237. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

98/2024 FORU DEKRETUA, azaroaren 6koa, zeinaren bidez Nafarroako Urrezko Domina hilondoan ematen baitzaio Mario Gaviria Labarta jaunari.

Maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuak Nafarroako Urrezko Domina emateko arauak ezartzen ditu. Urrezko Domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena. Arau horrek ezartzen du, domina emateko, aurretik deialdi publikoa eginen dela, instituzioek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisikoek zein juridikoek beren hautagaitzak aurkez ditzaten.

Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren abuztuaren 26ko 47/2024 Foru Aginduaren bidez (2024ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 5ekoan), 2024ko Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko deialdi publikoa onetsi, eta aurkeztutako hautagaitzak aztertu eta baloratu behar dituen epaimahaia izendatu zen. Nafarroako Urrezko Domina ematea arautzen duen maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuaren 7.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, epaimahaiak hautagaitza horietako hiru, gehienez ere, hautatu ondoren, Nafarroako Gobernuari aurkeztu behar dizkio.

Aipatu foru dekretuaren 7.2 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak epaimahaiak aurkezten dizkion hiru hautagaitzen artean bat aukeratuko duela eta domina hari ematea onetsiko duela.

Ikusirik epaimahaiak proposatutako hautagaia, Nafarroako Gobernuak nabarmendu nahi du Mario Gaviria Labarta jaunaren lanak gizarte arloko ekarpen handia egin zuela Nafarroako Foru Komunitatearen garapenerako.

Mario Gaviria Labarta jauna Cortesen (Nafarroa) jaio zen 1938ko apirilaren 14an, eta Zaragozan zendu zen 2018ko apirilaren 7an. Landa eta hiri soziologoa izan zen; Zaragozako Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen eta Soziologia ikasi zuen London School of Economics zentroan, Nancyko Centre Européen Universitairen eta Estrasburgoko European Study Centerren.

Lurraldearen araberako ikerketa soziologikoa defendatu zuen eta Espainiako hiri soziologian aitzindariak izan ziren ikerketetako bi egin zituen (La ampliación del barrio de La Concepción, 1966an, eta El Gran San Blas, 1968an).

Mario Gaviria Labarta jaunak pentsamendua eta aktibismoa sustatu zituen Nafarroan, besteak beste, ekologismoaren edo estrategia energetikoaren arloetan. Horretarako, oinarri gisa hartu zituen borroka antinuklearra; gizarte bazterkeria; lurralde antolamendua eta landa garapena; sexu-transmisiozko gaixotasunen prebentzioa (batez ere hiesarena); integrazio eta bizikidetza politikak, abiapuntu izanik Nafarroan gutxiengo etnikoekiko diskriminazioaren aurkako borroka edo gizarteratzeko errentak ematea, eta despopulazioaren erronkak, lurralde antolamendurako estrategien bidez.

Halaber, lan handia egin zuen demokraziarako trantsizioaren testuinguruan. Instituto de Estudios de la Administración Local (IEAL) institutuan landa eta hiri soziologiako ataleko buru izan zen, eta José Vidal Beneytok sustatutako Centro de Estudios e Investigación Sociedad Anónima (CEISA) zentroan ere aritu zen. Bertan, hamarkada horietako Espainiako politikaren eta soziologiaren hainbat erreferenterekin egin zuen topo.

Haren lan intelektual eta militanteari esker, gizarte justuago eta solidarioago bat sortzen lagundu zuen.

Mario Gaviria Labarta jauna "espezialista" zen "orokortasunetan"; ikuspegi estrategiko bat zuen eta Nafarroa zen haren eginahalen ardatz.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, Mario Gaviria Labarta jaunak merezi du Nafarroako gizarte osoak hari esker ona eta aitortza adieraztea Nafarroako Urrezko Domina emanez.

Horregatik guztiarengatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du ohorezko erakusgarri gorena hilondoan ematea Mario Gaviria Labarta jaunari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko azaroaren seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Urrezko Domina hilondoan ematea Mario Gaviria Labarta jaunari.

2. Domina emateko ekitaldia Nafarroaren Egunaren aurtengo ospakizunen barruan eginen da.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta haren alabei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko azaroaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2416137