1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko uztailaren 24an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza hitzarmen bat izenpetzea, EITBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza protokolo orokor bat dute, Iruñean sinatu zena 2021eko abenduaren 10ean, eta aurreko protokolo orokorra ordezten duena, 2016ko maiatzaren 10ean sinatua. Protokolo horren bidez, hain zuzen, gobernuok eusten diote ikus-entzunezko komunikazioaren esparruan behar diren zuzemenak egiteko konpromisoari, EITBren programak heda daitezen Nafarroako Foru Komunitatean.
2016an sinaturiko protokolo orokorraren babesean, bi erkidegoek lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuten 2016ko uztailaren 15ean, EITBk Nafarroako Foru Komunitatean emititu zezan. Hitzarmenaren hasierako iraunaldia lau urtekoa izan zen, eta 2020ko uztailaren 9an bi alderdiek luzatzea adostu zuten aldi bererako. Hala, hitzarmenaren indarraldia 2024ko uztailean bukatu da.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Legeak 73.1 artikuluan ezartzen du autonomia erkidego batek ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoa ematen ahalko duela berarekin hizkuntza eta kultura kidetasunak dituen beste autonomia erkidego mugakide batean, lurreko uhin hertziarren bidez, baldin eta hitzarmen bidez hala adosten badute eta elkarrekikotasuna badago.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak administrazioen arteko harremanak arautzen ditu V. tituluan. Lege aurreikuspen horrekin bat, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiak justifikazio memoria bat prestatu du, araudia eta arlo ekonomikoa ere kontuan harturik, hitzarmen honen beharra eta egokitasuna aztertzen duena.
Nafarroaren eta Euskadiren arteko hitzarmen berriak bi urte iraunen du hasiera batean, eta beste bi urtez luzatzen ahalko da. Hitzarmena bat dator bi erkidegoek 2016an adostutako lankidetza esparruari eusteko borondatearekin, ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoei dagokienez.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposatuta,
ERABAKITZEN DU:
1. Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza hitzarmen bat izenpetu dadin onestea, EITBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko. Hitzarmen hori erabaki honen eranskinean dago jasota.
2. Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari ahalmena ematea hitzarmen hori sinatzeko.
3. Sinatutakoan, hitzarmena Nafarroako Foru Komunitateko Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroan inskribatzea.
4. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Komunikazio Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Atalera.
5. Hitzarmena izenpetzearen berri ematea Gorte Nagusiei, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 70.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
6. Erabaki hau eta hitzarmena (sinatu ondoren) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2024ko uztailaren 24an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Nafarroako Foro Komunitatea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankindetza-hitzarmena, EITBren zerbitzuak Nafarroan zabaltzeko (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F2415526