1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
143/2024 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Energiako, Enpresen I+G+B-ko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira Valtierrako eta Castejóngo udal-mugarteetako goi tentsioko instalazio elektrikorako.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, 2024ko otsailaren 22an, Red Eléctrica de España SAUk aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen honako linea hau aldatzeko proiekturako: energia elektrikoa garraiatzeko 220 kV-eko aireko linea, zirkuitu bakuna, "Erriberri-Serna", 199. eta 203. euskarrien arteko tartean, Valtierra eta Castejóngo udal-mugarteetan, "Zaragoza-Altsasu" ohiko linea "Castejón-Iruñerria" abiadura handiko linearekin lotzeko eraikuntza-proiektuaren eraginpeko eremua linea elektrikoarekin erregulatzeko.
Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, honako lan hauek hartzen dira barne:
–Gaur egun dauden 200., 201. eta 202. euskarriak desmuntatzea, barne hartuta dagoen zimendua metro 1 sakon zulatzea eta lursaila leheneratzea.
–Euskarri berrietarako sarbideak egokitzea eta/edo egitea.
–200N, 201N eta 202N euskarri berriak muntatzea.
242-AL1/39-ST1A (LA 280 HAWK) fase-eroale berriak ezartzea 199. euskarriaren (lehendik dago) eta 202N euskarriaren artean, guztira 0,975 kilometroko luzeran. Motelgailuak eta fase-bereizgailuak ezarriko dira.
–199. eusk. (lehendik dago ) - 200N eusk., 200N eusk. - 201N eusk., 201N eusk. - 202N eusk. eta 202N eusk. - 203. eusk. (lehendik dago) kantoietako fase-eroaleak erregulatzea eta 203. euskarrian kontrapisuak faseka ezartzea (oraingoak osatzea 100 kg-ra iritsi arte).
–AW 7Nº8 AWG lur-konexioko kable berria ezartzea 199. euskarriaren eta 202N euskarriaren artean, guztira 0,975 kilometroko luzeran. Motelgailuak eta hegaztiak salbatzeko gailuak –hegal motakoak, luzeak– ezarriko dira.
–OPGW 48 F.O. 17 kA motako zuntz optikozko lur konexioko kable berria ezartzea 199. eta 202N euskarrien artean, 1,1 kilometroko luzera guztira (barne hartuta kablea lotura kutxetaraino jaisteko luzera). Lotura-kutxak ezarriko dira 199. eta 202N euskarrietan, baita motelgailuak eta hegal motako hegaztiak salbatzeko gailu luzeak ere.
–Kantoi hauen lur-konexioko kableak erregulatzea: 199. eusk. (lehendik dago) - 200N eusk., 200N eusk. - 201N eusk., 201N eusk. - 202N eusk. eta 202N eusk. - 203. eusk. (lehendik dago).
–Basogintzako tratamendua, espezie bateragarrien/bateraezinen inausketa/mozketa eginen da aldaketaren euskarri hauetan: 199. eusk. - 200N eusk., 200N eusk. - 201N eusk. eta 201N eusk. - 202N eusk., eta sasi-garbitzea eginen da sastrakak eta zuhaixkak dauden eremuetan.
–Adierazitako azken lerrokadurako 202N eusk. - 203. eusk. (lehendik dago) baoan, lehendik dauden fase-eroaleak eta lur-konexioko kableak probestuko dira.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua aplikatuz (haren bidez, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornidura egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dira), eskaera jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarkia paratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2024ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 26koa), eta dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web-fitxan argitaratu zen.
Ez da alegaziorik jaso.
Horrekin batera, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, kontsultak bidali zitzaizkien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENA |
Valtierrako Udala | |
Castejóngo Udala | |
Ondare Arkitektonikoaren Atala | X |
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (EKH) | X |
Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF) | X-X |
Araudi beraren arabera, aipatutako txostenak sustatzaileari bidali zitzaizkion, eta haren erantzuna jaso da.
Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen eranskinean laburbiltzen dira.
Bestalde, espedientean jasota daude Ingurumeneko zuzendari nagusiak abuztuaren 6an eman 657E/2024 Ebazpena, proiekturako ingurumen-inpaktuaren aldeko txostena egiten duena, eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 21ean eman 437E/2024 Ebazpena, baimena ematen duena proiektuaren lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko. Ebazpenetan jasotako determinazioak bete behar dira.
Era berean, aipatu behar da Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiaren txostena dagoela, 2024ko ekainaren 21ean sinatua, eta horren bidez "aldeko txostena ematen dela abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 35.2 artikuluan eta abenduaren 5eko 5/2019 Zirkularraren 16.1.a) artikuluan ezarritako ondorioetarako".
Horregatik guztiagatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian egin dela, eta proposatu du aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea Red Eléctrica de España SAUri, arestian aipatutako instalazio horretarako.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Red Eléctrica de España SAUri aipatutako goi tentsioko instalazio elektrikoa paratzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea, aurkeztutako proiektua onestea eta hogeita lau hilabeteko epea ematea lanak egiteko.
2. Baimen hau emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
3. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak (ITC-RAT 01-23) onesten dituen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak (ITC-LAT 01-09) onesten dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatuarekin.
4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri obra-bukaerako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari fakultatibo eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian ezarritako gainerako dokumentazioa ere.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
6. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
7. Ebazpen hau jakinaraztea Red Eléctrica de España SAUri, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea bukatzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.
8. Ebazpen hau Valtierrako eta Castejóngo udalei, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (EKH) eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF) jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko urriaren 30ean.–Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK
Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian:
1. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.
2024ko martxoaren 26ko txosten batean, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi zuen ez dagoela ukipenik atal horren eskumeneko gaietan.
2. txostena–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (EKH).
2024ko apirilaren 8an sinatutako txostenaren bidez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak jakinarazi zuen 2024-OI-286 erreferentziako espedientea ireki zela.
3. eta 3. bis txostenak.–Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF).
ADIFeko Administrazio Publikoen Koordinazioko buruak 2024ko apirilaren 16an sinatutako txostenean, instalazioak trenbidearen dituen ukipenak identifikatzen dira eta baldintza teknikoak ezartzen dira.
Bestalde, ADIF Abiadura Handiko Eragin Eremuen Arloko kudeatzaileak 2024ko maiatzaren 10ean sinatutako txostenean, honako hau jakinarazten da: "Egiaztatu da ADIF AVren eraikuntza-proiektuan (EBRO IBAIAREN GAINEKO ZUBIA ETA CASTEJÓN-IRUÑERRIA ABIADURA HANDIKO LINEAREKIN LOTZEKO PLATAFORMA ERAIKITZEKO PROIEKTUA) jasotako eraginpeko zerbitzu baten ordeztea dela, eta ez dela aplikagarria Trenbide Sektorearen 38/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako baimena, ez eta hura garatzeko 2387/2004 Errege Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoa ere; beraz, aurkeztutako proiektuarekin ados gaudela adierazten dugu".
Erantzuna: Sustatzaileak konpromisoa hartzen du trenbide lineekin dauden gurutzatzeei buruz jakinarazi zaizkion xedapen teknikoak betetzeko.
Iragarkiaren kodea: F2416082