Iragarkia
231. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
137E/2024 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira ikaskuntza eta zerbitzu solidarioko proiektuen diseinuko Nafarroako txapelketaren deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 792936.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 31. artikuluan, herritarren parte-hartzeari buruzkoan, ezartzen da neurriak hartuko direla gazteen parte-hartze soziala sustatzeko, hala nola ingurune egoki bat sortzea gazteek herritarren parte-hartzearen kulturan parte hartzeko eta hezteko modu berriak eratzeko, eta hezkuntza-eremutik gazteak inplikatzea pertsona eta iritzi guztiekiko errespetuan, belaunaldien arteko bizikidetzan eta kultura anitzeko bizikidetzan.
Bestalde, ikaskuntza eta zerbitzu solidarioa intentzio-metodologia egituratu bat dira, ikasleentzat lorpen akademikoa eta konpromiso soziala helburu dituena, oso hezigarria eta, ikasleentzat, ikastetxeentzat, hezkuntza-komunitatearentzat zein, oro har, herritarrentzat, oso onuragarria. Ikasle gazteei dagokienez, ikaskuntza eta zerbitzu solidarioak ingurunearekiko konpromiso etiko-sozialeko hezkuntza integral eta holistiko bat sustatzen du. Komunitateari dagokionez, herritar kritiko, solidario eta parte-hartzaileak eratzen laguntzen du metodologia horrek. Halaber, elkarte-sarearen sustatzaile eta dinamizatzaile eraginkorra da, gizarte-sektoreko entitateen parte-hartzearen bidez.
Foru Komunitatean, Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren sareak sustatzen eta kudeatzen ditu ikasketa eta zerbitzu solidarioko proiektuen parte diren edo horrelako proiektuak eragin ditzaketen hezkuntza-praktikak, gauzatzen diren eremuan gauzatzen direla, eta Nafarroako Gazteriaren Institutua entitate horrekin elkarlanean aritzen da gazteen artean sustatzen metodologia hori.
Horrenbestez, ikastetxeetan, gazte-elkarteetan eta gazteekin lan egiten duten aisialdiko entitateetan ikasketa eta zerbitzu solidarioko proiektuak egitea eta inplementatzea sustatzeko helburuarekin, bai eta gizarte-kohesioa eta komunitateko eragile guztiek tokiko eta mundu mailako bizi-baldintzen hobekuntzan parte-hartzea indartzeko ikastetxeen eta gizarte-entitateen konpromiso solidarioa eta zibikoa ikusarazteko helburuarekin ere, planteatu da ikaskuntza eta zerbitzu solidarioko proiektuen diseinuko Nafarroako txapelketarako deialdia egitea.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua organismo autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1.a 2024-2025 ikaskuntza eta zerbitzu solidarioko proiektuen diseinuko Nafarroako txapelketaren deialdia onestea.
2.a Sariak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan agertzen dira.
3.a 2025eko aurrekontuko 6.000 euroko gastua baimentzea sariei aurre egiteko. Xede horretarako 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den eta 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko 340002 34100 4809 232105 ("Sariak, lehiaketak eta txapelketak") aurrekontu-partidaren baliokidea izanen den partida ekonomikoaren kargura ordainduko da, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.
4.a Ebazpen hau eta beronen I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.
5.a Ebazpen honek eta beronen eranskinek ez dute administrazio-bidea bukatzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.
6.a Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari; Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Ekonomia eta Aurrekontuen Kudeaketaren Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, eta, orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari.
Iruñean, 2024ko urriaren 21ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–IKASKUNTZA ETA ZERBITZU SOLIDARIOKO PROIEKTUEN DISEINUKO NAFARROAKO TXAPELKETAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Txapelketa honek ikasketa eta zerbitzu solidarioko proiektuak egitea eta inplementatzea sustatu nahi du Nafarroako ikastetxe, gazte-elkarte eta gazteekin lan egiten duten aisialdiko entitateetan. Hala, ikastetxeen eta gizarte-entitateen konpromiso solidarioa eta zibikoa ikusarazi nahi da, gizarte-kohesioa eta komunitateko eragile guztiek tokiko eta mundu mailako bizi-baldintzen hobekuntzan parte-hartzea indartzeko.
Oinarri hauen xedea da deialdiaren araubide juridikoa eta deialdia eraenduko duten arauak arautzea.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
2. Proposamenak aurkeztea.
2.1. Nafarroan egoitza duten eta gazteekin lan egiten duten aisialdiko entitate, gazte-elkarte eta ikastetxeek parte hartzen ahalko dute deialdi honetan.
2.2. Sari-modalitate hauek daude:
–1. modalitatea: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako proiektuetarako.
–2. modalitatea: DBH-Batxilergoko ikastetxeen proiektuetarako.
–3. modalitatea: Lanbide Heziketako ikastetxeetako proiektuetarako.
–4. modalitatea: Nortasun juridikoa duten eta gazteekin lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko entitate edo elkarteen edo hezkuntza-proiektuak egiteko helburua beren estatutuetan aitortua duten gazte-elkarteen proiektuetarako.
2.3. Proiektuen diseinuek 2024-2025 ikasturtean inplementatzeko prestatuta eta diseinatuta egon beharko dute, eta ez dute sarituak izan behar beste ezein txapelketatan. Gaztelaniaz zein euskaraz idatzita aurkez daitezke.
2.4. Parte hartzen duen ikastetxe edo entitate/elkarte bakoitzak ikaskuntza-zerbitzuko proiektu bakarra aurkeztuko du hezkuntza-etapa bakoitzeko (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa), Lanbide Heziketako ikastetxeek izan ezik, horiek proiektu bat aurkezten ahalko baitute ematen duten aurrez aurreko heziketa-ziklo bakoitzeko.
2.5. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.6. Izena emateko eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, II. eranskineko eskaera-orriaren arabera, zeina eskuragarri baitago Nafarroako Gobernuak Interneten duen tramiteen atarian (www.nafarroa.eus). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko, eta ziurtagiri digitala eduki beharko da.
2.7. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
–Eskabide orria. II. eranskina.
–Ikasketa eta zerbitzu solidarioko proiektu baten diseinu-eskema, behar bezala beteta (ikus II. eranskina). Gehieneko luzera: 7.500 hitz eta 15 orrialde. Adierazitako luzera gainditzen duten edo II. eranskineko eskeman zehaztutako osagaietakoren bat falta duten proiektu guztiak baztertuko dira.
2.8. Ez dute programan parte hartzen ahalko dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten entitateeek, oinarrietan adierazitako gisan. Aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko, hamar egun balioduneko epea emanen da, zuzenketa-eskaera jakinarazi eta biharamunetik hasita. Halakorik aurkeztu ezean, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.
3. Aurkezten diren lanen balorazioa.
Profesionalez osatutako epaimahai batek erabakiko du saria nori eman. Honela osatuko da:
–Epaimahaiburua: Carlos Amatriain Busto, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendariordea.
–Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.
–Lehendakariordea: Ana Redín Pascual, NGIko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.
–Ordezkoa: Aniana Alfaro Nicolás, Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua.
–Epaimahaikidea: Francisco Soto Alfaro, Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren Nafarroako Sarearen lehendakaria.
–Ordezkoa: Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren Nafarroako Sareak izendatzen duen pertsona.
Epaimahaiak aukera izanen du gaian adituak diren langileen aholkularitza eta laguntza jasotzeko.
Epaimahaiak deliberazioen akta jasoko du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu beharko du, honako irizpide orokor hauen arabera 100 puntu ere lortzeko aukera izanik:
1.–Sinopsiaren argitasuna, hau da, ulerterraza izatea eta ikasketa eta zerbitzu solidarioaren oinarrizko kontzeptuak jasotzea. (4 puntu gehienez).
2.–Premia sozial, lokal edo globalaren zehaztasuna eta garrantzia, parte-hartzaileen adinari eta heldutasun-mailari ongi egokitua, eta errealitatea ikertzeak sortua. (12 puntu gehienez).
3.–Proiektuari lotutako Garapen Jasangarrirako Helburuak zehaztasunez, egokitasunez eta argitasunez identifikatzea. (8 puntu gehienez).
4.–Proposatutako zerbitzuaren helburuak eta programatutako jarduerak zehatzak eta argiak izatea. Zerbitzu-proiektuaren garrantzia eta maila lokalean eta/edo orokorrean izanen duen inpaktua. (12 puntu gehienez).
5.–Curriculum-ikaskuntzek edo entitatearen balioek lotura zuzena izatea egin nahi den zerbitzuarekin, hartara ikaskuntzek zerbitzuak kalitate hobea izaten lagundu dezaten eta horrek zentzua eman diezaien ikaskuntzei. (4 puntu gehienez).
6.–Egindako proiektuaren diseinua neska-mutikoen hezkuntza-premietarako egokia izatea. (4 puntu gehienez).
7.–Planteatutako hezkuntza-helburu eta -edukien eta ikaskuntza-jardueren zehaztasuna, argitasuna eta garrantzia. (4 puntu gehienez).
8.–Praktikaren tamaina, kontuan harturik zenbat ikaslek edo gaztek parte-hartuko duten proiektuan matrikulatutakoen guztizkoaren aldean, zenbat hartzaile izanen dituen zerbitzuak eta zenbat iraunen duen proiektuak. (4 puntu gehienez).
9.–Proiektua gauzatzeko lurraldeko ikastetxeen eta/edo gizarte-entitateen eta/edo erakundeen artean eratutako sareko lanaren kalitatea eta garrantzia. (12 puntu gehienez).
10.–Proiektua gauzatuko duten ikasleek eta gazteek prozesu osoan izanen duten parte-hartze aktiboa: premiak hautematen, zerbitzua diseinatzen, zerbitzua egiten, egin izana ospatzen eta azken ebaluazioa egiten. (8 puntu gehienez).
11.–Proiektu osoan haren elementu guztiei buruzko hausnarketa eta pentsamendu kritikoa sustatzen duten jardueren zehaztasuna, argitasuna eta garrantzia: beharra, ikaskuntzak, zerbitzua, sareko lana… (8 puntu gehienez).
12.–Jardueren egutegiaren zehaztasuna, egokitasuna eta argitasuna. (4 puntu gehienez).
13.–Proposatutako hedapen-jardueren zehaztasuna, argitasuna eta garrantzia. (4 puntu gehienez).
14.–Beharrezkoak diren baliabideen deskribapenen zehaztasuna. (4 puntu gehienez).
15.–Ebaluazio-tresnen eta -irizpideen zehaztasuna, argitasuna, garrantzia eta egokitasuna, bai proiektu orokorrari dagokionez, bai ikaskuntzei, zerbitzuari, sareko lanari eta abarri dagokienez. (8 puntu gehienez).
4. Sariak eta aintzatesteak aurkezten diren lanik hoberenentzat.
Epaimahaiak puntuazio handiena lortzen duen proiektua (lehenbiziko saria) eta bigarren puntuazio handiena lortzen duen proiektua (bigarren saria) aukeratuko ditu modalitate bakoitzean, lehiaketan onartutako proposamenen artean.
Hautatutako ikastetxeek edo entitateek/elkarteek modalitate bakoitzean puntuazio handiena lortzen duen proiektua (lehenbiziko saria) eta bigarren puntuazioa lortzen duen proiektua (bigarren saria) aitortuko dituzten sariak jasoko dituzte:
Lehen saria: 1.000,00 euro.
Bigarren saria: 500,00 euro.
Sariaren zenbatekoa saritutako proiektua gauzatzen inbertitu beharko da.
Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da. Proposamen finalisten sariak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira. Orobat, epaimahaiaren erabakiaren berri emanen da NGIren web-orriaren eta sare sozialen bidez.
Proiektu sarituak gauzatu ondotik, zentro edo entitate/elkarte bakoitzak jendaurrean aurkeztuko ditu 2025eko maiatzean edo ekainean antolatuko den ekitaldi bateratu batean, edo, horiek jendaurrean aurkeztu ezin izanez gero, hori egiten dela egiaztatzen duen edozein euskarri grafiko edo ikus-entzunezkotan lan-prozesua eta lortutako lorpenak azaltzen dituen memoria baten bidez, beste edozein unetan jendaurrean zabaltzeko. Proiektuak aurkezteak balioko du haiek gauzatu direla justifikatzeko.
5. Egile-eskubideak.
Egileek aurkezten duten priektu bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren. Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen diote Nafarroako Gazteriaren Institutuari haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabidetan.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak parte-hartzaileek beren proiektuen gainean dituzten eskubide intelektualak errespetatuko ditu.
Nafarroako Gazteriaren Institutua da saria emateko helburuarekin erabiliko diren datu pertsonalen arduraduna. Ez da daturik lagako, legezko betebeharra dagoenean izan ezik. Sariak emateko irudiak Nafarroako ikasketa eta zerbitzu solidarioko sarearen eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webguneetan eta haien sare sozialetan argitaratzen ahalko dira, bai eta komunikabidetan zabaldu ere.
Proiektuaren arduradunek ziurtatu beharko dute sari-banaketako argazkietan edo ondorengo aurkezpenetako irudietan agertzen diren pertsonen baimena dutela, bai eta haien gurasoen, tutoreen edo legezko tutoreen baimena ere, adingabeak izanez gero. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ulertuko du deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek eta gizarte-entitateek badituztela familiek edo legezko tutoreek behar bezala sinatutako baimen horiek, eta, horrenbestez, ez du ezein erantzukizunik hartuko bere gain.
Epaimahaiaren erabakia jakiten denean, deialdi honetan aurkeztu diren proiektu guztiak, sarituak izan zein ez, esperientzia-banku batean sartzen ahalko dira, eta deialdia egin duen entitateak argitaratzen ahalko ditu webgune, dokumentu, ikus-entzunezko material, material pedagogiko, paperean edo formatu digitalean egindako hezkuntza-proiektu, sare sozial eta abarretan, Nafarroan egiten diren zerbitzu-ikaskuntzako jardunbide egokiak zabaltzeko helburuarekin.
6. Antolaketaren ardura.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena du sortzen diren gorabeheren gainean erabakiak hartzeko, oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez.
Orobat, ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagioa edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeriaren urraketak eginez gero.
7. Datuen babesa.
Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:
–Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.
–Xedea: NGIri dagozkion laguntza eta dirulaguntzen esleipena, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko prozesuak.
–Legitimazioa: Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Hartzaileak: Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.
–Eskubideak: Datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.
Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea.
Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu:
8. Kontaktua.
Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña
848 423900 juventud@navarra.es www.juventudnavarra.es.
II. ERANSKINA.–IKASKETA ETA ZERBITZU SOLIDARIOKO PROIEKTU BATEN DISEINUAREN ESKEMA1
"IKASKETA ETA ZERBITZU SOLIDARIOKO PROIEKTUEN DISEINUKO NAFARROAKO TXAPELKETA"
FITXA TEKNIKOA | |
Proiektuaren izena | |
Ikastetxe edo entitate arduraduna: | |
Entitatearen/zentroaren helbidea eta telefonoa | |
Proiektuaren arduraduna | |
Pertsona horren telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa Ardura | |
Zein kategoriatan aurkezten den | |
Entitateko zer irakaslek edo langilek hartuko duten parte (hartzaileak ez, zerbitzuaren egileak baizik): Izen-deiturak | |
Parte hartuko duten neska-mutikoak: kopurua eta ikasmaila | |
Proiektuaren curriculum-arloak edo ikaste-esparruak | |
Entitate laguntzaileak | |
Zer pertsona-talderi zuzendua dagoen | |
1 Ana Aguilar de Armasek (ApS Madrid) egin duen CLAYSSen "Manual para Docentes y Estudiantes Solidarios" eskuliburuaren egokitzapenean oinarritua.
PROIEKTUA:
Ikasketa eta zerbitzu solidarioko proiektuaren diseinuaren memoriaren artxiboa igo pdf formatuan, txapelketaren oinarriak kontuan hartuta:
PROIEKTUAREN PLANTEAMENDUA | |
Zehaztu beharreko alderdia (Orientatzeko galderak. Kontsultatu balorazio-irizpideak oinarrietan). | Bete zutabe hau zeure proiektuarekin |
Proiektuaren sinopsia Deskribatu lerro gutxitan proiektua zertan den, lehenbiziko irakurketan ulertzeko eta ikasketa eta zerbitzu solidarioaren funtsezko elementuak jasotzeko moduan. | Adibidea: Hizkuntza eta Balio Etikoak irakasgaietan, neska-mutikoek Rio Vero egoitzako adinekoei laguntza eta estimulua emanen diete; memoria-tailerrak dinamizatuko dituzte haiekin, eta, aldi berean, beren komunikazio- eta gizarte-gaitasunak indartuko dituzte. |
Landuko den ingurunearen gizarte-premia Zer arazo edo behar sozial landuko dute neska-mutikoek? | Adibidea: Adinekoek egoitzetan bizi izaten duten bakartze sozial eta emozionala, eta haien narriadura kognitiboa geldiarazteko premia. |
Zerbitzu solidarioa Zer zerbitzu-ekintza eginen dute neska-mutikoek? | Adibidea: Adinekoei lagun egiteko eta haien bakardadea arintzeko memoria-tailerrak eta aisialdi-jarduerak antolatzea eta gauzatzea. |
Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta haien jomugekin duten lotura Zer Garapen Jasangarriko Helbururekin eta haien zer jomugarekin lotzen da proiektua? | Adibidea: –3. helburua: Osasuna eta ongizatea –3.4 helburua. Osasun mentala eta ongizatea sustatzea –4. helburua: Kalitatezko hezkuntza. –10. helburua. Desberdinkeriak murriztea. –10.2. jomuga: pertsona guztien gizarte, ekonomia eta politika inklusioa indartzea eta sustatzea. –17. helburua: Helburuak lortzeko aliantzak. |
Neska-mutikoen hezkuntza-premiak Zer ezaugarri dituzte neska-mutikoek? Zer hobetu behar dute? | Adibidea: Ikasgelako bizikidetza-gatazkak; adinekoekiko errespetu gutxiko jarrerak; komunikazio-trebetasun eskasak… |
Landuko diren hezkuntza-helburuak eta/edo curriculum-edukiak Entitateentzat: Zer funtsezko ikaskuntza indartzen ahal dira proiektu honekin? Ikastetxeentzat: gaitasunak eta oinarrizko jakintzak. | Adibidea: –Zahartzeari eta ongizate-estatuak ematen dizkien erantzunei buruzko ezagutza. –Bakardadeari eta adinkeriari buruzko hausnarketa. –Komunikazio-trebetasunak, modu onak eta adinekoekiko tratu ona. –Lantegien garapeneko antolaketa-trebetasunak. |
Ikaskuntza jarduerak Zer ikaskuntza-jarduera eginen dituzte neska-mutikoek zerbitzua hobeki gauzatzeko? Parte-hartzea eta lankidetza kontuan hartzen dituzten jarduerak. Adierazi zein diren ikasgelan edo entitate sozialaren egoitzan egiten direnak eta zein kanpoan. | Ikastetxearen barruko jardueren adibideak: –Gizarte Zerbitzuek bisita egitea bakardadearen arazoa planteatzeko. –Memoria estimulatzeko jarduerak ikastea eta praktikatzea. –Jarduerak hautatzea eta memoria-tailerrak prestatzea. –Zerbitzuan erabili beharreko gaitasunei buruz banaka gogoeta egitea. Ikastetxetik kanpoko jardueren adibideak: –Auzoan inkesta egitea, herritarren premiak ezagutzeko. |
Zerbitzu-jarduerak Zer jarduera eginen dituzte neska-mutikoek zerbitzu honetan? Parte-hartzea eta lankidetza kontuan hartzen dituzten jarduerak. Adierazi zein diren ikasgelan edo entitate sozialaren egoitzan egiten direnak eta zein kanpoan. | Ikastetxearen barruko jardueren adibideak: –Bisitatzen gaituen gizarte-entitateko kideekin egitea diseinatutako laguntza-jarduerak. –Zerbitzua bukatu ondotik, hura ebaluatzea egoitzako arduradunekin batera. Ikastetxetik kanpoko jardueren adibideak: –Tailerrak egoitzan egitea. –Tailerrei buruzko bideo bat grabatzea. –Kontzientziazio-kanpainari buruzko informazio-liburuxka bat banatzea. Tailerren bukaerako ospakizuna adinekoekin. |
Hausnarketa-jarduerak Zer jarduera eginen dira arazoaren kausei eta ondorioei, ikaskuntzei, zerbitzuari eta abarri buruz hausnartzeko eta pentsamendu kritikoa garatzeko? | –Lehenbiziko ikerketaren ondotik, hautemandako premiaren arrazoiei buruzko eztabaida eginen dugu. –Ados ez gauden zer aurkitu dugu? –Nork erantzun beharko lioke premia horri, borondatezko zerbitzuaren mende egon ez dadin? |
Jardueren egutegia Noiz gauzatuko dira diseinatutako ekintzak? | Sartu egutegi eskematiko bat. |
Neska-mutikoen protagonismoa Nola sustatuko dugu neska-mutikoek proiektua berenganatzea eta proiektuarekin konprometitzea? Nola lortuko dugu benetan parte har dezaten eta erabakiak har ditzaten proiektuaren fase guztietan? Premiak aztertzea, zerbitzua diseinatzea, jarduerak diseinatzea, ebaluazioa diseinatzea… ? | Adibidea: –Banakako konpromiso bat sinatzea. –Proiektuaren izenaz, antolaketaz eta zereginen banaketaz erabakitzea. –Banakako eta taldeko erantzukizunak banatzea… –Egin nahi diren jarduerei buruzko erabakiak. –Ebaluazioaren baterako diseinua. |
Sarean lan egitea Beste zer entitaterekin eginen dugu lan eta zer akordio lortuko ditugu haiekin? | Adibidea: Río Vero egoitza: Adinekoen ekarpena; egoitza tailerrak egiteko uztea; neska-mutikoek egiten duten zerbitzua ikuskatzea eta aholkatzea. Udaleko Gizarte Zerbitzuak: Parte hartzea landu beharreko arazoa planteatzen. |
Ospakizuna Nola ospatuko dugu proiektua egin izana, aldeek elkar aintzatesteko eta egindako lana ere aintzatesteko? | Adibidea: Egoitzan askaria egitea adinekoekin batera, tailerren bukaera-ekitaldi gisa, eta parte-hartzaile guztiek esku-hartzea eta jarduerari eta belaunaldien artean lortutako harremanari buruzko oroitzapenak elkartrukatzea. |
Zabalkundea Nola zabalduko dugu proiektua? | Adibidea: –Tokiko prentsa gonbidatzea proiektuari lagun egiteko eta bukaera kontatzeko. –Bideo labur bat grabatzea eta sare sozialetan zabaltzea. –Ikastetxearen edo gizarte-entitatearen webgunean tarte bat gaitzea… |
Errekurtsoak Zer behar da proposatutako jarduerak egiteko? | Behar diren baliabideen adibidea: –Baliabide ekonomikoak: Gastuen aurrekontua eta proiektuaren bideragarritasuna (garraioa, materialak…). –Giza baliabideak: boluntarioen edo profesionalen laguntza… –Antolaketa-baliabideak: baimenak, erantzukizunen banaketa |
Ebaluazioa Nola ebaluatuko da proiektua bere osotasunean eta bere elementuetako bakoitza: ikaskuntzak, zerbitzuaren emaitzak, sareko lana eta abar ? Ikastetxeen kasuan, hautatutako gaitasunei eta jakintzei lotutako curriculum-ebaluazioko irizpideak. | Adibideak: –Lortu nahi ziren ikaskuntza-helburuei buruzko autoebaluazio-galdetegia. –Neska-mutikoen jardunari buruz egoitzak egiten duen balorazioa jasotzeko galdetegia. –Egindako curriculum-ikaskuntza ezagutzeko ebaluazio-irizpidean oinarritutako errubrika. |
Oinarriak onartzea
Adierazten dut ezagutzen eta onartzen ditudala ikasketa eta zerbitzu solidarioko proiektuen diseinuko Nafarroako txapelketaren oinarriak.
Lauki hau markatuta, adierazten duzu Datuak Babesteko Legeari buruzko informazioa irakurri eta onartu duzula.
Markatu lauki hau, erantzuna bitarteko elektronikoen bidez jaso nahi baduzu.
Sinadura: Data:
Iragarkiaren kodea: F2415686
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
