzea, lehentasuna emanda pobreziako edo gizarte bazterketako arrisku handieneko eremuei, landa eremuetara hedatzeari eta ekonomia, gizarte, lurralde eta kultura arloetatik datozen desberdintasunek ikasleengan eragiten dituzten ondorioak konpentsatzeari.

3. Oinarri arautzaile hauetan ezarritako laguntzak ez dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. eta 108. artikuluetan aipatzen diren estatuen laguntzen gisakoak. Izan ere, laguntza haiek emateak ez du ez lehia faltsutzen ezta faltsutzeko arriskurik ekartzen ere, ez baitu enpresa edo produkzio jakin batzuen alde egiten, eta ez die eragiten estatu kideen arteko merkataritza trukeei, irabazi asmorik gabeko hezkuntza zerbitzua ematen duten administrazio publikoak direlako dirulaguntzen onuradunak, eta banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen direlako.

2. Erakunde onuradunak eta betebeharrak.

1. Dirulaguntzen araubide honetan toki erakundeak sartzen ahalko dira, eranskin honetako lehenengo oinarrian aipatzen diren obrak egiten diren ikastetxeen titularrak badira.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden erakundeak.

3. Gastu diruz lagungarria.

1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko da deialdi honetan araututako datetan egin den eta, argi eta garbi, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikaspostu publiko berriak sortzeko proiektua gauzatzera bideratu den gastua.

2. Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

–Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementuen edo lanen kostua;

–Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko aholkularitza teknikoaren ordainsariak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira;

–Sortutako unitate berrietarako ekipamendu gastuak.

3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Balio erantsiaren gaineko zerga;

–Instalazioen ohiko konponketekin edo mantentze-lanekin lotutako gastuak;

–Behin-behineko elementuak instalatzea.

4. Nolanahi ere, lanek 2025eko azaroaren 1erako (egun hori barne) egon behar dute amaituta.

4. Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa.

1. Titulartasun publikoko haur eskoletan 2024-2025 epealdian sortutako ikaspostu bakoitzagatik 8.000 eta 10.000 euro arteko dirulaguntza emanen da, irizpide hauen arabera:

–Haur eskola batean sortutako ikaspostu berri bakoitzeko, landa eremuan kokatuta badago eta, gainera, eremu horrek sozioekonomiaren edo lurraldearen aldetik baldintza ahulak baditu: 10.000 euro.

–Haur eskola batean sortutako ikaspostu berri bakoitzeko, landa eremuan edota sozioekonomiaren edo lurraldearen aldetik baldintza ahulak dituen eremu batean kokatuta badago: 9.000 euro.

–Haur eskola batean sortutako ikaspostu berri bakoitzeko, ez badago kokatuta ez landa eremuan ez sozioekonomiaren edo lurraldearen aldetik baldintza ahulak dituen eremu batean: 8.000 euro.

Ondorio horietarako:

–Landa eremuaren definizioa Eurostatek ezarritakoa da, alegia, landa eremuko udalerritzat joko dira 100 biztanle/km² baino gutxiagoko biztanleria dentsitatea dutenak deialdia argitaratzen den datan, IX. eranskinean jasotako datuen arabera. Nafarroako Estatistika Institutuak (NASTAT) argitaratutako datuak dira.

–Baldintza sozioekonomiko ahuleko eremutzat joko dira Nafarroa osorako ezarritakoa baino pobrezia tasa handiagoa duten udalerriak eta, dirulaguntzak emateko, kontuan hartuko dira deialdia argitaratzen den datako datuak, IX. eranskinean jasota daudenak. Nafarroako Estatistika Institutuak (NASTAT) argitaratutako datuak dira.

–Lurraldearen aldetik baldintza ahuleko eremutzat joko dira despopulazio arriskua duten udalerriak, alegia, Europar Batasunak ezarritako ratioaren arabera, 12,5 biztanle/km² baino gutxiagoko biztanleria dentsitatea dutenak deialdia argitaratzen den datan, IX. eranskinean jasotako datuen arabera. Nafarroako Estatistika Institutuak (NASTAT) argitaratutako datuak dira.

Sortutako ikaspostu bakoitzeko ordaindu eta justifikatzen den gastu diruz lagungarria gutxiago bada gehieneko zenbateko hori baino, diferentziaren hein berean murriztuko da dirulaguntza.

2. Aurrekontu-kontsignazioa izanen da dirulaguntzetarako muga.

5. Noiz eta non aurkeztu.

1. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko otsailaren 15ean bukatuko da (egun hori barne).

2. Toki erakundeetako legezko ordezkariek aurkeztu behar dituzte eskabideak, telematikoki, deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen berariazko inprimakiaren bidez, http://www.nafarroa.eus helbidean.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Erakunde eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea, Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko dagokion fitxaren bidez betea.

https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvencion-a-ee-ll-de-la-cfn-para-nuevas-plazas-de-primer-ciclo-de-educacion-infantil-en-escuelas-infantiles-publicas-durante-el-periodo-2024-2025

Tramitazio elektronikoa nahitaezkoa da prozeduraren fase guztietan.

Hala xedatzen baitu 16.8 eta 66.6 artikuluetan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere.

b) Eskatutako dirulaguntzaren xede diren obren proiektu teknikoaren, memoria baloratuaren edo aurrekontuaren eta planoen ale bat, honako hauek zehaztuta: aurrekontua partidaka eta, jarduketarako beharrezko denean, teknikarien ordainsarien aurrekontua; eta baita balio erantsiaren gaineko zergari (BEZ) dagokion zenbatekoa eta obrak amaitzeko data ere.

c) Obra gauzatzeko eta oinarri hauek betetzeko konpromisoari buruzko udal erabakia.

Erabakian adieraziko da ezen ikaspostu berriak sortzeko azpiegiturak sortu edo egokitzeari buruz aurrerantzean eginen diren jarduketek bete beharko dituztela Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak.

d) Udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek jasoko dituena:

–Onuraduna gertatuz gero, toki erakundearen aurrekontuetan diru-zuzkidura nahikoa izanen duela dirulaguntzaren xede den obraren kostu osoari aurre egiteko. Kreditu nahikorik ez badu, dirulaguntzari uko egiten diola jakinarazi beharko dio Hezkuntza Departamentuari, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean;

–Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak kokatuko diren lurren jabetzaren egiaztagiria edo eraikinen jabetzaren egiaztagiria.

–Betetzen dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak, eta egunean duela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere, eta ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezartzen diren debekuetako bakar bat ere.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, deialdiaren fitxan eskuratzen ahalko den ereduaren araberakoa (I. eranskina), honako hauek jasoko dituena:

–Betetzen dituela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean 13. artikuluan ezarritako baldintzak;

–Eskatutako edo jasotako laguntzen jatorria eta zenbatekoa, Estatuko zein nazioarteko edozein administrazio publikorenak, bestelako erakunde publiko edo pribatuenak edo partikularrenak izan;

–Inbertsio proiektua, zeinetarako eskatzen baita dirulaguntza, 2025eko azaroaren 1erako bukatua izanen dela;

–Zenbat unitate eta ikaspostu sortzeko konpromisoa hartzen duten, adinaren arabera xehatuta.

f) Erakunde eskatzaileak bere eskaeraren alde aurkeztu nahi duen eta deialdiaren xedearekin zerikusia duen beste edozein agiri.

2. Aurrekoez gain, Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako laguntzak direnez gero, erakunde eskatzaileak hauek aurkeztu behar ditu:

a) II. eranskina: Erantzukizunpeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzearekin loturiko komunikazio betebeharrak betetzeari buruz.

b) III. eranskina: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeko konpromisoari buruzko adierazpena.

c) IV. eranskina: Berariazko sarbide-baimena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren agintarientzat.

d) V. eranskina: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturiko adierazpena, datuak lagatzeari eta tratatzeari buruz.

e) VI. eranskina: Interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA).

3. Eskaerak ez baditu betetzen adierazitako baldintzak, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko gehieneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

7. Ebaluazio batzordea.

Aurkeztutako eskaerak ebaluatuko dituen batzordea osatuko dute Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak –batzordeburu gisa–, Obren Ataleko buruak eta Obren Ataleko teknikari batek, Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendariak eta Haur Eskolen eta Landa Eskolen Ataleko buruak.

8. Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei ordainduko zaie, kreditu erabilgarria agortu arte, laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (1.740.000,00 euro) bukatzen duen azken laguntza eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza-eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

2. Dirulaguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emanen du, ebaluazio batzordeak proposatuta.

3. Eskaerak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean ebatziko dira, eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeren 26. artikuluan ezarritako informazioa.

9. Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Deialdi honetan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko dirulaguntzak emateko, 1.740.000,00 euroko zenbateko zenbatetsia izanen da, honela finantzatuko dena:

–1.100.000,00 euro, 2024ko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: "SEM Obrak udal jabetzako 0-3 ikastetxeetan".

–640.000,00 euro, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen den partida honen kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago: "SEM Obrak udal jabetzako 0-3 ikastetxeetan".

2. Dirulaguntzaren ordainketa egin dadin agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gauzatutako esku-hartzearen fakturak, adierazita balio erantsiaren gaineko zergari (BEZ) dagokion zenbatekoa, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen data eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiria eta data.

b) Udalaren idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena:

–Obrak funts propioekin edo jasotako dirulaguntzekin edo bestelako baliabideekin finantzatu diren, funtsen zenbatekoak, jatorria eta erabilera adierazita;

–Dirulaguntzei buruzko apirilaren 13ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezartzen diren legezko aginduak bete direla;

–Obrak bukatu direla, edo, hala ez bada, dirulaguntzaren xedeko zati aurreikusia bukatu dela. Halaber, haren ordez, obraren harrera-akta eransten ahalko da, zuzendaritza fakultatiboak –baldin badago–, jabeak (udalak) eta enpresa adjudikaziodunak sinatua.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, deialdiaren fitxan eskuratzen ahal den eredu ofizialaren araberakoa (VII. eranskina), honako hauei buruz:

–Erakunde onuradunak azpikontrataziorik egin duen ala ez, eta bete dela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa;

–Bete dela gardentasun betebeharra, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez, eta bertan jasoko da Interneteko zer helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa;

–Bete direla publizitate betebeharrak, eranskin honetako hamargarren oinarriko 3.e) atalean ezarritako moduan.

d) Obraren bukaerako oinplanoaren planoa, eremuen azalerak eta ikasgela bakoitzari esleitutako unitateak eta adin tarteak adierazita.

e) Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, jasotzen duena ikastetxeak betetzen dituela indarreko araudian ezarritako baldintza higienikoak, akustikoak, bizigarritasunekoak eta segurtasunekoak, eta baita irisgarritasunari buruzko araudia ere.

f) Ikastetxean 1,50 m-ko altueratik behera paratu diren beira eta ispiluak segurtasunekoak direla frogatzen duten agiriak.

g) Altzarien eta ekipamenduaren gaineko frogagiriak. Horretarako, ikastetxeko oinarrizko ekipamenduaren zerrenda aurkeztuko da, hauek zehaztuta: fitxa teknikoa, elementuaren deskribapena, unitate kopurua, CE marka... Edo, bestela, teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, esaten duena ikastetxeko altzariak eta ekipamendua egokiak eta 0 eta 3 urte bitarteko haurren ezaugarrietarako aproposak direla, eta erabilera segurua bermatzeko moduan paratu direla.

3. Aurrekoez gain, Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako laguntzak direnez gero, erakunde eskatzaileak hauek aurkeztu behar ditu:

a) X. eranskina: Ingurumenaren gaineko helburuak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b) XI. eranskina: Iruzurra prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

c) XII. eranskina: Dokumentazioa gordetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

d) XIII. eranskina: Azken hartzailea identifikatzeko mekanismoa betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

4. Obrek amaituta egon behar dute 2025eko azaroaren 1erako (egun hori barne). Dagokion gastua 2025eko azaroaren 17rako (egun hori barne) justifikatu beharko da.

10. Erakunde onuradunen betebeharrak.

1. Laguntza jasotzen duen toki erakundeak deialdi honetan ezarritako xederako erabili beharko du dirulaguntza, eta obraren aurreikusitako zatia egin eta gastua justifikatuko du ezarritako epeetan; halaber, aipatu xederako mantendu beharko du azpiegitura, haren bizitza baliagarriak iraun bitartean.

2. Emandako kopuruak kobratzeko, nahitaezko baldintza izanen da obrak bukatuta egotea eta frogagiriak aurkeztea.

3. Erakunde onuradunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Frogagiriak, datu estatistikoak eta finantzaketarekin zerikusia duten gainerako agiriak zaindu eta gordetzea, bai eta erregistroak eta formatu elektronikoko agiriak ere, finantza eragiketaren saldoa ordaintzen denetik bost urtean, edo hiru urtean dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada. Horrela, epe horretan horiei buruz eskatzen zaien edozein erregistro edo dokumentu entregatzeko konpromisoa hartzen dute onuradunek.

Erregistroak eta agiriak jatorrizko dokumentu gisa gordeko dira, edo jatorrizkoen kopia konpultsatu gisa, edo normalean onartzen diren datu-euskarrietan, horien artean jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden dokumentuak. Bertsio elektronikoak daudenean, ez dira jatorrizko dokumentuak beharko, baldin eta dokumentu horiek jatorrizkoen baliokidetzat eta auditoretzaren ondorioetarako fidagarritzat jo ahal izateko aplikagarriak diren legezko baldintzak betetzen badituzte.

b) Iruzurraren aurkako neurri eraginkor eta proportzionatuak aplikatzea bere kudeaketa eremuan, bai eta iruzur-susmoak organo kudeatzaileari jakinarazteko betebeharra bere gain hartzea ere. Horrela, edozein pertsonak iruzurra edo irregulartasuna izaten ahal diren gertaeren berri badu, betiere deialdi honen esparruan Europar Batasunetik datozen funtsen kargura guztiz edo partzialki finantzatutako proiektu edo eragiketei dagokienez, gertaera horien berri ematen ahalko dio Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiko Iruzurraren Aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalari, horretarako gaitutako kanalaren bidezko baliabide elektronikoak erabiliz.

d) Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematea Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamenduaren 22.2. artikuluko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.

e) Interes gatazkarik ez duela bermatzea, bat etorriz irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduarekin (horren bidez eratzen da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema) eta Nafarroako Gobernuaren 2021eko urriaren 13ko Erabakiarekin (horren bidez onartzen dira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuen kudeaketa eta jarraipen arauak).

f) Bermatzea, proiektuen diseinu eta exekuzio fase guztietan eta banaka jarduketa bakoitzerako, erabat betetzen dela "kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" (do no significant harm, DNSH printzipioa) eta, hala behar denean, etiketatze klimatiko eta digitala, bat etorriz Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsitako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan eta horiek garatzeko araudian ezarritakoarekin. Horretarako, erakunde onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, "kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" (do no significant harm printzipioa, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasota utziko dute dirulaguntzaren justifikazio memorian.

g) Dirulaguntzaren xedeko jarduketa dela-eta egiten den komunikazio ekintza orotan, berariazko aipamen hau sartzea: "Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako programa"; baita "Europar Batasunak aipatu Mekanismoaren esparruan finantzatutako programa" delako berariazko aipamena eta Europar Batasunaren ikurra ere eta, orobat, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoa, han ezartzen baita erakunde onuradunek jasotako funtsen jatorria ikusarazi beharko dutela. Horrenbestez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko garatzen diren proiektu eta azpiproiektu guztietan zuzen eta nabarmenduta erakutsi behar da EBren ikurra, "Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzatua" dela dioen adierazpenarekin batera, tokiko hizkuntza guztietara itzulita, hala dagokionean. Esteka honetan eskuratzen ahal dira: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.

11. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira inbertsio proiektu berak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuk jasotzearekin.

2. Erakunde onuradunak organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza edo laguntzarik lortzen badu inbertsio bererako, Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, betiere kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik izan gabe. Dirulaguntza guztien batura ezin da izan inbertsioaren kostu guztiaren %100 baino gehiago.

12. Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeak beharturik daude obretan sartzen uztera eta obrei buruz eskatzen zaizkien agiriak ematera, barne daudela komunikazio eta publizitate jarduerak.

13. Datuen babesa.

1. Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

2. Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duen 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan xedatutakoa betetzeko, administrazioak eta erregelamendu horren 22. artikuluan aipatzen diren organo guztiek zilegi dute Benetako Titulartasunen Erregistroan jasotako informazioa eskuratzea, bai eta administrazioaren beste datu base batzuetakoa ere, benetako titularren datuei buruzko datuak jasotzearren. Zilegi izanen dute, orobat, informazioa trukatzea sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta Espainiako araudian jasotako aurreikuspenen arabera. Horretarako, erakunde onuradunek datuak lagatzeko eta tratatzeko baimena emanen dute, aipatutako artikuluetan berariaz zerrendatutako helburuetarako.

14. Kontratazioa.

1. Erakunde onuradunak hirugarrenekin kontratatzen badu diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo zati bat, Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako laguntzak direnez gero, honako hauek egin beharko ditu:

a) Kudeaketa plan bat aurkeztu, dirulaguntzaren helburuak erdiestera bideratutako jarduketa guztiak bilduko dituena;

b) Datuak eman funtsen azken hartzaileari buruz, ez baldin bada bera, eta kontratistei eta azpikontratistei buruz, funtsen azken hartzailea botere adjudikatzailea bada, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera;

c) Behar diren mekanismoak aurreikusi, kontratistek eta azpikontratistek «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa» bete dezaten.

d) Aurkeztu eranskin honen seigarren oinarriko 2 e) puntuan aipatzen diren agiriak, azken hartzaileak beteak.

15. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

1. Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

2. Formazko alderdiak ez betetzeak ekar dezake dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak ez betetzeak, berriz, ekar dezake dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

3. Ordaindutako dirulaguntzak itzultzen direnean, itzuli beharreko zenbatekoa banaketa kontuan zordunduko da.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

I. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena (eskabideari erantsi).

II. eranskina.–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren publizitateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeko konpromisoari buruzko adierazpena.

IV. eranskina.–Berariazko sarbide-baimena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren agintarientzat.

V. eranskina.–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturiko adierazpena, datuak lagatzeari eta tratatzeari buruz.

VI. eranskina.–Interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA).

VII. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena (dirulaguntza ordaindua izateko aurkeztekoa).

VIII. eranskina.–Kontratuaren eranskina.

IX. eranskina.–Landa eremuak, eremu sozioekonomikoki ahulak eta lurraldearen aldetik ahulak diren eremuak zehazteko adierazleak (Nafarroako Estatistika Institutua-NASTAT).

X. eranskina.–Ingurumenaren gaineko helburuak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (onuradunak, kontratistak eta azpikontratistak bete beharrekoa).

XI. eranskina.–Iruzurra prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (onuradunak, kontratistak eta azpikontratistak bete beharrekoa).

XII. eranskina.–Dokumentazioa gordetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (onuradunak, kontratistak eta azpikontratistak bete beharrekoa).

XIII. eranskina.–Azken hartzailea identifikatzeko mekanismoa betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (onuradunak, kontratistak eta azpikontratistak bete beharrekoa).

Deskargatu I-XIII eranskinak (DOCX).

Iragarkiaren kodea: F2415946