234. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak hartua 2024ko urriaren 23an, zeinaren bidez onesten baita Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala, eta haren interes orokorra deklaratzen baita.

I.–Aurrekariak.

2021eko uztailaren 2an, Barne Zuzendaritza Nagusiak "UGPSa aurkeztu zuen, Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politika garatzeko".

UGPS haren (Udalez Gaindiko Plan Sektoriala) xedea zen hirigintza eraldatzeko bi jarduketa zehatz arautzea:

–Zuzkidura publikoko eremu bat Sankin izeneko alderdian, Arangurengo udalerrian, "Foruzaingoaren 2020-2023 Plan Estrategikoan" aurreikusitako jarduketa bat ezartzeko; zehazki, Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.

–Bizitegi-jarduketa bat egitea Belosogoitin (Iruña), foruzain-etxe nagusia lehenagoko kokapenera lekualdatzean hutsik geratuko diren Nafarroako Gobernuaren hiru lurzatietan, zeinak Lurzoruaren Foru Bankuari atxikiko baitzaizkio.

Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, aipatu plana udalez gaindiko plan sektorial deklaratu zen eta aldibereko bi tramite egin ziren: jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea. Hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean (LAHFLTB) eta ingurumen arloko legerian xedatzen diren ondorioetarako. Ebazpen hori 2023ko ekainaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Geroago, UPGSaren jarduketak birplanteatu ziren Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez. Hala, zuzkidura jarduketaren eremua zabaltzeko espedientea jendaurrean jarri zen eta ukitutako udalei entzunaldia eman zitzaien, eta espediente horri zegozkion Belosogoitiko (Iruña) bizitegirako jarduketak artxibatu ziren. Erabaki hori 2024ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 1ekoan.

Sankingo zuzkidura jarduketaren eremua edo zuzkidura publikoko eremua handitzea planteatu da Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak banaketa egokia bermatuko duen azalera izan dezan; zehazki, azalera 10.000 m² baino pixka bat gutxiago handituko da (120.206,788 m² izatetik 131.708,28 m² izatera pasako baita), eta, ondorioz, beste udalerri bat barne hartuko du: Eguesibar.

II.–Jarduketaren azaleko deskribapena.

Honako hauek dira UGPSan araututako jarduketaren datu esanguratsuenak:

–Tokia: Aranguren eta Eguesibarko Sankin alderdia.

–Azalera: 131.708,284 m².

–Justifikazioa: "Foruzaingoaren 2020-2023 Plan Estrategikoa" izenekoan jasotako jarduketa bat ezartzea.

–Destinoa: Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.

–Erabilera orokorra: zuzkidura publikoa.

–Gehieneko eraikigarritasuna: 60.000 m²eraikiak.

–Jarduketaren nondik norakoak: "Gehitu beharreko antolamendu elementuen arabera behar den dokumentuaren bidez garatuko dira hirigintza antolamenduko determinazio xehakatuak".

III.–Jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko tramitea.

Jendaurreko informazioaren eta ukitutako udalei entzunaldia emateko lehen tramitean, Iruñeko Udalak alegazio idazki bakarra aurkeztu zuen bere udalerrian planteatutako bizitegi-jarduketari buruz. Idatzi horri ez zaio erantzunen; izan ere, alegazioa bizitegietarako jarduketaren sustatzailea den zuzendaritza nagusiari egin zitzaion, eta hark uko egin dio jarduketa tramitatzen jarraitzeari. Eta, hala, Nafarroako Gobernuak 2023an maiatzaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, espediente horri dagozkion jarduketak artxibatu ziren.

Bigarren tramitean, espedientea jendaurrean egon zen bitartean eta entzunaldian ez zuen inork alegazio idazkirik aurkeztu.

IV.–Txosten sektorialak.

Espedientean UGPSaren aldeko txostenak edo horrekiko eragozpenik jartzen ez dutenak daude: Telekomunikazioen eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Antolamendu Zuzendaritza Nagusiarena; Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena; Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiarena, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuarena; Ondare Arkitektonikoaren Atalarena; Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalarena; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalarena, eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarena. Horietako batzuetan UGPSaren hirigintzako araudian txertatu diren jarraibideak edo zehaztapenak daude.

Horrez gain, Iruñerriko Mankomunitateak lau txosten egin zituen: hiru hornidura eta saneamendu azpiegiturei buruzkoak (2022ko irailaren 14koa, 2023ko martxoaren 1ekoa eta 2024ko abuztuaren 19koa) eta bat garraio publikoari buruzkoa (2023ko otsailaren 17koa).

Garraio publikoari dagokionez, Iruñerriko Mankomunitateko Garraioaren zuzendariak, 2023ko otsailaren 17an, aldeko txosten bat igorri zuen, baina hori mantentzeko, etorkizuneko hirigintza-garapen xeheagoetan txostenean adierazitako baldintzak bete beharko dira. Baldintza horiek UGPSaren araudian jaso dira.

Hornidura eta saneamendu azpiegiturei dagokienez, igortzen azken txostena 2024ko abuztuaren 19koa izan zen eta aurkakoa zen; izan ere, honako hauek aldatu behar dira:

–Memorian jaso beharko da bide eta lurzatietako euri-urak ibilgu publikora isurtzen direla. Hori egiteko, halaber, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren isurtzeko baimena erantsi beharko da.

–Antolamendu irizpide gisa hartu beharko da Jabari publiko hidraulikoari buruzko araudiaren XI. eranskineko arau teknikoa, euri gainezkatzeen isuriak kontrolatzeari buruzkoa.

–Hiri-drainatze jasangarriko sistema SCPSAren jarraibide teknikoen arabera garatuko dela dioen aipamena kenduko da; izan ere, sistema hori urbanizazioaren elementu bat izanen da eta ez da Mankomunitatearen eskumeneko euri-uren saneamenduko hiri-sareen parte izanen.

–UGPSaren araudiak aipatu behar du eremuan ezartzen diren SUDSak (Drainatze Jasangarriko Hiri Sistema), hala nola atxikipen-putzuak, instalazio pribatuak izanen direla, eta, beraz, elementu horiei mantentze baldintzak finkatzeko emanen zaien araudia ezarriko da, kontserbazio entitate bat, jabeen erkidego bat edo egokitzat jotzen den beste bat ezarriz.

–Halaber, ezabatu eginen da Mankomunitateak sistema horietatik gehituko den efluentearen emari maximoa zehaztu behar duela dioen aipamena; izan ere, efluenteak ibilgu publikora isurtzen du, isurtzeko baimena behar du, eta horren eskumena Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena da.

Ohar horiek guztiak aintzat hartu ditu aurkeztutako dokumentuan sustatzailea den zuzendaritza nagusiak. Bertan, memoriaren 6.2 (Antolamendu-proposamena) eta 7.2 (Sareen eta azpiegituren eskema) atalak aldatu dira, eta, ofizioz, 7. artikulua. Araudia garatzeko eta gauzatzeko tresnak garatzeko irizpideak, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren isurketa-baimenaren erreferentzia. Gainera, memoriaren 6.2 apartatuan eta araudiaren 7. artikuluan, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren XI. eranskinaren erreferentzia sartu da, eta, memoriaren 7.2 apartatuan, SCPSAri eta Mankomunitateari buruz eskatutako erreferentziak ezabatu dira.

SUDSei dagokienez, aintzat hartu behar da saneamendu sistemaren aurretiko elementuak direla eta, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren arabera, urbanizazio berriek "drainatze jasangarriko sistemak sartu beharko dituzte" eta "hirigintza-garapenaren espedienteak hori justifikatzen duen azterlan hidrologiko eta hidraulikoa jaso beharko du". Ondorioz, hirigintza-antolamendu xehatua ezartzen duten tresnek SUDSak sartu behar dituzte espazio urbanizatu komunean, eta hori justifikatzen duen azterketa hidrologiko-hidrauliko bat sartu behar dute. Gainera, LAHFLTBren eta 85/1995 Foru Dekretuaren arabera, administrazio titularrari dagokio urbanizazio obrak kontserbatzea, zuzkidurak eta dagozkien zerbitzu publikoak mantentzea barne, ekimen partikularreko planen kasuetan eta dagokion planak eta hitzarmenak hala ezartzen dutenean izan ezik. Ez dago horretarako hitzarmenik, eta, beraz, dokumentuan SUDSen izaera pribatua ezabatu da.

Gainera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuak UGPSaren hasiera eta amaierako proposamenei buruzko txostenak igorri zituen 2022ko abenduaren 20an eta 2024ko irailaren 2an.

Azken txostenean honako hau adierazten da: "Urbanizazio, eraikuntza eta mantentze-lanen kargak zehatz-mehatz aztertu behar dira, Plan Sektorialaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko". Hori dela eta, eskatzen du bideragarritasunaren azterketak kontuan har dezala urbanizazioaren eta eraikuntzaren kostuen zenbatespena, behar bezala justifikatua eta koherentea, eta urbanizazioaren mantentze-lanena, jarduketaren bideragarritasunean duen eragina eta lursailen etorkizuneko jabeari epe luzera ekarriko dion karga kontuan hartuta, hurrenez hurren. Halaber, adierazten duenez, "komeni da jarduketa sistema ezartzea orain idazten den plan sektorialean".

Sustatzailea den zuzendaritza nagusiak txosten horri erantzun dio, eta honako hau adierazi du:

"1. Kostuei dagokienez, 2022an jarduketa idatzi eta tramitatzen hasi zeneko kostuak zeuden jasota, eta, beraz, urbanizazio gastuak berrikusi eta eguneratu dira, aintzat hartuta eginiko azterketetan aurreratutakoa. Ezinbestekoa da argitzea kanpoko urbanizazio-gastuak honako hauek egiteari dagozkiola: kanpoko bidea, zarata-lubeta, berdegune publikoak (SUDak barne) eta kanpoko azpiegiturekiko konexioa; izan ere, jarduketaren zatirik handienak lurzoruaren zati handi bat lurzati pribatua izatea eragiten du. Gainerako urbanizazio gastuak lurzati pribatuen barne erabilerari dagozkio, eta barne urbanizazio gisa kuantifikatzen dira; izan ere, eraikuntzen parean egikarituko dira, eta, beraz, haien eraikuntzan jasanaraziko dira.

2. Azterketan mantentze-lanetarako gastuak daude jasota, eta erreferentzia gisa hartu ditugu mantentze-lanen batzordeei dagozkien datu propioak.

3. Eraikuntza egiteko kostuei dagokienez, 2022an jarduketa idatzi eta tramitatzen hasi zeneko kostuak zeuden jasota, eta, beraz, urbanizazio gastuak berrikusi eta eguneratu dira, oinarri hartuta 2022tik 2024ra bitarte BOEen modulua.

4. Jarduketa sistema zehaztapen xehatua denez, memorian aipatzen da, baina ez dagokio zehaztapen egituratzaileak soilik garatzen dituen tresna horri, araudian sartzea".

Azkenik, Herri-lurren Atalak, 2024ko urtarrilaren 22an, honako ohar hauek jaso zituen txosten batean.

"Herri-lurren arloko legeriak herri-ondasunen desafektazioa aurreikusten du automatikoki, hiri antolamenduko planak eta obra eta zerbitzu proiektuak behin betiko onartzen badira.

Edonola ere, plangintza xehatua onetsi arte, herri-lur izaten jarraituko dute lurzatiek. Plangintza xehatua onestean, toki entitateak sustatzailearekin adostuko ditu herri-ondarea konpentsatzeko baldintzak, eta itzultze klausula ezarriko dute.

Herri-lurren narridura konpentsatzeko modu bat izanen litzateke Nafarroako Foru Komunitateko ondare-lurrekin trukatu ahal izatea formalizatzea".

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 103.3 artikuluak zehazten duenez, jabetza publikoko ondasunen eta ondarezeko ondasunen kalifikazio juridikoa automatikoki aldatzen da, espedienterik egin gabe, kasu jakin batzuetan, besteak beste, "Hiri antolamenduaren planen behin betiko onespena". Edonola ere, artikulu horrek ez du garapenerako plangintzari buruz hitz egiten.

Horrekin guztiarekin, adierazi behar da Arangurengo Udal Plan Orokorrak (UPO), zeina Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren apirilaren 26ko 61E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi baitzen (haren araudia argitaratu zen 2022ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 11koan), PSISaren eremuaren zati handi bat lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen duela, besteak beste, Herri-lurren Atalaren txostenean aipatzen diren herri-lurrak. Aurreko paragrafoan adierazitako manua aplikatuz, ulertu behar da desafektatuta geratuko liratekeela aipatutako UPOa onetsita.

V.–Ingurumen arloko tramitazioa.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 15eko 1092E/2024 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiaren Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko UGPSaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egin zen, Herrizaingoko Zuzendaritza Nagusiak sustatuta, kontuan hartuta ez dela ingurumen-inpaktu nabarmenik sortzen, eta UGPSaren behin betiko proiektua Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalaren zarata-txostenaren edukira egokitu behar dela.

Ondorioz, ofizioz, UGPSaren dokumentua aipatu txosten horren arabera moldatu da. Zehazki, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostenean zaratari buruz jasotako oharrekin batera, UGPSaren araudi idatzi eta grafikoan zehaztapen bat gehitu da, hirigintza garapenean kontuan har daitezen zaratari buruzko legeriak ezartzen dituen kalitate akustikoko helburuak. Era berean, prebentzio neurrien nagusitasuna gehitu da, hala nola eremu batean eraikinak eraiki aurretik kalitate akustikoko helburuak lortzea ahalbidetuko duten neurrien kokapena edo gaikuntza behar bezala aukeratzea, neurri zuzentzaileen gainetik. Gainera, aurrekoa kontuan hartuta, eta jarduera kokatu nahi den eremuak azaleraren zati handi batean ezarritako kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituela kontuan hartuta, kendu egin da zarata zuzentzeko neurri gisa B3/A2 motako pantaila bat, 535 metroko luzerakoa, hartzeko betebeharra.

VI.–Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren oharrak.

Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 19ko Erabakiak, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita UGPSaren proposamen berria eta eragindako udalei entzunaldia ematen baitzaie, sustatzailea den zuzendaritza nagusiari adierazten dio, plana ebatzi aurretik, dokumentua osatu beharko duela, erabakian jasotako kontsiderazioen arabera.

Sustatzaileak ohar gehienak hartu ditu aintzat. Ofizioz sartu dira aintzat hartu eta justifikatu ez direnak: SUDSei buruzko antolamendu-irizpidea birformulatu da, akordioan adierazitako baldintzetan; irudikapen grafikorik gabeko zehaztapenak garatzeko eta gauzatzeko irizpideetara eraman dira; hirigintza-antolamenduko zehaztapen xehatuen garapenari buruzko testua artikulu independente batean jaso da; eta 8. artikulua ezabatu da. Nahikoa da azterketan ingurumen-azterketa estrategikoaren ondoriozko baldintzatzaileak jasotzea, ez baita beharrezkoa horiek erreproduzitzea.

Azkenik, araudia aplikatzean okerrik ez egiteko, ofizioz, errepikapenak ezabatu dira eta kontzeptu berari buruzko zehaztapenak taldekatu dira. Halaber, araudi sektorialarekiko igorpen zehatzak ezabatu dira, araudia aldatuz gero zaharkituta gera ez daitezen.

Aurretik adierazi den bezala, aurkeztutako dokumentu teknikoa aldatu egin da, jendaurreko informazioaren eta entzunaldia egin ondoren, jasotako txosten sektorialen oharrei eta Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 19ko Erabakiari erantzuteko. Hala ere, aldaketa horiek ez dira funtsezkotzat jotzen jendaurrean jarri zen dokumentuari dagokionez. Beraz, ez da uste espedientea berriro jendaurrean jarri behar denik.

VII.–Interes orokorreko deklarazioa.

Lurraldearen Antolamendu Batzordeak, 2024ko urriaren 18ko bilkuran, UGPS hau interes orokorreko deklaratzea proposatu du, kontuan hartuta ekipamendu publikoaren izaera eta eskualde-irismena, besteak beste, segurtasun publikoari eta larrialdien koordinazioari dagokienez.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2024ko urriaren 18ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesioko kontseilariak proposaturik, honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatutakoa.

2. Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren interes orokorra deklaratzea. Plana Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatu du eta haren interes orokorra deklaratu da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 47. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3. Planaren garapena eta/edo gauzatzea egitean, aintzat hartuko da zer adierazi den Ingurumen Adierazpen Estrategikoan eta espedientea tramitatu bitartean igorritako txosten sektorialetan.

Nolanahi ere, planaren garapenak edo zehaztapenek eragindako obren exekuzioak uki ditzakeen azpiegitura eta zortasun guztiei dagokienez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoetan.

4. Erabaki hau eta tresnan dauden arauak, eranskinean jasota daudenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakiteko.

Onetsitako agiria Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuratzen ahalko da.

5. Erabaki hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusiari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Ondare Arkitektonikoaren Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Herri-lurren Atalari, Arangurengo eta Eguesibarko Udalei eta sustatzailea den zuzendaritza nagusiari.

6. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko urriaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2415468