232. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 15a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitzaizkio Red Eléctrica de España SAUri proiektu honetarako: handitzea 400 kV-eko La Serna azpiestazioa, zehazki, bi posizio berri jarriz. Proiektua Tuterako udal-mugartean, Nafarroako Foru Komunitatean, gauzatuko du. SGIISE/JSU/Resolución AAP-AAC SE Serna 400kV–Ampl

Red Eléctrica de España SAUk (aurrerantzean, Red Eléctrica), 2023ko otsailaren 27an, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen 400 kV-eko La Serna azpiestazioa handitzeko, zehazki, bi posizio berri jarriz. Azpiestazioa Tuterako udal-mugartean dago, Nafarroako Foru Komunitatean.

Nafarroako Foru Komunitatearen eta Aragoiko autonomia erkidegoaren arteko garraio-ardatza sendotzeko handituko da azpiestazioa; zehazki, bi posizio berri jarriz (Magallón 2 eta Magallón 3).

Red Eléctricak erantzukizunpeko adierazpena izenpetu zuen, aplikatzekoa zaion araudia betetzen dela frogatzen duena, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluan ezarri bezala.

Espedienteari hasiera eman zitzaion Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalean, eta izapidetu zen bat etorriz Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, bai eta herri-lanen emakidako kontratua arautzen duen maiatzaren 23ko 13/2003 Legearen hamabigarren, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarriekin ere, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen heinean.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak igorritako txostenean, Red Eléctricak egin beharreko jarduketarako baldintzak ezarri ziren. Idatzi hau Red Eléctricari igorri zitzaion eta hark ados zegoela adierazi zuen.

Tuterako Udalari galdetu zitzaion, eta ez zen erantzunik jaso; beraz, ados dagoela ulertzen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.2 eta 131.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Horrez gain, eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren 2023ko martxoaren 21eko iragarkia argitaratu baitzuen 2023ko 73. Estatuko Aldizkari Ofizialean, martxoaren 27koan, eta 2023ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 20koan. Ez da proiektuari buruzko alegaziorik jaso jendaurrean egon den artean.

Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalak txostena egin zuen aurkeztutako proiekturako aurretiazko administrazio baimenaren eta eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerari buruz.

400 kV-eko La Serna azpiestazioa handitzea, zehazki, bi posizio berri jarriz, berariaz jasota dago indarreko plangintzan, hots, "Energia Elektrikoaren Garraio Sarearen Garapen Plana, 2021-2026" delakoan, zeina Ministroen Kontseiluaren 2022ko martxoaren 22ko Erabaki bidez onetsi baitzen (2022ko 93. Estatuko Aldizkari Ofiziala, apirilaren 19koa). Nafarroaren eta Aragoiren arteko garraio-ardatza sendotzeko ekintza multzoan sartuta dago jarduketa hau.

Ebazpen proposamena bidali zitzaion Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, txostena egin zezan, Energia elektrikoaren garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera. Abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege-dekretuak, bere 32.3 artikuluan, dekretu horren 127.6 artikulua aldatu zuen. Izan ere, abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege-dekretuaren bidez, jasangarritasun ekonomikoko neurriak ezartzen dira garraioaren arloan eta beken eta ikasteko laguntzen arloan, bai eta energia aurrezteko, energia-efizientziarako eta gas naturalarekiko mendekotasun energetikoa murrizteko neurriak ere. Txostena igortzeko 15 egun balioduneko epea igaro ondoren, ez da erantzunik jaso, eta aurretiaz aipatu araudiari jarraikiz aldeko txosten gisa hartu da.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 128. eta 131. artikuluekin bat, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi hau eskuduna da ebazteko ebazpen proposamen honen xede diren jarduketen aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emateko prozedura.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenak Red Eléctricari entzunaldia emateko tramitea bete du, eta hark ados dagoela adierazi du.

Aintzat hartuz Administrazioaren jarduera zuzendu behar duten printzipioak, prozesuaren azkartasuna eta ekonomia, alegia, bidezkoa da egintza bakar baten bidez ebaztea Red Eléctricaren eskaera, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emateari buruzkoa.

Baimen hauek ematen badira ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren emakidak eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan legez ezarritako eskumenak baliatuz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek

EBAZTEN DU:

Lehena.–Red Eléctrica de España SAUri ematea aurretiazko administrazio baimena, 400 kV-eko La Serna azpiestazioa handitzeko, zehazki, bi posizio berri jarriz. Azpiestazioa Tuterako udal-mugartean dago, Nafarroako Foru Komunitatean.

Handitzean bi etengailu instalatuko dira, biak linea-irteerakoak, 400 kV-eko parkeko 4 eta 5 kaleetan. Irteera posizio berrien izenak Magallón 3 eta Magallón 2 izanen dira.

400 kV-eko La Serna azpiestazioaren ezaugarri nagusiak hauek dira:

–Tentsio nominala: 400 kV.

–Tentsio gorena materialerako (Um): 420 kV.

–Teknologia: AIS.

–Instalazioa: kanpokoa, konbentzionala.

–Konfigurazioa: etengailua eta erdi.

–Iraupen laburreko zirkuitu laburreko intentsitatea: 50 kA.

400 kV-eko La Serna azpiestazioaren konfigurazioa eta antolaera orokorra, aipatu jarduera egin ondoren, honako hau izanen da:

–0 kalea:

  • 1. posizioa: REA2 Erreaktantzia (jada hornitua).

–1 kalea:

  • 1. posizioa: ATP2 Garraio transformagailua (jada hornitua).
  • 2. posizioa: 1 kaleko zentrala (jada hornitua).
  • 3. posizioa: ATP1 Garraio transformagailua (jada hornitua).

–2 kalea:

  • 1. posizioa: Santa Engrazia (jada hornitua).
  • 2. posizioa: 1 kaleko zentrala (jada hornitua).
  • 3. posizioa: Magalón 1 (jada hornitua).

–3 kalea:

  • 1. posizioa: Castejón 2 (jada hornitua).
  • 2. posizioa: 3 kaleko zentrala (jada hornitua).
  • 3. posizioa: Labradas 1 (jada hornitua).

–4 kalea:

  • 1. posizioa: Castejón 1 (jada hornitua).
  • 2. posizioa: 4 kaleko zentrala (jada hornitua).
  • 3. posizioa: Magallón 3 (hornitzeke).

–5 kalea:

  • 1. posizioa: La Cantera 1 (jada hornitua).
  • 2. posizioa: 5 kaleko zentrala (jada hornitua).
  • 3. posizioa: Magallón 2 (hornitzeke).

Bigarrena.–Red Eléctrica de España SAUri ematea eraikitzeko administrazio baimena, 400 kV-eko La Serna azpiestazioa handitzeko (zehazki, bi posizio berri jarriz), ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintza bereziekin. Azpiestazioa Tuterako udal-mugartean dago, Nafarroako Foru Komunitatean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

2024ko urriaren 29an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

ERANSKINA.–BAIMENA LORTZEKO BALDINTZAK

Eraikitzeko administrazio baimena ematen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat eta baldintza berezi hauekin:

1. Lanak egin beharko dira aurkeztu den proiektuarekin eta aplikatzekoak zaizkion erregelamenduzko xedapenekin bat, eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda, beharrezkoak badira.

2. Ustiapen-baimena emateko epea hemezortzi hilabetekoa izanen da, ebazpen hau eskatzaileari jakinarazten zaionetik hasita.

3. Instalazio horren titularrak lanen amaieraren berri eman beharko dio probintziako organo eskudunari, ustiapen-baimena behin betikoz onartu eta zabaltzeko.

4. Eraikitzeko administrazio baimenak ez du inola ere instalazioaren titularra salbuesten instalazioek behar dituzten gainerako baimen osagarriak lortzetik; besteak beste, lortu beharko ditu industria segurtasunaren arloko legeriak, sistema laguntzaileei dagokienez, horiek instalatu edo abian jarri aurretik, eskatzen dituen baimenak, autonomia erkidegoen eskumenekoak, edo, bestela, kontrolerako beste formalitate guztiak bete beharko ditu.

5. Administrazioak ondoriorik gabe utziko du ebazpen hau baldin eta ikusten bada, denboraren joanean, ebazpenean ezartzen diren eskubideen titularrak ez dituela betetzen bertan ezarritako baldintzak. Kasu horietan, Administrazioak, behar den espedientea bideratu ondoren, kasuko baimena baliogabetzea erabakiko du, horrek dakartzan ondorio administratibo eta zibil guztiekin, indarra duten lege xedapenekin bat.

6. Instalazioaren titularrak kontuan hartuko ditu, hura egiteko, erakundeek ezarri dituzten baldintzak, zeinak jakinarazi zaizkion eta berak berariaz onartu dituen.

Iragarkiaren kodea: E2416016