237. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 6an hartua, "Allingo Udalerako ur hornidura-1. fasea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.

2023ko urtarrilaren 12an, Allingo Udalaren osoko bilkurak erabaki zuen "Allingo Udalerako ur hornidura-1. fasea" izeneko proiektua onestea, proiektuaren onura publikoa aitortzea eta deklaratzea, baita proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra ere, proiektua onesteak berekin baitakar, eta, orobat, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onestea eta jendaurrean jartzea hamabost egun balioduneko epean (erabakia 2023ko urtarrilaren 26an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean).

Jendaurreko aldia iraganda, Allingo Udalak, 2024ko irailaren 9an egin osoko bilkuran, ezetsi egin zituen aurkeztutako alegazioak eta behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Halaber, erabaki zuen behar den kredituaren atxikipena egitea, ordaindu ahal izateko ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua eta desjabetze-espedientearen ondorio diren gainerako obligazioak, eta Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektua presakoa dela deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, oso larria delako edateko uraren hornidurari dagokionez Etxabarrik, Aramendiak, Galdiok eta Munetak gaur egun duten egoera.

Lehenengo alarmak 2012an piztu ziren Etxabarrin eta Amillaon; izan ere, udalerri horiek hornitzen dituzten iturburuek, agorraldian, kontsumo-egun baterako behar den emaria emateari utzi diote. 2016. eta 2017. urteetan ur-murrizketak egin behar izan zitzaizkien Etxabarriko herritarrei, iturburuetatik andelera iristen zen emaria ez zelako aski udako hilabeteetan herria hornitzeko, noiz eta sasoikako biztanle gehien dagoen garaian.

Gaur den egunean, Etxabarriko Kontzejua edateko urez hornitzeko, bi eremutatik datozen zenbait iturburutatik biltzen dute ura, eta eremu horietako bat bestea baino kota dezente altuagoan dago. Goiko aldeko iturburuek osasungarritasun bermea eskaintzen dute, egiten diren aldizkako azterketetan islatzen denez. Beheko aldeko iturburuak, berriz, ez dira guztiz osasungarriak, han dagoen aziendaren gorotzek uren kalitatean eragiten dutelako, kontzejuak egindako analisietan zenbaitetan egiaztatu denez. Iturburu horietako ura andel batera eramaten da hodien bidez. Andela oso zaharra da eta egoera txarrean dago, 100 m³ inguruko ontzi bakarra du, eta giltza-ganberarik ez. Herria hornitzen duen hodi bat ateratzen da handik. Andelaren eta Etxabarriko etxebizitza garaienen artean dagoen kota-aldea 20 metrokoa baino ez da, eta, beraz, andela kota txikian kokatua dago.

Inguruko iturburuen joera gero eta emari txikiagoa izatekoa da, batez ere klima aldaketaren ondorioz, ez baitu aspaldiko urteetan bezala egiten euria; orain, hilabete batzuetan euri asko egiten du, eta beste hilabete batzuetan batere ez. Horregatik, Etxabarrirako ez ezik, Aramendia, Galdio eta Munetarako ere izanen den soluzio bateratua ematea erabaki zen, herri horietan edateko uraren hornidura ziurtatu ahal izateko.

Nafarroako Gobernuak, Allingo Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. "Allingo Udalerako ur hornidura-1. fasea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Allingo Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, bai eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira ere.

Iruñean, 2024ko azaroaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2416143