232. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

85/2024 FORU AGINDUA, urriaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita martxoaren 3ko 45/2020 Foru Agindua, industriako tomatearen ekoizpen integraturako Nafarroako erregelamendu teknikoa onesten duena.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Maiatzaren 26ko 143/1997 Foru Dekretuaren bidez arautu ziren Nafarroan ekoizpen integratua eta haren produktuen desberdintzea. Foru dekretu horrek ekoizpen integratuaren definizioa, desberdintze sistemak eta laborantzako erregelamenduen norainokoa ezartzen ditu, baita kontrol eta ziurtapen entitateen onarpena eta Nafarroako Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordearen sorkuntza ere.

2018. urtean, Nafarroako ekoizpen integratuari buruz indarrean zen araudia berrikusi zen, eta berrikuspen haren emaitza izan zen martxoaren 3ko 45/2020 Foru Agindua, tomatearen ekoizpen integraturako Nafarroako erregelamendu teknikoa onesten duena, 2020ko maiatzaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena.

2023. urtean, berriz ere berrikusi zen industriako tomatearen Nafarroako ekoizpen integratuari buruzko indarreko araudia. INTIAko teknikariek eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuko langileek osatutako lantalde batek egin zuten berrikuspena. Berrikuspen horren ondorioz, araudiaren zenbait aldaketa planteatzen dira.

Izan ere, ikusi da ekoizpen integratuko erregelamendu teknikoan ezarritako gehieneko nitrogeno-kopurua ez dela nahikoa laborantza-beharrei erantzuteko, kontuan harturik zer-nolako igoera izan den azken urte hauetan industriako tomatearen batez besteko errendimenduan. Ondorioz, proposatu da kopurua 200 NOU/ha-ra igotzea. Kopuru hori bera dago ezarrita nitrato kutsaduragatik kalteberak diren eremuetako jarduketa-programetan.

Bestetik, industriako tomatearen kasuan, zuzeneko ereintza bidezko laborantza-teknikek zenbait eragozpen dituzte, hala nola laborantza-zikloa luzatzea eta herbizida gehiago erabili behar izatea; hori dela eta, gaur egun nekazari batek ere ez du teknika hori erabiltzen Nafarroan.

Hortaz, martxoaren 3ko 45/2020 Foru Agindua aldatu behar da, nitrogenoaren gehieneko kopurua 200 NOU/ha-ra igotzeko eta zuzeneko ereintzaren teknika kentzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 45/2020 Foru Agindua, martxoaren 3koa, industriako tomatearen ekoizpen integraturako Nafarroako erregelamendu teknikoa onesten duena.

1. Industriako tomatearen ekoizpen integraturako Nafarroako berariazko araudian, martxoaren 3ko 45/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean jasotakoan, 4.4.1 puntua aldatzen da. Honela geldituko da testua:

4.4.1. Laborearen ongarritze orokorra.

NAHITAEZKOA

AHOLKATUA

DEBEKATUA

Lurzoruen analisia

Nekazaritzako lurzati* bakoitzeko lurzoruaren hasierako analisia egitea, aitzineko 5 urtean horrelakorik egin ez bada.

Organikoa

Laborea jarri aitzinetik, ahal den aitzinena, hauek ematea:

–Gorotz ondua: 40-50 t/ha

–Mindak: gehienez 40 m³/ha

Gomendatutako kantitateak baino gehiago ematea

Fosfopotasikoa

Lurzoruaren analisirik ez duten lurzatietan, ongarritze fosfopotasikorako, lurzorua fosforoan eta potasioan aberatsa dela joko da.

Gomendatutako dosiak (OU/ha)

P2O5

K2O

Lurzoru pobreak

180

250

Lurzoru ertainak

140

200

Lurzoru aberatsak

100

150

(Ikus 1. eranskina).

Guztira ematen diren dosiak, ongarri mineraletatik datozenak, gomendatutakoak baino handiagoak izatea.

Nitrogenoduna

Gomendatutako dosi altuena (OU/ha)

200

Guztira ematen diren dosiak, ongarri mineraletatik datozenak, gomendatutakoak baino handiagoak izatea.

Landareak behatuta edo hostoen analisian oinarrituta gabeziarik ikusten bada, mantenugaiak aplika daitezke, teknikari eskudunaren idatzizko gomendioaren bidez justifikatuta.

OU = Ongarri-unitateak.

(*) Nekazaritzako lurzatia: modu berean lantzen diren katastroko lurzati mugakideen multzoa.

2. Zuzeneko ereintzari buruzko puntua kentzen da, 4.5 puntua, martxoaren 3ko 45/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean jasoa dagoen industriako tomatearen ekoizpen integraturako Nafarroako berariazko arauditik.

3. Industriako tomatearen ekoizpen integraturako Nafarroako berariazko araudian, martxoaren 3ko 45/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean jasotakoan, 4.6 puntua aldatzen da. 4.5 zenbakia izanen du aurrerantzean, eta honela geldituko da testua:

4.5. Laborearen ongarritze orokorra.

–Landaketa-esparrua eta dentsitatea:

Ildo (mahai) arteko distantzia laborantza-prozesu osoan erabiliko diren makinen ezaugarrien araberakoa izanen da, batez ere bilketako makinen araberakoa.

Landareen arteko distantzia aldatzen ahalko da, tomate barietatearen eta landatzeko moduaren arabera (ilara bat edo bi mahai bakoitzeko, landare bat edo bi sustrai-lur bakoitzeko), baina betiere gomendatutako dentsitatea mantenduz.

AHOLKATUA

EZ DA AHOLKATZEN

–Dentsitatea 3,0-4,0 landare/m²

Sustrai-lur bakoitzeko landare 1 bada, erabili 3-4 sustrai-lur/m²

Sustrai-lur bakoitzeko 2 landare badira, erabili 1,6-2 sustrai-lur/m²

–Mahaien arteko tartea, bilketa makinaz egiteko, 1,50-1,60 m

Gomendatutako tartetik kanpoko dentsitateak landatzea

–Landaketa garaia:

AHOLKATUA

–Plastikozko estalkiarekin: apirilaren erdialdetik ekainaren hasierara

–Ohikoa, plastikozko estalkirik gabe: maiatza hasieratik amaierara

4. Berriz zenbakitzen dira martxoaren 3ko 45/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean jasota dagoen industriako tomatearen ekoizpen integraturako Nafarroako berariazko araudiko puntu hauek: 4.7 Ureztapena, 4.8 Estalkiak eta 4.9 Laborea babestea. Aurrerantzean, zenbaki hauek izanen dituzte: 4.6 Ureztapena, 4.7 Estalkiak eta 4.8 Laborea babestea.

5. Industriako tomatearen ekoizpen integraturako Nafarroako berariazko araudian, martxoaren 3ko 45/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean jasotakoan, 4.10 puntua aldatzen da. 4.9 zenbakia izanen du aurrerantzean, eta honela geldituko da testua:

4.9. Uzta bilketa.

–Ohar orokorrak:

Komenigarria da gogoan izatea uzta bilketa une erabakigarria dela kalitate oneko eta izurri edo gaitzik gabeko produktua lortzeko.

Uzta bilduko da fruituak berezkoa duen kolorea modu uniformean iritsi duenean, bere forma eta trinkotasuna mantenduz.

–Bilketa garaia:

Guk ditugun giro-baldintzetan, uzta bilketa abuztuaren hasieratik urriaren hondarrera arte egin izan ohi da. Nafarroa iparraldean sasoia laburxeagoa da, tenperatura baxuagoak izaten direlako laborantzaren hasieran eta, batik bat, udazkeneko euriengatik.

–Uzta biltzeko unea:

AHOLKATUA

EZ DA AHOLKATZEN

DEBEKATUA

Bilketa pasaldi bakar batean eginen da, dela eskuz, astinduz edo uzta-makinaz. Une egokia tomate motaren arabera erabakitzen da:

–Zuritzeko bada: fruituen % 80-85 gorritu direlarik.

–Bestelako erabileretarako: fruituen % 90 gorritu delarik.

Tomatea lantegira entregatzea bilketa egin den egunean berean, batik bat makina bidezko bilketa egin bada

Fruitu galdua egotea tartean

Baimendu gabeko produktuak aplikatzea

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko urriaren 21ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José M.ª Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2415455