1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
353E/2024 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 13ko 330E/2023 Ebazpena, onesten duena zenbait eskumen administratibo eskuordetzea Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendariari.
Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 13ko 330E/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen zenbait eskumen administratibo eskuordetzea Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendariari.
Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuak jakinarazi duenez, azken urteotan asko igo da Nafarroako Landa Errentamenduen Erregistro Berezian inskribatzeko aurkeztutako errentamendu kontratuen kopurua. Hori dela eta, herritarrak arinago artatzearren eta departamentuaren jardueren beharrezko garapen eraginkorra lortzearren, egoki da indarrean dagoen araudiak aipatu zuzendari nagusiari esleitutako eskumena eskuordetzea.
Orobat, aldatu egin da 330E/2023 Ebazpenaren gaztelaniazko izenburua, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutako hizkera inklusibo eta berdintasunezkoa erabiltzearren (330E/2023 Ebazpena, abenduaren 13koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita zenbait eskumen administratibo eskuordetzea Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendariari). Hala, berdintasunezko irudi bat helaraziko da, lanpostua ez da genero rolei lotuta egonen eta askotariko irudikapena zabalduko da emakumeei zein gizonenei dagokienez.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 11. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.
Artikulu horrek ezartzen duenez, eskumenen eskuordetzea noiznahi egin edo errebokatu daiteke, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezartzen du, halaber, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.
Laburbilduz, departamentuaren jardueren beharrezko garapen eraginkorra eta arina lortzearren, egokia da indarrean dagoen araudiak Landa Garapeneko zuzendari nagusiari esleitutako zenbait eskumen haren mendeko organoei eskuordetzea.
Aurretiaz azaldutako guztiarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aldatzea 330E/2023 Ebazpena, abenduaren 13koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita zenbait eskumen administratibo eskuordetzea Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendariari.
2. Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea indarrean dagoen araudiak Landa Garapeneko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion eskumen administratibo hauek:
–Mahatsondoak birlandatzeko eskubideak transferitzeko baimena ematea.
–Mahatsondoak landatzeko baimena.
–Nafarroako Mahastien Erregistroan inskripzioak egin, bajak eman eta aldaketak egiteko baimena ematea.
–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik dauden nekazaritzako ustiategien eta ustiategietako titularren katalogazioak onestea.
–Nafarroako Landa-lurreko Errentamenduen Erregistro Berezian inskribatzeko aurkeztutako landa errentamendu kontratuen eskaerei baimena ematea eta/edo ukatzea.
3. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko azaroaren 4an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
Iragarkiaren kodea: F2416245