238. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Ureztatzeko uraren ordenantza, Baratzeetako paisaia babestua arautzen duen ordenantza, Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala eta Hilerria eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2024ko ekainaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa ondoko ordenantza fiskal hauetan:

–Ureztatzeko uraren ordenantza.

–Baratzeetako paisaia babestua arautzen duen ordenantza.

–Ordenantza fiskala, arautzen dituena agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak.

–Udal ordenantza, hilerria eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituena.

Onespenaren erabakia 2024ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, zenbait ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen dira argitara, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Zuñigan, 2024ko urriaren 10ean.–Alkate udalburua, Pedro María Oteiza Díaz.

ORDENANTZA, ZUÑIGAKO "LAS HUERTAS" IZENEKO ALDERDIAN UREZTAPENA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordenantza hau aplikatuko da Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako proiektuan ezarritako lurzatietan, Zuñigako "Las Huertas" izeneko alderdian.

Xedea da arautzea uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak eta Zuñigako ureztatzeko lurpeko sarearen erabilera.

2. artikulua.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako proiektuan ezarritako ureztapen eremuko lurzatien titularrek beren lurzatiak ureztatzen ahalko dituzte, baldin aldez aurretik Zuñigako Udalean, idatziz, alta emateko eskatu badute.

3. artikulua.

Ureztatzeko sistemaren funtzionamendurik egokiena eta eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena lortzearren, Alkatetzak ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

4. artikulua.

Zuñigako ureztatzeko lurpeko sarea mantentzea eta zaintzea Udalaren eskumena izanen da.

Banakako harguneak mantentzea eta zaintzea lurzatien titularren kontura izanen da. Banakako hargunea da Zuñigako ureztatzeko lurpeko sarearekiko loturatik aurrerakoa.

5. artikulua.

Banakako harguneek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Polietilenozko hodiekin eginen dira, eta hodiok izan beharko dute hodi nagusiaren kalitate bera. Bien loturaren estankotasuna berrikusiko da, zanga itxi baino lehen.

b) Gehienez ere 25"-koak (3/4) izanen dira tarte osoan.

c) Hargune bakoitzak ixteko giltza izanen du, kontagailu eta/edo iragazkiaren aurretik. Bai ixteko giltza bai kontagailua egonen dira baratzearen kanpoaldeko kutxatila batean (kandadu edo halakorik gabe), irekitzeko moduan, Udalak irakur dezan.

Banakako harguneen ezaugarria eta baldintzak ezin izanen dira manipulatu, ez eta aldatu ere. Hori manipulatzeak ureztatze hornidura etetea ekarriko du.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

I. ERANSKINA.–TASAK

–Ureztatzeko ura izateko alta ematea: 200 euro.

–Ureztatzeko uraren kontsumoa: 0,12 euro metro kubiko bakoitzeko.

–Ureztatzeko uraren urteko kanona: 15 euro/kontagailua.

BARATZEETAKO PAISAIA BABESTUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Baratzeetako paisaia babestuaren baldintza berezien gaineko araua garatzea, Zuñigan gaur egun indarra duen Udal Planeko Lurzoru Urbanizaezinaren gaineko Hirigintzako Araudi Partikularraren 161. artikuluaren baldintza bereziekin bat.

Zuñigako Udal Planak, dituen balio estetiko eta kulturalak kontuan izanda, paisaia babestu deklaratu du baratzeen eremua, herriaren iparraldean dagoena, herria Gastiainekin lotzen duen errepidearen gainean.

Ordenantza honetan ezartzen diren xedapenen xedea da eremu horretan egin daitezkeen eraikuntza jardueren ezaugarriak eta haien funtzionamenduaren baldintzak ezartzea, betiere espazio horrek gaur egun duen izaeraren kontserbaziora zuzenduak.

2. Eraikuntzako jarduerak.

Lurzoru Urbanizaezinaren gaineko Hirigintzako Araudi Partikularraren 161.5 artikuluan jasorik dagoen bezala, eraikuntza jarduera baimenduak dira baratzezaintzarako eraikin lagungarriak egitea eta lurzatia ixtea; eraikuntza jarduera baimengarriak, berriz, lurpeko azpiegiturak dira, haien obra zibila lurraren kotaraino baizik ailegatzen ez bada.

3. Eraikuntza lagungarriak eta haiei loturiko instalazioak.

Ordenantza honi dagokionez, eraikuntza lagungarriak dira ondotik aipatzen den baratzezaintzari loturik daudenak. Orokorrean, lurzatiaren azaleraren %50 hartzen ahalko dute gehienez.

3.1. Baratzezaintzari eta aisialdiko baratzezaintzari sostengu emateko eraikinak (etxolak). Eraikin hauen xedea da laborantzan erabiltzeko lanabes txikiak biltegiratzea; aisialdirako lokalen bat ere para liteke.

Baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Eraikinak ez dira finkako murruetan bermatuko. Debeku da mugen gainean eraikitzea.

–Eraikina gutxienez 6 m urrunduko da lurzatia eta errepidea bereizten dituen mugatik.

–Eraikuntza finkatuaren eta lurzati mugakidean dagoen eraikuntza berriaren artean gutxienez ere 2 metro egon behar dira, lehendik zegoen eraikuntzak lehentasuna duela.

–Eraikinak solairu bakarra izanen du, eta gehienez ere 45,00 m²-ko azalera; horietarik, gehienez ere 30,00 m² egoten ahalko dira itxirik, gainerakoa aterpe irekia izanen baita.

–Oina errektangeluarra izanen du, hegalkinik eta sargunerik gabea. Fatxaden akabera material xumez eginen da: harria, kolore apalez margoturiko zarpiatuak, hormigoizko bloke hareakarak edo zuriak.

–Estalkiak maldadunak izanen dira, bat, bi edo lau isurkikoak. Akaberako material gisa honako hauek baimentzen dira: zeramikazko teilak edo teilen imitaziozko xafla uhinduak, betiere kolore buztin-gorrikoak.

–Eraikinaren garaiera 4,00 m izanen da gehienez, zorutik gailurrera.

–Eraikinaren barnealdea gehienez bi lokaletan banatzen ahalko da, trenkada batek bereizita.

–Baimentzen da edateko uraren sarerako hargunea paratzea, harraskarako. Lurpekoa beharko du izan.

3.2. Lurzatiaren sarrerako egitura (pergola).

Lurzatiaren sarreran pergola motako egitura bat eraikitzeko baimena izanen da, ibilgailu bat aparkatu ahal izateko. Baldintza hauek bete beharko ditu:

–Gehienez ere 15 m²-ko azalera okupatzen ahalko du. Okupatutako azalera kenduko zaio baratzezaintzan laguntzeko eraikinarekin okupatzen ahal denari; hau da, etxolaren eta pergolaren batura 45,00 m² izanen da gehienez.

–Egitura zurezkoa izanen da, eta gehienez ere 2,5 m garai izanen da.

–Estaltzeko gaia landare natural bizia izan beharko da (landare igokariak). Landarerik ez den bitartean, ainarrezko keretaz estaltzen ahalko da; debeku da plastikoak, xaflak edo bestelakoak erabiltzea.

3.3. Berotegiak.

Baimenduta dago berotegiak paratzea. Ez dira 2,50 m baino garaiagoak izanen. Egoera onean mantenduko dira, utzikeria itxura eman gabe.

3.4. Obrak eta loturiko instalazioak.

–Zolatzea onartzen da errepidetik sarrerara. Gehienez ere 4 m luze izanen da. Erretenaren estalkiaren gaina elementu mugikorrez osatua izanen da; ahalez, saretoak ezarriko dira.

–Zolatzea onartzen da sarreratik eraikinera; zabalera sartzeko atearena izanen da gehienez.

–Energia sorgailu autonomoak baimentzen dira, argia emateko baizik ez badira; eguzki-panelak paratzen ahal dira, betiere zuzenean zoru gainean, inoiz ez estalkien gainean. Eztanda-motorrak erabiltzen badira, isolamendu akustikoa beharko da.

–Finka zaintzeko zakurrendako etxolak baimentzen dira, betiere haien gehieneko azalera 3,00 m² baldin bada.

4. Lurzatietako itxiturak.

4.1. Errepide alderako mugaren gaineko itxitura.

Errepidearen gainean kokaturiko lerrokadura ofizialaren gainean, itxitura 1,40 m garai izanen da gehienez, lerrokadura ofizialaren puntu guzti-guztietan neurturik, eta harlangaitzez eraikiko da.

Finkak bi sarbide izan ditzake. Bata ibilgailuak sartzeko izanen da, gehienez ere 3,00 m-ko zabalera izanen du, eta ez du itxituraren garaiera gaindituko. Bestea pertsonen sarrera nagusitako izanen da, eta gehienez ere 1,50 m zabal eta 2 m garai izanen da. Ateak zurezkoak izanen dituzte, edo kolore marroiko zuraren imitaziokoak.

Urtebeteko epea ezarri da, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, jabeek zurezko ateak edo kolore marroiko zuraren imitaziokoak paratzeko.

4.2. Beste mugen gaineko itxitura.

Lurzatiko gainerako mugetan, itxitura arina edo trinkoa para daiteke, Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorraren 92. eta 93. artikuluetan ezarritako baldintzetan, berezitasun hauek kontuan hartuta:

–Itxitura arinak gehienez ere 1,50 m-ko garaiera izaten ahalko du; haietarik, soilik beheko 40 cm-ak izan daitezke trinkoak eta opakuak. Gainerakoa sare bat izanen da, heskaiarekin edo zuhaixkekin nahasten ahalko dena.

–Itxitura trinkoak gehienez ere 1,40 m-ko garaiera izaten ahalko du, eta harlangaitzez eraikiko da. Debeku da itxiturak goiti jarraitzea, edozein material erabilita ere.

–Gehieneko garaiera itxituraren puntu bakoitzean neurtu beharko da kasu guztietan, lurraren sestra garaiena den aldetik, lurzatiaren barnean edo kanpoan.

5. Jarduera eta erabilera debekatuak.

Debeku dira eraikuntza jarduera guztiak, ordenantza honek espresuki arautzen ez baditu, eta haiek erabiltzea aurreikusi gabeko beste zerbaitetarako, bereziki hauetarako:

–Debeku dira eraikuntza finko edo mugigarri guztiak, hala nola "mobil-home"ak, karabanak, bungalowak, atoiak eta gisakoak, salbu eta zakur zaindariendako etxolak.

–Debeku dira eraikuntza elementu edo instalazio guztiak, erabilera baimenduari dagokiona ez bada, hala nola erregai biltegiak, klimatizaziorako edo berokuntzarako instalazioak, antenak eta abar.

–Debeku da sare elektriko orokorrera lotzea.

–Debeku da eraikina bizitegitako erabiltzea, edo beste edozein erabilera ematea, erabilera baimendu edo baimengarri gisa arautu ez bada Lurzoru Urbanizaezinaren gaineko Hirigintzako Araudi Partikularraren 161.5 artikuluan edo ordenantza honetan.

6. Eraikinen bateragarritasuna.

Finka berean eraikin mota desberdinak ezartzeko baldintza hau bete behar da: ez da onartuko finkan mota bereko eraikin bat baino gehiago zutitzerik.

7. Udal lizentzia.

Udalaren obra-lizentzia beharko da Baratzeetako Paisaia Babestuko lurzoruan baimentzen edo onartzen diren jarduera eta erabilera guztietarako. Lizentzia lortzeko aurkeztu behar den dokumentazioan (memoria edo proiektu teknikoa) xehe-mehe deskribatuko dira eraikina, instalazioak eta lurzatiaren itxiturak.

Nahitaez sartu beharko dira haien plano edo krokisak, eta bertan neurriak eta materialen zehaztapena, baita obren aurrekontu banakatua ere.

8. Kontserbatzeko betebeharrak.

Eraikuntza eskubidea lortu ondoan, jabeak segurtasun, osasungarritasun eta estetika baldintza egokietan mantendu beharko ditu itxiturak. Jabeak eginbehar hori betetzen ez badu, baldintzei eusteko behar diren obrak egiteko aginduko du Udalak, ofizioz edo interesdunek eskatuta, eta horretarako epea ere ezarriko du.

Baratzeetako eremuko finka guztien jabeek bete behar dute artikulu honetan aipaturiko eginbeharra.

9. Erretenak eta horien eta mugaren arteko espazioa garbitzea.

Udalak garbiketaren alorrean dituen eskumenei kalterik egin gabe, ezarri da herritarrek honako kasu hauetan lagundu beharra dutela:

Erretena eta horren eta finka mugaren arteko espazioa, mugari dagokion luzera osoan, honako hauek garbituko dituzte:

a) Baratzea lantzen edo erabiltzen dutenek.

b) Jabeek, finka lantzen edo erabiltzen ez bada. Jabeak eginbehar hori betetzen ez badu, Udalak, ofizioz edo edozein interesdunek eskatuta, behar den garbiketa egiteko aginduko du eta, gainera, horretarako epea ezarriko du.

10. Udalak obrak eta garbiketa egitea.

Udalak jabeen ordez eginen ditu obrak, eta erretenak eta horien eta mugaren arteko espazioa garbituko ditu, emandako zerbitzuaren kostua finkaren titularrari egotzita, deusetan ukatu gabe kasuari dagozkion zehapenak ezartzea.

Erretenetan ez badira garbitzen hostoak, adarrak eta uraren joana trabatzen duten bestelako materialak, Udalak garbituko ditu, 20 euro kobratuta finkaren titularrari.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA AGIRIAK LUZATU ETA TRAMITATZEKO TASAK

Xedapen orokorra

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Alderdi batek eskaturik, udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko agiriak emateagatik sortzen den udal jarduerak eratzen du zerga-egitatea.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da norberaren intereserako, udal administrazioak edo udal agintariek euren eskumenekoak diren edo izan behar duten edozein agiri egitea eskatze hutsarekin.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira pertsona natural nahiz juridikoak dira, eskatzen badute edo eragiten badute udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko agiriak egitea, edo agiri haien onura jasotzen badute.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honek honako tarifa hauek izanen ditu:

–DIN-A4 tamainako fotokopia bakoitza, zuri-beltzean: 0,20 euro.

–DIN-A4 tamainako fotokopia bakoitza, koloretan: 0,40 euro.

–DIN-A3 tamainako fotokopia bakoitza, zuri-beltzean: 0,25 euro.

–DIN A-3 tamainako fotokopia bakoitza, koloretan: 0,50 euro.

–Espediente edo agiri bat CDan grabatzea, CD bakoitza: 10 euro.

–Fotokopia eginbidetu bakoitza: 2 euro.

–Agiriak konpultsatzea:

  • Lehen orriagatik: 3 euro.
  • Agiri bereko 2. orria eta hurrengoak: 0,30 euro.

–Ziurtagiriak: 3 euro.

–Txostenak, ziurtagiria dutenak nahiz ez dutenak, interes pribatuagatik alderdi batek eskatuak: 18,50 euro.

–Lurzatien gaineko zedulak: 3 euro bakoitzeko.

–Katastroko orriak: 1 euro bakoitza.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak

6. artikulua. Katastroko ziurtagiriak edo kopiak luzatzen diren unean sortuko da tasa.

Arau-hausteak eta zehapenak

7. artikulua. Iruzurraren erantzule izanen dira Udal administrazioaren agiri eta komunikazioen sarrera eta irteerako erregistro orokorraren ardura duten funtzionarioak eta udal Diruzaintzaren langile arduradunak. Iruzurra indarrean dauden xedapenetan ezarritako eran zigortuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

ORDENANTZA, HILERRIA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

Erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4.ean eta 29.ean, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12.ean eta 100.ean ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Zuñigako Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administratzeak, zuzentzeak eta zaintzeak honako ahalmen hauek dakartza berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurrak eta hilobiak antolatzea, banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Zuñigako Udalaren hilerrian ehortziak izateko eskubidea izanen dute baldintza hauetariko bat betetzen dutenek:

a) Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunek.

b) Zuñigako seme-alabek. Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta ahaideak.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Zuñigako Udalaren hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiek.

Hilerriaren erabilera

5. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urte sasoi bakoitzaren ezaugarrien arabera.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, atera behar dira jarraikiz osasunaren gainean indarra duten xedapenei, behar diren neurri guztiak hartuta osasunaren aldetik.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Alkatetzari horren berri emanen dio aurretik, hark ikuskatu beharko baititu lanak.

7. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

8. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez bazekarren, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahalko dira hobitik:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan. Ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi ateratzen eta lekualdatzen ahal da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da baimenik emanen hilotzik ateratzeko, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik batere aterako, epaile batek agindu ezean.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxaren ordez berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

10. artikulua. Hilotzak lekualdaketa egiteko ateratzen badira edo berriz ehorzten badira, horri buruzko oharra jasoko da behar den liburuetan.

11. artikulua. Hilotza ateratzeko baimena idatziz eskatu beharko diote interesdunek Udalari, zeinak horretarako eguna eta ordua finkatuko baititu.

12. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketak egiteko baizik ez da erabiliko.

13. artikulua. Hilobien tokia eta lur erauzketa gastuak Zuñigako Udalaren bizkar izanen dira. Hobiak ireki eta ixtea subjektu pasiboaren bizkar izanen da.

14. artikulua. Ehorzteko erretzen diren hilotzen errautsek zeramikazko kutxatila edo ontzietan egon beharko dute.

15. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungitzen ahal dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste hobiratze batzuk egiteko.

d) Kolunbarioei dagokienez, 30 urteko emakida bukatzeagatik.

Apaindura eta garbitasuna

16. artikulua. (Osoko Bilkuraren 2015eko abuztuaren 7ko erabakiak indargabetua).

17. artikulua. Lauki edo hobiak lurrez edo belarrez estalirik egonen dira; debeku da lauzak paratzea eta orobat edozein motatako fabrika-obra.

18. artikulua. Udalak, horretarako, komenigarri iruditzen zaizkion ikuskapenak egiten ahalko ditu; laukia baldintza desegokietan egonez gero, haren erabiltzaileei jakinaraziko die, 10 egun naturaleko epean tokia txukun dezaten.

19. artikulua. Betetzen ez bada, Udalak titularra zehatuko du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. tituluari jarraituz, eta zein den kasua, behar diren garbiketa-lanak egiten ahalko ditu titularraren ordez eta haren kontura, Ordezko betearazpenen tasak eta betearazteko aginduenak arautzen dituen udal ordenantzari jarraituz (2008ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa). (Osoko Bilkurak 2015eko abuztuaren 7an erabakitako testu berria).

20. artikulua. Debekatua dago edozein landare mota jartzea. (Osoko Bilkurak 2015eko abuztuaren 7an erabakitako testu berria).

21. artikulua. Kolunbarioen estetika gordetzearren, ateetan jartzen diren plakek berdin-berdinak izan behar dute, bai tamainan, bai plakaren eta letraren kolorean.

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

22. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

a) Ehorzketak.

b) Hilotzak hobitik ateratzea.

c) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

23. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banandua eratzen duten entitateak.

24. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

25. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude. Tasak kobratzean, bi ehorzketa edo gehiago balira bezala kontatuko dira.

26. artikulua. Baldin hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak ateratzen badira eta bertako beste batean ehortzi, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

27. artikulua. Erabilera pribatiboaren aitzin ordaindu beharko dira tasak, salbu eta ezintasun arrazoitua baldin bada, orduan dagokion tarifaren ordainarazpena eginen baita.

28. artikulua. Tasa horiek Zuñigako Udalak eguneratzen ahalko ditu osoko bilkuran bilduta; bestela, urtero igotzen direla ulertuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera.

29. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, alor honetan indarra duen legeriari eta bereziki hilotzen gaineko osasun arauen gainekoari jarraituko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Egun ehortzirik daudenak errespetatuko dira, harik eta Udalak ordenantzaren 4. artikulua betetzeko beharra ikusten duen arte. Artikulu hori bete behar den aldiro, laukiak edo hobiak libratzeko lehentasuna honako arau honen arabera ezarriko da:

a) Lurperaturik 10 urte baino gehiago dutenak, beren familiak udal katastroan jabetzarik ez badute. Horien artean, lehentasuna izanen dute ehortzirik denbora gehien dutenek.

b) Udal katastroaren arabera jabetzak izanik, laukia edo hobia erabili gabe denbora gehien dutenak, azken ehortziak duelarik egoera horretan dauden guztien arteko antzinatasunik handiena.

Ordenantza honen aitzinetik egindako adjudikazioetako egoerak erregulatzeko interesa duten guztiek adjudikazioa eskatu beharko dute, udal honek erregistro bat sor dezan emandako esleipenekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten udal arau eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

I. ERANSKINA.–TASAK

1.–Ehorzketak:

a) Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunak: 1.000 euro eta zerbitzu egiten duen enpresak finkatzen duen kostua.

b) Zuñigako seme-alabak: ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak: 1.000 euro eta zerbitzu egiten duen enpresak finkatutako kostua.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta lehen graduko ahaideak:

1.000 euro eta zerbitzu egiten duen enpresak finkatutako kostua.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Zuñigako hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiak: 1.000 euro eta zerbitzu egiten duen enpresak finkatutako kostua.

2.–Hobitik ateratzea:

Hilerriko hilobi guztietarako: 1.000 euro.

3.–Kolunbarioak, gorpuzki erraustuen ontziak gordetzeko:

a) Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunak: 100 euro.

b) Zuñigako seme-alabak: Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak: 300 euro.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta lehen graduko ahaideak: 300 euro.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Zuñigako hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiak: 500 euro.

4.–Errautsak hilobietan gordetzea:

4a.­ Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunak: 100 euro.

4b. Zuñigako seme-alabak: Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak: 300 euro.

4c. Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta lehen graduko ahaideak: 300 euro.

4d. Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Zuñigako hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiak: 500 euro.

II. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZAK

Lurrean hobiratzeko eta hobitik ateratzeko dirulaguntzak, heriotza estaltzen duen asegururik ez dutenendako:

a) Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunak: tasaren %100, zerbitzu egiten duen enpresak finkatzen duen kostua kenduta.

b) Zuñigako seme-alabak: ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak: tasaren %50, zerbitzu egiten duen enpresak finkatzen duen kostua kenduta.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta lehen graduko ahaideak: tasaren %50, zerbitzu egiten duen enpresak finkatzen duen kostua kenduta.

d) Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko, Zuñigako Udalean aurkeztu beharko da, heriotzaren ondoko hiru hilabeteko epean, heriotza aseguruen kontratuen ziurtagiri originala, Justizia Ministerioak emana.

Iragarkiaren kodea: L2414742