Iragarkia
234. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERAKO UDALAREN UR BATZORDEA
Deialdia, administratzailearen lanpostu bat (A maila/taldearekin parekatua)
oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionario araubidekoa, Tuterako udalaren Ur Batzordean aritzeko
Tuterako Udalaren Ur Batzordeak, 2024ko urriaren 30eko batzarrean, erabaki zuen deialdi bat eta haren oinarriak onestea, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administratzailearen lanpostu bat (A maila), Tuterako Udalaren Ur Batzordean aritzeko.
Oposizio-lehiaketa hau eginen da honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia); estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera erregelamendua; gainerako aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Tuterako Udalaren Ur Batzordearen zerbitzuko administratzailearen plantillako plaza huts bat; lanpostua A mailakoa da, funtzionarioen araubidekoa, eta lanaldi osoan aritzekoa. Lanpostua Tuterako Udalaren 2021eko lan publikoaren eskaintzan dago (2022ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 13an).
1.2. Deialdi honen bidez bete nahi den plaza hutsak 0501A00101 kodea du plantilla organikoan. Lanpostua txanda irekiari dagokio, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren 15.3 artikuluan ezarritako formularen arabera (testu bategina abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
1.3. Era berean eta jarraikiz 11. oinarriari, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, administratzailearen lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen prozeduran probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.
1.4. Lanpostuko zereginen barnean daude burutzaren eta koordinazioaren arlokoak, baita administrazioaren eta finantzen, bezeroen kudeaketaren eta giza baliabideen kudeaketaren arlokoak ere. Orobat, bete beharko du lanpostuaren misioarekin bat datorren zeregin oro, jarraikiz kokapen-mailari eta lanpostuaren berezko eskumenei.
1.5. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena nomina eta plantillako funtzionario izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta kidetuko da.
1.6. Lanpostuak A mailako ordainsariak izanen ditu, maila horretarako honako arau hauetan oro har ezarritakoaren araberakoak: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena; uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onesten duena; eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Erabakia. Horrez gain, ordainsari osagarriak jaso ahalko ditu, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.
1.7. Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Erabakian ezarritakoari jarraituko zaio.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
1.8. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
C) Honako lizentzia- edo gradu-titulu hauetako bat edo horien baliokidetzat jotakoren bat edukitzea edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (frogagiri bidez justifikatu beharko da): Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia edo gradua, Ekonomiako lizentzia edo gradua, Zuzenbideko lizentzia edo gradua, Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentzia edo gradua, Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentzia edo gradua, Kudeaketa eta Administrazio Publikoko lizentzia edo gradua eta Finantza eta Kontabilitateko gradua.
Atzerrian lortutako unibertsitateko tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.
D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.
2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.3. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiak baldintza horiek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen prozedura osoan mantendu ere, izendatua izan arte.
Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Ur Batzordearen Erregistro Orokorrean (Cuesta Estación kalea, 2, behea) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.
3.2. Eskabideak deialdiaren I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira, eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute deialdian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.
3.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Nortasun Agiri Nazionalaren kopia sinplea, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.
–Eskatzen den titulazioaren kopia sinplea.
–Deialdiko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagirien kopia sinplea. Izangaiek behar bezala ordenaturik alegatuko eta frogatuko dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (II. Eranskina), eta deialdiko 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik.
3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen lehendakariak dagokion ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki-taulan argitara dadila aginduko du. Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere kontsultatzen ahalko da zerrenda (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazietarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko lehendakariak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki-taulan eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).
4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Anichu Agüera Angulo, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko zinegotzi ordezkaria.
Epaimahaiburuaren ordezkoa: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Victor García Sánchez, Tuterako Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa epaimahaikidea: Titularrak izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Asun Nieto Zabala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari juridikoa.
Ordezko epaimahaikidea: Berta Enrique Cornago, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkari nagusia.
Epaimahaikidea: Jesús Rosón Lete, Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitateko kontu-hartzailea.
Ordezkoa epaimahaikidea: titularrak izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutakoa.
Idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.
Ordezko idazkaria: José Luis Zardoya Molinos, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko aholkulari juridikoa.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.
6.1. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera gutxi gorabehera hasiko da oposizioa. Hautapen-prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkiak paratuko ditu Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo) hurrengo probak noiz izanen diren aditzera emateko.
7.–Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
7.3. Alegatu eta frogatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 20 puntu, gehienez.
B) Formazioa, irakaskuntza eta ikerketa: 10 puntu, gehienez.
7.4. Merezimenduen balorazioa eginda, epaimahaiak Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki-taulan eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo) argitaratuko du zer puntuazio lortu duen izangai bakoitzak.
8.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Gai zerrendako gaiei buruzko 80 galderari idatziz erantzutea (deialdiaren III. eranskina). Lau erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Hutsak epaimahaiak zehazten duen moduan zehatuko dira. Epaimahaiak proba hasi aurretik esanen du probak zenbat iraunen duen.
–Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk ebaztea, gai zerrendako gaiei buruz (deialdiaren III. eranskina). Epaimahaiak proba hasi aurretik esanen du probak zenbat iraunen duen.
–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.
8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 140 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
–Lehen ariketa: Gehienez 40 puntu.
–Bigarren ariketa: Gehienez 80 puntu.
–Hirugarren ariketa: Gehienez ere 20 puntu.
8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
8.4. Lehenbiziko eta bigarren ariketak gutun-azal itxiaren sistemaren bidez eginen dira.
8.5. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du saio bakarrean egitea lehen eta bigarren ariketak. Hala gertatuko balitz, epaimahaiak horretarako antolakuntzarik hoberena xedatuko luke.
8.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki-taulan eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo) gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, azalduko ditu oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.
8.7. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.
8.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
8.9. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa lortzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak.
9.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.
9.1. Azkeneko ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazio-ordenaren arabera, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki-taulan eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo); era berean, batzordeko lehendakariari igorriko dio izendapen proposamena, deialdiko lanpostua betetzeko probak gainditu dituen izangaiaren alde. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, lehen eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenkera horretan. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tuterako Udalaren Ur Batzordearen Erregistro Orokorrean:
1.–Nortasun Agiri Nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.
2.–Eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarenak.
3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
4.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.
5.–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Baldin eta izangaia Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abarri buruzkoa) aurkeztu beharko du.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da funtzionario izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Behin hautapen prozesua bukaturik eta behin izendatzeko proposatutako izangaiak aurkezturik 9.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko lehendakariak behar den izangaia izendatuko du batzordeko funtzionario, administratzailearen lanpostua bete dezan.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.3 eta 9.4 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.3 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
11.2. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda argitaratuko da Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki-taulan eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (sede.tudela.es/Publicaciones Oficiales/Tablón de oferta pública de empleo).
11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da hauetan xedatuari jarraikiz: Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bertan onartu baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak; edo irizpideak aldatuz gero, horiek ordezkatzen dituztenak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Tuteran, 2024ko azaroaren 5ean.–Zinegotzi ordezkaria, Anichu Agüera Angulo.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A atala: Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
–Administrazio publikoetan, xede den lanpostuaren antzeko eginkizuneko lanpostuetan, A mailan, emandako zerbitzuak, baldin eta lanposturako nahitaezkoa bazen 2.1 apartatuan adierazitako tituluetako bat izatea: 2 puntu urteko.
–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez diren A mailako beste lanpostu batzuetan edo B mailakoetan: 1 puntu urteko.
–Administrazio publikoetan, C, D edo E mailako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,5 puntu urteko.
Oharrak A atalerako:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, emanen da proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. A atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 20 puntu izanen da.
B atala: Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.
1. Prestakuntza akademikoa eta etengabea.
–Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den beste batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.
–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu). Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 7 puntukoa izanen da.
Oharrak B.1 azpiatalerako. (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
4. Atal honetan baloratutako prestakuntza ekintza bakoitzaren puntuazioa 2 puntukoa izanen da gehienez.
5. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek antolatutakoak, administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean.
6. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
2. Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.
3. Sektore publikoaren arloko prestakuntza-jarduerak antolatzea eta/edo horietan irakasleek parte hartzea: gehienez puntu bat, kalifikazio-epaimahaiak baloraturik haien iraupenaren arabera.
Oharrak B) atal osorako:
1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.
2. B atal puntuazioa ez da 10 puntutik gorakoa izanen.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Atariko titulua, Politika sozial eta ekonomikoaren gida oinarriak (1. titulua, 3. kapitulua), VII. titulua. Ekonomia eta ogasuna.
2. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa Konstituzioan. Toki Autonomiaren Europako Gutuna. Toki autonomiaren printzipioa. Toki-erakundeen arautze ahala. Erregelamenduak, ordenantzak eta bandoak.
3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Atariko titulua, II. titulua. Nafarroako eskumen eta gaitasunak.
4. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
5.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. Ondasunak, oro har: Xedapen orokorrak. Kalifikazio juridikoa. Aldakuntza. Atxikipena. Ondasunen eskurapena.
6.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea. Ondasunen erabilera eta aprobetxamendua. Ondasunen kargak eta besterentzeak.
7.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. Herri-ondasunak: Administrazioa eta xedapen egintzak. Herri-ondasunen aprobetxamendua. Arau-hausteak eta zehapenak. Herri-ondasunen Arbitraje Batzordeak. Xedapenak.
8. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
9. gaia.–7/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, ezartzen duena nola banatu transferentzia arrunten bidez toki-erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa. Toki-erakundeek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa.
10. gaia.–8/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Toki Inbertsioen Plana arautzen duena.
11. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan.
12. gaia.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako Toki Erakundeen Aurrekontu Egitura onesten duena.
13. gaia.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra onesten duena.
14. gaia.–Toki entitateen diruzaintza. Araubide juridikoa. Kutxaren batasunaren printzipioa. Diruzaintzaren eginkizunak. Antolamendua. Funtsen egoera: kutxa eta banku-kontuak. Ordainketak egitea: ordaintzeko lehentasuna, prozedurak eta moduak. Ordaintzeko epeak betetzea. Rentabilización de excedentes.
15. gaia.–Nafarroako toki-erakundeen zorpetzea. Kreditu eragiketen motak. Kontratuen izaera juridikoa: tramitazioa. Epe luzeko kreditu eragiketak: helburua eta iraupena, gaitasuna, eragiketak ituntzeko mugak eta betekizunak. Epe laburreko kreditu eragiketak: betekizunak eta baldintzak. Zorpetze eragiketei aplikatu dakiekeen finantza-zuhurtasunaren printzipioa.
16. gaia.–Finantza-matematika. Maileguak. Amortizazio-sistemak: ordainketa bakarra, amortizazio-kuota konstantea, amortizazio-zenbateko oso konstantea ("sistema frantsesa"), amortizazio-zenbateko oso aldakorra, progresio aritmetikoan edo geometrikoan. Interes tasa finkoko edo aldakorreko maileguak.
17. gaia.–Finantza-matematika. Kapitalizazio bakuna eta konposatua. Errenta iraunkorrak, aldakorrak eta zatituak.
18. gaia.–Kontabilitate analitikoa. Kontzeptuak eta sailkapenak. Zuzeneko eta zeharkako kostuak. Kostu-ereduak eta -metodoak: kostu osoa ("full costing") eta kostu partzialak edo zuzenekoak ("direct costing"). Produkzio baliokidea. Baterako produkzioa. Kostuak, departamentuen arabera. Kostuak, jardueren arabera. Kostu estandarra, desbideratzeen analisia eta aurrekontu malgua. Kostuaren, bolumenaren eta etekinaren analisia. Behin-behineko finantza egoerak.
19. gaia.–Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra (I). Zergapekoak: subjektu pasiboa, ordezkoa, erantzulea, oinordekoak eta atxikitako ondasunen eskuratzaileak. Tributu-zorra: Karga-tasa eta kuota. Ordainketa: ordaintzeko moduak, epeak eta errekarguak. Preskripzioa. Iraungitzeko bestelako bideak. Bermeak.
20. gaia.–Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra (II). Diru-bilketa: Borondatezko eta betearazteko epeak. Premiamenduzko prozedura. Ondasunak enbargatzea.
21. gaia.–177/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua onesten duena. Xedapen orokorrak; Zorren iraungipena; Borondatezko aldian diru-bilketa egiteko prozedura; Premiamendu bideko diru-bilketa prozedura, hutseginak eta premiamendu prozeduraren bukaera; Administrazio helegiteak eta erantzunbeharrak.
22. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa. Aplikazio-eremua. Printzipio orokorrak. Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna. Aurrekontuen kudeaketa.
23. gaia.–HAP/2015/2012 Agindua, Informazioa emateko betebeharrei buruzkoa, toki-erakundeei dagokienean. Xedapen orokorrak. Betebeharreko subjektuak eta prozedura. Aldizkako betebeharrak eta aldizkakoak ez direnak. Informazioa emateko betebeharrak, toki-korporazioen esparruan. Informazioaren publizitatea eta ez-betetzeen ondorioak.
24. gaia.–635/2014 Errege Dekretua, uztailaren 25ekoa, garatzen duena Administrazio Publikoen hornitzaileei ordaintzeko batez besteko aldia kalkulatzeko metodologia.
25. gaia.–424/2017 Errege Dekretua, Tokiko Sektore Publikoko Erakundeen Barne-kontrolari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Kontu-hartzailetzako eginkizuna betetzea. Eskubideei eta diru-sarrerei buruzko prozedura. Gastuei eta ordainketei buruzko prozedura.
26. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea.
27. gaia.–7/1985 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
28. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atarikoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak: adjudikazio botereak. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Kontratuen kudeaketarako printzipioak eta arauak.
29. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. Kontratuak betearaztea. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.
30. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
31. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Obra kontratua. Herri-lanak emateko kontratua.
32. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Zerbitzuen emakidarako kontratua. Hornidura kontratua. Zerbitzu kontratua. Xedapenak.
33. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Xedapen orokorrak. Funtzionario publikoak.
34. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Behin-behineko langileak. Administrazio-kontratudun langileak. Lan araubidean kontratatutakoak. Xedapenak.
35. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua. Ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua.
36. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko erregelamendua. 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa.
37. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua.
38. gaia.–Tuterako Udalaren Ur Batzordearen ordenantza, uraren ziklo integrala arautzen duena. (argitaratu zen 1998ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean; aldaketak, berriz argitaratu ziren 2005eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 30ean eta 2007ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 11n).
39. gaia.–Ordenantza fiskalak, arautzen dituztenak ur-horniduragatiko tasak eta uraren ziklo integralari lotutako zerbitzuengatiko tasak eta Udalaren Ur Batzordeak emandako beste zerbitzu batzuengatiko tasak.
Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.
Iragarkiaren kodea: L2416153
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
