Iragarkia
237. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
238E/2024 EBAZPENA, azaroaren 13koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, "Ikerketa zentroen gaikuntza" bultzatzeko dirulaguntza deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 796613.
Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+b izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sormenezko konponbideak ekartzen ditu gure gizartearen erronka handietarako. Era berean, 21. artikuluak foru lege horren xedea eta helburuak betetzeko aurreikusitako neurriak zehazten ditu, besteak beste bikaintasuna sustatzen dutenak, laguntza berariazkoak emanez Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileei, bikaintasunaren adierazleen hobekuntza baloratuz, esaterako, argitalpenak, patenteak, transferentzia, nazioartekotzea eta industriarekin egindako kontratuak (21.1.g) artikulua).
15/2018 Foru Legeak Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak exekuzioko eragileen akreditaziorako eta erregistro publikoan inskribatzeko prozedura ezartzen du. Foru agindu horrek SINAIn akreditatutako entitate batzuek 2025. urterako bete behar dituzten bikaintasun, transferentzia eta gardentasun adierazleak biltzen ditu eranskinean, Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 9.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Horiek horrela, 2024an abian jarri zen ikerketa zentroei gaikuntza jardueretarako laguntzak (EvolTIN) emateko lehenengo deialdia, Nafarroako ikerketa zentroen gaikuntza, sendotzea eta bikaintasuna bultzatzeko.
Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2024-2026 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen.
Bidezkoa da, beraz, deialdi hau onestea, proposatutako helburuak erdiesteko.
Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ikerketa zentroentzako eta osasun arloko ikerketa institutuentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, gaikuntza eta bikaintasun jardueretarako.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
G20001-G2100-4819-467313: Ikerketa zentroen gaikuntza eta erregioz gaindiko bikaintasun deialdietarako proposamenak aurkeztea | 2024 | 255.517,19 |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 13an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauek helburu dute Nafarroako zentro teknologikoen gaikuntza, sendotzea eta bikaintasuna sustatzea, emaitzak beren adierazleak mantendu eta hobetzera bideratuta, Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 21.1.g artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako ikerketa zentroak eta osasun arloko ikerketa institutuak, baldin eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) Erregistroan akreditaturik badaude, ikerketa zentroaren tipologian edo osasun arloko ikerketa institutuaren tipologian.
2. Ezin dira onuradun izan:
a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak.
3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
4. Laguntzen eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.
3. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.
1. Diruz lagunduko dira zentroek aurkeztutako jarduketa planetan jasotako jarduerak, baldin eta helburu badute 2025erako erdiestea bikaintasunaren, transferentziaren eta talentuaren arloetako adierazleak, 2E/2020 Foru Aginduaren eranskinean finkatutakoak.
2. Jarduketa planari erantsi behar zaio zentroak aipatutako adierazleei dagokienez dituen ahulguneen azterketa bat, bai eta zentro bakoitzak helburu gisa hautatzen dituen adierazleak hobetzeko jardueren proposamen bat ere. Zentro bakoitzak hobetu nahi dituen adierazleen hazkunde kuantifikagarria proposatuko du, eta jarduerak gauzatzeko aldia amaitzean ebaluatuko dira.
Planak gauzatu nahi diren jardueren planifikazioa izanen du, barne hartuta kronograma, aurrekontua eta gauzatzeko aldia amaitzean lortu nahi diren helburuak. Horrez gain, adieraziko da zenbat ikertzailek jarduten duten I+Gren alorrean, eskaera egiten den egunean.
3. Xede hauek izan ditzakete jarduerek:
a) Zentroak bere ezagutza-arloko funtsezko teknologietan duen gaikuntza hobetzea.
b) Zentroaren posizionamendua hobetzea, bere ingurukoekin alderatuta (bai Espainia mailakoak, bai nazioartekoak).
c) Zentroaren ezagutza arloetako aurrerapen zientifiko berriak, orientazio teknologikoak eta joera berriak aurkitzea.
d) Espainiako eta Europako I+Gren arloko proiektuetan parte hartzea sustatzea.
e) Foroetan, plataforma teknologikoetan eta elkarteetan gehiago parte hartzea, bai Espainian bai nazioartean.
f) Hitzaldiak ematea edo posterrak aurkeztea biltzarretan, azoketan eta jardunaldi espezializatuetan.
g) Sinergiak bultzatzea Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) beste eragile batzuekin, Espainiako eta nazioarteko erreferentziazko zentroekin eta abarrekin.
h) Indexatutako aldizkarietan artikuluak argitaratzea.
i) Eskatutako eta emandako patenteen kopurua handitzea.
j) Ezagutzaren transferentzia hobetzea.
k) Zentroko ikertzaileen prestakuntza hobetzea.
l) Ikertzaile berriak kontratatzea.
m) Zentroko ikertzaileek aldi baterako egonaldi gehiago egitea nazioarteko beste ikerketa zentro batzuetan.
n) Nazioarteko ikertzaileek aldi baterako egonaldi gehiago egitea ikerketa zentroan.
o) Zentroak egokitzat jotzen dituen eta 2E/2020 Foru Aginduko adierazleak betetzera bideratuta dauden beste jarduera batzuk.
4. Aipatutako jarduerak zentroak egiten duen jarduera ez-ekonomikoarekin daude lotuta. Jarduera ez-ekonomikoa honetan definitutakoa da: "Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatu-laguntzen esparrua" (Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2022ko urriaren 28an).
Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarriak dira honako gastu hauek, baldin eta zuzeneko lotura badute jarduketa planean jasotako jarduerekin:
a) Ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak, langile berriak kontratatzea barne hartuta.
b) Ekipamendu, patente eta baliagarritasun modeloen amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek ikerketa jardueretarako erabiltzen diren neurrian eta denboran, proiektuan laguntzen den aldirako bakarrik, zehaztapen hauekin:
i) Ez dira sartzen inbentariatu ezin diren ekipamenduak edo administrazio publikoren batek osorik diruz lagundu dituenak; beraz, horren inguruko erantzukizuneko adierazpena aurkeztuko da.
ii) Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.
c) Ikerketarako ekipamendu generiko txikia erostea, laguntzaren %5era arte gehienez, ekipo bakoitzeko 15.000 euroko mugarekin (BEZa kanpo).
d) Ikerketarako ekipamenduaren mantentze, konpontze eta egokitze lanak.
e) Software lizentziak erosi eta berritzea, salbu eta generikoak (esaterako, Microsoft Office, etab.).
f) Ondare elementuek proiektua gauzatu bitartean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.
g) Material suntsikorra eta bestelako hornigaiak.
h) Kanpoko lankidetzak, barne hartuta proiektuen gaineko aholkularitza, aholkularitza estrategikoa eta zaintza teknologikoa, bai eta laguntza tekniko eta legala ere.
i) Espainiako edo Europako azpiegitura zientifiko-teknologikoak erabiltzea, bai eta SIESS sistemakoak ere (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra).
j) Zentroak jarduerak gauzatu ahal izateko egin behar dituen beste gastu batzuk:
–Prestakuntza.
–Bidaiak, dietak eta egonaldiak.
–Artikulu zientifikoak itzultzea eta argitaratzea.
–Espainiako eta nazioarteko ikerketa sareetan parte hartzea.
–Ikerketen emaitzak babestea, jabetza industrialaren erregistroaren bitartez.
–Ekitaldiak antolatzeko gastuak.
–Antzeko beste gastu batzuk, justifikatzen bada beharrezkoak direla entitatearen jarduketa planean aurreikusitako jarduerak modu egokian betetzeko (adibidez, aldizkari, datu-base eta arauetarako sarrera edo harpidetza, elkarteen, plataformen eta clusterren kuotak, doktorego tasak, zabalkunderako ikus-entzunezko materiala, biltzarretako inskripzioak eta abar).
k) Zeharkako gastu orokorrak, gehienez ere ikerketa jardueran ari diren ikerlarien, teknikarien eta gainerako langile laguntzaileen gastuen %25era arte, betiere oinarritzen badira kasuan kasuko eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan, oro har onartutako kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo mota bereko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.
2. Nafarroako aurrekontu orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrarenetan jasotako finantzaketa duten ikerketa zentroen kasuan, gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, aurrekoez gainera:
2.1. Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla eskatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.
2.2. Langileria gastuaren barnean, beste finantzaketa publikorik ez duten langileria kostuak bakarrik dira hautagarriak; alegia, ez dira hautagarriak ez administrazio publikoen aurrekontu orokorretan sartuta daudenak, ez laguntza publikoekin finantzatzen direnak.
3. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ondasunen hornidurarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.
Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
Lotutako erakunde batekin egindako gastuen kasuan, 10.5 oinarrian adierazitako moduan eginen da justifikazioa, eta ez oinarri honetan ezarritako moduan. Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen).
5. oinarria.–Gauzatzeko aldia.
Egin beharreko jarduerek 12 hilabete iraunen dute gehienez, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitarte.
6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) eduki beharko da nahitaez.
3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa izan beharko duena:
a) Eskabide telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.
b) Jarduketa plana, 3.2 oinarrian adierazitako irismenarekin.
c) Eskaera-orria, aurrekontu xehatuarekin, gastu bakoitzaren ardatza, adierazlea, jarduera eta kategoriak adierazita.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Zentroek aurkeztutako jarduketa planak aztertu ondoren, ebaluazioa eginen da eta, hala badagokio, proposatutako jarduerak eta horiei lotutako aurrekontua onartuko dira, haietan aipatzen diren gastu diruz lagungarriekin batera.
2. Zentro bakoitzari dagokion gehieneko laguntza kalkulatzeko, aurrekontu erabilgarria zati aurkeztutako eskaera kopurua egin behar da:
Entitateren batek aurkeztutako aurrekontua dagokion gehieneko laguntza baino txikiagoa bada, zentro horrentzako laguntza eskatutako aurrekontua izanen da, eta gainerako dirua zati berdinetan banatuko da gainerako eskaeren artean.
3. Jarduera ez-ekonomikoak direnez, laguntza gastu diruz lagungarrien %100 izanen da, 7.2 oinarrian adierazten den gehienekora arte.
8. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, I+G+b Zerbitzuak, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adieraziz.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.
9. oinarria.–Jarduketa planaren aldaketak.
Ez da onartuko proposatutako planaren aldaketarik.
10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduerak justifikatzeko epea eta modua.
1. Entitate onuradunek 2025eko apirilaren 30a baino lehen justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak.
1.–Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez.
b) Jarduketa planean sartutako jardueren gauzatze txostena. Horrekin batera, adierazleetan, abiapuntuko egoerarekin alderatuta, lortutako aurrerapenaren balorazioa ere jasoko du, eta, aurretiazko baimenik behar ez zuten aldaketak egin badira, aldaketa horiek egiteko arrazoiak azalduko ditu.
2. Justifikazio agiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.
3. Lotutako entitateek eragindako gastuak justifikatzeko, entitate onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuko dira, eta, gainera, fakturaren kontzeptuak frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira, entitate onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).
4. Entitate onuraduna behartuta dago laguntzak kudeatzen dituen organoak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.
11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Laguntza ematearekin batera, laguntza guztiaren konturako ordainketa eginen da.
2. Justifikazioa (10. oinarrian adierazia) aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da baliozkotutako zenbatekoa zehaztu, kontura egindako ordainketa kitatu eta espedientea ixteko.
12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.
Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, aurreratutako laguntza itzuli beharko da, hala badagokio.
b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.
c) Entitate onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, eta kontabilitate kode egoki bat, laguntzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.
d) Entitate onuradunen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.
e) Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.
f) Laguntzen deialdi honekin lotuta finantzatutako jardueren inguruan dokumentazio, publizitate, zabalkunde ekitaldi, kartel, kongresu edo bestelako difusio egintzarik egiten bada, espresuki aipatu beharko da horietan guztietan Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.
g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
3. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari.
13. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira jarduera beretarako beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateak emanak edo Espainiako edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek nahiz partikularrek emanak.
Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100.
14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
I+G+b Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
17. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo agintariei, auzitegiei eta kontroleko erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.
Iragarkiaren kodea: F2416480
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
