1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 6an hartua, "La Nogalera 2025" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.
2024ko abuztuaren 8an, Burlatako Gobernu Batzarrak erabaki zuen Burlatako hiri-inguruneetan ibai ekosistemak leheneratzeko eta uholde arriskua murrizteko helburua duen "La Nogalera 2025" proiektua onestea, Krean S. Coop. sozietateak idatzia. Horrek berekin dakar proiektuaren onura publikoa deklaratzea eta ukitutako ondasunak okupatu beharra, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin.
2024ko abuztuaren 12an, Burlatako Udalaren osoko bilkurak, berretsi egin zuen proiektua onesteko erabakia, Gobernu Batzarrak 2024ko abuztuaren 8an hartu zuena, eta, horrekin batera, Burlatako hiri-inguruneetan ibai ekosistemak leheneratzeko eta uholde arriskua murrizteko helburua duen "La Nogalera 2025" proiektuak ukitzen dituen ondasun eta eskubideak desjabetzeko espedientea hastea onetsi zuen (2024ko abuztuaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).
Jendaurreko aldia iraganda, Burlatako Udalak, 2024ko irailaren 26an egin osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen eta behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Halaber, erabaki zuen behar den kredituaren atxikipena egitea, ordaindu ahal izateko ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua eta desjabetze-espedientearen ondorio diren gainerako obligazioak, eta Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektua presakoa dela deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Behin betiko onespenaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2024ko urriaren 8an.
Proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, azken urteetan Burlatak behin eta berriro jasan behar izan dituelako Arga ibaiaren uholdeen ondorio kaltegarriak. Arga eta Ultzama ibaien buruan euri eta elur jasak izaten dira. Eguraldi aldaketa bortitzengatik, batu egiten dira euritik eta lurmentzetik datozen emariak; eta horrek aldatu egin du uraldien zirkulazio-erregimena Burlatan. Gertakizun horietan uraldiaren indarra eta iraupena konbinatzen dira, halako moduz, ezen, azkenaldian gainditu egin den egun dagoen babesa, ibaiaren ibilgu txikienaren ondoan luzetara kokatutako goragunea. Uholdeen aurkako babes sistemaren hasierako azterketa batek agerian utzi zuen oraingo bidetik jarraitzeko aukerak, babesak (goraguneak) gehiago goratzean oinarrituak, mugatuak zirela, tarte horretan sekzio hidrauliko kritikoak daudelako. Proiektuaren helburu orokorra da, Burlatako hiri-bilbeak Arga ibaiaren uholde handien aurrean duen kalteberatasuna kontuan hartuta, ibilguaren gaineko presio antropikoa murriztea, eta, horrela, ingurune naturalarekin konprometitutako hiri erresiliente baten oinarriak ezartzea. Proiektuaren helburuak lortzeko, eta Europako laguntzak lortzeko ere, obrak ahalik eta lasterren bukatu behar dira, eta ahalik eta lasterren justifikatu behar da lan guztia gauzatu dela.
Burlatako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, Nafarroako Gobernuak justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. "La Nogalera 2025" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Burlatako Udalari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2416144