24. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4379/2023 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 119/1996 Ebazpena indargabetzen baita. 119/1996 Ebazpenaren bidez etengabeko prestakuntzako ekintzak homologatzeko oinarriak onetsi ziren.

Azaroaren 15eko 253/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa (aurrerantzean, NAPI) iraungitzen duenak, indargabetu egin zuen urriaren 30eko 261/2019 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten zituena.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua organikoki Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren mende geratzen da, organigraman zerbitzu mailarekin.

254/2023 Foru Dekretuaren 40. artikuluaren al) letraren arabera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunen artean dago Nafarroako administrazio publikoetako langileen prestakuntza, eguneraketa, espezializazioa eta hobekuntza.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 119/1996 Ebazpenak etengabeko prestakuntzako ekintzak homologatzeko oinarriak ezarri zituen. Ebazpen hori onetsi zen beste organismo, entitate publiko eta erakunde batzuk garatzen ari zirelako prestakuntza, eta erakunde horiek, batzuetan, NAPIren lankidetza eskatzen zuten; horrela, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileentzako etengabeko prestakuntzako ekintzen eskaintza handitu nahi izan zen, erakundeen arteko lankidetzaren bidez.

Hala ere, ebazpen horrek ez du lagundu prestakuntza arloko lankidetza instituzionala finkatzen. Alde batetik, urte hauetan guztietan erakunde bakar batek eskatu ditu prestakuntza ekintzak homologatzeko, eta, bestetik, horren babesean homologatutako prestakuntzak asetzen dituen premiak NAPIk ere asetzen ditu.

Are gehiago, bere helburuak eta xedeak betetze aldera, NAPIk aurrekontua handitu du, eta Nafarroako administrazio publikoetako langileentzako etengabeko prestakuntza eskaintza handituz joan da. Hori dela eta, gaur egun, ez da beharrezkoa beste entitate batzuen lankidetza, ez behintzat indarrean dagoen ebazpenak ezartzen duen gisan.

Bestalde, NAPIk izangaien hautaketarako, partaidetzarako eta aprobetxamendurako ezarritako irizpideek bermatzen dute Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langile guztiek prestakuntza berdintasun-baldintzetan eta doan jasotzea. Aldiz, 119/1996 Ebazpenak ez du bermatzen prestakuntza doakoa izango denik, ez eta bertan parte hartzen dutenek prestakuntza berdintasun-baldintzetan jasoko dutenik ere.

Orobat, indarrean dagoen Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2018ko martxoaren 9ko Akordioaren 10. artikuluaren arabera, prestakuntzaren sustatzaileak administrazio publikoak soilik izan daitezke, bai eta Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioa eta autonomia eremuko toki erakundeen federazioak edo elkarteak ere.

Beraz, pilatutako esperientziaren ondorioz eta egungo testuinguruan, beharrezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 119/1996 Ebazpena indargabetzea, etengabeko prestakuntzako ekintzak homologatzeko oinarriak onesten zituena.

Espedientean txosten juridiko bat dago, zeinek egiaztatzen baitu ebazpen hau zuzenbidearen araberakoa dela. Halaber, Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen eta Estatutupeko Langileen Negoziazio Mahai Orokorrean, 2023ko azaroaren 10ean, sindikatuei jakinarazi zitzaien 119/1996 Ebazpena indargabetu behar zela, egungo testuinguruan beharrezkoa ez zelako Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen prestakuntza ekintzak zabaltzeko eta hobetzeko. Mahai Orokorra osatzen duten sindikatu gehienak ados agertu ziren indargabetze horrekin: CCOO, ELA, LAB eta UGT.

Horrenbestez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren 40.al) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Indarrik eta ondoriorik gabe uztea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 119/1996 Ebazpena, etengabeko prestakuntzako ekintzak homologatzeko oinarriak ezartzen zituena.

2. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Nafarroako foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

4. Ebazpen hau helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen eta Estatutupeko Langileen Negoziazio Mahai Orokorraren mendeko Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Prestakuntza Batzordeari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.

Xedapen iragankorra.–Ebazpen hau indarrean jartzean izapidetzen ari ziren homologazio espedienteak berdin izapidetuko dira, hau da, eskaera egin zen unean indarrean zegoen ebazpenaren arabera.

Azken xedapena.–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko abenduaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

Iragarkiaren kodea: F2318470