240. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

169C/2024 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabakitzen da Fundación Felipe Lecea-Clínica Josefina Arregui enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusi da Fundación Felipe Lecea-Clínica Josefina Arregui enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31008862012010), zeina 2024ko urriaren 14an sartu baitzen erregistro honetan, eta 2024ko urriaren 10ean sinatu baitzuten enpresaren eta sindikatuen ordezkaritzek, 2024ko urriaren 15ean zuzentzeko eskatu eta egun berean zuzenketa egin ondotik.

Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Fundación Felipe Lecea-Clínica Josefina Arregui enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31008862012010).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezaten.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko urriaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

ALTSASUKO FUNDACIÓN FELIPE LECEA-CLÍNICA JOSEFINA ARREGUI ENTITATEAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. IZENBURUA.–APLIKAZIO EREMUA ETA BATZORDE PARITARIOA

1. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen kolektibo honek Fundación Felipe Lecea-Clínica Josefina Arregui entitatean (Josefina Arregui Klinika aurrerantzean) lan egiten duten langile guztiak arautuko ditu eta guztiei aplikatuko zaie, Langileen Estatutuan eta indarreko gainerako legerian ezarritako edozein kontratu modalitate oinarri hartuta. Aplikazio eremutik kanpo geldituko da boluntariotzan dabilen oro.

Josefina Arregui Klinikarekin lan harremana dutenak klinika horretako langiletzat hartuko dira, bai eta lanbide-talde batekotzat ere, entitatearen barruan non aritzen diren kontuan hartu gabe (eguneko zentroa, kanpo kontsulta, ospitalea edo zerbitzu orokorrak).

2. artikulua. Iraunaldia.

Sinatu eta biharamunean hartuko du indarra hitzarmen honek, eta atzerako eragina izanen du, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta 2026ko abenduaren 31ra arte izanen ditu ondorioak.

Nolanahi ere den, hitzarmen kolektibo honetan jasotako baldintzak berau sinatzen denetik aplikatu beharko dira, salbu eta soldatei buruzko kapitulua, 2023ko urtarrilaren 1era atzeratzen baitira haren ondorioak.

Hitzarmen hau bere mugaegunean salatutzat joko da, eta sinatu duten alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmen honen indarraldiko azken hiruhilekoan hitzarmen berria negoziatzen hasteko.

Akordio berria lortu bitartean, indarrean segituko dute hitzarmen honen baldintzetako arauek, harik eta hitzarmen berriak ordeztu arte.

Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia bukatu ondotik, hitzarmenak indarrean segituko duela harik eta bi alderdiek horren ordezko bat sinatzen duten arte.

3. artikulua. Osotasunari lotzea.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikazio praktikoari dagokionez, osotasunean hartuko dira.

Lan arloko agintaritzak edo ukitutako edozeinek eskaturik, lan arloko jurisdikzioan hitzarmen honetako itunen bat deuseztatzen baldin bada, hitzarmen osoa indargabetuko da. Ukitutako alderdiek negoziaziorako beste mahai bat eratu beharko dute bi hilabeteko epean, epaia irmo bilakatzen denetik hasita, edukia berriro negoziatzeko.

4. artikulua. "Ad personam" bermea–baldintza onena.

Hitzarmena sinatzen denean plantillako langileek dituzten baldintza onenak eta onuragarrienak mantenduko dira. Baldin eta, hitzarmen honek indarra hartzean, langile batzuek hitzarmenean ezarritakoa baino soldata handiagoa kobratzen badute urteko kopuruan, hitzarmen honetan onetsiriko ordainsari taulak aplikatuko zaizkie. Ordainsarien arteko aldea "ad personam" bermeko osagarri gisa agertuko da nominan. Ez da xurgatzen, ezta konpentsatzen eta birbaloratzen ahalko ere.

Osagarri horren zenbatekoa zehazteko, hitzarmen honetan ezarririko urteko soldata kenduko da egungo soldatatik. Hortik ateratzen den kopurua izanen da norberaren osagarriaren zenbatekoa, hamalau hilabetez zatitua, eta hamabi hilabeteetan gehi aparteko bi pagatan kobratuko da.

5. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmen hau sinatzean, hitzarmenaren segimendu, aplikazio eta interpretaziorako Batzorde Paritario bat eratuko dute alderdi sinatzaileek. Horretarako, alderdi bakoitzak bina pertsona izendatuko ditu hitzarmen kolektibo hau sinatzen den egun berean.

Zazpi eguneko epea ezartzen da interpretazio zalantzak ebazteko.

Batzordeak alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera. Eskaera formala egiten denetik bilera egunera bitarte ez dira inoiz zazpi egun baino gehiago pasatuko. Bilera eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako bateko kide guztien sinadurak bildu beharko dira (enpresa nahiz sindikatu).

Batzorde Paritarioa estipulazio hauen arabera arautuko da:

–Hitzarmen kolektibo honen eta indarra duen legezko araudiaren aplikaziotik sortzen diren afera guztietarako eratuko da batzordea.

–Batzordearen alderdietako edozeinek eskatzen ahal du batzordea biltzeko, eta 15 eguneko epean bilduko da, beranduenez. Deialdia enpresaren bidez edo sindikatu sinatzaileen ordezkarien bidez eginen da.

–Batzorde Paritarioak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hitzarmen honen interpretazioaren inguruan egiten diren gestioen berri ematea lan arloko agintaritzari.

b) Arbitraje eta bitartekaritza lana egitea alderdiek eztabaidarako ekarritako aferetan.

c) Hitzarmen honetan itundutakoa betetzen dela begiratzea.

d) Hitzarmen kolektibo honen aplikazioaren eremu funtzionalean, langile eremuan eta lurralde eremuan agertzen zaizkien aferak ezagutzea eta haien inguruan erabakiak hartzea (ordutegia aldatzea, lanaldia eta hitzarmen honek arautzen dituen gai guztiak).

e) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan sortzen diren aferak ezagutzea eta haien inguruan erabakiak hartzea.

f) Ezarrita diren eginkizun horiez gain, eratzen denean, Batzorde Paritarioak unean-unean indarra duen legezko araudira egokituko du bere funtzionamendurako erregelamendua, araudi horretan ezarritako eginkizun eta eskumenak barne harturik.

g) Hitzarmen kolektibo honen I. ERANSKINEAN jasotako erabakia.

–Erabakiak aho batez hartuko dira batzorde paritarioan edo, bestela, hura osatzen duten alderdietako bakoitzaren gehiengo soilez, eta bileran diren guztiek izenpetu beharreko akta labur batean jasoko dira. Gehienez ere 15 egunean aplikatu beharko dira erabaki horiek.

–Erabakiek balioa izateko, alderdi bakoitzeko kideen % 50ek baino gehiagok izan beharko dute bertan.

6. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzea.

Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluarekin bat etorriz, enpresak hitzarmen honetan aurreikusitako lan baldintzak ez aplikatzeko, nahitaez prozedura honi jarraituko zaio:

Enpresak 15 eguneko kontsulta aldia irekiko du, gai hauek aztertzeko: zer arrazoi direla-eta hartu duen enpresak erabaki hori eta aukerarik den horren ondorioak saihestu edo murrizteko, bai eta zer neurri ezarri behar diren ukitutako langileen gaineko ondorioak leuntzeko.

–Kontsulta aldian, alderdiek fede onez negoziatu beharko dute, akordioa lortzeko asmoz. Akordio horretarako, beharrezkoa izanen da gehiengoa ordezkatzen duten batzordekideen arteko gehienen adostasuna.

–Adostasunik ez badago, alderdietako edozeinek Lan Auzitegira jotzen ahalko du bost eguneko epean, desadostasunak ebazteko xedez. Espresuki ezartzen da arbitraje prozedura aplikatuko dela, soil-soilik, baldin eta bi alderdiek gehiengoz erabakitzen badute hari men eginen diotela, Nafarroako Lan Auzitegiaren erregelamenduan ezartzen den bezala.

Oraindik adostasunik ez badago, desadostasuna Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalaren edo horren ordez aritzen den organoaren esku uzteko, bi negoziazio alderdiek gehiengoz erabaki beharko dute.

II. IZENBURUA.–LANGILEEN SAILKAPENA

7. artikulua. Langileen sailkapena.

Artikulu honetan aipatzen den langileen sailkapena adibide gisara eman da. Horrek ez du lanpostu guztiak betetzera behartzen.

I. lanbide-taldea.–Goi mailako tituludunak edo parekatuak (unibertsitateko goi mailako graduduna). Talde horretan sartzen dira lanbide-talde horri atxikitako titulazioari dagozkion lanak zuzenean eta/edo langile talde bat zuzenduz/koordinatuz egiten dituztenak.

–Zuzendari medikoa.

–Mediku espezialistak.

–Psikologoa.

–Farmazialaria.

–Giza baliabideen arduraduna.

–Administrazioko arduraduna.

II. lanbide-taldea.–Diplomaturak eta parekatuak (Erdi mailako Unibertsitate Gradua). Talde horretan sartzen dira lanbide-talde horri atxikitako titulazioari dagozkion lanak zuzenean eta/edo langile talde bat zuzenduz/koordinatuz egiten dituztenak.

–Erizaintzako gainbegiralea.

–Ospitaleko erizaina-EUDa.

–Eguneko zentroko erizaina-EUDa.

–Gizarte langilea.

–Fisioterapeuta.

–Terapeuta okupazionala.

–Logopeda.

–Giza baliabideetako teknikaria.

–Kontabilitateko gainbegiralea.

III. lanbide-taldea.–Goi mailako heziketa zikloko teknikariak (Goi Mailako Lanbide Heziketa). Talde horretan sartzen dira lanbide-talde horri atxikitako titulazioari dagozkion lanak zuzenean eta/edo langile talde bat zuzenduz/koordinatuz egiten dituztenak.

–Administraria.

–Mantentze-lanetako ofiziala.

–Informatikako teknikaria.

–Zerbitzu orokorretako teknikaria.

IV. lanbide-taldea.–Erdi mailako heziketa zikloko teknikariak: laguntzaileak eta parekatuak. (Erdi Mailako Lanbide Heziketa). Talde horretan sartzen dira lanbide-talde horri atxikitako titulazioari dagozkion lanak egiten dituztenak.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria (EZLT, gaur egungo erizaintzako laguntzailea).

–Farmaziako laguntzailea.

–Administrari laguntzailea.

–Mantentze-lanetako laguntzailea.

V. lanbide-taldea.–Mendekoak eta parekatuak. Gutxieneko prestakuntza eskola-graduatu edo baliokidea.

–Zeladorea.

–Gerokultorea.

–Garbitzailea.

–Sukaldaria.

–Telefonista/Harreragilea.

–Zerbitzu Orokorrak.

Lanpostu bakoitzerako eskatzen diren titulazioak lanpostuen deskribapen eskuliburuan zehaztuta daude.

8. artikulua. Definizioak eta eginkizunak.

Eginkizun horiek lanpostuen deskribapen eskuliburuan deskribatuta daude.

Nolanahi ere eta orokorki, nagusiek agintzen dizkieten lan eta operazioak egitera behartuta dago plantilla osoa, nor bere eskumen eta lanbide-taldearen barnean, bere duintasunaren eta lanbide prestakuntzaren kalterako izan gabe. Betiere, orain arte talde eta postu guztietan zentroan egin izan diren lan guztiak eginen dira.

III. IZENBURUA.–KONTRATAZIOAK

9. artikulua. Kontratazioak.

Lanean hasteko eta zentroan edozein motatako kontratazioak egiteko, langilearen eta enpresako zuzendaritzaren arteko kontratazio askea eginen da, eta langileei beren lanaren taldeari dagokion titulazio akademikoa eskatuko zaie.

10. artikulua. Barne igoera.

Hitzarmen hau izenpetzen denean kontratu bat sinatuta duten langileek, dela mugagabea, dela aldi baterako, lehentasuna izanen dute kanpoko langileen aurretik lanpostuak betetzean, honako egoera eta modu hauetan:

–Baimenak betetzea, txanda aldaketak eta eszedentziak, hilabetetik gorako iraupena izanen dutela aurreikusten bada.

–Lanaldi osoko langileek aldi baterako ezintasunagatik hartu beharreko bajak betetzea, hilabetetik gorako iraupena izanen duela aurreikusten bada.

–Lanpostu hutsak eta lanpostu sortu berriak.

Lanpostu bat betetzeko izangaiak barruko langile bat eta kanpoko beste bat badira, eta biak baldintza beretan badaude, barruko langileak izanen duen abantailari esaten zaio lehentasuna. Hau da, bi izangaik titulazio bera badute, eta lanpostuaren eskakizunetara egokitzen diren ezaugarri pertsonal berak badituzte, eta bata barrukoa eta bestea kanpokoa badira, barrukoari esleituko zaio igoera. Titulazioa balioestean, izangaiak dituen titulu guztiak hartuko dira kontuan; ez bakarrik gutxienez izan beharrekoa. Horrek esan nahi du ez dela ondorioztatuko baldintza beretan daudela erdi mailako titulazioa duen pertsona bat eta goi mailako titulazioa duen beste bat, lanposturako erdi mailakoa izatea aski bada ere. Lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak ere aintzat hartuko dira.

Aldi baterakotzat joko dira aurreko sei hiletan zentroarekin lan harremana izan duten pertsonak.

Aukeraketa prozesua desberdina izanen da, langileak zer lanpostu bete nahi duen: bere lanbide-taldeko lanpostu bat edo, bestela, beste lanbide-talde bateko lanpostu bat.

Lanbide-talde bereko lanpostu bat bete nahi denean:

–Honako hau izanen da prozesua:

1. Igoera prozesuak iraun bitartean, une horretan baliatzen ahal diren langileekin beteko da hutsik dagoen lanpostua. Prozesua ebatzi ondotik, igoeraren esleipendunak beteko du lanpostua.

2. Langile bat igoeraren bidez lanpostu bat betetzen ari bada, igoeraren bidez bete beharreko beste lanpostu bat hartzen ahalko du.

3. Esleipena lortu duen langilearen txanda barne igoeraren bidez bete beharko da.

–Aurkeztutako izangaiak honako irizpide hauen arabera barematuko dira.

–Antzinatasuna: Gehienez ere 3 puntu (1 puntu lan egindako urte bakoitzeko).

Lehen kontratua egin zenetik zenbat denbora aritu den lanean xede den lanbide-taldean, betiere, kontratu baten eta bestearen artean 20 egun baino gehiago igaro ez badira.

–Gaitasuna-Gaikuntza: 4 puntu. (Ikus erizaintzako langileen eta laguntzaileen ebaluazio dokumentua, haren arabera puntuatuko baitira gaitasun horiek).

Zuzendaritza medikoak ezarritakoak.

–Prestakuntza: 1 puntu.

Azken lau urteetan egindako ikastaroak. 0,25 presentziazko 10 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko, zentroan emandako bakoitzeko eta bertaratutako kongresu bakoitzeko / 0,50 presentziazko 50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko, / 0,10 online ikastaro bakoitzeko, gehienez ere 0,20 puntura arte.

Langileak bere lanbide-taldekoa ez den lanpostu bat nahi duenean:

–Honako hau izanen da prozesua:

1. Lanpostuak hala eskatzen badu, eta igoera prozesuak iraun bitartean, une horretan baliatzen ahal diren langileekin beteko da hutsik dagoen lanpostua. Prozesua ebatzi ondotik, igoeraren esleipendunak beteko du lanpostua.

2. Langile bat lanpostu bat igoeraren bidez betetzen ari denean, igoeraren bidez bete beharreko beste lanpostu bat hartzen ahalko du.

3. Esleipenduna barruko langile bat bada, barne igoeraren bidez bete beharko da esleipena lortu duen langilearen txanda.

Izangaiak ez dira barematuko aurreko puntuan adierazitako puntuazio irizpide berekin.

Nolanahi ere, enpresak libreki kontratatzeko duen eskubidea gailenduko da. Enpresak erabakiko du, gaitasunari eta gaikuntzari buruzko baldintzak kontuan hartuta, izangai diren barruko eta kanpoko langileen artean zein den egokiena.

Igo diren langileek aurreko lanpostura itzultzeko eskubidea gordeko dute, aldi baterako ezintasunagatik, baimenagatik, txanda aldaketengatik edo eszedentziagatik sortutako baja bat betetzeko igo badira.

11. artikulua. Praktikaldiko kontratua.

Modalitate horretan kontratatu den langileak bere lanbide-taldeko soldataren % 100 kobratuko du. Nolanahi ere, jaiegunetako osagarriak oso-osorik kobratuko dira.

12. artikulua. Errelebo-kontratua.

Indarreko araudiari jarraituko zaio.

13. artikulua. Kargu-uztea.

Bere borondatez enpresan lan egiteari utzi nahi badio, langileak Giza Baliabideetako arduradunari jakinarazi beharko dio, idatziz, aurreabisurako epe hauek betez:

–15 egun natural III., IV. eta V. lanbide-taldeetarako.

–1 hilabete, I. eta II. lanbide-taldeetarako.

Epe hori betetzen ez badu, aurreabisurako epea bete arte falta diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.

14. artikulua. Probaldia.

Langile sartu berri orok probaldi bat pasatu beharko du nahitaez, eta ez du gainditzen ahalko hitzarmen honetan kategoria bakoitzarentzat ezarritako denbora, zerrenda honetan adierazten den bezala:

–I. lanbide-taldea: 4 hilabete

–II. lanbide-taldea: 2 hilabete.

–III., IV. eta V. lanbide-taldeak: hilabete.

Probaldia, behin iragan eta gainditu ondotik, kontuan hartuko da antzinatasunerako. Aldi baterako ezintasun egoerak ez du etenen haren konputua.

IV. IZENBURUA.–LAN BALDINTZAK

15. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lanaren diziplina eta antolaketa enpresaren berariazko eskumenak dira, eta Langileen Estatutuan ezarritakoari, aplikatzen ahal diren lege eta arauzko xedapenei eta itun honen edukiei lotuko zaizkie.

Txandakako langileek, dagokien orduan, behar bezala jantzita egon beharko dute lanpostuan.

Ezinbesteko edozein inguruabar dela-eta langileren bat ezin bada joan bere lanpostura, aurreko txandako langilea lanpostuan geldituko da, baina inoiz ez bi ordu baino gehiago, eta ordu horietako bakoitza 1,5 ordu gisa ordainduko da, orduko tasa harturik oinarri.

16. artikulua. Urteko lanaldia (benetako lan denbora).

Hitzarmen kolektiboa indarrean dagoen urteetan, honako hau izanen da benetako urteko lanaldia:

LANGILEAK

2023.
URTEA

2024.
URTEA

2025.
URTEA

2026.
URTEA

Medikuak eta goi mailako beste tituludunak

1710

1690

1676

1652

Kudeatzailea

1673

1673

1673

1652

Mantentze-lanetako langilea

1710

1690

1676

1652

Psikologia

1710

1690

1676

1652

Administraria

1710

1690

1676

1652

Gainbegiralea/Erizaina

1710

1690

1676

1652

Ospitaleko erizaina

1609

1609

1609

1609

EZPko erizaina

1710

1690

1676

1652

Fisioterapeuta

1651

1651

1651

1651

Terapeuta okupazionala

1651

1651

1651

1651

Gizarte langilea

1651

1651

1651

1651

Logopeda

1651

1651

1651

1651

Giza baliabideetako teknikaria

1710

1690

1676

1652

Kontabilitateko gainbegiralea

1710

1690

1676

1652

Informatikako eta zerbitzu orokorretako teknikaria

1710

1690

1676

1652

Ospitaleko EZLT

1603

1603

1603

1603

EZPko EZLT

1710

1690

1676

1652

Sukaldaria

1710

1690

1676

1652

Garbitzaileak

1710

1690

1676

1652

Farmaziako laguntzaileak

1651

1651

1651

1651

Administrazioko laguntzaileak

1710

1690

1676

1652

Mantentze-lanetako laguntzaileak

1710

1690

1676

1652

Gerokultorea

1710

1690

1676

1652

Zeladorea

1710

1690

1676

1652

Telefonista eta zerbitzu orokorrak

1710

1690

1676

1652

Urteko benetako lanaldiak ezarritakoa gainditzen badu edo urriegia bada, hurrengo urtean konpentsatuko da, eta ordu horiek egun oso bat gehienez sortzeko metatuko dira, eta hurrengo urteko egutegian sartuko.

Adierazitako urteko lanaldia astean 40 ordutan banatuko da gehienez, baina, enpresaren jarduera kontuan hartuta, gainditzen ahalko da enpresak eta langileen ordezkaritzak hala ituntzen badute. Nolanahi ere, ez da langileentzat aurrez adierazitako urteko gehieneko lanaldia baino handiagoa izaten ahalko.

17. artikulua. Lanbide prestakuntza eta birziklapena.

Urteko prestakuntza plana eginen da, plantillako langileen beharrak eta ekarpenak kontuan hartuta.

Behar horiek zein diren jakiteko eta ekarpenak jasotzeko, prestakuntza beharrak zein diren jakiteko galdetegi bat emanen zaio plantillari.

Prestakuntza nahitaezkoa denean, kontratatutako jarduera egiteko beharrezkoa delako, ikastaroaren orduetan lanean ari diren eta gauez lan egin duten langile guztiak bete beharko dira.

Nahitaezko prestakuntza lanegunez kanpo duten langileak honela konpentsatu beharko dira:

–Ikastaroak lanaldiaren erdia baino gehiago irauten badu, lanaldi osoko atsedenaldi batez konpentsatuko da.

–Ikastaroak ez badu irauten lanaldiaren erdia baino gehiago, lanaldi erdiarekin konpentsatuko da.

Enpresak nahitaezko prestakuntza justifikatu beharko du, berak sinatutako idazki baten bidez. Idazki horretan ikastaroaren iraupena, izaera eta bertaratutako pertsonak jasoko dira.

Lehentasuna izanen dute ikastaroari dagokion arloan lan egiten duten langileek eta aurretik ikastarorik egin ez dutenek (non eta ez duten beren kontura egin).

Enpresak nahitaez egin behar diren ikastaroak zein diren jakinaraziko du.

18. artikulua. Atsedenaldiak.

Eguneko 20 minutuko atsedenaldia ezarri da 6 ordutik gorako lanaldi jarraitua duten langile guztientzat. Denbora hori benetan lan egindako denbora bezala kontatuko da.

Eguneko lanaldi jarraituak ez badu irauten 6 ordu baino gehiago, ez da izanen eskubiderik benetako lan denboratzat hartutako atsedenaldirik izateko.

Atsedenaldiko taldea bi pertsonak osatuko dute, gehienez.

Atsedenaldia lantokian bertan hartu beharko da. Zentroko zuzendaritzak berak finkatzen ahal ditu atsedenaldiak, eta atsedenaldiak ez dira, inola ere, zerbitzu egokia ez emateko arrazoi izaten ahalko.

Ohiko lanaldiaren barnean benetako atsedenik ez hartzeak ez du enpresari konpentsazioa eskatzeko eskubiderik sortuko.

Atsedenaldi horretan laguntza beharrizanak estaliko dira eta atsedenaldia eteten ahalko da, inguruabar zehatz batean zerbitzuaren beharrizanek hori eskatzen badute.

19. artikulua. Lan-egutegia.

Urtero, aurreko urteko azken hilean, enpresak egutegia eginen du, eta honako hauek adieraziko ditu egutegian: laneko ordutegia, lanegunen urteko banaketa, jaiegunak, asteko edo lanaldien arteko atsedenak eta egun baliogabeak.

Egutegia langileen legezko ordezkaritzak onartu beharko du. Hala ez bada, bete eginen da, alde batera utzi gabe langileen legezko ordezkaritzak hura aurkaratzeko eskubidea duela, eta, nolanahi ere, lantokian ongi ikusten den toki batean kokatuko da egutegia.

Langile bakoitzak egutegi bat jaso beharko du, non zehaztuko baitira hitzarmenaren arabera lan egin beharreko orduak, egutegiaren araberako benetako lanorduak, eta hartu beharreko opor orduak.

20. artikulua. Oporrak.

Benetako lan urtea bete gabe dagoenean, zati proportzionala hartzeko eskubidea izanen dute.

Langile guztiek gutxienez 24 opor egun izateko eskubidea izanen dute, lanaldiaren %100 duten ospitaleko laguntzaileek izan ezik: haiek 23 opor egun izanen dituzte, egun bat sartuta dutelako orduen jaitsieran.

Urteko egutegiko orduen eta benetako orduen arteko aldearen arabera hartuko dira oporrak. Soberan lan egindako orduak atseden bidez baliatzen ahalko dira, lanaldiaren doikuntza gisa, edo, bestela, dagokion lanegun kopurura iristen ez bada, berreskuratu egin beharko dira hartu diren baina egutegiagatik sortu ez diren orduak.

Oporraldi nagusiak hauek dira:

–Aste Santua (ostegunetik astelehenera).

–Ekainaren 23tik irailaren 20ra arte.

–Abenduko zubia.

–Eguberriak (abenduaren 24tik 31ra arte).

Oporrak eskatzeko eta emateko prozedura honako hau da guztientzat:

1. Eskaera eguna: antolaketaren, langileen banaketa egokiaren eta klinikako zerbitzuen beharren ondorioetarako, urte bakoitzeko otsailaren 1a baino lehen, langileek oporraldi nagusietarako beren oporren datak aurkeztuko dituzte, eta eskaerak hil horren 28a baino lehen onartuko dira. Oporraldi nagusietatik kanpo hartu nahi diren oporretarako, opor horiek hasteko aurreikusi den eguna baino hilabete lehenago aurkeztuko dira eskaerak, eta enpresak astebeteko epean emanen du erantzuna. Erantzunik ezean, onartutzat emanen dira.

2. Langileek gehienez ere hiru alditan hartuko dituzte opor guztiak, eta gehienez bi egun gordetzen ahal dituzte beren aferetarako, ahal izanez gero oporraldi nagusietatik kanpo, eta antolamenduak horretarako bidea ematen badu. Egun horiek, ahal dela, elkarren segidan hartuko dira, eta astebete lehenago jakinaraziko dira gutxienez.

Langile guztiek hartzen ahal dituzte norberaren aferetarako egunak.

Hiru opor txandetatik kanpo baliatzeko gorde nahi bada norberak hartzeko egun horietako bat edo biak, enpresari jakinarazi beharko zaio, hartu baino hamar egun lehenago.

Ezein oporralditan ordezten ez diren langileek ez dute aldi mugarik izanen oporrak baliatzean.

3. Oporretan dauden langileak: Honako hau da oporraldi beretan oporrak hartzen ahal dituzten kolektibo bakoitzeko langileen gehieneko kopurua:

–Ospitaleko laguntzaileak: 5 lanpostu.

–Eguneko zentroko laguntzaileak: lanpostu oso bat.

–Erizainak: 6 lanpostu; gehienez lanpostu oso bat.

–Gainerako kolektiboak: gehienez bat, kolektibo bakoitzeko.

Oporretan dauden langileen kopurua handitzen ahalko da lan egoeraren arabera, baina inoiz ez da izanen ezarritako langile kopurua baino txikiagoa.

Data beretan eguneko zentroko erizaintzako laguntzailerik oporretan ez badago, beste lanpostu bat gehituko zaio ospitalean oporretan egoteko gehieneko langile kopuruari. Berdin jokatuko da data beretan ospitaleko erizaintzako laguntzailerik oporretan ez badago, eta beste lanpostu bat gehituko zaio eguneko zentroan oporretan egoteko gehieneko langile kopuruari.

Ospitaleko laguntzaileentzat, oporretan aukeratzeko talde hauek ezartzen dira, irizpide hau kontuan hartuta:

–%100 (8 langile): gehienez 3 langile.

–%s95 (6 langile): gehienez 2 langile.

Talde bakoitzean, langileek ahaleginak eginen dituzte oporrak aukeratzean interesdunen artean ados jartzeko, talde bakoitzean ematen diren zerbitzuak bermatuz. Aurreko urtean beren oporrak aldatu dituztenek lehentasuna izanen dute. Ados jarri ezean, zozketa eginen da.

Erizaintzako laguntzaileen eta erizainen artean, honako txanda hauek izanen dute lehentasuna Eguberrietako oporren txandan:

1. Abenduaren 24ko eta 31ko gaueko txanda.

Oporrak erabakitako prozeduraren arabera eskatu, sinatu eta eman ondotik, finkapen kolektibokotzat hartuko dira.

Oporraldia eta aldi baterako ezintasun prozesua batera gertatzen badira, langileak aldi baterako ezintasuna bukatzen denean hartzen ahalko ditu oporrak, eta medikuaren alta jaso eta hurrengo hemezortzi hilabeteetan adostuko ditu oporrak enpresarekin.

Eman ondotik oporrak eteten badira, enpresak etenaldi hori arrazoitu eta justifikatu beharko du. Ukitutako langileari 312,10 euroko zenbateko likidoa ordainduko zaio nominan (aurreko urteko benetako KPIaren urteko eguneratzea, % 0tik gorako KPIa), eta beste data batean hartuko ditu etendako egunak. Enpresak eta langileak oporrak etetearen ondoriozko gastuak negoziatuko dituzte; zehazki, egiaztatzen diren bidaia eta hotel erreserbak eta aurretiazko ordainketak.

Oro har, oporrak urteko abenduaren 31n bukatuko dira.

21. artikulua. Ordaindutako baimenak.

Lizentzia horiek guztiak gertaera eragilearen hurrengo lehen lanegunean hasiko dira zenbatzen (gertaera eragilea jaiegunean edo asteko atsedenean gertatu dela ulertu behar da erreferentzia horretan), non eta ez diren hartzen gertaera eragilearen egun berean.

Ez da izanen lizentzia hartzeko eskubiderik langilea oporretan, bajan, edo beste lizentzia, ordaindu gabeko baimen edo antzekoren batez baliatzen ari denean.

Langileak baimena izanen du, aldez aurretik abisatuta eta justifikatuz gero, lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, arrazoi hauetako bategatik:

1) Hamabost egun natural ezkontzeagatik, izatezko bikote bihurtzeagatik, Udaleko zerrenda ofizialetan erregistratzeagatik.

2) Bost lanegun ezkontideak, bikotekideak, bigarren mailara arteko odol edo ezkontza ahaide batek edo langilearekin etxean bizi den norbaitek istripu edo gaixotasun larria badu, osasun zentroan nahiz etxean ospitaleratu behar badute, edo ospitaleratzerik gabeko ebakuntza anbulatorioa egin behar badiote.

Gertaera eragilearen egunaren ondotiko lehen lanegunetik hasiko da zenbatzen. Salbu eta gertaera eragilearen egun berean hasi bada lizentzia erabiltzen.

Ospitaleratze kasuetan, egoera horrek iraun bitartean hartzen ahal da lizentzia, enpresaren eta langilearen artean adostutako egunetan. Lizentzia gerora hartzeko sistema berri honen eraginez, langileak ez du izanen eskubiderik, inola ere, gertaera sortzailearen ondotik baimena berehala hartu izan balu egokituko zitzaizkion lanegunak baino gehiago hartzeko.

Arrazoi horrengatik langileak 100 km-tik gorako distantziara dagoen herri batera joan behar badu, baimenak bi egun natural gehiago izanen ditu.

Hamabost egun baino gehiago egoten bada ospitaleratuta, baimena gozatzeko aldia bitan zatitzen ahalko da, gehienez. Zatitze hori enpresarekin negoziatuko da.

3) Bi lanegun bikotekidearen, seme edo alabaren, aita edo amaren eta bigarren mailara arteko odol edo ezkontza ahaide baten heriotzagatik, eta egutegiko bi egun gehiago 100 km-tik gorako herri batera joan behar bada.

Gertaera eragilearen egunaren ondotiko lehen lanegunetik hasiko da zenbatzen. Salbu eta gertaera eragilearen egun berean hasi bada lizentzia erabiltzen.

4) Ezinbesteko kasuetan langileak eskubidea izanen du lanetik alde egiteko, gehienez ere urtean lau egunetan, beharrezkoa baldin bada familiakoekin edo bizikideekin lotutako premiazko arrazoiengatik, gaixotasuna edo istripua dela-eta ezinbestekoa baldin bada langilea berehala haien ondoan egotea.

5) Lanegun bat, ohiko bizilekuz aldatzeagatik.

6) Eginbehar publiko eta pertsonal saihetsezin bat betetzeko behar-beharrezkoa den denbora, boto ematekoa barne.

7) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko denbora, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

8) 9 hilabetetik beherako haurrari esnea emateko. Bederatzi hilabetetik beherako seme edo alabari esnea emateko, amak edo aitak eskubidea izanen du lanetik ordubetez joateko. Ordu hori bi zatitan banatzen ahal dute. Ordu horiek guztiak metatzen ere ahal dute, lanegun bakoitzeko ordubete, 9 hilabeteak egin arte.

9) Behar-beharrezkoa den denbora, jaioaurreko azterketak egitera eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzera laguntzeko (gurasoari), lanorduetan egin behar badira.

10) Enpresan urtebeteko antzinatasuna duten langileek norberaren aferetarako egun bat izanen dute. Lanaldi zatitua duten langileek bi egun izanen dituzte norberaren aferetarako. Egun hori hartzeko, hartu baino bi aste lehenago eskatuko da gutxienez, baldin eta ez bada premia larriko kasurik, horrelakoetan hiru egun lehenago abisatu beharko baita. Enpresak onartu eginen du, salbu eta justifikatutako antolaketa arrazoiak direla-eta ezin bada eskatutako eguna eman, eta langileari gutxienez 48 ordu lehenago jakinaraziko zaio.

11) Enpresan urtebeteko antzinatasuna duten langileei bi egun esleituko zaizkie mediku espezialistengana joateko, bai berek, bai lehenbiziko mailara arteko odol bidezko ahaideek (hau da, gurasoak eta seme-alabak, ezkontidea, aita-amaginarrebak). Egun hori lanaldi erdiko bi egunetan zatitzen ahalko da.

12) Azterketa ofizialak egiteko behar-beharrezkoa den denbora.

Izatezko bikotekideak ere sartzen dira lanaldiaren borondatezko murrizketaren eta ahaideak zaintzeko eszedentziaren eskubideetan.

22. artikulua. Amatasuna.

Arlo honetan unean-unean indarra duen araudia aplikatuko da.

23. artikulua. Aitatasuna.

Arlo honetan unean-unean indarra duen araudia aplikatuko da.

24. artikulua. Nahitaezko eszedentzia.

Nahitaezko eszedentziak lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea emanen du, eta lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da.

25. artikulua. Borondatezko eszedentzia.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak, berak eskatuta, gutxienez lau hilabeteko eta gehienez bost urteko borondatezko eszedentzia onar diezaioten eskubidea izanen du. Lehenengo urtean, langileak eskubidea izanen du lanpostua gorde dakion. Epe hori igarotakoan, lanbide-talde bereko lanpostu hutsak betetzeko lehentasunezko eskubide bat izanen da erreserba hori.

Bai eszedentzia eskaera, bai lanera itzultzeko eskaera, hartaz baliatu edo hura amaitu baino 15 egun lehenago egin beharko dira III., IV. eta V. lanbide-taldeetan , eta hilabete lehenago, aldiz, I. eta II. taldeetan.

Eskubide horretaz berriro baliatzen ahal da langile bera, borondatezko aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero.

26. artikulua. Eszedentzia berezia amatasunagatik eta ahaideak zaintzeko.

Aurreabisua egiteko denbora hau izanen da:

–15 egun natural III., IV. eta V. lanbide-taldeetarako.

–1 hilabete, I. eta II. lanbide-taldeetarako.

Langileek eskubidea dute hiru urtera arteko eszedentzia hartzeko, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa nahiz adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera fasean, behin-behineko egoeran badaude ere. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik, desgaitasunagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol nahiz ezkontza bidezko bigarren gradukoa– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere bi urteko eszedentzia izanen da, negoziazio kolektiboan epea luzatu ezean.

Odol, ezkontza edo adopzio bidezko lehen graduko ahaideen kasuan, goragoko eremuko araudiek xedatutakoari jarraituko zaio.

Apartatu honetan jasotzen den eszedentzia zatika hartzen ahal da, eta langileen banakako eskubidea da.

Hala ere, langileak eszedentzia horretan ematen duen denbora antzinatasunerako kontuan hartuko da. Eszedentziako lehen urtean, langileak eskubidea izanen du lanpostua gorde dakion. Epe hori igarota, lanbide-talde bereko edo kategoria baliokideko lanpostu bat gordeko zaio.

Edonola ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoari jarraituko zaio.

27. artikulua. Lanaldia murriztea edoskitzaroarengatik eta beste familia arrazoi batzuengatik.

Aurreabisua egiteko denbora hau izanen da:

–15 egun natural III., IV. eta V. lanbide-taldeetarako.

–1 hilabete, I. eta II. lanbide-taldeetarako.

Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten plantillako langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan banatzen ahal dute. Erditze anizkoitzen kasuan, dagokion proportzioan luzatuko da baimena.

Gurasoak, hala nahi badu, lanaldia ordu erdi murriztuz ordezkatzen ahal du eskubide hori, helburu bererako, edo denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du, negoziazio kolektiboan ezarritako baldintzetan edo enpresarekin adostuta (betiere negoziazio kolektiboan ezarritakoa errespetatuz).

Legezko zaintzagatik 12 urtetik beherako haur bat edo desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duen pertsona bat ardurapean dutenek beren ohiko lanaldi arruntaren barruan lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute, eta soldata proportzionalki murriztuko zaie, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan xedatutako ehunekoa eta baldintzak kontuan hartuta.

28. artikulua. Soldatarik gabeko lizentziak.

Kontratu mugagabea eta enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna dituen langileak gutxienez 10 eguneko eta gehienez hilabeteko soldatarik gabeko lizentzia eskatzen ahalko du, honako baldintza hauekin:

–Soldatarik gabeko lizentziak iraun bitartean, egoera horretan dagoen langileak ez du kotizatuko, Gizarte Segurantzan baja tramitatzen baita.

–Ez da modalitate honetako baimenik hartzen ahalko ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, ezta Aste Santuan, abenduko zubian eta Eguberrietan ere.

–Eskubide hori aurreko lizentziaren bukaeratik bi urte igaro ondotik soilik baliatzen ahalko da berriz, eta aldi bakar batean baliatuko da bakoitzean, zatitu ahal izan gabe.

–Hilabete lehenago eskatu beharko da, gertaera eragileak ahalbidetuz gero.

–Lanbide-talde bereko bi langilek ez dute aldi berean baliatzen ahalko lizentzia.

–Enpresari berari eta enpresaren funtzionamenduari eragiten ez zaienean soilik emanen dira baimenak.

–Ezohiko egoerak aztertuko dira.

29. artikulua. Zerbitzuan egon beharreko gutxieneko langileak.

Zerbitzuaren kalitatea eta langilearentzako baldintzak babesteko asmoz, lanbide-talde guztiek ohiko plantillaren gutxienez %70i eutsiko diote une oro, lanuzteetan eta grebetan izan ezik.

Arlo horretako ez-betetzeei dagokienez, diziplina arloan indarra duen araudia aplikatuko da.

V. TITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK

30. artikulua. Ordainsariak.

Hitzarmen honek ukitutako langileen ordainsariak finkatzeko, oinarrizko soldata eta soldata-osagarriak hartzen dira aintzat.

Ordainsarien zenbatekoa eta banaketa erantsitako 2023ko eta 2024ko lansarien taulan ageri direnak izanen dira, eta, orobat, ondotiko urteetakoak.

Ordainsari kontzeptuen zenbatekoak lanaldi osoari eta itundutako orduen urteko konputuari dagozkie. Lanaldi partzialen kasuan, ordainsaria lan egindako orduen proportziokoa izanen da.

Nomina hilabete bakoitzeko lehenbiziko 3 eguneko epean ordainduko da.

Plusak kalkulatzeko, hileroko bakoitzeko 24ra arteko egunak zenbatuko dira; hau da, hileroko bakoitzean 25etik 24ra arte bitartekoak zenbatuko dira, eta horrela hurrengoak ere.

Lanbide-taldearen araberako ordu arruntaren prezioa kalkulatzeko, urteko ordainsari gordina urteko ordu gordinez zatituko da.

Kontzeptu hauek osatzen dute nomina:

–Oinarrizko soldata: erantsitako lansarien taulan lanbide espezialitate bakoitzerako ageri dena da, eta lanaldi osoari eta itundutako urteko ordu kopuruari dagokie. Hamalau pagatan ordainduko da, aparteko bi pagak barne.

Hitzarmenaren osagarria: erantsitako lansarien taulan lanbide espezialitate bakoitzerako ageri dena da, eta lanaldi osoari eta itundutako urteko ordu kopuruari dagokie. Hamalau pagatan ordainduko da, aparteko bi pagak barne.

–Antzinatasun-osagarria: Langileak oinarrizko soldataren %5eko osagarria jasoko du lanpostuan irauten duen 3 urte bakoitzeko. Hirurteko bakoitzari dagokion zenbateko osoa hirurteko hori bete eta hurrengo hilabeteko nominan ordainduko da.

Antzinatasuna zenbatzeko hasierako eguna lehenbiziko kontratuaren hasierakoa eta langilea enpresarekin lotzen duten hurrengoen hasiera eguna izanen da. Enpresan lan egindako denbora guztia zenbatuko da antzinatasun-osagarrirako.

–Jaiegunetako plusa: Hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen bitartean, honako hau izanen da plusaren zenbatekoa:

Erizainak eta diplomadunak: 30,08 euro.

Laguntzaileak eta gainerako taldeak: 19,27 euro.

Jaiegunez benetan egindako lana ordainduko da. Honela:

  • %100, 4 orduko edo hortik gorako lanaldietan.
  • %50, 4 ordutik beherako lanaldietan.

Jaieguna igandea bada, zenbateko handieneko plusa ordainduko da.

2025. urtetik aurrera, oporretan sartuko da jaiegunetako plusagatik jasotako ordainsarien batez bestekoa, aurreko urtean jasotako batez bestekoaren arabera, eta horrela hurrengo urteetan ere.

–Igandeetako plusa: Hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen bitartean, honako hau izanen da plusaren zenbatekoa:

Erizainak eta diplomadunak: 28,35.

Laguntzaileak eta gainerako taldeak: 22,05 euro.

Jaiegunez benetan egindako lana ordainduko da. Honela:

  • %100, 4 orduko edo hortik gorako lanaldietan.
  • %50, 4 ordutik beherako lanaldietan.

–Gaueko lanaren plusa: Gaueko 22:00etatik goizeko 08:00etara arte egiten diren lanorduek ordainsari espezifiko bat izanen dute, honako honen % 35 gehituta: oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren arteko batura urteko benetako orduen kopuruaz zatitzearen emaitza.

Hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen bitartean, honako hau izanen da plusaren zenbatekoa:

Erizainak (antzinatasunik gabe): 5,02 euro.

Laguntzaileak (antzinatasunik gabe): 3,65 euro.

–Eguberrietako plusa: Eguberri eta Urteberri egunak jaiegun bereziak direnez, egun horietan (abenduaren 24ko gaueko txandaren hasieratik abenduaren 25eko arratsaldeko txandaren amaierara arte eta abenduaren 31ko gaueko txandaren hasieratik urtarrilaren 1eko arratsaldeko txandaren amaierara arte) zenbateko hauek ordainduko dira hitzarmen kolektibo honen indarraldian:

Erizainak eta diplomadunak: 72,21 euro.

Laguntzaileak eta gainerako taldeak: 60,18 euro.

31. artikulua. Aparteko pagak.

Langileek eskubidea dute urtean aparteko bi paga izateko, bata uztailaren 20an eta bestea abenduaren 20an. Honako hauek dira aparteko pagaren osagaiak: oinarrizko soldata, hitzarmenaren osagarria eta antzinatasuna.

Lanean urteko edozein unetan hasita ere, langileek eskubidea izanen dute aparteko eskersarietatik dagokien parte proportzionala jasotzeko.

32. artikulua. Ordainsariak igotzea.

Hitzarmenaren indarraldiaren hiru urteetan, honela igoko dira klinikako langileen guztizko ordainsariak:

–2023. urtea: %3,25.

–2024. urtea: %2,90.

–2025. urtea: Nafarroako 2024. urteko KPIa.

–2026. urtea: Nafarroako 2025. urteko KPIa.

33. artikulua. Lanaldiaren aldaketa.

Ezinbesteko, premiazko edo ustekabeko arrazoiak direla eta (ez ordezkapenak edo txanda aldaketak), lanaldia aldatzen ahalko da bi egunez, gehienez. Dena den, alderdiak ados egonez gero, egun gehiagotan aldatzen ahalko dira.

Lanaldiaren aldaketa borondatezkoa izanen da.

Txandatasun plusa honela ordainduko da:

1. Langileak hurrengo 24 orduen barnean lan egin behar badu, txanda aldatzearen ordainsaria orduko 1,20 euro izanen da, hileko ordu arruntaren prezioaren gainean.

2. Langileak lanera joan beharrik ez bazuen, bere orduko prezioaren gainetik 1,30 euro ordainduko zaio, eta egun bat gehiago izanen du nahi duenean hartzeko.

Prezio horiek hitzarmen kolektibo hau sinatzen denetik hasita aplikatuko dira.

34. artikulua. Aparteko orduak.

Enpresa honen izaera berezia dela eta, eguneko 24 orduetan etengabeko zerbitzua egiten baitu, presako eta ustekabeko arrazoiengatiko absentziak betetzeko egin beharreko ordu osagarriak aparteko ordutzat joko dira baldin eta, urteko kopuruan, hitzarmen honetan itundutako urteko lanaldia gainditzen badute.

Aparteko ordu horien izaera kontuan hartuta, egiturazko ordutzat joko dira (alegia, puntako ekoitzaldiengatik, ustekabeko absentziengatik edo dena delako jardueraren izaeratik ondorioztatutako egiturazko beste inguruabar batzuengatik lanaldi arruntetik kanpo egin beharrekoak), eta borondatezkoa izanen da horiek egitea.

Ordu horiek diruz konpentsatzen ahalko dira, ordu arruntaren balioari 1,5 euro gehituta, edo horien truke atseden denbora hartuko da; ordu bakoitzeko ordubeteko atsedenaldia. Atsedena zein egunetan hartu hautatzen ahalko da, baina ez da hartzen ahalko oporraldi nagusietan.

Ezinbestean egin beharreko aparteko orduak: ezbeharrak edo presako beste kalte batzuk konpontzeko behar diren orduak dira, eta orobat, lehengai galkorrak galtzeko arriskurik bada egin beharrekoak. Nahitaezkoak izanen dira eta ez dira zenbatuko urteko 80 orduren gehieneko mugaren ondorioetarako. Enpresak lan arloko agintaritzari jakinaraziko dio ordu horiek egin direla, egin eta hurrengo hilabetearen barnean.

Aparteko orduak eginen dira, legeak ezarritako aldi baterako kontratuen edo kontratu partzialen ereduak erabili ezin badira.

35. artikulua. Ordu osagarriak.

Lanaldi partzialeko kontratuan adostutakoaren arabera ohiko orduez gainera egin litezkeenak dira.

Enpresak ordu osagarriak egitea eskatzen ahalko du, langilearekin berariaz itundu duenean bakarrik. Itun hori idatziz egin beharko da nahitaez, ondorio horretarako ezarririko eredu ofiziala erabiliz.

Ordu osagarrien kopurua ez da izaten ahalko kontratuaren xedeko lanordu arrunten %15etik gorakoa.

Benetan egindako ordu osagarriak ordu arrunten moduan ordainduko dira eta Gizarte Segurantzako kotizazio oinarrien, gabealdien eta prestazioen oinarri arauemaileen ondorioetarako zenbatuko dira. Ondorio horretarako, egindako ordu osagarrien kopurua eta ordainsaria soldaten banakako ordainagirian eta Gizarte Segurantzako kotizazio agirietan adierazi beharko dira.

Ordu osagarriei buruzko ituna eta horiek egiteko baldintzak Langileen Estatutuan ezarririko betekizunak betetzearen eta, hala denean, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboetan ezarritako araubidearen baldintzapean egonen dira. Betekizun horiek eta araubide juridikoa bete ezean, langileak ordu osagarriak egiteari uko egitea ez da hartuko zehatzen ahal den lan portaera gisa, nahiz eta ordu horiek aurretik itunduak izan.

VI. IZENBURUA.–HOBEKUNTZA SOZIALAK

36. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Enpresak, erantzukizun zibileko poliza baten bidez, aseguru bat eginen die langile guztiei, lanaren ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak estaltzeko. Polizaren kopia eguneratua langileen legezko ordezkaritzari emanen zaio.

37. artikulua. Istripu asegurua.

Enpresak aseguru poliza bat itunduko du laneko istripuetarako edo laneko gaixotasunetarako, heriotzako eta baliaezintasun iraunkor absolutuko arriskuak estaltzen dituena. Estaldura 30.000 eurokoa izanen da. Polizaren kopia eguneratua langileen ordezkaritzari emanen zaio.

38. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Azaroaren 8ko 31/1995 Legean edo, hala denean, laneko arriskuen prebentzioari buruz indarra duen legedian xedatutakoari jarraituko zaio.

Enpresak hitz ematen du legearen aginduak eta hura garatzen duten erregelamenduak aplikatuko dituela. Prebentzioko ordezkari berria hautatzeko Batzordeak berariaz besterik adierazi ezean, kargu hori bere gain hartu duen langileak ordezkaria izaten jarraituko du.

–Arriskuen prebentziorako plangintza. Enpresan arriskuei aurrea hartzeko ekintza bat ezartzeak berekin dakar arriskuei aurrea hartzeko plan bat ezartzea, antolaketaren egitura, eginkizunen definizioa, jardunak, prozedurak, prozesuak eta ekintza hori gauzatzeko behar diren baliabideak barne hartzen dituena.

–Norbera babesteko ekipamenduak. Norbera babesteko ekipamendua (NBE) erabili beharko da langileen segurtasun eta osasunerako arriskua dagoenean eta ezin izan denean saihestu edo behar adina mugatu babes kolektiboko baliabide teknikoekin edo lan antolaketako neurri, metodo edo prozeduren bidez.

NBE horiek babes eraginkorra emanen dute, horrelakoak erabiltzeko arrazoi diren arriskuen aurrean, eta horiek erabiltzeak berak ez du berez inolako arrisku gehigarririk sorraraziko.

NBEa banatzen denean, banatzearen ardura duen pertsonak horri buruzko informazioa eta prestakuntza eman beharko du, nola erabili eta zaindu behar den jakiteko.

–Amatasunaren babesa. Enpresak hitz ematen du bizkor eginen eta emanen dituela arriskuzko haurdunaldiaren egoera ahalik eta lasterren bideratzeko behar diren agiri eta tramite guztiak.

–Istripuen eta gertakarien ikerketa. Istripuen ikerketaren helburu nagusia da istripua zerk sortu duen jakitea, gertatutakoak ezagutu ondotik.

Helburua lorturik, ondorengo helburua izanen da ikasitakoari etekina ateratzea, neurri zuzentzaileak diseinatzeko eta ezartzeko, istripu berdinak edo antzekoak sortzen dituen arrazoia ezabatu eta enpresan prebentzioa hobetzearren.

–Prestakuntza. Enpresan lanean hasten diren pertsonei harrera eskuliburua emanen zaie, non bilduta baitaude Datu Pertsonalak Babesteko Legeari eta Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legeari dagokienez langileak dituen eskubide eta betebehar guztiak.

–Osasuna zaintzea. Enpresak klinikako langile guztien osasunaren ebaluazioa eginen du urtero. Azterketa mediko hori egin nahi ez duen langileak berariaz eta idatziz adierazi beharko du.

39. artikulua. Jantziak.

Enpresak langile guztientzako jantziak jarriko ditu, beharrezkoa denean. Uniformeak jasotzen dituzten langile guztiak behartuta daude horiek janztera, zentroko baldintza estandarren arabera.

Uniformea norberaren erabilerarako izanen da eta langileak berak zainduko du eta haren ardura izanen du, kontrakorik ituntzen ez bada behintzat.

40. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Lanez kanpoko istripuak eta eritasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasunetan, enpresak honela osatuko du ordainsaria:

–Urteko lehenbiziko baja: 1. egunetik 90.era bitartean, langilearen ordainsariaren (oinarrizko soldata eta hitzarmenaren plusa) %85.

–Hurrengo bajak: 4. egunetik aurrera, oinarrizko soldataren eta hitzarmenaren plusaren %80raino osatuko da.

Nolanahi ere, urtean izandako baja guztiak zenbatuko dira, osatu beharreko gehieneko egun kopuruaren ondorioetarako, eta egun horiek ez dira inola ere 90 baino gehiago izanen.

Laneko istripuak edo laneko gaixotasunak eragindako aldi baterako ezintasunean dauden langileek hileko ordainsari arruntaren %100 jasoko dute (gaueko eta jaiegunetako plusik gabe) egoera horretan dauden bitartean.

VII. IZENBURUA.–ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPENAK

41. artikulua. Benetako lan denboraren zenbaketa eta kontrola.

Benetako lanorduak zenbatzen hasiko dira laneko jarduera benetan hasten den unean, eta hura benetan bukatzean akituko da zenbatzen.

Langileek, martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretuari jarraikiz, nahitaez erregistratu behar dute zein unetan hasi eta bukatzen duten laneko jarduera, zintzoki eta lantokian ezarritako bitartekoak erabiliz.

Erregistro hori enpresak kontrolatuko du, langile guztien markaketa gainbegiratzeko.

Benetako lan denbora egoki kontrolatzeko, langileek laneko arropa jantzirik izan beharko dute, benetako lan jarduera hasterakoan nahiz bukatzerakoan.

Giza baliabideetako departamentuan erregistratu eta justifikatu beharko da, halaber, benetako lanorduetan gertatzen den gorabehera oro.

Erregistroa ez badator bat edo diferentziarik bada, edo fitxaketaren bat egiten ez bada, hitzarmeneko zehapen araubidea aplikatuko da.

42. artikulua. Puntualtasun faltak.

Puntualtasun faltatzat joko da ordua baino 5 minutu beranduago iristea. Benetan lan egin ez den denbora deskontatuko da.

Langilearekin zerikusirik ez duten arrazoiek sortutako atzerapenak justifikatzen ahalko dira, eta, beraz, ez dira puntualtasun faltatzat joko.

43. artikulua. Falta arinak.

–Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.

–Lanera bertaratu ez eta hurrengo 24 orduetan faltaren arrazoiak ez jakinaraztea.

–Justifikatutako arrazoirik gabe alde egitea lanetik, nahiz eta denbora gutxirako izan, non eta ez den falta astun edo oso astuntzat hartu behar, enpresari, erabiltzaileei edo lankideei eragindako kalteak direla bide.

–Zabarkeriaz jokatzea arauei edo jasotako aginduei dagokienez.

–Hiru egunez ez fitxatzea, hamabost eguneko epean.

44. artikulua. Falta astunak.

–Hogeita hamar egunean lanera hiru alditan baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea.

–Hogeita hamar egunean egun batez lanera ez joatea justifikatu gabe.

–Agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, zerbitzuei dagokienez, enpresaren edo erabiltzaileen kalterako.

–Jasotako aginduak edo ezarritako arauak ez betetzea. Batez ere laneko segurtasun eta higieneko neurriei dagozkienak.

–Hirurogei egunean hutsegite arin bera behin baino gehiagotan egitea.

Justifikatutako arrazoirik gabe alde egitea lanetik, nahiz eta denbora gutxirako izan, non eta ez den falta oso astuntzat hartu behar, enpresari, erabiltzaileei edo lankideei eragindako kalteak direla bide.

–Hiru egunetan baino gehiagotan eta zortzi baino gutxiagotan ez fitxatzea, hamabost eguneko epean.

45. artikulua. Falta oso astunak.

–Urtebeteko epean lanera 20 alditan baino gehiagotan berandu iristea.

–Hilabete batean, justifikatutako arrazoirik izan gabe, hirutan lanera ez joatea.

–Eritasun edo istripu itxurak egitea.

–Hitzez edo egitez tratu txarrak ematea erabiltzaileei, nagusiei edo lankideei.

–Lanetik alde egitea edo zabarkeria larriz aritzea, kalte larriak egiten bazaizkio enpresari edo egiten ahal bazaizkie erabiltzaileei.

–Agindutako kudeaketetan iruzurra, leialtasunik eza edo konfiantza abusua erakustea, eta enpresari nahiz hirugarrenei lapurtzea, ebastea edo jokabide horren konplize gisa aritzea lantokian, enpresan berean zerbitzua eman bitartean.

–Agintekeria.

–Aginduak era nabarmenean ez betetzea.

–Hiruhileko batean falta astunak behin baino gehiagotan egitea.

–8 egunetan baino gehiagotan ez fitxatzea, hamabost eguneko epean.

–Aurreko artikuluetako falten zerrenda adibide gisa eman da.

46. artikulua. Zehapenak.

Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkie langileari eta sindikatuetako ordezkariei; gertakariak, faltaren gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.

Langileen ordezkariei falta astunen edo oso astunen berri emanen zaie, jakinaren gainean egon daitezen.

Enpresak, falten astuntasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:

1. Falta arinak: hitzezko edo idatzizko kargu-hartzea.

2. Falta astunak: idatzizko kargu-hartzea. Gehienez 15 egunez enplegu eta soldata gabe uztea.

3. Falta oso astunak: kaleratzeko kargu-hartzea. Gehienez hirurogei egunez enplegu eta soldata gabe uztea. Kaleratzea.

47. artikulua. Falten preskripzioa.

Langileei dagokienez, falta arinak hamar egunera preskribatuko dira, falta astunak hogei egunera eta falta oso astunak hirurogei egunera, enpresak falta horien berri izan duenetik hasita. Nolanahi ere, faltak sei hilabetera preskribatuko dira beti, egiten direnetik kontatzen hasita.

48. artikulua. Bestelako gaiak.

Urtea amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan, aurreko urteko balantzea eta galdu-irabazien kontua emanen dizkio enpresak langileen ordezkaritzari, urtero.

Gauza bera eginen du kontingentzia profesionalak eta arruntak (halakorik badu) kontratatzeko ugazaben mutualitatearekin egiten dituen aseguru kontratuekin ere.

Erizaintzako txandetan informazioa trukatzeko gainjartzen diren 15 minutuak ere hartzen dira benetako lan denboratzat. Horretarako, honako hau da EUD langileen ordutegia (15 minutu horiek barne):

Goizeko txanda: 08:00-15:15.

Arratsaldeko txanda: 15:00-22:15.

Gaueko txanda: 22:00-08:15.

Era berean, urtean egun libre bat aitortzen zaie langile horiei analisiak herriko osasun zentrora eramateko.

VIII. KAPITULUA.–BESTE XEDAPEN BATZUK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Hitzarmen honetan xedatu gabeko guztian, dagokion lege araudia beteko da.

I. ERANSKINA

2025eko urtarrilaren 1ean, eta hiru hilabetez, hau da, 2025eko martxoaren 31ra arte, Eguneko Zentroko erizaintzako laguntzaileek jarraian beteko dute eguneroko lanaldia, eta 20 minutuko eguneroko atsedenaldi bat izanen dute, benetako lan denboratzat hartuko dena.

Aldi hori amaitu aurreko astean, Hitzarmen Kolektiboko Batzorde Paritarioak erabakiko du formula horrekin jarraituko den edo lanaldi zatituaren aurreko sistemara itzuliko den, non atsedenaldia ez baita benetan lan egindako denboratzat zenbatzen.

Batzorde Paritarioak Eguneko Zentroko koordinatzaileari eta gainbegiraleari eskatutako txosten lotesleen arabera hartuko du erabakia; haiek objektiboki baloratuko dute ezarritako neurriak Eguneko Zentroko zerbitzuaren kalitatea eta erabiltzaileen arreta hobetzen dituen.

Kargudun horiek aldeko balorazioa ematen badute, Batzorde Paritarioak hitzarmen kolektibo honen indarraldi osoan mantenduko du lanaldi jarraituaren sistema berria langile horientzat. Bestela, berriz ezarriko da lanaldi zatituaren sistema, automatikoki, 2025eko apirilaren 1etik aurrera.

Probako neurri honekin, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa desblokeatu nahi dute alderdiek.

II. ERANSKINA

Bi alderdiek hitz ematen dute 2024. urtea bukatu baino lehen hasiko direla hitzarmen berria negoziatzen, beharrezko duen neurrian modernizatzeko, eguneratzeko eta Clínica Josefina Arreguiren garai berrietara egokitzeko. Nolanahi ere, eta hitzarmen kolektibo hau sinatzean abian jarri diren elkarrizketa eta normaltasuna jaso ditzan alderdien arteko harremanak, hilean behin bilduko dira alderdiak, aipatutako lan harremanak normalizatzearen bidetik egokitzat jotzen dituzten gaiak jorratzeko.

Altsasu, 2024ko urriaren 1a.

Iragarkiaren kodea: F2415158