232. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

95/2024 FORU AGINDUA, urriaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urriaren 25eko 111/2022 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitzen 345. eredua: "Aitorpen informatiboa. Planak, pentsio funtsak eta sistema alternatiboak. Gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezpen sistematikoko banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Partaide, ekarpen eta kontribuzioen urteko aitorpena".

Abenduaren 26ko 22/2023 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzen du, beste arau batzuen artean.

Zehazki, foru lege horrek paragrafo bat gehitzen du testu bateginaren 55.1.Zazpigarrena. a).b’).Lehena artikuluan, murriztapenerako 4.250 euroko gehieneko muga bat ezartzeko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren oinarrian aplikatu beharrekoa, honako hauengatik: enpresak egindako kontribuzioak edo langileak egindako ekarpenak, enpresako langile guztiak hartzen ez dituzten pentsioengatiko konpromisoak bideratzen dituzten aseguru kolektiboetan.

Gehieneko muga horren kontrola egokia izan dadin, kontribuzio edo ekarpen horien aitorpena bereizita egin behar da 345 ereduan. Horretarako, urriaren 25eko 111/2022 Foru Aginduaren eranskina aldatzen da, hartan jasotzen baitira 345 ereduaren aurkezpen elektronikorako sortzen diren artxiboek bete behar dituzten diseinu logikoak.

Zehazki, 2 motako erregistroko diseinuetan, aitortuen erregistrokoetan, "J" hartutakoaren gakoan, "01" azpigakoaren eremua aldatzen da eta "05" azpigakoa gehitzen da. Horrez gain, aldatzen dira 271 posizioko eremua eta 272-320 posizioetako "Gizarte aurreikuspeneko sistemaren sustatzaile edo hartzaile den enplegatzailearen identifikazio-datuak" izeneko eremua.

Era berean, aipatutako eredutik eratorritako informazio fiskalaren kalitatea hobetzeko asmoz, aldatzen dira 2 motako erregistroko diseinuak, aitortuen erregistrokoak, zehazki, "Gakoa" eremua (82 posizioa), C gakoa.–Sustatzailearen kontribuzio kengarriak, eta "Azpigakoa" eremua (83-84 posizioak), C gakoari dagozkion kontribuzioetan erabili beharreko azpigakoak, 02 azpigakoa.

Helburua da bikoiztasunak saihestea informazioa lortu behar denean norberaren konturako langileen edo langile autonomoen enpleguko pentsio-plan sinplifikatuez (Pentsio Planak eta Funtsak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 67. artikuluaren 1. apartatuko a eta c letretan ezarritakoak); izan ere, plan eta funts horien aitorpena entitate kudeatzaileek soilik egin beharko dute, eta ez sustatzaileek.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

Horregatik guztiagatik, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 22/2023 Foru Legearen azken xedapenetako laugarrena baliatuz, Nafarroako Gobernuari gaikuntza ematen baitio foru lege hori garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, eta maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.23 artikuluan emandako gaikuntza orokorrarekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urriaren 25eko 111/2022 Foru Agindua, 345 eredua onesten duena: "Aitorpen informatiboa. Planak, pentsio funtsak, sistema alternatiboak eta gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezpen sistematikoko banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Partaide, ekarpen eta kontribuzioen urteko aitorpena".

Aldaketa hauek egiten dira 111/2022 Foru Aginduaren eranskinean:

Bat.–2 motako erregistroko diseinuak (aitortuen erregistrokoak), 82 posizioa, "GAKOA" eremua, "C" gakoaren deskribapena aldatzea:

PENTSIO PLANEN SUSTATZAILEAK

"C.–Sustatzailearen kontribuzio kengarriak. Gako hau erabiliko da enplegu sistemako pentsio planen sustatzaileen kontribuzioak adierazteko, baldin eta haien zerga pertsonaletan kengarriak badira eta partaideei haien zergetan egozten bazaizkie (langilearen erabaki baten ondorio izan ala ez).

Gainera, gako hau erabiliko da enpresaburu indibidualak pentsio planetara egiten dituen ekarpen propioak adierazteko, baldin eta plan horien sustatzaile eta partaide ere bada eta haren zerga pertsonaletan kengarriak badira.

Horretarako, kasu bakoitzerako aurreikusitako azpigakoak erabiliko dira".

Bi.–2 motako erregistroko diseinuak (aitortuen erregistrokoak), 83-84 posizioak, "AZPIGAKOA" eremua, "02" azpigakoaren deskribapena aldatzea "C" hartutakoaren gakoan:

"02

Azpigako hau adierazi beharko da enpresaburu indibidualak edo profesionalak enpleguko pentsio planetara egiten dituen ekarpen propioak badira, baldin eta plan horien sustatzaile eta partaide ere bada, eta haren zerga pertsonaletan kengarriak badira".

Hiru.–2 motako erregistroko diseinuak (aitortuen erregistrokoak), 83-84 posizioak, "AZPIGAKOA" eremua, "01" azpigakoaren deskribapena aldatzea "E" hartutakoaren gakoan.

"01

Azpigako hau idatzi behar da enpresaburu indibidualak edo profesionalak gizarte aurreikuspeneko mutualitateari mutualista gisa egiten dizkion ekarpen propioak badira".

Lau.–2 motako erregistroko diseinuak (aitortuen erregistrokoak), 83-84 posizioak, "AZPIGAKOA" eremua, "01" azpigakoaren deskribapena aldatzea eta "J" hartutakoaren gakoan "05" azpigakoa gehitzea.

"01

Azpigako hau idatzi behar da asegurudunek aseguru kolektiboko kontratuen ondorioz egiten dituzten ekarpenak badira, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak barne (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.1.Bosgarrena artikuluan aipatzen dira), 05 azpigakoan sartu behar ez direnak".

"05

Azpigako hau idatzi behar da asegurudunek aseguru kolektiboko kontratuen ondorioz egiten dituzten ekarpenak badira (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55.1.Bosgarrena artikuluan aipatzen diren aseguruak), baldin eta aseguru kolektibo horiek enpresako langile guztientzat ez diren pentsioengatiko konpromisoak bideratzen badituzte".

Bosgarrena.–2 motako erregistroko diseinuak (aitortuen erregistrokoak), 271 posizioa, "60.000 EUROTIK BEHERAKO LAN-ETEKIN OSOAK" eremua, eremuaren deskribapena aldatzea.

"Eremu hori "X" bat idatziz beteko da, baldin eta langileak, ekitaldian, kontribuzioa egiten duen enpresatik lortutako lan-etekin osoak 60.000 eurotik gorakoak ez badira. Eremu horrek azpigako hauetan baino ezin du edukia izan: A02, C01, C03, F02, G01, G02, J01, J02, J03 eta J05".

Seigarrena.–2 motako erregistroko diseinuak (aitortuen erregistrokoak), 272-320 posizioak, "GIZARTE-AURREIKUSPENEKO SISTEMAREN SUSTATZAILEA EDO HARTZAILEA DEN ENPLEGATZAILEAREN IDENTIFIKAZIO-DATUAK" eremua, eremuaren deskribapena aldatzea.

"Datu gehigarri horiek azpigako hauetarako baino ez dira beteko: A02, F02, G01, G02, J01, J02, J03 eta J05".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta, lehenbizikoz aplikatuko zaie 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren eta 2024ko informazioa jasotzen duten aitorpenei.

Iruñean, 2024ko urriaren 15ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2414946