1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
104/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 11koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 17ko 86/2022 Foru Agindua, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena bulegoen mailan.
Azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen da. Hartan, egitura osatzen duten zuzendaritza nagusiak, zerbitzuak eta atalak biltzen dira.
Azaroaren 17ko 86/2022 Foru Aginduaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen bulegoen mailan. Uztailaren 5eko 70/2024 Foru Aginduak aldatu zuen foru agindu hori, departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoaren esparruari dagokionez.
Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuak egitura hori aldatzea proposatzen du bere esparruari dagokionez.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 34.4.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzea azaroaren 17ko 86/2022 Foru Agindua, zeinaren bidez Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri baitzen bulegoen mailan.
Bat.–Aldatzen da IV. kapitulua, eta beste artikulu bat gehitzen da, testu hau duena:
VI. KAPITULUA.–EKONOMIA ETA AURREKONTU KUDEAKETARAKO ETA GASTUAREN KONTROLERAKO ZERBITZUA
36. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.
Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Atalak bulego hau du bere egituran:
–Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.
Kontzesio Obren Kudeaketa Ekonomikorako eta Gastuaren Kontrolerako Atalak bulego hau izanen du bere egituran:
–Nafarroako Ubidearen eta Kontzesio Obren Bulegoa.
37 bis artikulua. Nafarroako Ubidearen eta Kontzesio Obren Bulegoa.
–Nafarroako Ubidearen eta Kontzesio Obren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Ubidearen emakida-kontratuen jarraipen ekonomiko-finantzarioan laguntzea, dagozkion zerbitzu teknikoekin elkarlanean.
b) Nafarroako Ubidearen emakida-kontratuekin lotutako espediente ekonomikoak kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskudunekin elkarlanean aritzea.
c) Nafarroako Ubidearen emakida-kontratuek dakarten gastuaren urteko eta epe ertaineko aurreikuspenetan parte hartzea.
d) Nafarroako Ubidearen emakida-kontratuek dakarten dokumentazio ekonomikoa kudeatzea.
e) Bere jardueraren esparruan agintzen zaizkion gainerakoak.
Bi.–Burutzak bere mailaren ehuneko 65eko lanpostuko osagarria izanen du.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko azaroaren 11n.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
Iragarkiaren kodea: F2416365