234. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1099E/2024 EBAZPENA, urriaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baitzaio eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) tratatzeko eta transferitzeko Murchanteko instalazioaren proiektuari. Proiektua Excavaciones Héctor Villada SLk sustatu du.

2024ko ekainaren 10ean, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, hasiera emateko goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko d) letran (ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuak aldatutako eranskina).

Txosten honen I. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren eta ingurumen-dokumentuaren funtsezko datuak.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea:

Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultatu zaie, eta, zehazki, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari, Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuko Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari

Kontsulta horiei erantzunez, Hondakinen Atalak txosten bat igorri du (2024ko abuztuaren 22an), zeinean adierazten baitu 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planak ez duela baldintza gehigarririk ezartzen aurreikusitako jarduerarako (EEHak instalazioan tratatuta kudeatzea); txostenean adierazi du, halaber, beharrezkoa dela instalaziorako eta haren operadorearentzat lortzea hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean adierazitako hondakin-kudeaketako baimenak. Azkenik, xedatzen du instalazioa, hondakinak kudeatzeko jarduera denez, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren –lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatutzat jotzeko irizpide eta estandarrak ezartzen ditu– irismenekoa dela, eta arau horrek instalazioa baimentzeko aurreikusten dituen baldintzak jasotzen ditu.

Proiektuaren azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Jarduerak laguntzen du proiektuko eremuan hondakinak minimizatzen; hala, ekonomia zirkularraren alde egiten du, lehengai gutxiago behar izatea eragiten du eta eraikuntzarako agregakinak lortzeko erauzketa-jarduera berriak hasteko premia murrizten du.

Jarduerak ingurumen-kalitatean dituen eraginak jardueraren ingurumen-baimen bateratuaren espedientean baloratzen eta kontrolatzen dira. Kasu honetan, garrantzitsuagoak izanen dira lurzoruaren kutsadura kontrolatzeko helburua dutenak. Ezartzen ahal diren kontrol eta kudeaketa-neurrietan jaso beharko dira tratamendu-ahalmenaren gainetiko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sarrera galarazteko sistemak, haien gehiegizko metaketa saihesteko, eta, hala ez bada, agregakin gehiegi biltzea eta haiei irtenbiderik ezin eman izatea saihesteko.

Proiektuko eremua Murchanteko ipar-mendebaldeko hiri-periferiako eremuan dago. Uholde bidezko ureztalurrak dira gehienak (batzuk bertan behera utziak), baina jarduera sakabanatuak ere badaude: esparru eta eraikinak daude, erabiltzen direnak eta bertan behera utziak, eta zaborrekin, obra-hondakinekin, lur-isuriekin eta bestelakoekin andeatutako tokiak ere badaude.

Eremuaren inguruan ez dago naturagune babesturik eta Natura 2000 Sarean barne hartutakorik, eta basafauna katalogaturako baliozko eremurik ere ez dago mugetan. Hauek dira eremu honetako ingurumen-balioko elementuak: ubide, hustubide eta kanalen bazterrak (lurreko hezetasunari lotutako landaredia hazten da) eta lurzatien eta azpiegituren mugetan berez edo landatuta hazi diren zuhaitzak eta zuhaixkak eta lantzeari utzi zaien lurzati batzuetako eta bertan behera utzitako giza jarduerek aldarazitako eremuetako belazeak, lezkak, milazkak, zuhaixkak eta hezeguneak. Eremuan dauden eta dagoeneko erabiltzen ez diren eraikinak fauna-espezie batzuen babesleku izan daitezke; babes-motaren batekin katalogatutako kiropteroak izan daitezke, besteak beste.

Murchanteko 2 poligonoko 448 lurzatiak forma trapezoidala du. Lurzatiaren ipar-ipar-ekialdea, B azpilurzatia (6.200 m² ingurukoa), lurzatiaren eta Lodosako ubidearen arteko (50 m-ra) 50 m-ko zerrendarekin batera, sastrakadi laxo batek (Suaeda Braun-blanquetti) eta espezie halofiloek estaltzen dute. Landare horiek duela zenbait urte sakonune baten gainean botatako lur- eta hondakin-betegarri bat zigilatzen dute; hezetasun hori kanaleko ur-galerei lortzen zaie. Lurzatiaren hego-hego-mendebaldea, A azpilurzatia (12.700 m² ingurukoa), landu gabe eta belarrez beteta dago. "Río del Campo" ubidearen inguruetan, lurzoruaren kalteatearen eta maila freatikoaren ondorioz, itxiagoa eta helduagoa da: ingurumen-baliozkotzat jo beharreko larre halohigrofilo bat eratu da, zeinean Elymus pungens baita espezie nagusia. Lurzatiaren hego-mendebaldeko aldean 1.500 m² inguruko eremu naturalizatu bat dago: milazka gaztez eta lezkaz osatutako zuhaizti bat. Lurzatiaren mugetan, batez ere ubidearen eta sakonuneen alboetan, lezka-heskaiak eta milazka bakan batzuk hazten dira.

Lurzatiko lur emankorrak kentzean, instalazioko elementuak jarri aurretik eta perimetro-lubeta eratzean, lurzatiko landare-egiturak galduko dira. Lurzatiaren hego-hego-ekialdeko zatian berdegune bat jartzeak adierazitako milazka-zuhaiztia desagertzea ekartzen ahal du, bereziki, bilketaren parte bat eremu horretan egiten bada. Proiektuan aurreikusten da perimetro-lubeta hori ereitea eta milazkak landatzea, pantaila-funtzioa areagotzeko. Kontuan izanik jarduera-eremuek (aparkalekuak, sarrerako eta irteerako bilketak, etxolak, edukiontziak, etab.) lurzatiaren azalera totalaren aldean dituzten neurriak, bideragarria izaten ahal da proiektua definitzean ingurumen-kalitate handieneko eta dibertsitate- eta fauna-balio handieneko landarez estalitako eremuen okupazioa minimizatzea.

Jarduerarako sarbideak, Cuesta Moneo bidetik eginen denak, zeharkatuko ditu eraikinak eta perimetro-hesiak dituzten bi lurzati (2 poligonoko 454 eta 456 lurzatiak), "Río Alhama" ubidea bi lurzati horien mugan eta "Río del Campo" ubidea, jardueraren lurzatira iristean. Ubide horien bazterretan, inguruko ingurumen-dibertsitaterako mesedegarriak diren eta basafaunarentzat balioa handia duten lezkak eta zuhaixka eta zuhaitz sakabanatu batzuk daude. Basafauna horretan, bisoi europarra egon daiteke, desagertzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatua (otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrenda eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa garatzen dituena). Ezustean erabakitzen bada lurzatirako gaur egungo sarbidea hobetzea (proiektukoaren ekialdera dagoen bide horretatik doa paraleloan, "Río Alhama" eta adierazitako "Río del Campo" ubidea zeharkatuz lurzatira iristean), eragina izaten ahalko dute egungo sarbidearen eta "Río Alhama" ubidearen gaineko bidegurutzearen ondoko zuhaiztiak, sastraka trinkoek eta lezkek.

Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, zehazten du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen-baimen bateratuan eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak betetzen badira, hargatik eragotzi gabe indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) tratatzeko eta transferitzeko Murchanteko instalazioaren proiektuak, zeina Excavaciones Héctor Villada SLk sustatu baitu. ez du eragin esanguratsurik ingurumenaren gainean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera.

2. Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Jarduerarekin hasi aurretik, EEHak tratatzeko aldi baterako instalazioa dagoen Murchanteko 3 poligonoko 834 lurzatiak egokituta eta zaharberrituta egon beharko du, dagokion erabilera berreskuratzeko moduan.

–Instalazioak jarduera-mota horretan ohikoak eta egokiak diren teknikak eta neurriak hartu behar ditu, jarduera berriak behar duen baimenean jasoko diren isurketen (zarata, hautsa, kiratsak, lurzoruaren kutsadura, etab.) ondoriozko inpaktuak saihestu edo minimizatzeko.

–Hondakinen Atalaren txostenean jasotzen denez, instalazioa, hondakinak kudeatzeko jarduera denez, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren –lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatutzat jotzeko irizpide eta estandarrak ezartzen ditu– irismenekoa da; horregatik, errege-dekretu horren 3.1 artikuluan adierazitako lurzoruen aurretiazko txostena aurkeztu beharko da. Instalazioaren ingurumen-baimena lortzeko aurkeztutako proiektuak errege-dekretu horren II. eranskinean adierazitakoa barne hartzen duen heinean, lurzoruei dagokienez adierazitako aurretiazko txostena aurkeztu dela joko da, instalazioaz ari garela.

–Kontrol eta jarraipen plan bati jarraitu behar zaio, instalazioan ez pilatzeko tratatu beharreko hondakin eta azpiproduktu gehiegi eta handik ateratzeko dauden agregakin birziklatu gehiegi.

–Sastrakak kentzetik eta obretan aldaketak egitetik salbuetsiko da 10 m-ko tarte bat, "Río del Campo" ubidearekiko paraleloan, ubidea garbitzeko eta egoera onean mantentzeko egin daitezkeen lanak errazago egiteko eta ubidearen ondoko larreak eta lezkadiak babesteko.

–Landare-estalki onena duten lurzatiko eremuak aldatu gabe mantentzeko helburu berarekin, milazka-zuhaizti osoa barne hartzen duen lurzatiaren hego-hego-ekialdeko eremua ere salbuetsiko da sastrakak kentzetik eta landare-lurrak pilatzetik. Proiektuan proposatzen denez, eremu hori berdegunetarako erabiltzen ahalko da.

–Obrak exekutatzeak berekin ekartzen badu proiektuari dagokion ingurunean dauden nekazaritza- eta abeltzaintza-lanei lotutako eraikin zaharren afekzioa, eraitsi aurretik, teknikari adituek aztertu beharko dute haien barnealdea, kiropterorik ote dagoen ikusteko.

–Halaber, perimetro-itxitura instalatzeko lanetan, sastrakak kendu ez diren berezko landaredietako eragina minimizatu beharko da, eta itxituraren kokapena eremu horiek zaintzeko egokiena izateko ahaleginak egin beharko dira.

–Jarduerarako sarbidea irekitzeko eta, hala badagokio, egungo sarbidea egokitzeko lanak egikaritzean, zeharkatzen diren ubideen ertzetako afekzioak minimizatu beharko dira, bai eta zeharkatzen diren lurzatietan eta ireki edo egokitzen den sarbidearen ondoan dauden lurzatietan dauden hesi eta zuhaitzetako afekzioak ere.

–Aurkeztutako ingurumen-dokumentazioan jasotako landareztatze-neurriak egikarituko dira: perimetro-lubetan bilketak ereitea eta lubeta horren kanpoaldeko ezpondaren beheko aldean milazka-ilara bat (Tamarix gallica) landatzea.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Murchanteko Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–DOKUMENTU TEKNIKOAREN ETA AURKEZTUTAKO INGURUMEN­AZTERKETAREN LABURPENA

Proiektuak 5.000 m³/urte EEH inguru (7.000 tona/urte) balorizatu nahi ditu; zenbateko horretan antzeko bestelako hondakin batzuk ere barne hartzen dira. Horretarako, Murchanteko 2 poligonoko 448 lurzatian eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) kudeatzeko jarduera bat instalatu nahi da, hondakinak balorizatzeko haiek sailkatuz, garbituz, birrinduz eta bahetuz, modu horretan agregakin birziklatuak lortzeko. Beraz, instalazioak kudeatuko ditu R13 (hondakinak biltegiratzea jasotzearen eta tratamenduaren arloan), R12 (hondakinak tratatzea eta sailkatzea, balorizazioaren aurretik) eta R5 hondakinak (gai ez-organikoak birziklatzea edo berreskuratzea. Instalazio honekin, sustatzaileak Murchanteko 3 poligonoko 834 lurzatian duen aldi baterako antzeko jarduera bat uzten ahalko da.

Jarduera proposatzen den lurzatiak 18.861 m² inguru ditu eta bertan behera utzitako laborantza-lur bat da, Murchanteko hiri-lurzoruaren ondoko ureztalur batean dagoena, herriaren ipar-mendebaldean. Jarduera ezarri aurretik, lurzatiko lu emankorren geruza kenduko da, jardueraren balio-bizitzak dirauen artean babesteko eta perimetro-lubeta bat eratzeko lurzatiaren mugan; lubeta horrek 7 m zabal eta 1.500 m² inguruko azalera bat izanen du, eta berdegunetarako hego-hego-ekialdeko muturrean eginen da. Jarduera ixten denean, ildo-bizkarra kendu eginen da eta hango lurrak lurzatian zabalduko dira, bildukinak eta jarduerako elementuak kendu ondotik.

Jasotako materialak 1.227 m²-ko eremu batean pilatuko dira; eremu hori lurzatiaren iparraldean dago. Antzeko toki bat gordeko da sortutako agregakinak biltzeko (bidali edo saldu aurretik); eremu hori lurzatiaren ipar-ekialdean egonen da. Birrintze mugikorreko eta bahetzeko instalazio bat izanen da, gehieneko tratamendu-ahalmenekoa (50 m³/h); bilketa-eremuen artean jarriko da. Instalazioaren funtzionamendurako beharrezko ibilgailuak eta makineria mugikorra ere izanen dira. Jasotako EEHak hautatzetik eta garbitzetik lortutako hondakinetatik tratatu ezin direnak haien izaeraren arabera (papera eta kartoia, burdina, plastikoak eta zura) biltegiratuko dira zenbait edukiontzitan (20-25 m³-koak); geroago, kudeatzaile baimenduek jasoko dituzte. Instalaziorako sarbidetik gertu baskula bat jarriko da, kontrol-eraikinaren alboan, eta etxola-eremu bat ere izanen da, langileentzat.

Lurzatiak gaur egun duen sarbidearen mendebaldera, 240 m ingurura, instalaziorako Cuesta Moneoko bidetik sarbidea egitea aurreikusten da; trazadura berrikoa izanen da, eta Murchanteko 2 poligonoko 454 eta 456 lurzatiak zeharkatuko ditu; sustatzaileak lurzati horiek erabiltzeko aukera du. Lurzati horiek gaur egun baratze-erabilera dute eta etxolak edo eraikinak dituzte barnean. Lurzatia perimetralki inguratuko da eta 454 lurzatitik hornituko da, sorgailu elektriko batekin eta lubanarro hermetiko baterako saneamendu bidez.

Instalazioaren sarreran, han tratatu ezin diren hondakin-sailak baztertuko dira. Azkenik jasotako materialak garbitu eta sailkatu eginen dira ontziak, matxardak, zizailak, mailuak, etab. erabiliz, instalazioan tratatzeko egokiak ez diren hondakinak kentzeko eta sailkatzeko eta lehenago adierazitako edukiontzietan sartzeko. Hautatutako EEHak lehenago adierazitako bilketa-gunean gordeko dira, birrintzeko eta bahetzeko makineria mugikorrarekin tratatu aurretik; makineria hori premien arabera eramanen da, nahikoa hondakin biltegiratzen denean. Batez ere zagorra sortuko da (aldaera guztiak:0-25, 0-40 baita 0-100 mm ere); zagor hori eremuan ondorio horietarako ezarritako bilketetan pilatuko da.

Ingurumen-agiria

Aurkeztutako ingurumen-agiriak proposamena eta ingurune hartzailea deskribatzen ditu, eta espero daitezkeen inpaktuen balorazio bat jasotzen du. Halaber, zenbait neurri zuzentzaile eta ingurumen-zaintzako neurri jasotzen ditu, inpaktuen ingurumen-kontrola egiteko, bai obra-fasean bai ustiapen-fasean.

Ingurune naturala babesteko eta jarduera instalatu aurretiko proposamenaren ingurumen-integrazioa babesteko proposatutako neurriei dagokienez, lurzatiko lur emankorren goiko geruza kenduko da, hura babesteko eta ildo-bizkar bat edo lubeta bat eratzeko; ildo-bizkar horrek 7 m-ko zabalera eta 2 m-ko altuera izanen du, eta 2H:1V-ko ezpondak. Lur horiek babesteaz gainera, jarduera ezkutatuko da nolabait, eta landaredia-galera konpentsatzeko aukera emanen du, gunea landareztatuta.

Proposatutako landareztatzean, alde batetik, irradan ereinen da; horretarako, 25 g/m² hazi eta 5 kg/m² ongarri organiko (konposta) kalkulatuko dira, eta hazi-nahastearen konposizio espezifikoa honen antzekoa izanen da: %10 Agropyron elongatum, %20 Agropyrum cristatum, %5 Cynodon dactylon, %5 Dactylis glomerata, %15 Lygeum spartum, %5 Medicago trunculata, %15 Melilotus albus, %15 Piptatherum miliaceum eta %10 Vicia sativa. Bestalde, perimetro-lubetako kanpo-ezpondan Tamarix gallicak landatuko dira (zuhaitz-landareak), zuhaitz-landare bat 3 m bakoitzeko (108 zuhaitz-landare). Landatzeko unean, ongarria jarriko zaie, ureztatu eginen dira eta plastikozko hodiekin babestuko dira. Landatzearen ondotik, bereziki lehenbiziko 2-3 urteetan, sustatzailearen erantzukizuna izanen dira ureztatzeko eta ongarritzeko lanak eta landareztatzearen arrakasta kontrolatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F2415372