1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
102/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan, 2024ko azaroaren 14rako iragarrita dagoen hezkuntza-laguntzako espezialisten grebarako deialdia dela eta.
LAB, AFAPNA, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek 2024ko azaroaren 14an greba egiteko deialdia egin dute. Greba horrek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko hezkuntza-laguntzako espezialistei eraginen die.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta pertsonen oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Greba Batzordearen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.
Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe eta bulegoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.
Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, aitortzen du gizabanako guztien hezkuntza eskubidea, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen du; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.
Ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea eta, kasu batzuetan, betebeharra dutenez, Hezkuntza Departamentuak bermatu behar du arreta egokia emanen zaiela 2024ko azaroaren 14an beren ikastetxeetara joaten diren ikasleei, kasu gehienetan adingabeak baitira. Are gehiago, komeni da azpimarratzea hezkuntza-laguntzako espezialistek oso eginkizun espezifikoak betetzen dituztela, haiek eta ez beste inork esleituak dituztenak, eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta ematen dietela. Gainera, greba-egunean ikasle horien segurtasuna, osasuna eta higienea bermatu behar dira.
Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. 2024ko azaroaren 14rako iragarrita dagoen hezkuntza-laguntzako espezialisten grebarako deialdia dela eta, honako hauek izanen dira Hezkuntza Departamentuaren gutxieneko zerbitzuak:
Hezkuntza-laguntzako espezialista bakarra dagoen ikastetxeetan, gutxieneko zerbitzuak betetzea hari egokituko zaio, eta horrelako langile gehiago dauden ikastetxeetan, hezkuntza-laguntzako espezialisten plantillako %50i.
Hala badagokio, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak izendatuko ditu aritu beharko diren hezkuntza-laguntzako espezialistak.
2. Langile horien lanuzteek eta lan-gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
4. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari eta foru agindu hau igortzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetara eta Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 12an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.
Iragarkiaren kodea: F2416426