Iragarkia
237. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
97/2024 FORU DEKRETUA, azaroaren 6koa, arautzen duena nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko.
ZIOEN AZALPENA
Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluak emandako eskumenaren arabera (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa), Nafarroak, bere foru araubidearengatik, eskumen osoa du Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gainean, betiere errespetatuz Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei aitortzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak. Bestalde, aipatutako 13/1982 Lege Organikoaren 23. artikuluak Nafarroako Gobernuari ematen dio erregelamendu-funtzioa, eta aipatzen du foru dekretu izan behar dutela Nafarroako Gobernuak ematen dituen xedapen orokorrek.
Bestalde, aipatutako lege organikoaren 9. artikuluan xedatzen da foru lege baten bidez zehaztuko direla Nafarroako eremu euskaldunak, arautuko dela euskararen erabilera ofiziala, eta, Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik, antolatuko dela hizkuntza horren irakaskuntza.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen bidez (ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legeak aldatu zuen), bete eta garatu zen Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan agindutakoa.
Ondoren, aipatutako 18/1986 Foru Legearen I. titulua garatuz (euskararen erabilera arrunta eta ofiziala Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoetan), onetsi zen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, zeinaren bidez euskararen erabilera arautzen baita Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde autonomoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Horrek guztiak berekin ekarri zuen indarrik gabe uztea, besteak beste, otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen zuena Nafarroako Administrazio Publikoetan, eta ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua, euskaraz jakitearen trataera arautzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan; orobat, indarrik gabe utzi zen haien babesean garatutako araudia.
Foru dekretu horri dagokionez, zeina errekurritu baitzen administrazioarekiko auzibidean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman zituen 216/2019, 217/2019 eta 218/2019 epaiak (528/2017, 42/2018 eta 497/2017 administrazioarekiko auzi-errekurtsoei dagozkie), deklaratzen dutenak erabat deusezak direla aipatutako foru dekretuaren zenbait manu; zehazki, deuseztatu zituzten 31., 35. eta 39. artikuluak. Artikulu horiek arautzen dute ele bikotzat jotzen ez diren lanpostuetan euskara merezimendu gisa baloratzea eremu mistoan, eremu ez-euskaldunean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentraletan.
Foru dekretu honen testuak bete nahi ditu Nafarroako Kontseiluak otsailaren 21eko 4/2024 Irizpenean egindako ohartarazpenak. Irizpen horretan azaltzen da zer dioen jurisprudentziak gaiari buruz. Hala, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 216/2019 Epaiak, lehen aipatu denak, gogorarazten du Salak berak maiatzaren 20ko 590/2004 epaiaz geroztik ezarritako irizpide uniforme eta konstantea. Horren arabera, "(…) ez dago merezimendu hori ezinbestean baloratu beharra duen lanposturik, aurretik definiturik; hori guztiz begi-bistakoa da, merezimendu hori kasu bakoitzean sartzea izanen baita lanpostu bakoitzaren ezaugarrien araberakoa; esan bezala, a priori definitu gabe... Horregatik, kontuan hartu behar da ‘borondatez’ terminoaren interpretazioak ez dakarrela inolako ahal diskrezionalik merezimendu horiek baloratu beharra ezartzeko; aitzitik, ahalaren gaikuntza bat da, lanpostu bakoitzaren inguruabarren araberakoa, eta errealitate hori hartu behar da aintzat deialdi bakoitzaren oinarrietan, merezimendu zehatzak ezartzerakoan, euskara jakitea merezimendu gisa baloratzea eskatzen duen lanpostu bakoitzean".
Hala, testuan ez dago aurrez definitutako lanpostuen zerrendarik, non merezimendu gisa baloratu behar diren euskara eta Europar Batasuneko laneko hizkuntzak. Aitzitik, berariaz adierazten da deialdi bakoitzean zehaztuko direla hizkuntza horiek merezimendu gisa baloratuko diren plazak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
Aipatutako epaiak irmo bihurtu direnez, eta haietan xedatutakoa betetze aldera, arau bat eman behar da, dagoen lege esparrutik abiaturik, merezimenduen balorazioa arautu dadin, besteak beste euskararen ezagutza, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko. Arau horrek berekin dakar zenbait erregelamendu aldatzea (bakoitza foru dekretu baten bidez onetsi zen).
Zehazki, aldatzen da azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua, hizpide duena lanpostuak betetzea Nafarroako Administrazio Publikoetan; hain zuzen, aldatzen da euskara baloratzeari dagokionez, bai lekualdatze-lehiaketetan, bai izendapen askekoak ez diren unitate organikoetako burutzak edo zuzendaritzak betetzeko merezimendu-lehiaketetan, bai kategoriaz igotzeko lehiaketetan.
Halaber, aldatzen da Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), euskara nola baloratu behar den arautuz oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren prozeduretan.
Era berean, aldatu behar da Nafarroako Foruzaingoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua (martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), baloratu beharreko merezimenduak zehazteari dagokionez, berariazko lehiaketa denean Foruzaingoan sartzeko modalitatea.
Azkenik, aldatzen da azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, arauak ematen dituena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko; hain zuzen, aldatzen da baloratu beharreko merezimenduei dagokionez, bai oposizio-lehiaketetan, bai merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdaketan.
Jarraikiz Nafarroako administrazio publikoetako Langileen Estatutuaren XI. kapituluari, proiektua negoziazio kolektiboan aztertu zen, negoziazio-mahai orokorreko sindikatuen ordezkariekin, 2024ko abuztuaren 8an.
Halaber, Euskararen Nafar Kontseiluari bidali zitzaion, azter zezan, jarraikiz azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuaren 29. artikuluari (foru dekretu horren bidez onetsi ziren Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak). Aipatutako artikuluan, Kontseiluaren eginkizunen artean, ezartzen da txosten ez-loteslea eman behar duela hizkuntza normalizazioaren arlokoak diren izaera orokorreko xedapenen proiektuez eta arlo horretako plan orokorrez. Kontseiluak txostena eman zuen 2024ko irailaren 12an.
Azkenik, kontuan harturik foru dekretu honek ukitzen dituela Nafarroako administrazio publiko guztiak eta, hortaz, baita toki-erakundeak ere, Toki Araubidearen Foru Batzordeak proiektua aztertu zuen, eta txostena eman, 2024ko irailaren 5ean.
Hori horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta jarraikiz Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 6ko bilkuran hartutako erabakiari,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua. Aldatzea Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua. Erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez.
Bat.–Aldatzen da Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 9. artikulua (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez). Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"9. artikulua.
1. Lekualdatze-lehiaketetan, honako elementu hauek baloratuko dira, gehienez 46 puntuko balioa izanen duen eskala baten barnean, honela banatuta:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 10 puntu gehienez.
b) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
c) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
c) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren c) apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
2. Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:
a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zer plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan.
3. Aurreko apartatuetan aipatzen diren elementuak baloratzeko, jarraituko zaie erregelamendu honi eta, erregelamendu hau garatzeko, administrazio publiko bakoitzeko organo eskudunak onartzen dituen merezimenduen baremoei.
4. Lekualdatze-lehiaketen deialdien oinarrietan, ezarri daiteke lehiakideek gainditu behar dutela prestakuntza ikastaro bat."
Bi.–Aldatzen da Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduaren 15. artikulua; (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez). Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"15. artikulua.
1. Aurreko artikuluan aipatzen diren lehiaketetan, honako elementu hauek baloratuko dira, gehienez 100 puntuko balioa izanen duen eskala baten barnean, honela banatuta:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.
b) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.
d) Lehiaketaren xede den burutzaren edo zuzendaritzaren gaineko lan-memoria: 25 puntu gehienez.
2. Aurreko apartatuetan aipatzen diren elementuak baloratzeko, jarraituko zaie erregelamendu honi eta, erregelamendu hau garatzeko, administrazio publiko bakoitzeko organo eskudunak onartzen dituen merezimenduen baremoei.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek egiten dituzten lehiaketa deialdietan, honako elementu hauek baloratuko dira, gehienez 115 puntuko eskala batean, honela banatuta:
a) Unitatean garatu beharreko jarduketa plana: 48 puntu gehienez.
b) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren txosten psikoteknikoa: 10 puntu gehienez.
c) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 16 puntu gehienez.
d) Prestakuntza eta irakaskuntza: 26 puntu gehienez. Honako hau baloratuko da:
d.1) Unitateko lanarekin lotutako prestakuntza espezializatua: 12 puntu gehienez.
d.2) Burutzak betetzeko prestakuntza, buru izateko gaitasunei eta trebetasunei buruz: 10 puntu gehienez.
d.3) Sektore publikoan egindako irakaslana: 4 puntu gehienez.
e) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 5 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
e) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren e) apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
4. Aurreko apartatuetan ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:
a) Eremu euskaldunean: 11,5 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 6,9 puntu gehienez.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zer plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan".
Hiru.–20 bis artikulua gehitzen da Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduan (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez). Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"20 bis artikulua.
1. Kategoriaz igotzeko lehiaketetan, honako elementu hauek baloratuko dira, gehienez 115 puntuko balioa izanen duen eskala baten barnean, honela banatuta:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.
b) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
c) Proba praktikoa: 25 puntu gehienez.
d) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.
e) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 5 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
e) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren e) apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
2. Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:
a) Eremu euskaldunean: 11,5 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 6,9 puntu gehienez.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zer plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan.
3. Aurreko apartatuetan aipatzen diren elementuak baloratzeko, jarraituko zaie erregelamendu honi eta, erregelamendu hau garatzeko, administrazio publiko bakoitzeko organo eskudunak onartzen dituen merezimenduen baremoei".
Lau.–Aldatzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduaren 21. artikuluko 1. eta 2. paragrafoak (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez). Hemendik aurrera honela idatzita agertuko dira:
"1. Kategoriaz igotzeko lehiaketei aplikatuko zaizkie araudi honen 16. eta 20. bis artikuluak.
2. Kategoriaz igotzeko lehiaketetako proba praktikoa baztertzailea izanen da".
2. artikulua. Aldatzea Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko Erregelamendua (erregelamendu hori onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretu bidez).
Aldatzen da Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 19. artikulua (erregelamendu hori onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez). Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"19. artikulua.
1. Baldin hautaketa sistema oposizio-lehiaketa bada, lehenik lehiaketaldia eginen da, eta haren balorazioa ezin da izan gehieneko puntuazio osoaren %30 baino handiagoa.
2. Euskararen ezagutza baloratuko da plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:
a) Eremu euskaldunean: merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioaren %11.
b) Eremu mistoan: merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioaren %7.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zer plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan.
3. Hautaprobetan elkarrizketak egin behar badira, ez dira baztergarriak izanen, eta haien balorazioa ez da izanen gehieneko puntuazio osoaren %10 baino handiagoa.
4. Nafarroako polizietako enpleguetan sartzeko, 2. apartatuan ezarritako euskararen balorazioa aplikatuko da, hautaketa sistema oposizio-lehiaketa denean".
3. artikulua. Aldatzea Nafarroako Foruzaingoaren Kidegoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua (erregelamendu hori onetsi zen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez).
Bat.–Aldatzen da Nafarroako Foruzaingoaren Kidegoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduaren 19. artikulua (erregelamendu hori onetsi zen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez). Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"19. artikulua. Berariazko lehiaketa.
1. Bete beharreko lanpostuen izaera edo espezializazioa dela-eta, berariazko lehiaketa esleituta dutenean lanpostua betetzeko modalitate gisa, bi fase izanen ditu.
Lehen fasean, merezimenduen balorazioan, baloratuko dira antzinatasuna, egin diren prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, ikasketa tituluak, irakaskuntza eta ikerketa, eta sariak, ondoko irizpideei jarraituz; gehienez ere, 35 puntu emanen dira:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 15 puntu gehienez.
b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, irakaskuntza eta ikerketa, betiere esparru polizialarekin zerikusirik badute: 10 puntu gehienez.
c) Titulazio akademikoak: 7,5 puntu gehienez.
d) Sariak eta beste merezimendu batzuk: 2,5 puntu gehienez.
Bigarren fasean, proba teoriko-praktikoak eginen dira, bai eta proba psikoteknikoak ere, ikusteko nola egokitzen diren lanpostura. 70 puntu emanen dira gehienez, honela banatuak:
a) Proba teoriko-praktikoa, test motakoa, epaimahaiak zehaztu beharrekoa, aurretik onetsi eta dagokion deialdian argitaratu den gaitegi baten gainean: 50 puntu gehienez.
Apartatu honetan sartzen ahal da gainditu behar izatea deialdi bakoitzean zehazten diren proba fisikoak. Haien puntuazioa ere dagokion deialdian ezarriko da, eta puntuazio hori gehituko zaio aurreko paragrafoan azaldutako proba teoriko-praktikoan eskuratu denari. Gehienez ere, guztira, 50 puntu lor daitezke.
b) Proba psikoteknikoa, ikusteko ea izangaia egokitzen den bete nahi duen lanpostura: 20 puntu gehienez.
Bi probak kalifikagarriak izanen dira, eskatutako lanpostuak betetzeko azken ordena erabakitzearen ondorioetarako.
2. Izangai bakoitzak aurreko faseetan lortutako puntuazioei gehituko zaie frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik emandakoa, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, eta gehienez 5 puntu emanen dira horietako bakoitzeko.
Apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
3. Euskararen ezagutza baloratuko da plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:
a) Eremu euskaldunean: 11,10 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 6,66 puntu gehienez.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zer plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan.
4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikitako zerbitzu psikologikoek edo horiek izendatutako profesionalek prestatuko dituzte proba psikoteknikoak. Barneko gaien arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak onetsiko ditu destino bakoitzerako behar diren eskakizunak. Zerbitzu horiengatik ematen den balorazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.
5. Adjudikazio proposamena eginen da puntuaziorik handiena lortu duen hautagaiaren alde, puntu hauek batuta: bi faseetako azken emaitzak eta, hala badagokio, gehituko da honako hizkuntza hauek jakiteagatik emandako puntuazioa: frantsesa, ingelesa nahiz alemana (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik) eta euskara.
6. Sailkapen ordenan gertatzen diren berdinketak hausteko, irizpide hauei jarraituko zaie:
a) Proba teoriko-praktikoan lortutako puntuaziorik hoberena.
b) Proba psikoteknikoan lortutako puntuaziorik hoberena.
c) Antzinatasunik handiena deialdiaren xedeko lanpostuan.
d) Deialdiaren xedeko enplegua zer deialditan lortu zen, hartan lortutako ordena".
Bi.–e) apartatua aldatzen da, eta f) apartatua gehitzen zaio Nafarroako Foruzaingoaren Kidegoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduaren eranskinari. Erregelamendu hori onetsi zen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez, eta foru dekretu horretan jasotzen da zer merezimenduen baremo aplikatuko den sartzeko modalitate gisa berariazko lehiaketa duten plazetan. Apartatuak honela idatzita agertuko dira aurrerantzean:
"e) Puntuazio gehigarria, frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 15 puntu gehienez.
e) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren e) apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
Puntuazio hauek jasoko dituzte Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailek: A1: puntu bat, A2: 2 puntu; B1: 3 puntu; B2: 4 puntu; C1 edo baliokidea: 5 puntu.
f) Euskara jakiteak ematen duen puntuazioa:
Euskararen ezagutza baloratuko da plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:
a) Destinoa eremu euskaldunean duten plazak: 11,10 puntu gehienez.
EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, C1 mailaren baliokidea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, 11,10 puntuko balorazioa jasoko da.
Titulu hori izan ezean, A1 maila edo baliokidea izanez gero, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruaren arabera, 2,22 puntu jasoko dira; A2 maila edo baliokidea izanez gero, 4,44 puntu; B1 edo baliokidea izanez gero, 6,66 puntu; eta B2 edo baliokidea izanez gero, 8,88 puntu. Bestela, 0,92 punturekin baloratuko da Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitza.
b) Destinoa eremu mistoan duten lanpostuak: 6,66 puntu gehienez.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zer plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan.
EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, C1 mailaren baliokidea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, 6,66 puntuko balorazioa jasoko da.
Titulu hori izan ezean, A1 maila edo baliokidea izanez gero, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruaren arabera, 1,33 puntu jasoko dira; A2 maila edo baliokidea izanez gero, 2,66 puntu; B1 edo baliokidea izanez gero, 3,99 puntu; eta B2 edo baliokidea izanez gero, 5,32 puntu. Bestela, 0,55 punturekin baloratuko da Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitza".
4. artikulua. Aldatzea azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).
Bat.–Aldatzen da azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 6. artikulua (foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko). Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"6. artikulua.
Lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak honela haztatuko dira:
a) Benetan egindako zerbitzuak: puntuazio osoaren %60 gehienez.
b) Beste merezimendu batzuk: %100 lortu arte.
Osasun-lanpostuei dagozkien plazetan, oposizio-lehiaketa bidez egiten den sarrera-prozeduran, euskara jakiteak honako balorazio hau jaso behar du:
a) Eremu euskaldunean: merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioaren %11.
b) Eremu mistoan: merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioaren %7.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zer plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan.
Halaber, deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen den frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak, betiere lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
Haztapen hori aplikatuko zaie merezimendu-lehiaketa guztiei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko hautaketa prozeduretan, salbu 2. artikuluko 3. apartatuan aipatutako salbuespenezko lehiaketei eta aldi baterako hautaketei; izan ere, horiek berariazko arauen arabera arautuko dira.
Deialdien oinarrietan, ezar daiteke merezimendu-lehiaketa baztertzailea izanen dela".
Bi.–Aldatzen da azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 21. artikuluko 3. apartatua (foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko). Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"3. Honela haztatuko dira baloratu beharreko merezimenduak:
a) Benetan egindako zerbitzuak: puntuazio osoaren %80 gehienez.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa, eta frantsesa, ingelesa eta alemana jakitea, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik: %100 lortu arte.
b) apartatu honetan alegatutako merezimenduak soilik baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen den frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
Osasun-lanpostuei dagozkien plazetan, oposizio-lehiaketa bidez egiten den sarrera-prozeduran, euskara jakiteak honako balorazio hau jaso behar du:
a) Eremu euskaldunean: merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioaren %10.
b) Eremu mistoan: merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioaren %6.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zer plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan.
Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Burutzak betetzeko prestakuntzari dagokion puntuazioa etetea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan: eteteari eustea.
Eusten zaio burutzak betetzeko prestakuntzagatik esleitu beharreko puntuazioa aplikatzea eteteari. Etete hori jasotzen da maiatzaren 17ko 29/2017 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean (foru dekretu horren bidez aldatu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua, zeina onetsi baitzen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bitartez).
Bigarren xedapen gehigarria.–Gaur egungo merezimenduen baremoak egokitzea foru dekretu honetara.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek eta, behar denean, haren erakunde autonomo eskudunek berehalakoan aldatuko dituzte, dagokion horretan, gaur egungo merezimenduen baremoak, foru dekretu honen edukira egokitzeko.
2. Aurrekoa gorabehera, foru dekretu honek aipatzen dituen merezimenduen baremoetan, euskararen ezagutza baloratzeari buruz agindutakoa aplikatuko zaie foru dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera onesten diren deialdiei, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Merezimendu gisa baloratzea hizkuntzei buruzko titulazioa edo ziurtagiria eta euskarari lotutako urratsak.
1. C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzeak (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera) gehieneko balorazioa jasoko du euskararen jakite-mailari dagokionez, edo behar den Europar Batasuneko hizkuntza ofizialari dagokionez.
2. Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera), gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
3. Merezimendu gisa baloratzeko, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzak jasoko du euskararen ezagutzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12.
Laugarren xedapen gehigarria.–Zehaztea zer plazatan baloratuko den euskara eta Europar Batasuneko laneko hizkuntzak jakitea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan.
Plantilla organikoa aldatzeko dagokion foru dekretuaren espedientean ezarriko da zer plaza zehatzetan baloratuko diren merezimendu gisa euskara eta Europar Batasuneko laneko hizkuntzak, eta negoziazio kolektiboan aztertu beharko da, sindikatuetako ordezkariekin.
Horretarako, foru dekretu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuko departamentu bakoitzak justifikazio txosten bat igorriko dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, departamentuko plazen banakako balorazio horrekin.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe geldituko dira foru dekretu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, berariaz, honako hauek:
Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 27., 29., 33. eta 37. artikuluak eta laugarren xedapen iragankorra. Aipatutako foru dekretu horren bidez arautu zen euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde autonomoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko azaroaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.
Iragarkiaren kodea: F2416138
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
