237. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

11E/2024 FORU AGINDUA, urriaren 15ekoa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordekideak.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, udal mailako eta udalez gaindiko toki erakundeekin koordinazio egitura bat ezarriko du foru lege horretan ezarritakoa betetzeko, zeina erregelamendu bidez garatuko baita.

Apirilaren 30eko 44/2024 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea sortu zen eta haren funtzioak, osaera eta funtzionamendu araubidea arautu ziren.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea izaera mistoko erakundearteko organo bat da, foru administrazioaren eta toki administrazioaren arteko elkarlana, lankidetza eta koordinazioa bultzatzen dituena emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa integratzeko eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Foru Komunitateko politika guztietan.

Apirilaren 30eko 44/2024 Foru Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordeko lehendakaria izanen da emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko politiketan eskuduna den departamentuko titularra. Halaber, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea izanen da lehenengo lehendakariordea, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria izanen da bigarren lehendakariordea. Gainera, batzordekideen izendatzea eta kargutik kentzea emakumeen eta gizonen berdintasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak egin beharko ditu, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administraziokoak ez diren erakundeek proposatu badituzte.

Halaber, 10. artikuluak adierazten du batzuk haien kargua dela-eta izanen direla batzordekide, eta, beraz, kargu horretan dauden bitartean izanen direla batzordekide.

Apirilaren 30eko 44/2024 Foru Dekretuak ezartzen du batzordekide izanen direla Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Nafarroako toki erakundeen ordezkariak (Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutakoak) eta tokiko ekintza taldeak. Horrez gain, erakundeek batzordekideen zein haien ordezkoen izendapena proposatzeko ahalmena izan beharko dute.

Izendapen bidez hautatutako batzordekideak lau urterako hautatuko dira, betiere kargua betetzeko funtsezko eskakizunak betetzen badituzte; iraupen bereko epeetarako hautatzen ahalko dira berriz.

Azkenik, 11. artikuluak xedatzen du kargualdia bukatzeaz besteko arrazoiren batengatik batzordean sortzen diren hutsuneak kasuan kasuko ordezkoek beteko dituztela, eta horren kargualdia bukatuko dela, betiere, gainerako kideena bukatzearekin batera.

Ordezkariak hautatu dituzte Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak zein tokiko ekintza taldeek.

Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak batzordekideen izendapen proposamena aurkeztu du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordean aritu daitezen.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Honako hauek izendatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordekide, batzorde hori bera sortzen duen apirilaren 30eko 44/2024 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

a) Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa:

–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako zuzendariordea.

–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea.

–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia.

b) Nafarroako toki erakundeen ordezkari gisa:

–Titularra: Itziar Imaz Artázcoz andrea, Garesko alkatea. Ordezkoa: Susana Castanera Gómez andrea, Alloko alkatea eta Jurramendiko Mankomunitateko lehendakaria.

–Titularra: María Amparo Viñuales Gale andrea, Erronkariko alkatea. Ordezkoa: Berta Arizkun González andrea, Burlatako alkatea.

–Titularra: Tirso Calvo Zardoya jauna, Ribaforadako alkatea. Ordezkoa: Joseba Asirón Saez jauna, Iruñeko alkatea.

c) Tokiko ekintza taldeen ordezkari gisa:

–Titularra: Ana Elcano Sesma andrea, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko berdintasun teknikaria. Ordezkoa: Aurora Sanz Diéguez andrea, TEDER Elkarteko berdintasun teknikaria.

d) Batzordekide aditu gisa, hitza bai baina botorik gabekoa:

–Titularra: Vanesa Eguíluz andrea, Iruñeko Udaleko berdintasun teknikaria. Ordezkoa: Eider Pérez de Heredia andrea, Baztango Udaleko berdintasun teknikaria.

2. Batzordeko idazkari izendatzea Marina Malvido Goñi andrea, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko idazkaria. Hura kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo ez bertaratzeko beste arrazoi justifikaturen bat duenean haren ordezko arituko da batzordekide gazteena, batzordekide izatearen eskubideak galdu gabe.

3. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutura eta batzordekide izendatutako Foru komunitateko Administrazioko ordezkariei igortzea, baita gainerako interesdunei jakinaraztea ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko urriaren 15ean.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2415689