237. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

4008/2024 EBAZPENA, urriaren 24koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen baitzaizkio langileen arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 11. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren mende ez badaude ere.

Artikulu horrek ezartzen duenez, eskumenen eskuordetzea noiznahi egin edo errebokatu daiteke, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezartzen du, halaber, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuaren jardueren beharrezko garapen eraginkorra eta arina lortzearren, egokia da Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea langileen arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari dagozkion langileen arloko eskudantzia hauek:

a) Langileak kontratatzeko deialdien ondoriozko kontratuak baimentzea eta formalizatzea.

b) Aurretiko txostena egitea departamentuek eta erakunde autonomoek Nafarroako Gobernuari edo Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari aurkeztutako langileen arloko gaiei buruz.

2. Eskuordetze honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, inguruabar hori azaldu beharko da berariaz, eta ebazpen horiek Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi baterako Kontratazioetako Zerbitzuari, Araubide Juridikoaren eta Gizarte Aurreikuspenaren Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 24an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

Iragarkiaren kodea: F2415652