1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1115E/2024 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bitartez adierazten baita La Veneciana SAk Iruñeko Landaben C industrialdeko K kaleko 6. atarian sustatu duen beira eskuztatzeko eta mozteko (mozketa eta ertz-leunketa) eta arriskutsuak ez diren hondakinak biltzeko eta kudeatzeko instalazioaren proiektuak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean.
Halaber, ebazpen horren bitartez La Veneciana SAk Iruñeko Landaben C industrialdeko K kaleko 6. atarian sustatu duen beira eskuztatzeko eta mozteko (mozketa eta ertz-leunketa) eta arriskutsuak ez diren hondakinak biltzeko eta kudeatzeko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten da.
2024ko martxoaren 27an Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan.
La Veneciana SAren jardueraren helburu nagusia da beira moztea, manufakturatzea eta biltzea, orri gisa saltzeko. Iruñeko Landaben C industrialdeko K kaleko 6. atarian dauzka instalazioak, lurzoru urbanizagarri industrialean.
Funtseko aldaketaren bidez beira-hondakinak balorizatu nahi dituzte. Hondakin horiek instalazioetako zatiketen eta hausturen ondorioz gertatzen dira, bai eta eraikuntzako sektoreko panelak hautsi eta errefusetara botatzen edo ordezten direnean ere. Jarduera hori egiteko, arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko baimena lortu dute, eta horretarako ez dute obrarik egin beharko instalazioetan.
Proiektuaren arabera, Iruñeko instalazioetan berrekuratutako beirak bereizi eta bilduko dira, taldeko beste fabrika batera eramateko; fabrika horretan berriz aprobetxatuko dira, eta hala material horien bizitza erabilgarria luzatuko da. Kaltzina (beira mozten eta ertzak leuntzen direnean sortzen den hondakina) eta kanpoaldean ateetan eta leihoetan paratzen diren beirazko panelen denetariko gainerako materialak baimendutako kudeatzaile baten esku utziko dira. Tratamendu-ahala (beira eta gainerako materialak baliabide mekanikoen bidez bereizteko ahala) 1.560 tona urtean izanen da gutxi gorabehera.
Ingurumen-inpaktuaren txosten honen I. eranskinean proiektuaren laburpena dago.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta igaro behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako moduan.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, 2024ko ekainaren 20an Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Horrenbestez, kontsulta egin zaie Iruñeko Udalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari.
Erantzunak jasotzeko aldian Hondakinen Atalaren txostena jaso da. Bertan bi baldintza ezartzen zaizkio proiektuari: instalazioak eta eragileak hondakinak kudeatzeko baimenak edukitzea eta zentroak Batzordearen abenduaren 10eko 1179/2012 (EB) Erregelamendua betetzea (horren bidez berreskuratutako beira hondakina ez dela ezartzeko irizpideak finkatzen dira).
Proiektuaren dokumentazioa aztertu da eta honako hau ondorioztatzen da: jarduera zoladuradun nabe itxian eginen da, eta ez du edukiko inguruan egungoa baino eragin handiagorik (baliabideen kontsumoa, isurketak eta tailerreko hondakinak). Hondakinak kudeatzeko linea berriarekin lortu nahi da leihoen eta beren bilgarrien denetariko materialak berreskuratzea (plastikoa, aluminioa, papera eta kartoia), bai eta beira ere. Uste dute hori, orokorrean, onuragarria izanen dela, ekonomia zirkularra bultzatuko baita. Prozesuan ez da sartuko beste hondakin-motarik.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bitartez adierazi duenez, 21/2013 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz, kontsulten emaitzak kontuan edukita eta 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez du izanen eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen dena betez gero, eta ez dago baldintza gehiago ezarri beharrik. Dena den, proiektua egiteko indarreko legeriaren arabera behar diren baimenak lortu behar dira.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua.
EBAZTEN DUT:
1. La Veneciana SAk Iruñeko Landaben C industrialdeko K kaleko 6. atarian sustatu duen beira eskuztatzeko eta mozteko (mozketa eta ertz-leunketa) eta arriskutsuak ez diren hondakinak biltzeko eta kudeatzeko instalazioaren proiektuak ez du izanen ondorio nabarmenik ingurumenean.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Iruñeko Udalari eta interesdunari igorriko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
Proiektuaren arabera funtsezko aldaketa eginen da beste zentro batzuetako beira lauzko xaflak mozteko eta ertzak leuntzeko instalazio batean, eta ondorioz oraingo jardueraz gainera bertan egiten diren zatitze-lanetan eta eraikuntza-sektoreko panelen hausturetan eta haiek ordeztean sortzen diren eta errefusatzen diren beira-hondakinak balorizatuko dira. Tratamendu-ahala (panelen muntaketan sortzen diren beira-hondakinak eta materialak prozesatzeko eta bereizteko ahala) 1.560 tona urtea izanen da gutxi gorabehera.
Proiektuaren arabera, jarduera nabearen barnean eginen da; nabeak zoladura dauka, eta bertan ez da ezer aldatu beharko. Nabearen barnean berreskuratutako beira eta kaltzina (beira-hautsa, mozketan eta ertzak leuntzean sortzen dena) eta kanpoaldeko ate eta leihoetako panelen denetariko materialak bereizi, sailkatu eta bilduko dira. Material bakoitza edukiontzi batean gordeko da nabearen barnean.
Nabearen azalera 1.769,7 m²-koa da oinplanoan. Zamalanetarako nasak daude, eta kanpoan ez dago espaziorik ez aparkalekurik. Panelak garraiatzeko eta fabrikatzeko ekipoak daude, bai eta haiek biltzeko eremua eta beira leuntzeko eta mozteko ekipoetan erabiltzen den uretatik kaltzina berreskuratzeko sistema ere.
Beira ez ezik, panelen bilgarrietako hondakinak eta haiek muntatzen diren eraikuntza-elementuetako hondakinak ere kudeatuko dira (plastikoa, aluminioa, papera eta kartoia), eta kaltzina ere bai. Proiektuko aurreikuspenaren arabera, jardueran 1.060 tona beira eta 500 tona bestelako material kudeatuko dira urtean; ez dira bilduko 100 tona baino gehiago egunean, ez 5.000 tona material guztira urtean. Prozesuan ez da sartuko beste hondakin-motarik.
Zentroak hondakin arriskutsuen (bulegoa eta ekipoen mantentze-lanak) eta arriskutsuak ez diren hondakinen sortzaile txikiaren baimena dauka. Gainera, arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko baimena lortu nahi du. Berreskuratzen den beira osaeraren arabera bereiziko da eta enpresa-taldeko beste lantegi batzuetara eramanen da, tratamendua jaso eta hondakina izateari uzteko.
Iragarkiaren kodea: F2416250