238. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1117E/2024 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bitartez egiten baita Orbaizetako munizioen errege fabrikan aparkaleku-sailak atontzeko Aezkoako Batzarrak sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

2024ko ekainaren 18an Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Dauzkan ezaugarriak direla-eta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean dago (7 d taldea). Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Proiektuaren xedea da Orbaizetako 10. poligonoko 3C eta 26. lursailak eta 5. poligonoko 31. lursaila atontzea Orbaizetako munizioen errege fabrikatik gertu (Orbaizetako udalerrian) hiru aparkaleku egiteko eta hala ibilgailuak eta autobusak aparkatzeko leku zabalagoa egoteko, Jauregiaren plazako multzo arkitektonikoaren monumentu-izaerari kalterik egin gabe.

I. eranskinean, laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta II. eranskinean, berriz, ingurumen-dokumentuaren alderik aipagarrienak.

–Aurrekariak:

2020ko otsailean, lurzoru urbanizaezineko obren funtsezko baimenaren izapidetzaren barnean, proiektuaren aldeko ingurumen-txostena egin zen proiektuko hiru aparkalekuetako bati buruz.

–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa:

Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, 2023ko abenduaren 5ean, kontsultak egin zitzaizkien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta egin zitzaien Orbaizetako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (EKH) eta talde ekologista batzuei.

Erantzunak jasotzeko aldian Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren (EKH) txostena baizik ez zen jaso. Bertan EKHk adierazten zuen jarduketa-eremuko ura, azalekoa zein lurpekoa, bai eta horrekin lotutako landaretza eta fauna babesteko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egin behar direla, ez kutsatu ez narriatu ez daitezen eta eremuko dinamika hidrologikoa asko ez aldatzeko.

–Ingurumen-ebaluazioa: Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Orbaizetako munizioen errege fabrikan aparkaleku-sailak atontzeko proiektuaren eremua NA-2032 errepidearen bukaeran dago, Legartza errekaren bi ertzetan, Irati, Urrobi eta Erro Ugaldeen Sistema (ES2200025) KBEaren barnean.

Orreaga-Iratiko Oihana KBEa 1. zonatik 20 metrora dago, proiektuaren jarduketa-eremutik kanpo.

Erreka horrek fabrika zeharkatzen du erdi-puntuko 21 arkuetan zehar, eta fabrikatik irteten da beherago, meandroa dagoen tokian, hain zuzen ere aparkalekuak egin nahi diren eremuan. Bertan erreka bideratuta dago 6 metroko garaierako harrizko hormen gainean (fabrikaren multzo arkitektonikoaren barnean). Gero, hiru kilometro beherago, Irati ibaira isurtzen du dakarren ura.

Obrek ez dute eraginik izanen urertzeko landaretzan, zeren eta errekaren ertzetako aparkaleku-sailen aldeak lehen aipatutako harrizko horma oso garai horiek baitira. Eraginik izatekotan, horma horien ondoko landare urrietan izanen dute: hurrizti batzuk eta lizar txikiren bat edo beste. Baliteke obrak egiteko urertzeko haltzen baten abarren bat inausi behar izatea, aparkalekua egonen den tokirantz lerratzen baita.

Jarduketa-eremuan ez da ikusi katalogatutako pízidorik (ez okil gibelnabarrik ez okil ertainik), baina handik 400 bat metrora bai, ipar-ekialdean zein ipar-mendebaldean; beraz, aurreikusten da obrek espezie horiei ez eragitea, zeren eta inguru horretan jende asko ibiltzen da eta pizidoek leku lasaiagoetara jotzen baitute umatze-garaian. Nolanahi ere, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan aldi-murrizketak ezartzen dira obrak egiteko, espezie horiek babestuta egon daitezen.

Obrek Irati, Urrobi eta Erro Ugaldeen Sistema KBEko funtsezko elementuak ez ukitzeko beharrezkoak diren neurriak ezarri beharko dira, batez ere substantziak ez isurtzeko.

–Ondorioa:

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua exekutatzeak, ustiatzeak eta bertan behera uzteak izan lezaketen ingurumen-inpaktua aztertu ondoren, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez honako hau zehazten du: kontsulten emaitza kontuan hartuta, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideetan oinarrituta eta horren 47. artikuluarekin bat etorriz, proiektuak ez du izanen eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen dena betez gero.

Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Orbaizetako munizioen errege fabrikan aparkaleku-sailak atontzeko Aezkoako Batzarrak sustatutako proiektuak ez du izanen eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen dena betez gero.

2. Hala ere, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Obrak okil gibelnabarraren eta okil ertainaren umatze-garaitik kanpo egin behar dira (martxoaren 1a - ekainaren 15a).

–Lanak hasi baino lehen hargunearen eremua argi eta garbi mugatuko da lursailean, bai eta materialak biltzeko gunea ere (erreketatik urrun egonen da).

–Hiru aparkalekuetan, errekaren urertzeko harrizko hormen ondoan babes-zerrendak egonen dira, eta haietan errekara ez ez isurtzeko neurriak ezarriko dira.

–Lur mugimenduek hertsiki beharrezkoa den azaleran baino ez dute eraginik izanen.

–2. zonan, mendebaldeko pistaren ondoan dauden zuhaitzak babestuko dira; hain zuzen ere, enborrak bermatuko dira, kolperik eta urrakadarik ez jasateko.

–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan-eremuko eta ertzetako sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.

–Espresuki debekatuta dago ibai ibilgura ezer isurtzea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Ibilguan hormigoi freskoa botaz gero, arrain fauna berehala hilko da.

–Hondeatzen diren lurrak kentzen ez badira, hondakin-kudeatzaile baimendunak erauzketa-zulo zaharra lehengoratzeko erabiltzen ahal lituzke (UTM ETRS89 koordenatuak, X: 644.349, Y:4.763.855). Materiala ongi hedatuta eta profilatuta geratu beharko da, eta gorengo geruzan eskura dagoen landare-lurrik hoberena jarri beharko da. Ahaleginak egin beharko dira harrobi-zuloaren barneko landaretza ez ukitzeko, ongi garatuta baitago.

–Sortzen diren gainerako hondakinak modu egokian kudeatu behar dira, bakoitza bere ezaugarrien arabera, hondakinei buruz indarrean den araudiarekin bat etorriz.

–Egin beharreko obrak bukatu ondotik ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hastean landare-lurrezko geruza kenduko da lur-profil organikoa dagoen tokietan, eta hondeaketaren gainerako materialetatik bereizita bilduko da, bukaeran lanetan ukitutako lurrak lehengoratzeko erabiltze aldera.

–Obrak hasi baino 72 ordu lehenago abisua eman beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Ataleko Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitateari (telefonoa: 686-502927; emaila: gmaaezkoa@navarra.es), lanen zuinketan egon dadin eta hala haiek ahalik eragin txikiena eduki dezaten eremuko elementu naturaletan.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Orbaizetako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitateari) eta interesdunari igorri behar zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA

Proiektuaren xedea da Orbaizetako 10. poligonoko 3C eta 26. lursailak eta 5. poligonoko 31. lursaila atontzea (guztira 1.916,67 m²) Orbaizetako munizioen errege fabrikatik gertu (Orbaizetako udalerrian) hiru aparkaleku egiteko eta hala ibilgailuak eta autobusak aparkatzeko leku zabalagoa egoteko, Jauregiaren plazako multzo arkitektonikoaren monumentu-izaerari kalterik egin gabe.

1. zona gaur egun aparkaleku gisa erabiltzen den zelaia da; fabrikaren ateen aurrean dago. Proiektuaren arabera, lursaila berdinduko da eta aparkalekuaren perimetroa markatuko da zurezko langaren bidez. Aparkalekuan 22 ibilgailu sartzen ahalko dira. Alde batetik, zabalgunea alboko euste-hormatik metro batera dago; bestetik, urertzaren ondoan dago, eta egungo hesia izanen da muga. Zoladura hormigoi prefabrikatuzko saretadun lauzez eginen da. Ibaiaren mugan corten altzairuzko hesia paratuko da, 160 cm-ko garaierakoa, pilastren eta tolestutako profildun zutabeen gainean. Pilastrak 40x40x30 m neurriko hormigoi armatuzko zapatetan ainguratuta geratuko dira.

2. zona Legartza ibaiaren beste aldeko urertzaren ondoko zelaigunea da. Bertan egin nahi den 1. zonako gauza bera da: 22 ibilgailurentzako aparkalekua. Zelaigunea atontzeko, lizar bat eta motzondo bat kenduko dira. Pistako euste-hormaren ondoko hiru zuhaitzak mantenduko dira; aparkalekuaren eta hormaren artean segurtasun-tartea utziko da. Ibairen mugan 1. zonakoaren antzeko hesia paratuko da.

3. zona errepidearen beste aldeko zabalgune luzea da (2. zona erreferentziatzat hartuta). Bertan 4 autobus aparkatzen ahalko dira. Zona horrek errepidea izanen du mugakide, bai eta Legartza ibaia ere. Ibaiaren mugan 6 metroko garaierako harrizko euste-horma egonen da. Lan guztiak eginen dira lursailaren barnean.

Horma hori sendotzea eta, beharrezkoa izanez gero, goi partea berreraikitzea aurreikusten da, baina lan horiek ez dute ukituko ibaia. Aparkaleku honetan ibilgailu astunetarako zoladura paratuko da, hormigoizko zolatarekin. Zoladurak maldatxoa edukiko du errepiderantz, euri-ura biltzeko hormigoizko areka baten bidez; hortik euri-ura ibaira bideratuko da zuzenean.

Euste-horma ez da ibaiarekiko desnibeletik babesteko behar bezain garaia; horregatik, 1. eta 2. zonetakoen antzeko hesia paratuko da. Lursail honetan landare, sasi eta zuhaixka asko daude; sastrakak eta sasiak garbituko dira. Saileko lurrei ibaiaren aurrean eusten dien harrizko horma inguruko harriekin berreraikiko da, aparkalekuaren zoladuraren mailara iritsi arte.

Lursaila prestatzeko, gehienez 30 cm-ko zagor-geruza zulatuko da 1. zonan eta landare-lurrezkoa 2. eta 3. zonetan (soberako lurrak inguruan betelanak egiteko erabiliko dira) eta betelanak eginen dira kotara iristeko, lurrak berdinduko dira, sestran paratuko dira eta findu eginen dira. Aparkalekuen eremutik kanpo 1-1,5 metroko perimetroa zolatu gabe utziko da harlangaitz idorrezko hormen mugetan, zatiak erortzen ari dira eta.

Uste dute obrak egiteko 268 m³ lur erauzi beharko direla. Lur horiek inguruan betelanak egiteko erabiliko dira edo hondakindegira eramanen dira.

II. ERANSKINA.–INGURUMEN-DOKUMENTUAREN LABURPENA

Proiektuak ingurumenean izanen dituen ondorioei buruzko azterketan aplikatu beharreko neurri batzuk aipatzen dira: obrak intereseko animalia-espezien umatze-garaian ez egitea; ibaira ezer ez isurtzeko neurriak; makina astunak behar diren lanak udan edo udaberri bukaeran egitea, lurra oso heze ez dagoenean.

Aurkeztu den dokumentuan adierazten denez, ez dirudi lanek ur-lasterrik ukituko dutenik; izan ere, lursailak euste-hormen barnean daude, horma horiek ez dira ukituko eta lur-mugimenduak txikiak izanen dira (azaleko indusketa zotala kentzeko). 3. zonan hormaren goi parte sendotzeko lanak eginen dira, baina ibairen ubidea ukitu gabe.

Aparkalekuko ibilgailuetatik isurtzen diren olioek eta gasolioek ibaiko ura ez kutsatzeko, langileak arreta handiarekin ariko dira obretako makinetan erregaia sartzen dutenean eta olioa aldatzen dietenean. Proiektuan horretarako aplikatuko diren neurriak zehazten dira.

2. zonan lizar bat botako da eta azaleko belar-sastrakak kenduko dira.

Obrak eginen diren eremua nahiko urrun dago pizido batzuk (okil beltza eta okil gibelnabarra) eta piriniotar baso-igela bizi diren baso-ekosistemetatik, eta horregatik uste da lanek ez diela eragozpenik sortuko, ez kalterik eginen.

Iragarkiaren kodea: F2416258